Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2004ko martxoaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
1193

EBAZPENA, 2003ko azaroaren 17koa, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia zuzendariarena; honen bidez, Repsol Butano, S.A. sozietateari administrazio baimena ematen zaio, Abezia auzunean, Urkabustaizko udal-mugartean, etxeetarako eta merkataritza guneetarako propano gas kanalizatua biltegiratzeko, banatzeko eta hornitzeko instalazioak eraiki ditzan.

Espedientearen zk.: 21780/CGB03.11-PRD/mgg

Isidro Fernández Etxabe jaunak, Repsol Butano, S.A.ren izenean eta haren ordez, 2003ko uztailaren 24an baimena eskatu du Abezia auzunean, Urkabustaizko udal-mugartean, etxeetarako eta merkataritza-guneetarako propano gas kanalizatua biltegiratzeko instalazioak eraikitzeko eta banaketa-sarea ezartzeko.

Espediente honi buruzko ebazpena ematerakoan, aurrekari hauek kontuan hartu eta aipatu beharko dira:

AURREKARIAK

Bat.– 2003ko uztailaren 24an aurkeztutako eskabidean Repsol Butano, S.A.k administrazio-baimena eskatu zuen, Abezian auzoan, Urkabustaizko udal-mugartean, etxeetarako eta merkataritza-guneetarako propano gas kanalizatua biltegiratzeko, banatzeko eta hornitzeko.

Bi.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (BOE, 1998ko urriaren 8koa) dioenez, gas kanalizatuen hornidurarako administrazio-baimenak eman aurretik proiektuak jendaurrean azaldu behar dira. Proiektua jendaurrean azaldu zen bada, legez ezarritako moduan eta hedabideetan: EHAAn, 2003ko urriaren 21ean; ALHAOn, 2003ko urriaren 6an; El Correo egunkarian, 2003ko abuztuaren 8an; Periódico de Alava egunkarian, 2003ko abuztuaren 13an, eta Urkabustaizko Udalaren iragarki-oholean, 2003ko irailaren 6an.

Hona hemen, orain, ebazpen honen

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Energia Zuzendaritza da ebazpen hau emateko eskumena duen organoa, halaxe baitago xedatuta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 16ko 223/2001 Dekretuan (EHAA, 2001eko urriaren 24koa).

Bi.– Gasa banatzeko sareak egiteko, aldez aurretik administrazio-baimena behar da, hala ezartzen baitu Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (BOE, 1998ko urriaren 8koa).

Hiru.– Espedientea izapidetzean eta espedientearen edukian bertan, bai eta Repsol Butano, S.A.k aurkeztutako argibideetan ere, gai honen gainean legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak bete direla frogatu da.

Lau.– Halaber, Repsol Butano, S.A.k legez, teknikaren aldetik eta ekonomia-finantzen aldetik proiektua egiteko gaitasuna baduela egiaztatu da.

Aipatutako legeak eta, oro har, aplikatzekoak diren gainerako xedapenak azterturik, honako ebazpena proposatu da

EBATZI DUT:

1.– Repsol Butano, S.A.ri baimena ematen zaio Abezia auzunean, Urkabustaizko udal-mugartean, etxeetarako eta merkataritza-guneetarako propano gas kanalizatua biltegiratzeko, banatzeko eta hornitzeko instalazioa egin dezan.

Biltegiratzeko modua, banaketa-sarearen nondik norakoa eta haren ezaugarri nagusiak memoriaren eta planoen bitartez deskribatzen dituen proiektua aurkeztu da, Antxon Sanz Lecuona industria-ingeniari teknikoak sinatuta (Gipuzkoako Perituen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoko kidea, 4.095 zk.) eta Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargoak 2003ko ekainaren 19an ikus-onetsia. Hauek izango dira ezaugarri nagusiak:

Petrolio-gas likidotuaren lur gaineko biltegi bat, 8.334 l-koa. Erregulazio-ekipoa izango du 40 kg/h-rako, bai eta kontrol-, maniobra- eta segurtasun-aparatuak, seinaleak eta suteen aurkako neurriak ere.

Gasa banatzeko sarea dentsitate ertaineko SDR-11 polietilenoz egingo da, gasa B Presio Ertainaren pean bideratzeko (4 bar, gehienez ere); 40 mm-ko diametroa izango du eta 1.147 m-ko luzera, guztira; emaria eteteko 6 balbula izango ditu, 1 _"-koak, eta 20 hartune, dentsitate ertaineko polietilenozko hodiekin (( 32 mm eta 20 mm).

2.– Administrazio-baimen hau ondoko baldintzei lotuko zaie:

A.– Gas-hornidura egin behar den eremuaren mugak eta eskatzaileak eremu horretan sarea zabaltzeko hartutako konpromisoak 2003ko apirileko 2. planoan zehaztu dira.

B.– Repsol Butano, S.A.k, 2 hilabeteko epean, bostehun eta bi euroko (502 euro) fidantza jarriko du, baimen honen bidez berretsitako konpromisotik sortzen zaizkion eginkizunak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluak dioenarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskadiko Gordailu Kutxa Orokorrean jarriko da, eskudirutan, Estatuko baloreetan edo banku-abalen bitartez, uztailaren 21eko 1775/67 Dekretuaren 11. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren arabera, edo aseguru pribatuko kontratuaren bidez, ekainaren 6ko 1255/86 Legegintzako Errege Dekretuak, Espainia EEEri atxikitzeko itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzkoak, ezarritakoaren arabera. Instalazioak egiteko baimena eman eta bertan ezarritako epean instalazioak eraiki ondoren, eta eskumena duten lurralde-organoek aipatutako instalazioak abian jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren itzuliko zaio fidantza Repsol Butano, S.A.ri.

C.– Instalazioak egiteko epea 12 hilabete baino gutxiagokoa izango da, baimena aldizkari ofizialetan argitara ematen den azkeneko datatik hasita.

D.– Instalazioen parte bat edo instalazio guztiak abian jartzeko akta formalizatzen denetik 30 egun igaro baino lehen jarri beharko du gas-sarea abian Repsol Butano, S.A.k.

E.– Instalazioek ondoko xedapen hauek bete beharko dituzte: Gas Erregaien Sareei eta Hartuneei buruzko Araudia, Industria Ministerioaren 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia; Petroliotik ateratako Gas Likidotuen Biltegi Finkoei buruzko Araudia, 1986ko urtarrilaren 29ko Aginduaren bidez onetsia; eta Presio Aparatuen Araudian eta Behe Tentsioko Araudi Elektroteknikoan bildutako xedapen eta arau teknikoetatik, aplikatu behar direnak.

F.– Banaketa-sarearen adar bakoitzak bere giltza izango du besteetatik bereizteko.

G.– Sareak hartuneak egiteko giltzak izango ditu, behar diren lekuetan lurperaturik, araudiko arrazoiak direla-eta eraikineko giltza nagusia erabili behar ez izatea posible izan arren.

H.– Gasaren arloko tekniketan egiten diren aurrerapenei egokitzeko moduan diseinatu behar dira instalazioak, horrela hornidura malguagoak eta seguruagoak lortzeko. Hori dela-eta, gasa bideratzeko sistemek gai izan behar dute gas naturala instalazioen kalitatea eta segurtasuna ezertan murriztu gabe bideratzeko. Hornidurako gasaren ezaugarriak aldatu nahi badira, edo haren ordez beste gas-motaren bat erabili nahi bada, baimena eskatu beharko da, hidrokarburoen sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 77. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoari jarraiki.

I.– Instalazioak eskualdatzekotan, horren berri eman beharko zaio hasierako baimena eman duen agintariari.

J.– Gas-erregaien hodi bidezko hornidura eskatzen duten kontsumitzaile guztiei egingo zaie, proiektuaren eremu geografikoan baldin badaude, eta arauz ezarritako segurtasuneko eta kalitateko baldintzak beteko dira.

K.– Repsol Butano, S.A.k beti ere hornidura egokia eskaini beharko du, bai eta zerbitzu egoki eta azkarra ere, instalazioak mantentzeko, matxurak konpontzeko, erreklamazioei erantzuteko eta, oro har, erabiltzaileei jaramon egiteko. Baimenaren babesean egingo dituen instalazioak zaintzeko eta haien funtzionamendu onari eusteko ardura izango du.

L.– Une bakoitzean indarra duten xedapenen arabera zehaztuko dira gasaren salmenta-prezioak.

3.– Baimen hau eman da udalek edo probintziako erakundeek eman beharreko lizentziei eta baimenei eta obrak segurtasunez egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere; bereziki, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari dagozkionak, ingurumena babestekoak eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuak ematen dituenak.

4.– Inola ere ez da ulertuko baimen hau monopolio-erregimenean eman dela, eta ez du eskubide esklusiborik ematen.

5.– Instalazioak abian jartzeko akta egin dadin, obra-zuzendaritzaren eta proben ziurtagiriak eta ukitutako erakundeen baimenak aurkeztu beharko dira, bai eta "AS BUILT" planoak ere; plano horiek erakusten dute gas-sarea nondik nora doan eta beste zerbitzuekin non gurutzatzen den.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta, ondorioz, interesatuak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal dio Administrazio eta Plangintza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpen honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, beti ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legea aldatzen duen 4/1999 Legeak ezarritakoaren arabera.

Gasteiz, 2003ko azaroaren 17a.

Energia zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala