Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2004ko martxoaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Gipuzkoako Batzar Nagusiak
1186

19/2003 FORU ARAUA, abenduaren 15ekoa, Jarduera ekonomiko baten hasieran kreditu entitateetan inbertsiotarako gordailuak egiteagatik PFEZren Foru Arauan beste kenkari bat, "Enpresa Aurrezki Kontua" sartzeari buruzkoa.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela "Jarduera ekonomiko baten hasieran kreditu entitateetan inbertsiotarako gordailuak egiteagatik PFEZren Foru Arauan beste kenkari bat, "Enpresa Aurrezki Kontua" sartzeari buruzko abenduaren 15eko 19/2003 Foru Araua", eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2003ko abenduaren 15a.

Diputatu Nagusia,

JOXE JOAN GONZALEZ DE TXABARRI MIRANDA.

HITZAURREA

Enplegu duina lortzea da gure gizartearen eskaera nagusietako bat, bereziki gazteen artean. Horretarako, komeni da gogora ekartzea enpleguaren alde egiteko modu bat enpresa berriak sortzen laguntzea dela, batik bat ETEak, eta mikroenpresak (10 langile baino gutxiagokoak), horrelakoak baitira gehienak Espainiako ekonomian eta are gehiago Gipuzkoako enpresa-sarean, eta horiek sortzen baitute, gainera, enplegurik gehien.

Ildo horretatik, Araba eta Bizkaiko lurralde historikoek jasota dute jada kenkari hori beren PFEZren Foru Arauetan, aurreko legegintzaldiaren bukaeran txertatu baitzuten.

Gauza bera gertatzen da Lurralde Komunean ere; han, Erantzukizun Mugatuko Sozietateak Enpresa Berria (SLNE) delakoen –apirilaren 1eko 7/2003 Legea- sorrera bultzatzeko, eta enpresa-ekimena dutenei laguntzeko hainbat berrikuntzaz gainera, hala nola izapideak arintzea, epeak murriztea, sozietateentzako lege-erregimen soila, eraketa telematikoa… zerga-pizgarri berriak ematen dira, eta horien artean Enpresa Aurrezki Kontua izeneko kenkari berri bat dago.

Gure lurraldean, ordea, enpresa-ekimena dutenek ez dituzte zerga-abantaila horiek, nahiz eta alor hori arautzeko erabateko ahalmena daukagun; horrek baldintza kaskarragotan uzten ditu.

Arrazoi horiengatik, Batzar Nagusi hauek foru arau hau onartu dute, gure lurraldean enpresa berriak sortzen lagunduko duena, zalantzarik gabe, bai eta horren ondorioz enplegu eta aberastasun gehiago sortzen ere.

Artikulu bakarra.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 24ko 8/1998 Foru Arauan beste artikulu bat sortzen da, 79 bis artikulua, honako idazkera izango duena:

" 79 bis artikulua.– Kenkaria jarduera ekonomiko bati ekiteko kreditu-etxeetan inbertsiotarako gordailuak egiteagatik.

1.– Kreditu-etxeetako kontuetan gordailuan jarritako diru-kopuruen 100eko 10eko kenkaria aplikatu ahal izango dute zergadunek, urteko 2000 euroko gehienezko mugarekin; kenkaria aplikatzeko eskubidea eragin duen diru-kopurua, beti ere, jarduera ekonomikoren bati ekiteko beharrezkoak diren gastu eta inbertsioetan eta horietan bakarrik erabili beharko da, kontua ireki zen egunetik hasi eta 3 urte baino lehen.

2.– Horretarako, jarduera ekonomikoren bati ekiteko beharrezkoak diren gastu eta inbertsiotzat ondokoak joko dira:

– Modu pertsonal, ohiko eta zuzenean garatzen den jarduera ekonomiko bat gauzatzeko zergadunak egindako gastu eta inbertsioak, Foru Arau honetako 20. artikuluan adierazitako baldintzetan.

– Sozietateen gaineko Zergari lotuta dauden sorrera berriko entitateetan partaidetzak harpidetzea.

3.– Kenkari hau aplikatzeko ondoko baldintzak bete beharko dira:

a) Zergadunak lehenago ez dezala jarduera ekonomiko hori zuzenean edo zeharka gauzatu izan.

b) Entitateetako partaidetzen harpidetzak dirutan ordaintzen badira, ondoko baldintzak bete daitezela:

– Entitateak benetan jarduera ekonomiko bat gauzatu dezala.

– Zergadunak zuzenean parte har dezala entitatearen kapital sozialaren 100eko 20an gutxienez.

– Zergadunak jarduera horretan benetan zuzendaritza-lanak egin ditzala edota lanaldi osoko lan-kontratua izan dezala, eta horren truke Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako oinarri ezargarriaren zenbatekoaren 100eko 50a baino gehiagoko ordainsaria jaso dezala.

– Entitatea ez dadila ondare-sozietatea izan, Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauko 66. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Aurreko 1 apartatuan aipatzen den 3 urteko epean, jarduera ekonomiko hori gauzatzeari dagozkion ondasunak entregatzen eta zerbitzuak eskaintzen hasi dadila benetan.

4.– Kenkari honetaz behin bakarrik baliatu ahal izango du zergadun bakoitzak.

5.– Kontuak formalizatu eta eskueran izateko baldintzak ezarri ahal izango dira erregelamendu bidez, bai eta kenkaria benetan aplikatzeko bestelako formazko eta justifikatzeko baldintzak ere.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehena.– Foru Arau hau Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean jarriko da indarrean, eta 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena.– Foru Aldundiari baimena ematen zaio Foru Arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.


Azterketa dokumentala