Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2004ko otsailaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
1000

05/2003 ERABAKIA, azaroaren 3koa, Ebazpen Batzordearen osoko bilkurarena, Mahats-ardoaren Antolaketarako Lege-Egitasmoaren gainean Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztutako eskumen-arazoei buruzkoa.

Gasteizko hirian, bi mila eta hirugarren urteko azaroaren hiruan, Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkurak, Manuel M.ª. Zorrilla lehendakari jaunak eta Mario Fernández, Iñaki Lasagabaster, Edorta Cobreros, Fernando Campo, Andres Urrutia eta José Manuel Castells mahaikide jaunek osatutakoak, hurrengo erabakia eman du.

ERABAKIA

Arabako Batzar Nagusiek eskumen-arazoak eragin zituzten Mahats-Ardoaren Antolaketarako Lege-Egitasmoaren 10, 18, 21, 23.2, 30.1, 32.1 eta 2, 33.2, 11, 12 eta 13, 35.1 eta 3, 36, 73.2 eta 75.1 artikuluen, eta azken xedapenetatik lehenengoaren inguruan. Orobat egin zuen Arabako Foru Aldundiak, egitasmo bereko (aurrerantzean, MAALE) 10, 18.1, 21.1, 4, 5, 7, 9 eta 10, 23.2, 30.1, 32, 33.2, 3, 9, 11, 12 eta 13, 35.1 eta 3, 36, 41.4, 72, 73.2 eta 75.1 artikuluen, eta bigarren xedapen gehigarriaren, xedapen iragankorraren, lehenengo xedapen gehigarriaren eta azken xedapenetatik lehenengoaren inguruan. Lege-egitasmo hori Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren eskutik. Andres Urrutia jauna izan da txostengile, eta berak adierazi du Ebazpen Batzordeko Osoko Bilkuraren iritzia.

AURREKARIAK

1.a Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak eskumen-arazoak aurkeztu zituzten, garaiz, Ebazpen Batzorde honetan, aurretiaz aipatutako lege-egitasmoaren zenbait artikuluri buruz. Eusko Legebiltzarreko Mahaiari arazo horien berri eman zitzaion EBLren 49. artikuluan xedatutakoa betetzeko. Ondoren, Mahaiak izapidetza etetea agindu zuen.

Geroago, eta EBLren 25. artikuluak 30 eta 46. artikuluekin batera ezartzen duenarekin bat etorriz, Bizkaiko Foru Aldundiak bere burua aurkeztu zuen alderdi gisa, eta alegazioak egin zituen aurretiaz aipatutako eskumen-arazo bietan.

2.a EBLren 31. artikuluan xedatutakoari helduta, eta aurkeztutako eskumen-arazoetan agerleei entzunaldia egin eta gero, Ebazpen Batzordeak eskumen-arazo horiek pilatzea erabaki zuen. Izan ere, bi horien artean oinarrizko berdintasunak daudenez gero, horrek justifikatzen du bi-bion izapidetza batera egin eta erabaki bakarra hartzea. Prozedura horretara bertaratuek ez zuten inolako eragozpenik jarri pilaketa horren aurka.

3.a Laburbilduta, Arabako Batzar Nagusiek bi motatako argumentuak erabiltzen dituzte. Alde batetik, argumentu orokorra erabiltzen dute; argumentu horrek zerikusia du Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan mahats-ardoari buruzko gaietan eskumenak egikaritzearekin. Eta, bestetik, argumentu zehatzago bat erabiltzen dute; argumentu horrek zerikusia du Ebazpen Batzordeak lege-egitasmoaren artikulu zehatz batzuei buruz hartu beharreko erabakiarekin. Ikuspuntu orokorrari eutsiz, Arabako Batzar Nagusiek honako alegazio hauek egiten dituzte: a) MAALEk hautsi egiten du Lurralde Historikoen Legearen 7.b).1 artikulua; artikulu horren arabera, lurralde historikoei dagozkie "mahats-ardo eta enologia" gaiak, erakunde erkideek emandako legeria garatu eta betearazteko eskumenei begira. b) Mahats-ardoko ustiategien artean, "Errioxa" sor-marka dutenetatik gehienak Arabako lurraldean daude, eta Arabako Foru Aldundiak eskumen zehatzak egikaritu ditu gai horretan, Lurralde Historikoen Legearen 8.3 artikuluaren arabera; besteak beste, arauen garapenerako eskumenak, araudiak ematekoak, administrazio-eskumenak, eta administrazio-bidean ikuskapena eta berrikuspena burutzeko eskumenak. c) Arlokako lege baten bidez ezin da aldatu Lurralde Historikoen Legean ezarritako araubidea, nahiz eta bi-biok lerrun formal berbera izan. Egin-eginean ere, Lurralde Historikoen Legearen eduki material eta politikoa berezia da oso, guztiontzat jakinekoa denez, Euskal Herriko barne konstituzioa delako. d) Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak kudeatu eta onesten ditu mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko diru-laguntzak; ondoren, ebazpena Eusko Jaurlaritzari helarazten zaio, horrek ordaintzen baititu diru-laguntzok.

Ikuspegi zehatzago bati helduta, hurrengo arrazoibideak azaltzen dira, MAALEren artikulu jakin batzuei buruz: a) MAALEren 14.2 eta 23.2 artikuluak. Horiek kudeaketa-organoak arautzen dituzte, eta, mahats-ardoaren produktuak izendatu eta aurkezteko orduan, barruti geografikoen erabilerari buruzko baimena ere; barruti geografiko horiek berezkoak izan daitezke, edo, osorik edo zati batez, autonomia-erkidegoko biztanle-gune, udalerri, toki, eskualde edo lurraldeekin bat etor daitezke. Arlo horiek foru-aldundien eskumenekoak izan behar direla uste da udalerriz gaindiko lurralde-barrutien kasuan, Euskal Autonomia Estatutuaren 37.3.c) artikuluaren arabera. Zehatzago esateko, hurrengoa aipatzen da: lurralde historikoek eskumen esklusiboa dute udalerriz gaindiko lurralde-barrutietan, betiere barrutiok probintziaren mugak gainditzen ez dituztenean. b) 16. artikulutik 37.erakoak (enologia), 18.1 artikulua (produktu enologikoen inguruko jakinarazpena) eta 21. artikulua (mahasgintzaren arloko erregistroa). Artikulu horiek lurralde historikoei dagokien betearazpen-gaitasuna mugatzen dute. c) Kalitatezko ardoei dagokienez (25. artikulutik 37.erakoak), Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskumenak eratxikitzen zaizkio. Eskumen horiek guztiak betearazpen-eskumenak direla esan daiteke, eta, horregatik, lurralde historikoei egokitu beharko litzaieke: kalitatezko ardoak aitortzea (30.1 eta 32.1 artikuluak); erakundeak homologatzea, erakundeok kalitatezko ardoak aitortzeko eskariak kontrola ditzaten (32.2 artikulua); kalitatezko ardoen kudeaketa-organoak aitortzea (33.2 artikulua); eta, orobat, beste zenbait eskumen, kalitatezko ardoen kudeaketa-organoei begira erabili beharrekoak (hauteskunde-prozedura, mandatuak, osaeraren berri ematea, bisitak eta ikuskapena burutzeko gaitasuna, administrazio-espedienteak irekitzea, eta kudeaketa-organoen erregistroak sortu eta antolatzea). d) Lurralde historikoek ez dute inolako esku-hartzerik kudeaketa-organoetan, ezta ikuskapenaren eremuan (41. art.) eta zehatzeko ahalean ere (72. art. eta ondorengoak). Bukatzeko, Arabako Batzar Nagusien iritziz, ez da onartzeko modukoa MAALEren azken xedapenak Eusko Jaurlaritzari aukera ematea, legea garatzeko xedapen zehatzak eman ditzan, nahiz eta lurralde historikoek arlo horretan dituzten eskumenak babestuta geratu.

4.a Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren argumentuek, luze eta sakon arrazoitutakoek, bi bide horiei heltzen diete: bateko, MAALEren inguruko oharbide orokorrak egiten dituzte; eta, besteko, MAALEren artikulu jakin batzuei buruzko adierazpen zehatzak egiten dituzte. Ildo horretatik, oharbide orokorrak hona alderatuz, Arabako Foru Aldundiak hauxe gogorarazten du: a) Lurralde historiko horretako Batzar Nagusiek erabilitako argumentu bera. Esangura horretan, Lurralde Historikoen Legearen 7.b).1 artikuluak lurralde historikoei eratxikitzen dizkie, beren beregi, "mahasgintza eta enologia"ren arloko garapen- eta betearazpen-eskumenak, eta horien hedadura ere, lege-testu bereko 8.2 artikuluari helduta. Arabako Foru Aldundiaren iritziz, autonomia-erkidegoek estatuaren oinarrizko legeria garatu eta betearazteko ahalmenak dituzten bezala, horren antzeko zerbait gertatzen da hemen. Arabako Foru Aldundiak gogorarazten du aspaldidanik egikaritzen dituela bere eskumenak arlo horretan, eta, baieztapen hori indartzeko, beren beregi aipatzen ditu lege-xedapenak. b) Orobat azpimarratzen du Arabako Foru Aldundiak hainbat jarduera burutu dituela, eremu horretan berrikuspen-, ikuskapen- eta zehapen-ahalmenak erabiliz. Erakunde erkideei industriaren eta nekazaritzako merkaturatzearen arloan eskumena badagokie ere, eskumen horrek ez du oztopatzen Arabako Foru Aldundiaren esku-hartzea, mahasgintza eta enologiaren esparruetan ahalmen arau-emaileak eta betearazpen-ahalmenak egikaritzeko, betiere Lurralde Historikoen Legearen itzalpean.

Arabako Foru Aldundiak legearen testua aztertzen du, zehatz-mehatz, hurrengo edukietan. Eduki horiek guztiek zerikusia dute MAALEren artikulu zehatz batzuekin. Erakunde jardulearen iritziz, legearen testuak aldatu egiten du Lurralde Historikoen Legeak eskumenak banatzeko ezarri duen araubidea. Bide horretatik, Arabako Foru Aldundiak hauxe adierazten du: a) 10. artikuluak Eusko Jaurlaritzari eratxikitzen dizkio Foru Aldundiari dagozkion eta horrek dagoeneko egikaritzen dituen ahalmenak; ahalmen horien bidez, mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planak onesten dira, eta kasuan kasuko laguntzen kopurua ezarri eta erabakitzen da. b) Enologiaren arloan (ardogintza), 18.1 artikuluak (produktu enologikoen inguruko jakinarazpena arautzen duenak), 21. artikuluak (erregistroei buruzkoak) eta 23.2 artikuluak (kudeaketa-organoei barruti geografikoak ezartzeko baimena ematen dienak) Eusko Jaurlaritzari eratxikitzen dizkiote euretan barneratutako ahalmenak. Alabaina, betearazpen hutseko jarduerak direnez gero, horrekin foru-eskumenak urratzen dira. c) Enologiaren gaiaz denaz bezainbatean (kalitatezko ardoak), 30.1 eta 32.1 artikuluek (kalitatezko ardoak aitortzeari buruzkoek), 32.2 artikuluak (kalitatezko ardoak aitortzeko eskariak kontrolatzeko, erakundeen homologazioa arautzen duenak), 33.2 artikuluak (kalitatezko ardoak kudeatzeko organoak aitortzeari buruzkoak), 33.3 artikuluak (kudeaketa-organoen egintzen aurkako errekurtsoak arautzen dituenak), eta 33.9, 33.11, 33.12, 33.13, 35.1, 35.3 eta 36. artikuluek (artikulu horiek eskumen zehatz batzuk arautzen dituzte, kalitatezko ardoak kudeatzeko organoen gain egikaritu beharrekoak: hauteskunde-prozedura; lehendakariaren izendapena; mandatuak; osaeraren berri ematea; bisitak egiteko eta ikuskapena burutzeko gaitasuna; administrazio-espedienteak irekitzea; eta kudeaketa-organoen erregistroa sortu eta antolatzea) Eusko Jaurlaritzari eratxikitzen dizkiote euretan barneratutako eskumenak. Eratxikipen hori zentzuzkoa da, mahatsaren jatorria lurralde historiko batekoa baino gehiagokoa denean; baina lurralde historiko batekoa bakarrik izanez gero, horren eskumenak urratzen ditu. d) 73.2 eta 75.1 artikuluek ez dute kontuan hartzen foru-aldundiek esku hartu behar dutela, prozedura zehatzaileak eragin, horien izapidetza egin eta erabakitzeko, 47. artikulutik 50.erakoetan definitutako arau-hausteak gertatzen direnean, horrek lotura estua baitu mahasgintza eta enologiaren arloekin. Titulu berberaren barruan, 41.4 artikuluak betearazpen-eskumenak ahanzten ditu, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen dionean, mahats, muztio eta ardoen mugimenduari buruzko gorabeheretan. e) 72. artikuluak ez ditu kontuan hartzen lurralde historikoen prozedura zehatzaileei buruzko arauak. f) Bigarren xedapen gehigarriak eta xedapen iragankorrak Eusko Jaurlaritzari eratxikitzen diote, edozein kasutan, egitasmoak onesteko ahalmena, egitasmo horien helburua denean sor-markei buruzko erregelamenduak etorkizuneko legeari egokitzea. Hori, bistakoa denez, lurralde historikoen eskumen-multzoan sartzen da bete-betean. Arean ere, gogoan izan behar da Arabako lurralde historikoak arauak garatzeko eskumenak dituela eta hori ezin dela bazterrean utzi. Kontrara, kasu zehatz horretan, autonomia-erkidegoaren arautegiak jarduera-eremuaren oinarrizko aldeak ezarri behar ditu, baina foru-"legegile"ari arauak emateko aukera eman behar dio, arlo horretan berari baitagokio arauak garatzeko eskumena. f) Azken xedapenetatik lehenengoak ahalmena eratxikitzen dio Eusko Jaurlaritzari, legearen garapenerako beharrezkotzat jotzen dituen xedapenak emateko. Ez du, ordea, esanbidezko salbuespenik jartzen, xedapen horiek lurralde historikoek eman behar dituztela gogoratzeko. Eta g) Eusko Jaurlaritzari eskumena dagokio ekonomiaren antolaketa orokorra burutzeko; ezin da halakorik ukatu. Baina hori ezin da eskumen-titulu gisa aplikatu arlo honetan. Hala eginez gero, edukirik gabe geratuko litzateke, Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia oparoak adierazi duen bezala, lurralde historikoen eskumen-egikaritza.

5.a Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak beren beregi aipatzen dute azaroaren 5ean Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoak MAALEren inguruan emandako 83/02 Irizpena. Eskumenen arloan, txosten horrek honako ñabardura hauek egiten ditu: "d) Erakunde erkideei ahalmen arau-emailea badagokie ere, ahalmen hori ez da ekonomiaren gaineko eskumen orokor baten ondorioa; aitzitik, nekazaritzaren gaineko eskumenaren ondorioa da, eta, zehatzago, mahasgintza-jardueraren gaineko eskumenaren ondorioa. Horixe atera daiteke Autonomia Estatutuaren 10.9 eta Lurralde Historikoen Legearen 7.b).1 artikuluak batera aplikatuz gero. Horrek esan nahi du ahalmen hori egikaritu ahal izateko ez dela beharrezkoa Euskadiko ekonomia orokorra bereziki ukitzea. e) Erakunde erkideei eskumen arau-emailea badagokie ere, eskumen hori oinarrizkora mugatu behar da; beste modu batera esanda, nekazaritzako edo mahasgintzako interes orokorra tartean dagoenean eta interes horrek lurralde zehatz baten interes propioa gainditzen duenean, orduan erabili behar da harako eskumena, interes orokorra asetzeko arauketa eraberekoa izan behar delako. Dena den, arauketa erabereko horretan, beren isla izan behar dute gai horretan dauden foru-interes orokorrek ere".

6.a Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, alderdi gisa aurkezten du bere burua azaldutako gatazketan, eta alegazioak egiten ditu honetara: a) Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Batzar Nagusiek egindako alegazioekin bat egiten du, bi-biok salatzen dutelako MAALE izenekoak bere barrura erakartzen dituela berez lurralde historikoei dagozkien garapen- eta betearazpen-eskumenak. Arlokako lege baten bidez aldarazi nahi da Lurralde Historikoen Legea. Azalpen horren oinarri gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak gai horretan eman dituen foru-xedapenak aipatzen dira. b) Aurkaratutako artikulu zehatzei buruz, Bizkaiko Foru Aldundiak aldarrikatzen du Bizkaiko lurralde historikoak eskumena duela artikulu horiek araututako gaietan; are gehiago, kalitatezko ardoei dagokien gaian, horiek lurralde historiko batera mugatzen direnean. c) Bukatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak aipatzen du Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere buruari zenbait eskumen eratxikitzen dizkiola, eskumenoi eusteko bitartekoak, kredituak eta zerbitzuak ezarri gabe, eskumen horiek bere garaian foru-aldundiei transferitu baitzitzaizkien, horrek dakarren bikoiztasunarekin. Horregatik, ondorio gisa adierazten du MAALEk hautsi egiten duela erakunde erkideen eta lurralde historikoen arteko eskumen-banaketa.

7.a Errekurtsopeko alderdiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere argumentuak aurkeztu ditu aurreko alegazioen aurka, eta, horretarako, honako puntu hauek hartu ditu uztarri gisa: a) Bereizi egin du, batetik, egikaritutako eskumenaren gaineko titulartasuna, eta, bestetik, hori MAALEn jasotzeko modua. Erakunde alegaziogileen diskurtsoaren aurka egiten du, berak uste duelako diskurtso horrek ez dakarrela erakundeen arteko eskumen-banaketa, baizik eta MAALE deuseztatzeko asmoa; eta asmo hori, bistakoa denez, Ebazpen Batzordearen jarduera-eremutik kanpo geratzen da. b) Ez da egia MAALE izenekoak eskumen-aldaketa eragiten duela mahasgintza eta enologiaren arloetan. Izan ere, egitasmo horrek honako titulu hauek inbokatzen ditu: nekazaritza (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.9 artikulua), sor-marka (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.27 artikulua) eta Euskal Herriko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta planifikatzea, ekonomiaren antolaketa orokorrarekin bat etorriz (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.25 artikulua). Titulu horiek guztiek berekin dakarte mahasgintza eta enologiaren arloko titulua neurri handiagoan edo txikiagoan moldatu ahal izatea. Gainera, sor-marken arloan, lurralde historikoek ez daukate inolako eskumenik, eta, beraz, ez da urratzen haien eskumen-esparrua, Lurralde Historikoen Legeak jasotzen duena. c) Jarraian, Administrazio Orokorrak defendatzen du geroko lege batek Lurralde Historikoen Legea moldatu eta zehaztu ahal duela, kasuan-kasuan beharrezkoa den artikulazioa oinarri hartuta. Administrazio Orokorrak berriro gogoratzen du MAALE ondo baino hobeto uztartzen dela Lurralde Historikoen Legearekin; eskumen-mugaketa, beraz, bi testuon arteko loturaren ondorioa da, bi-biok arau osagarriak direlako.

MAALEren artikuluek duten idazkera zehatzari dagokionez, Administrazio Orokorrak honako ñabardura hauek egiten ditu: a) 10. artikulua (laguntzen kudeaketari buruzkoa) oinarri gisa har daiteke, Eusko Jaurlaritzak berreskura dezan mahastien berregituraketa eta birmoldatzeari buruzko planak onesteko ahalmena; gaikuntza-titulu moduan aipatzen da sor-markei buruzkoa, eta, ondorenez, ez dira inola ere foru-eskumenak urratzen. b) 18, 23.2, 30.1 eta 32, 33, 35.1 eta 3, 36 eta 41.4 artikuluei, bigarren xedapen gehigarriari eta xedapen iragankorrari dagokienez, eskumenen arloan MAALEko gaikuntza-titulu gisa aipatzen dira "sor-markak" eta "iruzurren aurkako eta nekazaritza-elikagaien arloko defentsa", eta, horietan, lurralde historikoek ez daukate inolako eskumenik, eta aipatu ere ez dira egiten Lurralde Historikoen Legean. c) 21. artikuluan, berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren mesederako gaikuntza-titulu gisa aipatzen da, Europako legeria (Europar Batasuneko Batzordeak 2001eko apirilaren 24an emandako 884/2001 Erregelamendua) eta estatuko legeria (25/70 Legea, Ardo, Mahasti eta Alkoholen Estatutua onetsi duena, eta horren erregelamendua, 835/1972 Dekretua) ez ezik, iruzurren aurkako babesa eta nekazaritza-elikagaien kalitatea kontrolatzea ere (2.231/1994 Errege Dekretuaren B.1.d) atala). d) Azken xedapenetatik lehenengoan, ez dira inola ere urratzen lurralde historikoen ahalmenak. Alderantziz, ahalmenok ukitu gabe geratzen dira. Eta, bukatzeko, e) 72, 73.2 eta 75.1 artikuluek argumentu zehatzak jasotzen dituzte, eskumenak Eusko Jaurlaritzari dagozkiola defendatzeko. Horren oinarri moduan aipa daiteke, alde batetik, eta lehen esan bezala, ekonomiaren antolaketa orokorra; beste alde batetik, zehapenetan izan beharreko eraberekotasuna, araua hautsi dutenentzat disuasio-neurriak izan daitezen; eta, azkenik, kasuan kasuko eskualdaketa-dekretuak. Egin-eginean ere, dekretu horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten dute ardogintzaren arloan zehapen-prozeduren izapidetza egin eta prozedurok ebaztea, nekazaritza-elikagaien kalitatea hautsi denean haren lurralde-eremuaren barruan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten dute espedienteak eragin eta horien izapidetza egitea, Euskal Herrian kokatutako enpresek arau-hausteak egiten dituztenean, euskaldunak ez diren sor-markei begira. Arazo horiek guztiak euren arloetako legeriaren arabera konpondu behar dira.

8.a EBLren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera, Ebazpen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari jakinarazi zion aipatu eskumen-arazoen izapidetza onartuta zegoela. Ondoren, administrazio horren ordezkaritzak, eztabaidapeko lege-egitasmoaren izapidetza etenda zegoenez gero, etendura hori ezerezteko eskatu zuen. Eskari horren kontra agertu dira Arabako Foru Aldundia eta Arabako Batzar Nagusiak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundia ere. Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ez du alegaziorik egin, lege-egitasmoaren izapidetza eten eta etendura hori ezerezteari buruz.

9.a Bukatzeko, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak, 2003ko apirilaren 10ean egindako bileran, erabaki hau hartu zuen: Mahats-Ardoa Antolatzeko Eusko Legebiltzarraren Lege Egitasmoaren izapidetza etenda dago, etendura ezerezteko eskaria egin da, eta eskari horri ezezkoa ematen zaio.

10.a Ebazpen hau eztabaidatzeko eta azken erabakia hartzeko, 2003ko azaroaren hirua finkatu zen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK:

1.a Esan bezala, Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak eskumen-arazoak eragin zituzten MAALEren inguruan, eta, geroago, Bizkaiak Foru Aldundiak bere burua aurkeztu zuen horietan. Arazo horiek pilatu egin ziren, eta, horien eretzean, Ebazpen Batzordeak argitu behar du ea Mahats-Ardoaren Antolaketarako Lege Egitasmoaren 10, 18, 21, 23.2, 30.1 eta 32, 33.2, 11, 12 eta 13, 33.2, 3, 9, 11, 12 eta 13, 35.1 eta 3, 36, 41.4, 72, 73.2, 75.1 artikuluek, bigarren xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenetatik lehenengoak hausten dituzten ala ez erakunde erkideen eta foru-erakundeen arteko eskumen-banaketa.

Erakunde errekurtsogileen ustez, arazo hauetan erabakigarri gertatzen da, batetik, Lurralde Historikoei buruzko 27/1983 Legea, indarrean dagoena, eta, beste alde batetik, lege-testu bereko 7.b).1 artikuluaren idazkera, 8.2 artikuluarekin uztartuta.

Eusko Jaurlaritzak, kontrara, bere jarduerarako gaikuntza-titulu gisa aipatzen ditu honako eskumen hauek: nekazaritza, sor-markak, ekonomiaren antolaketa orokorra, eta, kasu zehatz batzuetarako, iruzurren aurkako defentsa eta nekazaritza-elikagaien kalitatea kontrolatzea, horietan lurralde historikoek ez baitute inolako eskumenik.

2.a Eskumen-arazo horien inguruan azaldu beharreko lehenengo puntuak, paradoxa dela ematen badu ere, ez du zerikusi handirik aurkaratutako arauketa zehatzaren xehetasun askorekin. Hala gertatu arren, puntu hori oinarri-oinarrizkoa da Lurralde Historikoen Legea garatzeko. Puntu horri dagokionez, gogoan izan behar da zer adierazten duen MAALEren zioen azalpenak: "Mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko araubideari dagokionez, Lege honen bidez araubide hori oso-osorik Euskal Autonomia Erkidego osoko erakundeen esku utzi nahi da erakundeok Euskadiko ekonomiaren jarduera sustatu, garatu eta planifikatzeko dituzten eskumenen indarrez, Autonomia Estatutuko 10.25 artikuluan aipatutakoarekin bat etorrita. Horretara, salbuespena egiten da Lurralde Historikoen gaineko Legeko 7.b).1. artikuluan aurreikusitako araubide orokorraren gainean, hura aldatuta, hain zuzen mahastiak berregituratu eta birgaitzeko araubideari buruzko garapen eta betearazteko eskumenei dagokien puntuan". Nabari denez, MAALEren zioen azalpena abiaburutzat hartuta, zehaztu behar da ea Eusko Legebiltzarreko lege batek Lurralde Historikoen Legean ezarritako eskumen-banaketa aldaraz dezakeen, inolako muga edo trabarik gabe; hala bada, lege horrek eskumena eratxiki ahal izango die erakunde erkideei, Lurralde Historikoen Legeak lurralde horiei eratxikitzen dien gai batean edo batzuetan.

Galdera horrela plazaratuz gero, zenbait oinarri aztertu behar dira aurretiaz, erantzunaren abiapuntu gisa: a) Lurralde Historikoen Legeak berak duen izaera, dela eduki materialari dagokionez, dela lerrun formalari dagokionez, eta lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren arautegian duen kokaera. b) Hemen eztabaidatzen ari den eskumenaren beraren izaera. c) Lurralde Historikoen Legeak eskumenak banatzeko sistema ezarri duenez gero, sistema hori aldarazteko mekanismoak.

Ildo horretatik, lehendabiziko puntua da, beharbada, azalpenik agerikoena duena. Lurralde Historikoen Legeak bere testuan bertan adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan eskumenak banatzeko "markoa" dela, edo horretarako joera duela behintzat. Ondorenez, begi-bistan dago lege horrek kokaleku berezia duela Euskal Herriko antolamendu juridikoan. Kokaleku berezi hori dela eta, Lurralde Historikoen Legeak berebiziko garrantzia du Euskal Herriko autonomiaren eskemari dagokionez. Hori esan eta gero, hemen bereizketa klasikoa egin behar da; bereizketa horren antzekoa egin zuen Konstituzio Auzitegiak ere, besteak beste, 24/2002 epaian, eta gero behin eta berriro errepikatu izan du. Bereizketa horren eretzean, estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean eskumenak banatzeko oinarriak finkatu behar direnean, gauza bat da oinarrizko eduki materiala eta beste gauza bat, ordea, arau bidezko adierazpena, lerrun formalari dagokionez, izaera horretakoa ez dena. Azalpen horrekin bat egiten duten parametroei helduta, Lurralde Historikoen Legea aipa daiteke. Lege horren eduki material berezia inork ere ez du eztabaidatzen; kontrara, erakunde jarduleetarik baten ordezkaritzak adierazi du lege hori "Euskal Herriko barne konstituzioa" dela. Hala eta guztiz ere, formaren ikuspuntuari helduta, ez dago prozedura berezirik, haren eraldaketa lehenetsia izan dadin, Eusko Legebiltzarrak lege-lerrunarekin ematen dituen xedapenetatik desberdina. Egin-eginean ere, euskal antolamendu juridikoak berak ez du lege berezien izatea aitortzen, beste antolamendu batzuek hala egin arren; lege berezien izatea izen batekin edo bestearekin aitortzen denean, eraldaketa-prozedura ad hoc eta desberdina izan ohi da.

Gauzak horrela, ez datoz bat, ezta hurrik eman ere, Lurralde Historikoen Legeari edukiaren ikusmiratik dagokion garrantzia eta lege horrek formaren aldetik duen lege-itxura. Nahikoa da Eusko Legebiltzarrak lege-lerruneko xedapen bat ematea, lege garrantzitsu horren edukia aldatu ahal izateko.

Begi-bistan dago horixe nahi izan zuela Lurralde Historikoen Legea onetsi zuen euskal legegileak berak, eta, horren inguruan, oso adierazgarria da legearen beraren zioen azalpena: "Lehenengo idazpuruak, bukatzeko, Kondaira-Lurraldeen agintepideak esandako oinarri-irizpide hoiei atxikiz araupetzen ditu. Horregatik eta "nolanahi ere" dagozkien agintepideak sendetsiz bat, oraingo Lege honek geroan sortu daitezkeen egoera berriei egokitu ahal izatea ohartematen du, batetik Estatutoa agintepide berriak egiteratzearen, eta bestetik herritarrei zerbitzu hobea egiteko aholkugarri gertatu eta agian izan daitekeen agintepide-birbanaketa baten ondorioz gai berriak eskuratu ahal izateko edo horietarako eskua emateko lege-bideak jarriaz. Honela, gure Herriaren gizarte, ekonomia eta politikaren aldetikako bilakakuntzaren beraren indarrezko ikusmolde egokikaitzik eta zurrunik eza bermatzen da".

Argi dago euskal legegileak buruan zuela, eskumen-banaketari dagokionez behinik behin, Lurralde Historikoen Legeak eduki dinamikoa izatea; horrek saihestuko luke legearen eskema behin betiko finkatzea eta bertan ezarritako esparrua ez garatzea.

Edozein kasutan ere (eta honekin proposatutako bigarren arazoa argitu nahi da), ukaezina da eskumen-esparrua finkatuta dagoela erakunde erkide eta lurralde historikoen artean, eta Eusko Legebiltzarra dela, euskal autonomia-erkidegoaren barruan, lege-lerruneko xedapenak emateko legegintza-organo bakarra. Hortik nahitaez atera behar da Lurralde Historikoen Legean proposatutako aldarazpenak kontuan hartu behar duela eztabaidapeko eskumenaren izaera bera; aldarazpen horren eretzean, erakunde erkideek berreskuratu egiten dituzte lurralde historikoei dagozkien eskumen batzuk. Hori ez du alderdi jarduleetatik batek ere ukatzen. Aipatu Ebazpen Batzordeak berriro ere argi eta garbi azaltzen du, MAALEren inguruan emandako irizpenean, zein den eskumenaren izaera hori: "Zehaztu behar dugu aipatu legea [Lurralde Historikoen Legeaz ari da] ez dela berez aurreproiektuaren arauketa baliozkoa den ala ez erabakitzeko parametroa. Izan ere, aurreproiektu horren eduki materialak ez du eraginik forutasunaren gune ukiezinean (KAE, 76/1988); aitzitik, bi-biok lerrun eta indar formal bereko arauak dira. Egiatan, legegilearentzat beraren aginduak ez dira betiko lotesleak; kontrara, askatasuna du, berak egoki baderitzo, horiek aldatzeko. Zernahi gisaz, ezin da ahantzi Lurralde Historikoen Legeak erakunde-eginkizun berezi bat bete behar duela, hain zuzen ere, erakunde erkideen eta foru-erakundeen artean eskumenak banatzea. Eginkizun hori gogoan izanik, haren aldarazpenak zuzenekoak eta esanbidezkoak izan behar dira beti, eta, neurri berean ere, oinarridunak eta araupetuak. Bestela, arau horrek ez du beteko berari dagokion antolakuntza-zeregina. Ebazpen Batzordeari buruzko ekainaren 30eko 13/1994 Legearen 54.2 eta 55.6 artikuluek interpretazio hori berresten dute. Hori dela eta, hurrengo lerrokadetan azpimarratu nahi da aurreproiektuak eragina izan dezakeela indarreko eskumen-banaketaren gainean. Gure oharrek ez daukate hori baino norainoko zabalagorik —ezta urriagorik ere—".

Proposatutako hirugarren abiaburuari dagokionez, aipamen horretatik zentzuzko ondorioa atera daiteke, diskurtsoarekin hariarekin bat datorrena. Ondorio horri ekinez, Lurralde Historikoen Legeak ezarritako eskumen-banaketaren eskema, hau da, horren eduki materiala aldatzeko, nahitaezkoa da, formaren ikusmiratik behinik behin, Eusko Jaurlaritzak lege-lerruneko arau bat ematea. Arau horrek zuzenean, beren beregi eta oinarri sendoekin ezarri behar du aldarazpena. Osterantzean, Lurralde Historikoen Legeak bere eginkizun nagusia galduko luke, hain zuzen ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barruan oinarrizko eskumen-banaketa egitea. Hori gauzatzeko legegintza-teknika era askotakoa izan daiteke. Onargarria da, adibidez, Lurralde Historikoen Legea oso-osorik eraldatzeko xedapen orokor bat ematea; xedapen hori gaikuntza-titulua izango da, gerogarrenean arauketa zehatza emateko, ordu arte indarrean egon izan denaren desberdina. Onargarria da, era berean, lege berezi bat edo arlokako lege bat ematea; lege horrek beren beregi eskumen-banaketa berri bat ezarriko du, eta, horrekin, Lurralde Historikoen Legeak egindako eskumen-banaketaren eskema aldaraziko da. Modu horietan jokatuz gero, uztartu egin daitezke segurtasun juridikoa eta egungo eskumen-banaketari zor zaion errespetua, banaketa hori baita Lurralde Historikoaren Legearen oinarrizko edukia. Bi-biok uztartzeaz gain, aldarazpenerako eta egokitzapenerako eskakizunak betetzen dira denboran zehar, eta ez da beharrezkoa, formaren ikuspuntutik eta arau-hierarkiaren ikuspuntutik, mekanismo bereziak ezartzea aldarazpena burutu ahal izateko.

MAALEren kasu zehatzari helduta, gero egitasmo horren artikulu zehatzak aztertuko dira, baina orain zerbait aurreratu behar da orokorrean: aipatu berri den ezaugarria ezin zaio aplikatu, hain justu ere, eskumen-arazopeko lege-testuaren egitasmoari. Zioen azalpenean bertan adierazten da legegilearen asmoa dela Lurralde Historikoen Legearen eskumen-araubidea aldatzea, eta hori MAALEren artikuluetan islatzea; beraren eduki arau-emaileak, ordea, ez du esanbidezko aipamenik egiten Lurralde Historikoen Legeari berari buruz. Hori guztia dela eta, ez dira behar besteko arau-osagaiak ematen, Lurralde Historikoen Legeak ezarritako eskumen-banaketaren sistema aldarazteko.

3.a Ardogintzaren arauketa materialari dagokionez, hori MAALEren II. tituluan dago jasota. Beraren inguruan azpimarratu behar da gaia bera oso konplexua dela, horretan eragina dutelako, hala eskumen-arazoek, nola arazo materialek, arauaren arlo desberdinetan nahasita. Eskumen-banaketaz denaz bezainbatean, gai korapilatsua da, beraren gainean aldi berean eragina dutelako estatuaren arauek, autonomia-erkidegoaren arauek eta Europar Batasunaren arauek. Bestalde, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren kasuan, lurralde historikoen arauak ere kontuan hartzekoak dira. Jarduera-ardatz hirukoitz horren aurrean, eztabaidapeko eskumen-arazoak Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barne eskumen-arauari buruzkoak dira; ezin bestela izan. Baina horrek ezin du ahantzarazi Lurralde Historikoen Legeak eta beraren banaketa-irizpideek kasuan-kasuan ekar dezaketela lurralde historikoaren esku geratzea Europar Batasuneko arau bat betearazteko mekanismoak. Bide horretatik, egoki izan daiteke euskal legegilearen eta foru-legegilearen jarrera zein den azpimarratzea. Aholku Batzorde Juridikoak, bere 83/2002 irizpenean, gai horri ekin zion: "parekaketa ezin da egin legearen manuak betearazpen-erregelamendu baten bidez garatzen dituen Administrazioarekin. Aitzitik, parekaketa egin behar da autonomia-erkidegoak estatuaren oinarrizko arautegiari begira duen egoerarekin. Autonomia-erkidegoaren arautegia marko moduko bat izan behar da, eta, halakoa den heinean, errespetatu beharrekoa. Baina, eremu horretan, lurralde historikoek ahal arau-emailea dute, eta, horri esker, euren berezko orientazioa finka dezakete, betiere autonomia-erkidegoaren legeak aurretiaz definitutako eskemaren barruan".

Begi-bistakoa denez, eskumen-banaketak ukitzen dituen sektoreen artean, mahats-ardoa eta enologia aipatu behar dira, eta horiexen gainean hartu behar da erabaki hau MAALEri begira. Horregatik, aurretiazko oharbide guztiak aintzakotzat hartuta, orain MAALEren artikulu zehatzak aztertu behar dira, horiek baitira eskumen-arazoen eztabaidan. Hori egitean, azaldutako printzipioak egitasmoaren arauketa konkretuarekin alderatu behar dira. Zernahi gisaz, horrekin hasi aurretik argitu behar da egin beharreko bereizketa anitza dela, MAALEk ez baitauka oinarrizko edukirik, erakunde erkideen eta lurralde historikoetako erakundeen artean eskumen-banaketa arautzeko. Hutsune horrek ez du konpentsatzen askotan beraren artikuluetan dagoen gehiegiko kasuistika.

4.a Oharbide horiek guztiak egin eta gero, erabaki honek aztertu behar duen lehenengo artikulua, ardogintzaren arlokoa dena, MAALEren 10. artikulua da. Horrek arautzen du nola kudeatu behar diren mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko planetarako laguntzak. Laguntza horien gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailari eratxikitzen dio, hauxe adieraziz: Eusko Jaurlaritzari dagozkio Euskal Herrian jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta planifikatzeko eskumenak, ekonomiaren antolaketa orokorrarekin bat etorriz (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.25 artikulua). Horrela, MAALEren zioen azalpena hitzez hitz hartuta, lehen egin izan den moduan, salbuespena jartzen zaio Lurralde Historikoen Legeko 7.b).1 artikuluan ezarritako araubide orokorrari. Bigarren oinarri juridikoan, jadanik, oharbide negatiboak egin dira Lurralde Historikoen Legea modu horretan aldarazteko aukerari buruz. Oharbide horiek alde batera utzita, nabaria da gai horretako eskumenak lurralde historikoei dagozkien betearazpen-eginkizunak direla, Lurralde Historikoen Legeak ezarritako eskumen-banaketaren itzalpean; horixe gogorarazi du argiro-argiro Aholku Batzorde Juridikoak aipatu irizpenean. Hemen ezin da alegaziorik egin ekonomiaren antolaketaren arloko eskumenei buruz. Hori egitea generikoegia da, eta ez dator bat 10. artikulu horretan ezarritako xehetasunekin; gainera, hori eginez gero, lehen aipatutako eskumen-edukia ezerezean geratuko litzateke, kasu honetan inolako justifikaziorik gabe. Hala da lurralde historikoen kasuan, eta, batik bat, Arabako lurralde historikoaren kasuan. Izan ere, Arabako lurralde historikoak modu baketsuan arautu izan ditu hainbat gai, horien titulartasunari dagokionez; halako gaiak dira, besteak beste, mahastien landaketa eta birlandaketari buruzko arauak, mahastiaren landaketarako eskubide-erreserba, mahats-ardoaren erregistroa eta kasuan kasuko arau-hausteak eta zehapenak (Urriaren 8ko 51/2002 Foru Dekretua; Arabako lurralde historikoaren aldizkari ofiziala, 2002ko urriaren 21ekoa). Garapen- eta betearazpen-jarduera horretan, Arabako Foru Aldundiak mahats-ardoaren ekoizpena arautzen du, aspalditik egin ohi duen bezala, eta arauketa hori Europar Batasuneko arautegiari egokitzen zaio.

5.a MAALEren III. tituluak mahats-ardoari buruzko xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta horien inguruan aipatzekoak dira MAALEren 18 (produktu enologikoen gaineko jakinarazpenak), 21 (ardo-produktuen erregistroa) eta 23.2 (kudeaketa-organoen autonomia) artikuluen inguruan sortutako eztabaidak. Dena den, azken artikulu horrek lotura estu-estuak ditu kalitatezko ardoen inguruan azaldu beharreko arazoekin; horregatik, kalitatezko ardoei dagokien oinarri juridikoan aztertuko da.

Eusko Jaurlaritzak, zalantzarik gabe, gaikuntza du, alegaziopeko tituluen babesean, xedapenak emateko eta, xedapen horien bidez, ardogintza eta enologiaren esparruan jarduteko. Xedapen horien artean daude, gero aipatuko den bezalaxe, sor-markei eta kalitatezko ardoei buruzkoak. Ildo horretatik, aintzakotzat hartzekoak dira, batetik, kalitatearen ondoriozko eskakizunak, eta, bestetik, nekazaritza-elikagaien arloko iruzurren aurkako borroka. Bi-biok gogoan izanik, honako ondorio hau atera daiteke: MAALEren III. tituluak ardogintzaren prozesua arautzen du, eta bertara biltzen dira eskumen-arazopeko artikulu horiek; bada, prozesu horren barruan, Administrazioaren jarduerak bi-biok bermatu behar ditu, bai enologia-erabilerarako produktuen zerrenda jakinaraziz (MAALEren 18. artikulua), bai mahats-ardoko produktuen erregistroak antolatuz (MAALEren 21. artikulua).

Lehen aipatu moduan, Eusko Jaurlaritzak uste du arauketa horren oinarria dela nekazaritza-elikagaien kalitatea kontrolatzea eta arlo horretako iruzurren aurka borrokatzea. Argumentazio hori bete-betean onartu behar da, eta, horren ondorioz, hauxe ulertu beharra dago: erakunde erkideen eskumen-esparruan sartzen dira halakoak, eta, beraz, erakunde erkideek mahats-ardoaren arloan horiek gara ditzakete.

6.a MAALEren IV. titulua kalitatezko ardoei buruzkoa da. Titulu horri dagokionez, eskumen-arazoa eragin dute 30.1, 32.1 eta 2, 33.2, 3, 9, 11, 12 eta 13, 35.1 eta 3 eta 36. artikuluek. Horiek arautzen dute zer-nolako prozedura bete behar den, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren barruan ekoitzitako kalitatezko ardoak aitortzeko; eurek arautzen dituzte, orobat, kalitatezko ardoen kudeaketarako organoak, betebeharren ez betetzea eta ardoon erregistroa. Eztabaida horri lotuta, MAALEren 23. artikulua aipatu behar da; horrek baimena ezartzen du, mahats-ardoko produktuen kudeaketarako organoek barruti geografikoen erabilera kudea dezaten. Eztabaida horri lotuta dago, era berean, MAALEren 41.4 artikulua; horrek arautzen du kudeaketa-organoek nola zainduko duten mahats, muztio eta kalitatezko ardoen babesik ez duten ardoen mugimendua, mugimendu hori euren gune geografikoan gertatzen denean. Hemen aldatu egiten da Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak defendatzeko erabiltzen duen argumentua. Eusko Jaurlaritzak kasu honetan adierazten du eskumen esklusiboa duela sor-marken arloan, bai eta nekazaritzako elikagaien arloko iruzurrak zapaltzeko ere. Argumentu hori, zinez, geldiro-geldiro aztertu behar da.

Kalitatezko ardoen esparruan (30.1, 32, 33.3, 35.1 eta 3 eta 36. artikuluak), bereizketa egiteko lehen osagaia da legeak berak darabilen terminologia –kalitatezko ardoak– eta gaikuntza-titulu gisa alegatzen dena –sor-marka–. Bereizketak, kasu honetan, egundoko garrantzia du. Izan ere, bi kontzeptu horiek identifikatuz gero, zentzuzkoa da pentsatzea Euskadiko erakunde erkideei eskumen esklusiboa dagokiela, Lurralde Historikoen Legeak 6. artikuluan ezartzen duen itxiera-klausulari kalterik egin gabe; hala bada, MAALE bat dator Euskal Autonomia Erkidegoak gaur egun ardoei buruzko sor-marken arloan duen barne eskumen-banaketarekin. Sor-marka kontzeptua, jatorrian, mahats-ardoko produktuentzat erabiltzen zen Espainiako estatuko zuzenbidean. Gaur egun, ordea, zabaldu egin zaie beste produktu batzuei ere, produktuok nekazaritza-elikagaien arlokoak izan nahiz bestelakoak izan. Gauzak horrela, sor-markaren kontzeptuak egungo egunean bi alderdi desberdin barneratzen ditu: bata, produktuari berari buruzkoa, hori kalitatezko baldintza zehatz batzuetan eta gune geografiko jakin batean ekoitzi behar delako; eta, bestea, produktuaren identifikazioari buruzkoa, gune geografiko batekoa izateagatik berezi egiten dena, eta merkatuko eta gizarteko beste produktu batzuetatik babesten duena.

Kontzeptu horretan, MAALEk ez ditu sor-markak aipatzen euren horretan. Izan ere, sor-markak aipatzen dituenean, zuzenbide iragankorra baino ez du ezarri nahi, egungo sor-marken kontseilu arau-emaileak kalitatezko ardoen kudeaketarako organo bihurtzeko, gero adieraziko den bezala. MAALEk haren idazkera eguneratzea hobetsi du, eta, horrela, Europar Batasuneko egungo arautegiari egokitzen zaio, bi hauek definitu eta bereiziz: bateko, kalitatezko ardoaren kontzeptua (MAALEren 25. artikulua), eta, besteko, horren gaineko babesa, kasuan-kasuan dagokion izen geografikoaren bitartez (MAALEren 26. artikulua).

Europar Batasuneko arauketari helduta, halako ardoak kalitatezko ardoak dira, eskualde jakin batzuetan ekoitzitakoak izanez gero (laburdura erabiliz, kaeje). Kontzeptu bera jasotzen du martxoaren 20ko 8/2003 indarreko Legeak, Gaztela-Mantxako Mahasti eta Ardoari buruzkoak, bere 2. artikuluan; artikulu horrek beren beregi bereizi nahi du kalitatezko ardoaren kontzeptua sor-marka kontzeptutik. Esangura horretan, lehendabizikoak kalitatezko ezaugarri bereziak dituzten ardoak dira; horiek ekoizteko, arau zehatz batean ezarritako irizpideak bete dira, eta, eurok izendatzeko ere, ardo-gune jakin baten izena erabili behar da, bertan ereiten baitira ardo hori egitean erabilitako mahatsak. Hori guztia arautzeko, kontuan hartzen da Europar Batasuneko arautegi aplikagarria. Bigarrena, aldiz, aipamen tradizionala da. Berori erabil daiteke Gaztela-Mantxako eskualde jakin batzuetan ekoitzitako kalitatezko ardoak aurkezteko; hori eginez gero, etiketaren azpiko aldean, eskualde zehatz horren izena aipatu behar da. Aipamen luze honek argi eta garbi uzten du eremu honetan izandako kontzeptu-bereizketa. Bereizketa horri esker, kalitatezko ardoen arauketa hurbildu egin zaie Europar Batasuneko eskakizunei, eta urrundu egin da Konstituzioaren aurreko Ardoaren Estatututik, horrek parekatu egiten baitzituen kalitatezko ardoa eta sor-markarekin babestutakoa.

Uztailaren 10eko 24/2003 Legeak, Mahasti eta Ardoari buruzkoak, bere II. tituluan, eta, zehatzago, 12. artikulutik 32.erakoetan, haien jatorria eta kalitatea babesteko sistema aipatzen du. Gainera, artikulu horien idazkerari oinarrizko izaera ematen zaio, estatuko eskumen-banaketaren sistemaren barruan. Hortaz, lege horretan, ardoaren jatorria eta kalitatea babesteko sistema ezartzen da, eta sistema hori maila desberdinetan garatzen da. Maila horien artean, gorengoa da eskualde zehatz batean ekoitzitako kalitatezko ardoena (laburduretan, kaeje). Horien artean, bestalde, honako maila hauek bereiz daitezke: 1) Kalitatezko ardoak, eskualde geografikoaren aipamena egiten dutenak. 2) Sor-marka duten ardoak. 3) Sor-marka kalifikatua duten ardoak. 4) Ordainketetako ardoak. Bistan denez, kalitatezko ardoen kontzeptuan, berriro ere osagai bikoitz hori ageri da. Kalitatezko ardoak, gune geografiko zehatz batean ekoitzitakoa izateaz gain, aurretiaz ezarritako baldintza jakin batzuk betetzen ditu. Ardo horri zor zaion babesa maila desberdinetakoa izan daiteke, eta babes horren jatorrian sor-marka aipatu behar da. Legearen 22.1 artikulua hitzez hitz hartuta, sor-marka "... erregio, eskualde, udalerri edo toki zehatz baten izena da, Administrazioak izen hori aitortu duenean hurrengo baldintzak betetzen dituzten ardoak identifikatzeko ...".

Gauzak horrela, eta lehen adierazi moduan, MAALEren 25. artikuluak antzeko bide batetik definitzen du kalitatezko ardoa, eta horren kudeaketarako organo berezi batzuk ezartzen ditu. Era berean agintzen du sor-marken egungo kontseilu arau-emaileak kudeaketa-organo bihurtzea. Bide horretatik, MAALEren 26. artikuluak babes-araubidea ezartzen du; araubide horrek erregio, eskualde, udalerri edo toki zehatz batzuen izena erabiltzea ezartzen du, horietan ardoa ekoitzi, prestatu, zahartu eta botiletan sartzen denean. Hori guztia aintzakotzat hartuta, galdetzeko modukoa da ea Lurralde Historikoen Legeak ezarritako eskumen-eskemaren barruan sartzen den kalitatezko ardoaren inguruko aitorpena eskatzea (30.1 artikulua), kalitatezko ardoen aitorpena eta horien homologaziorako txostena (32. artikulua), kalitatezko ardoaren kudeaketarako organoa (33. artikuluaren 2, 3, 9, 11, 12 eta 13. paragrafoak), ez betetzea eta kudeaketa-organoen erregistroa (35. artikuluaren 1 eta 3. paragrafoak, eta 36. artikulua); edo, alderantziz, halakoak eskematik kanpo geratzen diren, Eusko Jaurlaritzak alegatutako eskumen esklusiboak direlako. Konstituzio Auzitegiak, 209/89 epaia ematean, isilbidez aitortu zuen sor-marken araudiak onestea eta eremu horretako autonomia, izatez, betearazpen-eskumenaren barruko ahalmenak direla. Jarrera bera izan zuen Konstituzio Auzitegiak, 112/95 epaian ere. Azterketa xeheagoa eginez, onartu behar da honako argumentu hau: kalitatezko ardoen esparruan, ezin dira bereizi, alde batetik, haien inguruko aitorpena, eta, beste alde batetik, ardook definitzeko arauak eta gainerako elementuak. Egiatan, Eusko Jaurlaritzak berak aitortu ditu Araba, Getaria eta Bizkaiko txakolinen sor-markak, eta txakolin horien sor-markei buruzko araudiak eman ditu. Horrek ageri-agerian jartzen du erakunde erkideek eskumen esklusiboa dutela sor-marken arloan (Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.27 artikulutik atera daitekeenez). Hori dela eta, erakunde erkideei dagokie kalitatezko ardoak definitzeko eskumena —erakunde errekurtsogileek ez dute arazorik aurkeztu MAALEren aipatu 25. artikuluari buruz, eta horrek ezartzen du kalitatezko ardoaren kontzeptua—. Era berean, erakunde erkideei dagozkie arlo horretako betearazpena eta garapena, eta, bereziki, kalitatezko ardoaren inguruko aitorpena eskatzea (30.1 artikulua), kalitatezko ardoen aitorpena eta horien homologaziorako txostena (32. artikulua), kalitatezko ardoaren kudeaketarako organoa (33. artikuluaren 2, 3, 9, 11, 12 eta 13. paragrafoak), ez betetzea eta kudeaketa-organoen erregistroa (35. artikuluaren 1 eta 3. paragrafoak, eta 36. artikulua). Beste arazo bat da lurralde historikoen lankidetza eta parte-hartzea nola gauzatu beharko litzatekeen argitzea; beharbada, lurralde historikoek esku hartu beharko lukete kalitatezko ardoen formulazioan, eta, bereziki, horien kudeaketarako organoak osatzean. Alabaina, arazo hori legegilearen aukera bat besterik ez da, eta ez da jasotzen MAALEren testuan. Horregatik, ezin da horren gaineko irizpenik eman. Egia da, dena den, kalitatezko ardoen arloko egungo arauketak, historian zehar, aukera hori bermatu izan duela.

7.a Orain, MAALEren 23. artikuluari buruz hitz egin behar da, nahiz eta sistematikaren arabera artikulu hori, lege-testuaren egitasmoaren barruan, III. tituluan kokatu. MAALEren 23. artikuluak baimena ezartzen du, mahats-ardoko produktuen kudeaketarako organoek gune geografikoen erabilera kudea dezaten. Eusko Jaurlaritzak, hemen, sor-marken arloan duen eskumena aldararrikatzen du, arlo hori sor-marka identifikatzen duen gune geografikoan gauzatuz. Hortaz, ezin da inolako eskumen-banaketarik alegatu. Nolanahi den ere, eskumen horren inguruan azaldutako moldatzea ez da egin behar Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 37.3.c) artikuluan ezarritakoarekin bakarrik; jakina denez, artikulu horrek udalerriz gaindiko lurralde-guneak arautzen ditu, horiek probintziaren mugak gainditzen ez dituztenean, eta eskumena lurralde historikoari eratxikitzen dio. Haatik, horren moldaketa egin behar da, Euskal Autonomia Erkidegoaren hizkuntza ofizialkideei, euskarari eta gaztelaniari, dagozkien toponimoekin koordinatuta. Beste arazo bat izango da, zinez, horien erabilera baimentzea, eta horixe da, hain zuzen ere, MAALEk arautu nahi duena. Hori bete-betean sartzen da Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bitartez erakunde erkideei dagozkien ahalmenen barruan, gai horrek lotura estu-estuak dituelako kalitatezko ardoen gaineko babesarekin, babes hori naziokoa izan nahiz nazioartekoa izan.

8.a Kalitatezko ardoen kudeaketarako organoei lotuta dago, orobat, MAALEren 41.4 artikulua. Artikulu horrek arautzen du kudeaketa-organoek nola zainduko duten mahats, muztio eta kalitatezko ardoen babesik ez duten ardoen mugimendua, mugimendu hori euren gune geografikoan gertatzen denean. Erakunde jarduleek, berriro ere, elkarren aurkako argumentuak erabiltzen dituzte. Kontrakotasun hori gainditzeko, beste behin ere argitu behar da nori dagokion eskumena: erakunde erkideei, sor-marken arlokoa delako, edo lurralde historikoei, eurak direlako arauak garatu eta betearazteko ahalmenen titular. Kudeaketa-organoen arloan eskumena erakunde erkideei dagokiela finkatu eta gero, ondorioa jakinekoa da: kudeaketa-organoen jardueren artean egon daiteke, besteak beste, aurretiaz aipatutako produktuak zaintzea. Hala izan behar da jarduera-eremua kontuan hartuta, eta gauza bera esan daiteke, ardoen kalitatean iruzurra saihestu nahi bada, hori baita kudeaketa-organoek arautu behar dutena.

9.a MAALEren 72, 73.2 eta 75.1 artikuluek Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenen artean sartzen dituzte, ardogintza eta mahasgintzaren arloan, zehatzeko ahala eta espedienteak eragin, horien izapideak egin eta horiek ebazteko ahalmenak. Horren oinarri gisa alegatzen da ekonomikoaren antolaketa orokor eta nahitaezkoa, bai eta zehapenetan beharrezkoa den eraberekotasuna ere. Bi-biok berresten dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena, gai honetan eta beste batzuetan izandako eskualdaketa-dekretuak oinarri hartuta.

Lehenengo eta behin, lurralde historikoen ordezkariek egindako alegazioak aztertu behar dira. Euren iritziz, MAALEren 72. artikuluak ez ditu kontuan hartzen lurralde historikoek zehapen-prozeduraren arloan emandako arauak. Gai horri dagokionez, MAALEren 72. artikulua irakurriz gero, argi geratzen da artikulu horrek betetzen dituela otsailaren 20ko 2/1998 indarreko Legearen parametroak. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zehapen-ahala arautu du. Beraren lehendabiziko artikuluak xedatzen duenari helduta, lege hori aplikatu behar zaie euren zehapen-ahala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan erabiltzen duten erakunde guztiei, eta berori aplikatu behar da, halaber, erakunde erkideen eskumeneko gaietan, eskumen horiek oso-osokoak izan edo estatuarekin nahiz lurralde historikoetako organoekin elkarbanatuak izan. Hortaz, ezin dira onartu lurralde historikoek mahats-ardoaren arloan egindako alegazioak, eskumen horren titulartasuna erakunde erkideei dagokiela argitu baita jadanik ebazpen honetan.

Edozein modutan ere, galde daiteke ea egokia den lurralde historikoen beste azalpen bat, eta, kasu honetan, baietz erantzun beharra dago. Lurralde historikoek diotenez, ardogintzaren arloan, zehatzeko ahala eta espedienteak eragin, horien izapideak egin eta horiek ebazteko ahalmenak, izatez, betearazpen-ahalmenak dira, eta, Lurralde Historikoen Legeak egindako eskumen-banaketaren arabera, lurralde historikoei dagokien eskumen-multzoan sartzen dira. Dagoeneko ebazpen honetan argitu da zein den lurralde historikoei ardogintzaren arloan dagokien eskumen-multzoa, eta multzo hori ezin da edukirik gabe utzi, batez ere, zehatzeko ahalmen eta prozedura-ahalmen horiek jadanik lurralde historikoek egikaritzen dituztenean ardogintzaren arloan. Hori frogatzeko, egindako alegazioetan hainbat xedapen aipatzen dira, eta aurreko oinarri juridikoetan horiek alderatu dira hona. Ezaguna denez, aurkaratutako artikuluetan, arauketaren gaia ez da zehapen-mota, eta, beraz, bermatuta geratzen da zehapenak jartzeko orduan izan beharreko oinarrizko eraberekotasuna. Arauketaren gaiak dira, izatez, zehapenak jartzeko organo eskuduna eta zehatzeko prozedura, eta horiek, beste behin esan beharra dago, lurralde historikoen eskumenekoak dira ardogintzaren arloan.

10.a Bukatzeko, bigarren xedapen gehigarria, xedapen iragankorra eta azken xedapenetatik lehenengoa aztertu behar dira.

Lehenengo biek, berriro ere, Eusko Jaurlaritzari eratxikitzen dizkiote arau eta araudien garapenerako ohiko ahalmenak, sor-marken arloko kontseilu arau-emaileei dagokienez. Lurralde Historikoen Legearen 8. artikuluak egindako eskumen-banaketari helduta, sor-marken inguruko eskumen-titulu esklusiboa izatearen ondorioz, arlo horretako araudi-ahalmenak ere, gaur egun gertatzen den bezala, Eusko Jaurlaritzari dagozkio.

Ez da gauza bera gertatzen, ordea, azken xedapenetatik lehenengoarekin, horrek Eusko Jaurlaritzari baimena ematen dionean MAALEren garapenerako xedapenak emateko. Hori ezin da salbatu beren beregi hauxe aipatu arren: "erakunde erkideek emandako arauak garatu eta betearazteko eskumenei kalterik egin gabe, eskumenok lurralde historikoei baitagozkie".

Azken xedapen horren testuak berretsi egiten du lehen azaldutakoa. Aurretiaz adierazi bezala, Lurralde Historikoen Legeari helduta, mahasgintza eta enologiaren arloko eskumena continuum bat besterik ez da; continuum horretan, nahitaezko eraberekotasuna bermatu behar da oinarrizko gaietan, eta, horretarako, behin eta berriro aipatutako eskumen-tituluak onartu behar dira. Alabaina, ezin da ezerezean utzi Lurralde Historikoen Legeak egindako eskumen-banaketa. Bestela, barne banaketarik gabeko eskumen-tituluak aitzakia moduan hartuta, edukirik gabe geratuko lirateke arau nahiz araudien garapenerako eta administrazio-garapenerako ahalmenak, administrazio-bideko ikuskapena eta berrikuspena barne. Horiek guztiak, mahasgintzaren arloan, lurralde historikoei dagozkie. Ondorenez, ezin da jo azken xedapenetatik lehenengoaren formulara, horrek aipatzen dituenean lurralde historikoei mahasgintzaren arloan dagozkien eskumenak; osterantzean, eta zeharka bada ere, Lurralde Historien Legeak egun ezarritako eskumen-banaketa urratuko litzateke.

EPAITZA

Azaldutako guztia kontuan hartuta, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurak

EBATZI DU

MAALEren inguruan eztabaidatutako eskumenetatik:

A.– Lurralde historikoei jarraikoak dagozkiela, ebazpen honen zuzenbideko 2. oinarrian ezarritakoaren arabera:

1.– MAALEren 10. artikulua, mahastien berregituraketa eta birmoldatzea onesteari buruzkoa; 2) MAALEren 72, 73.2 eta 75.1 artikuluak, zehatzeko prozedurak eragin, horien izapideak egin eta horiek ebazteari buruzkoak, betiere ardogintzaren arloan 47. artikulutik 50.erakoek definitutako arau-hausteen kasuan; eta 3) testu horren azken xedapenetatik lehenengoa, Lurralde Historikoen Legeak mahasgintzaren arloan MAALE garatzeko eta betearazteko ezartzen duenari eutsiz.

B.– Erakunde erkideei dagozkie, berriz, hurrengoak:

1.– MAALEren 18. artikulua, enologiako produktuen jakinarazpen, inguruabar eta debekuei buruzkoa (MAALEren 18. art.); 2) MAALEren 21. artikuluko 1, 4, 5, 7, 9 eta 10. paragrafoak, mahats-ardoko produktuen erregistroei buruzkoak; 3) MAALEren 30.1, 32.1 eta 2, 33.2, 3, 9, 11, 12 eta 13, 35.1 eta 3 eta 36. artikuluak, bigarren xedapen gehigarria eta xedapen iragankorra, horiek guztiek arautzen baitituzte Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako kalitatezko ardoen aitorpenerako prozedura, ardook kudeatzeko organoak, betebeharren ez betetzea, erregistroa eta sor-marken kontseilu arau-emaileak kalitatezko ardoen kudeaketarako organo bihurtzea; 4) MAALEren 23.2 artikulua, horrek baimena ezartzen baitu, mahats-ardoko produktuen kudeaketarako organoek barruti geografikoen erabilera kudea dezaten; 5) MAALEren 41.4 artikulua, horrek arautzen baitu kudeaketa-organoek nola zainduko duten mahats, muztio eta kalitatezko ardoen babesik ez duten ardoen mugimendua, mugimendu hori euren gune geografikoan gertatzen denean; 6) MAALEren 72, 73.2 eta 75.1 artikuluak, zehatzeko prozedurak eragin, horien izapideak egin eta horiek ebazteari buruzkoak, betiere MAALEn definitutako arau-hausteei begira, ez, ordea, 47. artikulutik 50.erakoetan ezarritakoei begira, horiek mahasgintzaren arlokoak izanik, lurralde historikoen eskumenekoak baitira; eta 7) testu horretako azken xedapenetatik lehenengoa, MAALEren garapenerako xedapenei buruzkoa, betiere lurralde historikoek mahasgintzaren arloan dituztenei kalterik egin gabe.

Ebazpen hau alderdiei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da. Hala erabaki dute batzordekideek, eta izenpetu ere, eta nik, idazkariak, horren fede ematen dut.


Azterketa dokumentala