Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2004ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1006

AKORDIOA, Euskal Herriko Polizia Ikastegiko Zuzendaritzaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko Zuzendaritza Nagusiaren artekoa, 2001eko azaroaren 30ean izenpeturiko akordioa luzatzeari buruzkoa. Orduko akordioa Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntza-sistema baten bidez hizkuntzaren prestakuntzarako kudeaketa materialaren gomendioari buruzkoa zen.

Arkauten, bi mila eta hiruko abenduaren hogeita bian.

BILDUTAKOAK:

Alde batetik, Guadalupe Camino García andrea, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia erakunde autonomiaduneko zuzendaria.

Bestetik, Jokin Azkue Arrastoa jauna, HABEko zuzendari nagusia.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 legearekin bat etorriz, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegia Herrizaingo sailari atxikitako administrazio-izaera duen erakunde autonomiaduna dela, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak bete daitezen jarduteko gaitasun osoa daukana. Aipatutako eskumenen artean daude Ertzaintzaren funtzionarioentzako hizkuntzaren trebakuntzarako ikastaroak programatzea, antolatzea eta gauzatzea, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuaren arabera.

Bigarrena.– Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunak ez duela Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntzazko sistema baten bitartez hizkuntzaren prestakuntza-programa bat gauzatzeko behar diren giza baliabiderik, ezta bitarteko materialik ere. Beraz, nahikoa bitarteko eta baldintzarik hoberenak eskaintzen dituen erakunde baten eskuetan utzi behar dela lan hori.

Hirugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortu zeneko azaroaren 25eko 29/1983 legearekin bat etorriz, HABE Kultura sailari atxikitako erakunde autonomiaduna dela, nortasun juridiko propioa duena eta bere helburuak bete daitezen jarduteko gaitasun osoa daukana.

Laugarrena.– HABE erakundeak lehen aipaturiko Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren beharrizanei erantzuteko bitarteko egokiak dituela.

Bosgarrena.– 2001eko azaroaren 30ean (abenduaren 21eko EHAA, 246 zk.) Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntza sistema baten bitartez hizkuntzaren prestakuntzarako kudeaketa materialaren gomendioari buruzko akordioa izenpetu zen, aipatutako egunetik 2002ko abenduaren 31 arterainoko eraginez. Akordio hori, bi aldeek hala erabakiz gero, luzatu ahal zen.

Seigarrena.– 2002ko abenduaren 16an kudeaketa gomendioa luzatzeko akordioa izenpetu zutela (2003ko urtarrilaren 3ko EHAA, 2 zk.) 2003ko abenduaren 31ra arteko eraginekin; hau ere, epe aldetik luzagarria izanik.

Zazpigarrena.– Horregatik guztiagatik, bildutakoek, parte hartzen duten aldetik, 2001eko azaroaren 30eko kudeaketaren gomendioari buruzko akordioaren luzapena legezko egitea hitzartu dute, 2002ko abenduaren 16ko Akordioaren bitartez luzatutakoa hain zuzen, ondorengo hauen arabera

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde Autonomiadunak eta HABEk hitzartu dute HABE erakundeak gauzatuko duela Ertzaintzako lanpostuetan autoikaskuntza-sistema baten bidezko hizkuntza prestakuntza-programaren kudeaketa, Poliziaren Ikastegiak ez baitu horretarako bitarteko tekniko egokirik.

Bigarrena.– Aipatu kudeaketak ondorengo jarduerak gauzatuko ditu eta kasu bakoitzean adierazten den norainokoa izango du:

a) Euskara irakastea lanpostuan, autoikaskuntzazko sistema baten bitartez, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak izendatutako ikasleei.

b) Programa honetan parte hartzen duten ikasleen ebaluazioa: bai aprobetxamendu-mailarena, baita asistentziarena ere.

c) Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiak eskatzen duen informazioa ematea: bai programaz edota ikasleez, bai –eta batez ere– ikasleen aprobetxamendu-mailez eta horien eskola-asistentziaz.

Hirugarrena.– Kudeaketa honek sortutako gastuak Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko aurrekontuari egotziko zaizkio, HABEk aldez aurretik horren fakturazioa egin ondoren.

Laugarrena.– Kudeaketa gomendioaren luzapen honek urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31 arte izango du indarra. Eta, bildutako bi aldeek nahi izanez gero, hitzarmen hau luzatu ahal izango da, baldin eta aipatu jardunerako aurrekontu-esleipen nahikoa eta egokia baldin badago.

Bosgarrena.– Hitzarmen honek ez dakar Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunari jardun horretarako emandako eskumenen eta funtsezko gaien titulartasuna kentzea.

Seigarrena.– Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiko erakunde autonomiadunari dagokio kudeatze honek dakartzan jarduerak babesteko egintza edo ebazpen juridikoak ematea.

Bildutako bi aldeak agiri honetan zehaztutako edukiarekin bat datoz, eta, horrela jasota gera dadin, hasieran idatzitako tokian eta egunean bi aldiz sinatzen dute akordio hau.

Euskal Herriko Polizia Ikastegiko zuzendaria,

GUADALUPE CAMINO GARCIA.

Habeko zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala