Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2004ko otsailaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
637

EBAZPENA, 2003ko azaroaren 24koa, HABEren zuzendari nagusiarena, euskara-mailak egiaztatzeko HABEk deituko dituen azterketak gainditzen dituzten euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emango zaizkien dirulaguntzen baldintza orokorrak arautzen dituena.

Azaroaren 25eko 29/1983 Legeak sortu zuen Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE), helduen euskalduntzera eta euskaran alfabetatzera zuzendua, ahalik eta euskal hiztun gehien lortzeko helburua duena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren bidez, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik jasotzen duten finantziazioa arautu zen.

Aipatu 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak dio HABEk ezar ditzakeela, osagarri gisa, bere aurrekontu-bitartekoen muga-barruan, beste dirulaguntza-mota batzuk, Dekretu horretan aipatzen diren modalitate eta euskarrietan edo homologatutako sistemen bitartez alfabetatze edota euskalduntze-prozesuetan murgilduta ari diren ikasleei zuzenduak, horien emaitza akademikoen baitan.

Alde horretatik, eta euskalduntze-alfabetatzearen sektore pribatuari dagokionez, egokitzat jotzen da sektore hori finantzatzeko aurrekontu-kredituak bi zati osagarritan banatzeko prozesua martxan jartzea. Aipatutako bi zati osagarri horiek izango dira, alde batetik, sektorean diharduten zentroen jarduerari dagokiona, eta bestetik, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluak finkatzen dituen mailak egiaztatzeko sistema zehazten duen Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren 9. artikuluak ezarritakoaren arabera, euskara-mailak egiaztatzeko HABEk deituko dituen azterketak gainditzen dituzten sektore bereko ikasleena.

Horrenbestez, ikasturte bakoitzean, euskalduntze-alfabetatzearen sektoreko zentro pribatuek emandako euskara-ikastaroak finantzatzeko dirulaguntza-deialdiaz gain, euskara-mailak egiaztatzeko HABEk deituko dituen azterketak gainditzen dituzten zentro horietako ikasleak diruz laguntzeko beste deialdi bat egingo da. Bigarren deialdi hori, euskara-mailak egiaztatzeko aipatutako azterketak egin ondoren garatuko da.

Aipaturiko ikasle horiei emango zaizkien dirulaguntzen baldintza orokorrak arautzea da Ebazpen honen helburua, urtero finkatu beharko diren beste baldintzak (esate baterako, eskabideak aurkezteko epea, etab.) ikasturte bakoitzean egingo diren deialdietarako utziz.

Horregatik guztiagatik, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak emandako ahalmena kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei emateko dirulaguntzen baldintzak arautzea, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duen uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 17. artikuluak ezarritakoa garatuz.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdian parte hartu nahi duen edozein pertsonak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– HABEren erregistroan euskaltegi pribatu edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatua egotea dagokion ikasturtean zehar.

2.– Kultura sailburuaren 2003ko abuztuaren 6ko Aginduaren arabera, bertan zehazturiko mailak egiaztatzeko HABEren zuzendari nagusiak ikasturtero egingo duen deialdian parte hartu eta dagokion maila gainditzea.

3.– Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da ikasturteko hasiera maila egiaztatuko den maila bera edo baxuagoa izatea. Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kudeaketarako HABEk duen aplikazio informatikoan jasoa behar du jarduera honek.

4.– Dirulaguntza deialdi honetatik at geldituko dira, Herri Administrazioko langile izanik, horrek finantzatuta eskolaratu diren ikasleak.

3. artikulua.– Eskabideak.

HABEren zuzendari nagusiak ikasturtero egingo duen deialdian zehaztuko dira eskabideak aurkezteko tokia, egiteko era eta epeak.

Eskaerekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak emandako agiria, egindako ikastaroei eta ebazpen honetako 6.1.b) artikuluan adierazten den epealdian ordaindutako kopuruei buruzkoa.

c) Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologatuei ordaindutakoaren agiriak, ebazpen honetako 6.1.b) artikuluan adierazten den epealdiei buruzkoa.

4. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

5. artikulua.– Dirulaguntzen finantzazioa.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak HABEren aurrekontuei atxikituko zaizkion zuzkiduren konturakoak izango dira.

2.– Ikasturtero HABEren zuzendari nagusiak egingo dituen deialdietan finkatuko da dagokion laguntzen gehienezko zenbateko globala.

Aipatutako zenbateko hau gehitu ahal izango da, baldin eta HABEren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da HABEren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez.

6. artikulua.– Dirulaguntzaren kopurua finkatzea.

1.– Onuradun bakoitzari emango zaion dirulaguntzaren zenbatekoa erabakitzeko irizpideak HABEren zuzendari nagusiaren ikasturteroko deialdiak mugatuko baditu ere, hauek izango dira horretarako irizpide nagusiak:

a) Maila bakoitzerako ikasketak behin bakarrik lagunduko zaizkio diruz ikasleari.

b) HABEren dirulaguntza, ikasleak matrikuletan ordaindu eta agiri bidez egiaztatutakoaren %50ari dagokion kopurura hel liteke gehienez.

Autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleei dagokienez, gehienez ere, azken hiru ikasturteetan ordaindutakoa onartuko zaie.

Euskaltegietako ikasleen kasuan, Ebazpen hau indarrean jartzen den ikasturtea izango da horretarako lehena.

Halaber, gehienezko hiru ikasturteak aplikatzeko unean, jarraian ematen den taularen arabera jokatuko da:

Egiaztatu maila
Matrikula-maila	1. maila	2. maila	3. maila
1A maila	3	3	3
1B maila	1	2	3
2 maila	—	1	2
3 maila	—	—	1

2.– 5.2 artikuluan aurreikusitakoa aplikatzerakoan lortzen den gehienezko kopurua nahikoa ez balitz aurreko puntuan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako beharrei aurre egiteko, onuradunen artean hainbanatuko da dirulaguntza.

7. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.

Deialdi bakoitzean zehaztutako irizpideak aplikatu ondoren, HABEren zuzendari nagusiak eskabideen gaineko ebazpena hartuko du, eta interesdunei, HABEren egoitzetako iragarki tauletan erantsiz jakinaraziko zaie. Hala ere, ikasturtero egingo den deialdietan ebazpenaren publizitatea bermatzeko beste bide batzuk ezartzeko aukera egongo da. Jakinarazpen hau, beranduenik ere, eskabidea aurkezteko azkeneko egunetik hasita bi hilabeteko epean egingo da.

Ebazpenaren jakinarazpena aurreikusitako epe-mugan jasotzen ez bada, onuradunek ulertu ahal izango dute beren eskabidea gaitzetsia izan dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan zehaztutakoaren ondorioz.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean kitatuko da banku-transferentzia bidez, gehienez hilabeteko epean, deialdiaren amaierako datatik hasita.

8. artikulua.– Bateragarritasuna.

Emango den dirulaguntza bateragarria izango da xede berarekin jaso daitekeen beste edozeinekin, baldin eta gain-finantziaziorik ez badago laguntzen den xedearen guztirako kostuan. Horrelakoetan, dagozkion kenketak egingo dira, aldea ez ordainduz edo dagokion kopurua itzultzeko eskatuz.

9. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea, 15 egun balioduneko epean, jakinarazpena egin zenetik zenbatuta. Epe hori igaro eta laguntzari ukorik egin ez badio, dirulaguntza onartua izan dela ulertuko da.

b) Eskatzen zaien beste informazio ematera Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ekonomi Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, dirulaguntzen helmugaren ikusketa-lanetan dihardutenean.

c) Horretaz gain, 1/1997 Dekretu Legegileak, 1997ko azaroaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta gaiari ezar dakizkiokeen gainerako xedapenek ezarritako beste betebeharrak ere izango ditu.

10. artikulua.– Arauak ez betetzea eta itzulketak.

Ezarritako edozein betebehar betetzen ez bada, dirulaguntzak aitortu eta ordaintzerakoan edozein zirkunstantzia faltsutzen bada, edo laguntzak jaso ondoren gain-finantziazioa gertatzen, orduan 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilea ezarriko da eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik zuzendutako dirulaguntzak eman, bermatu eta itzultzeko modua arautzeaz gainera, diru-gaietan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, zereginak eta eginkizunak ere zehazten baititu.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, pertsona interesatuek jar dezakete gora jotzeko errekurtsoa HABEren Lehendakariaren aurrean, hilabeteko epe-barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Donostia-San Sebastián, 2003ko azaroaren 24a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.


Azterketa dokumentala