Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2004ko urtarrilaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Arbitraje Batzordea
419

6/03 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Ebazpen Batzordearen Osoko Bilkurarena, N-1 errepideko 416,7 kilometroan, Olaberrian, ekipamenduak instalatu eta lanak egiteko baimena dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Diputazioaren aurka sustatu duen eskumen-gatazka positiboaren gainean emandakoa.

Manuel María Zorrilla Ruiz presidenteak eta Mario Fernández Pelaz, Edorta Cobreros Mendazona, Andrés Urrutia Badiola eta Fernando Campo Antoñanzas kideek osatzen duten Ebazpen Batzordeko Bilkurak (hemendik aurrera, Batzordeak), Gasteizen, 2003ko azaroaren 3an, eman du ondoko

EBAZPENA

Maiatzaren 22ko 87/2000 Dekretuan, hau da, hiriarteko trafikoaren kudeatze-sistema arautu eta Euskadiko Trafikoaren Kudeatze Zentroa sortu duen Dekretuan oinarrituta, N-1 errepideko 416,7 kilometroan, Olaberrian, trafikoaren eta bide-zirkulazioaren kudeatze-sistemarako eta kontrol telematikorako behar diren elementu periferikoak jartzeko beharrezkoak diren ekipamenduak instalatu eta lanak egiteko baimena dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Diputazioaren aurka sustatu duen eskumen-gatazka positiboaren gainean, Batzordeak ondorengo ebazpena eman du, txostengilea, Batzordearen izenean, Fernando Campo Antoñanzas kidea izanik.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Trafiko Zuzendariak idazki bat igorri zion 2002ko urriaren 9an Gipuzkoako Foru Diputazioko Garraio eta Errepide Foru Diputatu txit prestuari, errepideen jabetza publikoko titularra denari, baimena eskatuz N-1 errepidean, Olaberrian, 416,17 kilometroan, hainbat ekipamendu instalatzeko, Erkidegoko Administrazioak trafikoa zuzentzeko, zaintzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko dituen funtzioak modu eraginkorrez bete zitzan.

Bigarrena.– Hiru hilabete igaro eta Gipuzkoako Foru Diputazioak ez zuenez erantzun, administrazio-isiltasun horrek, Erkidegoko Administrazioaren iritziz, uko egitea erakutsi zuen.

2003ko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta idazkariak idatzi bat bidali zion Gipuzkoako Diputatu Nagusi txit prestuari, eta bertan Gobernu Kontseiluak 2003ko urtarrilaren 21ean hartutako erabakiaren berri eman zion, alegia, Ebazpen Batzordea Arautzeko Legearen 58.1 artikuluaren arabera, Gipuzkoako Foru Diputazioko Diputatu Kontseiluari eskatzen zitzaion emateko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari galdegindako baimena, Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepideetako toki eta zati jakin batzuetan ekipamenduak instalatu eta beharrezkoak ziren lanak egin ahal izateko, Herrizaingo Sailaren Trafiko Zuzendariak Gipuzkoako Garraio eta Errepide Foru Diputatuari, 2002ko urriaren 9an, eskatu bezala, trafiko eta bide-zirkulazio eskumenak Erkidegoko Administrazioarenak direlakoan.

Eusko Jaurlaritzaren akordio hartan, Arautzeko Legearen 59. artikuluan oinarrituta, Ebazpen Batzordearen aurrean eskumen-gatazka aurkeztea aurreikusten zen, baldin eta egindako eskariari muzin egiten bazitzaion.

Hirugarrena.– 2003ko otsailaren 25ean, Gipuzkoako Foru Diputazioko Diputatu Kontseiluak, Ebazpen Batzordea Arautzeko Legean oinarrituta, Eusko Jaurlaritzaren eskaria atzera botatzea erabaki zuen, eta ez zion baimenik eman Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, Herrizaingo Sailaren Trafiko Zuzendariak Gipuzkoako Foru Diputatuari 2002ko urriaren 9an eskatutakoari, alegia, uko egin zion Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepideetako toki eta zati jakin batzuetan ekipamenduak instalatu eta lanak egiteko baimena emateari, lanak ezinbestekoak izanik Erkidegoko Administrazioak Trafiko eta Ibilgailuen Zirkulazioan dituen eskumenak bete ahal izateko.

Laugarrena.– 2003ko martxoaren 25ean, Ebazpen Batzorde honetan gutun bat aurkeztu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzu juridikoek, eta bertan eskumen-gatazka positiboa sustatu zuten, gatazkaren planteamendu orokor bat egiteko eta trafikoan eta errepideetan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Diputazioaren eskumenak mugatzeko, eta eskatzeko Batzordeak ebatzi zezan trafikoa arautzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumenak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak 2002ko urriaren 9an adierazi zuen bezala, Eusko Jaurlaritzarenak direla, hau da, trafikoari dagokion eskumenean sartzen dela errepide publikoetan jartzea edozein seinale, edo zirkulazioa kudeatzeko eta informatzeko edozein elementu.

Halaber, eskumen-gatazka positiboa aktibatu zuen idazki berean, ebazpen horrek beste erabaki bat adieraz zezan eskatzen zitzaion Ebazpen Batzordeari, hau da, aurrekoaren haritik, Gipuzkoako Foru Diputazioak eman ziezaiola, lehenbailehen, baimena Herrizaingo Sailari ekipamenduak instalatzeko eta lanak egiteko, hauek ezinbestekoak zirelako Erkidegoko Administrazioak trafiko eta bide-zirkulazioan dituen eskumenak bete ahal izateko Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepideetako toki eta zati jakin batzuetan, hain zuzen Trafiko Zuzendariak, 2002ko urriaren 9an, adierazitakoetan.

Bosgarrena.– Hasiera-idazkia tramitatzea onartu ondoren, bertako alegazioak Gipuzkoako Foru Diputazioari helarazi zitzaizkion, eta hura, 2003ko uztailaren 11n, bertaratu eta Erkidegoko Administrazioak eskatutako lehenengo erabakiaren aurka azaldu zen, bere arrazoiak emanez eta atzera botatzeko eskatuz.

Era berean, Erkidegoko Administrazioaren bigarren eskariari zegokionez, Ebazpen Batzordeak ez zuela erabakirik hartzeko eskumenik adierazi zuen, izan ere, horrek onartu eta aitortu egingo zuelako gatazkak eragindako egoera juridiko okerra, eta, gaia, administrazioarekiko auzitegiei, ez Ebazpen Batzordeari, zegokiela aditzera eman zuen, eskumen-gatazka positiboen ebazpenek eskumen eztabaidatua zein erakunderena den baino ez dutela adierazi behar esanez, eta eskumen-gatazka aztertzeko erakundeek ezin dutela administrazioarekiko auzitegiei dagozkien erabakietan sartu adieraziz.

Seigarrena.– Erkidegoko Administrazioaren bigarren eskaera zela-eta, eskumen-gatazka positiboa jaso zuen Foru Administrazioak onartzen ez zuenez bere alegazio-gutunean Ebazpen Batzordearen eskumena, Batzorde honek, Arautzeko Legearen 32. artikuluan oinarrituta, 10 eguneko epea eman zion Eusko Jaurlaritzako ordezkariari bere alegazioak egin zitzan, betiere puntu zehatz horri lotuta, hots, Ebazpen Batzordeak ez zuela eskumenik bigarren eskariari erantzuteko.

Erkidegoko Administrazioak joan den urriaren 30ean erantzun zuen, eta bertan bereari eusten zion. Horretarako, Batzordea Arautzeko Legearen 68-2. artikuluan oinarrituta, eta eskumena berea dela aitortuko balitz, haren ustez ebazpenak adierazi beharko luke Gipuzkoako Foru Diputazioak ezin izango duela eragotzi errepideen gaineko eskumena betetzea, eta, beraz, baimena eman beharko lioke Herrizaingo Sailari ekipamenduak instalatu eta lanak egiteko, Erkidegoko Administrazioak, eskumen-gatazka positibo hau eragin duten leku jakinetan, trafiko eta auto-zirkulazioan dituen eskumenak bete ditzan.

Zazpigarrena.– Alegazio epea amaitu ondoren, eta probak aurkezteko faseari ekin gabe, gaia aztertu eta behin betiko erabakia hartzeke dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK
I

Ebazpen honen edukiaren egitura logikoa kontuan hartuta, lehenik eta behin Gipuzkoako Foru Diputazioak azaldutako gaiari heldu behar zaio, alegia, Ebazpen Batzordeak ba ote duen eskumenik Euskal Erkidegoko Administrazioaren bigarren eskaerari erantzuteko.

Alde horretatik, gogorarazi behar da Ebazpen Batzorde hau arautzen duen 13/94 Legearen 2. artikuluak, ekainaren 30ekoak, adierazten duela Batzordea legeak agintzen duen bezala jabetuko dela egoeraz:

"B.– Eskumen-gatazkak, eta xedapenek, ebazpenek edo Eusko Jaurlaritzaren edo Foru Diputazioen ekimenek, edo, batzuen edo besteen utzikeriek, eragindako gatazkak".

Era berean, aipatutako Legearen 27. artikuluak zera dio: "Ebazpen Batzordeak, ofizioz edo alde batek eskatuta, erabakiko du eskumenik duen ala ez".

Bestalde, 28. artikuluaren arabera, Ebazpen Batzordeak ebazpen baten bidez erabaki dezake ez onartzea gai edo eskumen-gatazkaren bat, baldin eta legeak berak aurreikusten ez dituen gaiek eragin badute prozedura abiatzea.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 39. artikuluak dio Ebazpen Batzorde baten esanetara egongo direla: "Autonomia Erkidegoko erakundeen eta Lurralde Historiko bakoitzeko erakundeen artean sor daitezkeen eskumen-gatazkak...".

Aurreko guztia aintzat hartuta, ondorioztatu behar da Ebazpen Batzordeak ematen dituen ebazpenek euskal administrazioei, erkidegokoari eta foralei, dagozkien eskumenetan soilik oinarritu behar dutela, eta, beraz, Batzordeak ez du erabakirik hartu behar hortik kanpo, are gutxiago eskumen-gatazkak aurkezteko ahalmena duen edozein administraziori adierazi zein izan behar duen bere jokabidea.

LCAren 68. artikuluko bigarren paragrafoaren edukia dela-eta, bertan gogorarazten da dagozkien administrazioek ezingo dutela Ebazpen Batzordeak emandako ebazpenak bete gabe utzi, eta, legearen aurreikuspenari dagokionez, ez da bertatik ondorioztatzen Batzordearen erabakigunea zabal daitekeenik.

Alde horretatik, Ebazpen Batzordeak uste du Gipuzkoako Foru Diputatuak aurkeztu zuen alegazio-gutunean azaldutako arrazoibidea balekoa dela, hau da, aurkakoak, hots, Erkidegoko Administrazioak, ebazpen honetan adierazi nahi izatea Gipuzkoako Foru Diputazioak lehenbailehen eman behar diola baimena Herrizaingo Sailari gatazka eragin duen gaia konpontzeko, hori, hain zuzen, Ebazpen Batzorde honen eskumen-esparrutik at dago, eta, beraz, hori argitzeko, hala erabakita bi aldeek eta ebazpen hau edukirik gabe ez uzteko, auzitegietara jo beharko dute.

Hori dela eta, ebazpen honen zati batek zerbait adierazi beharko du horri buruz.

II

Gatazka honek, zalantzarik gabe, harreman estua du Ebazpen Batzordeak aztertu eta ebatzi dituen beste batzuekin, hain zuzen otsailean 1/03 eta urrian 4/03 ebazpenak eragin zituztenekin, lehenengoa, Arabako Foru Diputazioko Diputatu Kontseiluaren Foru Dekretuari, 2002ko uztailaren 30ekoari, zegokiona, bide-sarea kontrolatzeko errepideen kontrol-zentroa sortu nahi zuena, eta, bigarrena, Arabako Foru Diputazioak 622 errepide nazionalean telebista-kamerak instalatzeko nahiari zegokiona.

Lurralde Historikoen Legearen zazpigarren artikuluko zortzigarren idazpuruan oinarrituta, Lurralde Historikoen foru-organoek eskumen osoa dute bakoitzaren araubide juridiko bereziaren arabera jokatzeko, errepideak eta bideak planifikatu, antolatu, eraiki, mantendu, aldatu, bukatu, ustiatu eta erabiltzeko.

Horrenbestez, Foru Diputazioek eskumen-esparru bat dute jabetza publikoko titularitateari eta zerga-eskubidea ezartzeari dagokionez, eta hala arrazoitu zuen Ebazpen Batzorde honek.

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, eta trafiko kudeaketaz ari garela, "trafiko kudeaketa" izen orokorraren azpian jasotzen den eskumena hartzen du bere gain hark, eta, hartara, trafikoaren beraren segurtasun neurriei eusteko, eta trafikoak pertsona eta ondasunetan eragiten dituen kalteak, ahal den neurrian, arindu eta murrizteko, hainbat ekimen burutzen ditu, eta, horretarako, beharrezkoak diren zaintza edo murrizketa-neurriak har ditzake indarrean dagoen legeriaren arabera, errepide publikoetan dabiltzan autoei dagozkien kasuetan.

III

Eskumen-gatazka honek ukitutako administrazioen eskumenak argitu ondoren, ondoko gogoetak egin ditzakegu:

Erkidegoko Administrazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoko N-1 errepideko 416,7 kilometroan, Olaberrian, ondoren zehaztuko diren ezaugarriak dituen ekipamendua jarri nahi du: mezu ezberdinak erakusten dituen panel bat bere euskarri eta guzti, telebista-kamara bat zutabe baten gainean, espira edo lotura magnetiko batzuk autoak geldiarazteko eta kontatzeko, armairu bat ekipamenduak eta komunikazioak kontrolatzen dituzten ekipo elektronikoak gordetzeko, dagozkien kanalizazioak aipatutako ekipamenduen kableak jasotzeko, eta, azkenik, estazio meteorologiko bat eta SOS zutoin bat.

Aitatu diren tresnak eta lortu nahi den helburua, alegia, zirkulazioaren egoera telematikoki ikuskatzea, trafikorako interesgarriak diren datuak, hots, auto kopurua, batezbesteko abiadura, zerbitzu maila, trafiko arazoak eta istripuak, eta abar, jasotzea, sailkatzea eta aztertzea, "trafiko kudeaketa" izeneko eskumen orokorra osatzen duten elementuak dira, eta eskumen-esparru hori ez da inondik ere zehazki aipatzen Erkidegoko Lurralde Historikoek dituzten eskumenetan, eta aipamen orokor bat baino ez da egiten Lurralde Historikoen Legeak, 7.8. artikuluan, errepideei buruz hitz egiten duenean.

Hortaz, arrazoibide honi jarraiki, aipatutako ekipamendua instalatzeko Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Foru Diputazioari egin zion eskaera bide-trafiko kudeaketaren ohiko eskumenaren barnean sartzen da, Ebazpen Batzordeak, behin eta berriro adierazi duen bezala, hala arrazoitu eta ebatzi baitu antzeko eskumen-gatazka positiboak aztertu dituenean, eta, beraz, arrazoi horiek aintzat hartuta, onartu egin dira, hein batean, sustatzaileak agertu dituen nahiak, eta, hortaz, baita haien gaineko erabakiak adieraztea ere.

Honenbestez,

BATZORDEAK EBATZI DU,

Eskumen-gatazka positiboa arrazoitua dagoela ikusirik, eta hura ezagutzea eta haren gainean erabakitzea berari dagokiola jakinda, sustatzailearen nahiak, hein batean, aintzat hartu ondoren, deklaratu behar dugula eta deklaratzen dugula:

1.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendariak 2002ko urriaren 9an adierazitakoaren haritik, trafikoa arautzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eztabaidagarriak diren eskumenen titularitatea Eusko Jaurlaritzaren eskumen-organoena da, instalatu nahi diren elementuak, errepide publikoetako zirkulaziorako seinale, informazio eta kudeaketa-tresnak diren neurrian, trafiko-eskumenaren barnean daudelako.

2.– Erkidegoko Administrazioak Trafiko eta Auto Zirkulazioan dituen eskumenak bete ahal izateko, Trafiko Zuzendariak 2002ko urriaren 9an eskatutakoa, hau da, Gipuzkoako Foru Diputazioak lehenbailehen eman ziezaion baimena Herrizaingo Sailari Gipuzkoako Lurralde Historikoko zati jakin batzuetan beharrezkoak diren ekipamenduak instalatu eta lanak egiteko, eskari hori, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak Ebazpen Batzorde honi ematen dion eskumen esparrutik at geratzen da, LCAren 68. artikuluko bigarren paragrafoak jasotzen duen aurreikuspena betetzeari uko egin gabe.

Ebazpen hau legeak agindu bezala jakinaraziko zaie dagokienei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkarian argitaratuko da, eta, hala izan bedi, adierazi, agindu eta sinatzen dugu.


Azterketa dokumentala