Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2004ko urtarrilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
317

EBAZPENA, 2003ko abenduaren 17koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baseliza, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baselizak daukan interes historiko-arkitektonikoa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baseliza, "Categoría_del_bien_Euskera" izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskinean egindako mugaketa eta II. Eranskinean egindako objektuaren eta bere osagaien deskripzioaren arabera, hala nola III. Eranskinean atxikitzen den Babes Araubidea ere kontutan hartuz.

Espediente honi hasiera emateak uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa eragingo du Erdoiztako San Isidro baselizan.

Bigarrena.– Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baseliza, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. Eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. Eranskineko deskribapena kontutan hartuz eta babes araubide gisa III. Eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 84 eta 86 artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Monumentu izendapenaz Errezilgo (Gipuzkoa) Erdoiztako San Isidro baseliza, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientearen mugaketa, deskribapena eta babes-araubidea interesdunei jakinaraztea, jakinarazpena jasotako egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Laugarrena.– Errezilgo Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei honako honen berri ematea: prozedura honi hasiera emateak eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenen ondorioak eten egiten dituela, baita dagoeneko eman direnenak ere. Alde horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezkeen lanak egin behar badira, betiere, dagokion Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.

Bosgarrena.– Indarrean dauden xedapenen arabera espedientearen izapideak jarraitzea.

Seigarrena.– Sailkatzeko espedienteari hasiera ematen dion Ebazpena interesdunei, Errezilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.

Zazpigarrena.– Sailkatzeko espedienteari hasiera ematen dion Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 17a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketaren eremua.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurunea hartzen ditu, osotasun baten gisa.

Horrela, mugaketa-eremuak zirkunferentzia bat egiten du, baseliza erdian duela, 40 m-ko erradioarekin.

Mugaketaren justifikazioa.

Baselizaren inguruneak dituen ingurumen-, ikuspegi- eta paisaia-balioak zaintzeko beharrarengatik proposatu da mugaketa hau. Baseliza landa-ingurunean dago kokatuta eta bera hein batean inguratzen duen bidearen gainetik ageri da nabarmen. Ondasun hau behar bezala babesteko eta daukan balioa azalera ekartzeko, behar-beharrezkoa da ingurunea mugatzea; horrek baseliza inguratzen duten lekuak babestu beharra dakar berarekin, leku horiek daukaten balioa azalera ekartze aldera eta beroriez gozatzeko aukera emate aldera.

Horregatik, mugaketa honek, baselizaren eraikina ez ezik, hura inguratzen duen gunea ere barruan hartzen du.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Erdoiztako San Isidro baseliza landa-inguruneko eraikin berezia da, arkitektura neoklasikokoa, 1808. urtean Pedro Manuel de Ugartemendiak egina. Arkitektura jasoa du, zentrala eta traza bihurrekoa, osaera zaindukoa eta erromatar mundua gogorarazten duten ezaugarriekikoa. Baselizak bolumen trinkoa ageri du, bi zilindro zentrokideren eraginez.

Kanpoko gorputza, 16 metroko diametroduna, zilindro-erako eraztun bat da, solairu bakarrekoa, eta bere inguru guztiaren erdia baino gehiago ataritarako da; atzeko aldean, aldarea eta hari datxezkionak hartzen ditu. Lehen osagai honetan hiru sarbide daude, arku erdizirkularrez eginak, eta inguruan 90 gradu bakoitzeko kokatuak; leiho gisako laugarren hutsarte batek osatzen du zirkulua, aldarearekin bat eginez. Aipatutako hutsarte horien artean, eta kokatzeko eran hierarkia jakin bat ageri dutela, 45 gradu bakoitzeko leiho angeluzuzenak dauzka, leihoburudunak. Atarira sartzeko hiru ate daude. Aurrez-aurrekoak harrizko maila batzuk ditu, lursailaren malda dela-eta, eta tenplura eta aldarera doan ardatzarekin bat egiten du. Estalkia barruko horman sartuta dauden habeburuen gainean dago bermatuta.

Barruko gorputz zentrala 10 metro diametroko zilindro bat da. Garaiagoa da; elizaurrearena egiten du, eta atrioaren gainetik nabarmentzen da danborraren gisan. Gorputz hau itsua da ia-ia; hutsarte bakarra du, leiho termal bat elizaurrearen sarrera bakarraren gainean. Harlanduzko bi zerrendaz egindako inposta batek inguratzen du zilindroaren goiko aldea kanpoaldetik, koroa baten eran, sarreran izan ezik; hor, sarrerak, leiho termalak eta kanpai-hormak ardatz zut bat eratzen dute.

Multzo osoaren bolumena horma erakoa da, soila, eta hutsarteak txukun atonduta ageri ditu. Fatxada guztiak horma-atal lau bihurrez eratuak ditu, apaindurarik gabekoez. Hutsarteak harlanduz inguratuta daude, eta harlangaitzezko hormak zuriz daude emokaturik; estalkia teila zeramiko bihurrez dago egina.

Barrualdearen ezaugarri nagusia, bestalde, elizaurrearen gorputz nagusi zerbitzatua inguratzen duen atari zerbitzari bat, iragateko atari bat . Barrualdeak ere zilindro erako eremu bakarraren taxuari jarraitzen dio; kareharrizko zoladurak harlauza zirkular bat dauka erdian. Kanpoaldeko hutsarteen segida ere antzematen da elizaurrearen hormaren barrualdeko perimetroan. Sarreraren aurrez aurre dago kokatuta aldare erdizirkularra, eta aldamenetan, 90 gradutara, bi kapera txiki daude. Aldarea goratua ageri da, bi mailako harrizko oin baten gainean , eta alde bietara hutsarte bana atxikitzen zaizkio. Inposta batek inguratzen du hormaren barrualdea goiko aldetik. Bolumen honen barruan, sarreraren gainean, zurezko koru txiki bat dago, solairuarte gisa. Aldarearen aurrez aurre dagoen leiho termal baten bidez argiztatzen da barrualdea. Badago tarte zut bat, erloju baten mekanismoak eta pulpitua jartzeko egina. Baditu beste garai batzuetako lan batzuk erantsita, eta horien artean hormigoizko estalkia da txarrerako nabarmentzen dena.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babes-araubidearen helburua.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 12. artikuluan esaten dena oinarri hartuta idatzi da babes-araubide hau, eta Erdoiztako San Isidro baseliza kalifikatutako monumentutzat jotzeko hasitako espedientearen ondorio da.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua

Ondoren zehaztuko den babes-araubidea Erdoiztako San Isidro baselizarako da. Eraikuntza hori monumentu kalifikatutzat jotzeko adierazpenaren I. eta II. eranskinetan ezarritako mugak eta ezaugarriak hartuko dira kontuan babes-araubide hau aplikatzerakoan.

3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko osagaiak.

Kalifikatutako eraikin horretan babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

– Bolumetria, osaera, barrualdeko gunea eta baselizaren taxukera.

– Baseliza bera, osagai guztiak kontuan hartuta, hauek izan ezik: estalkia, pulpitua, kanpai-horma, erlojua eta korua.

4. artikulua.– Lotzeko indarra duten manuak.

Babes-araubide honetako manuek lotzeko indarra izango dute, eta eraikina araudi horiek begiratuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako manuek lotu egingo dituzte hirigintza-planeamenduko tresnak, eta beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu lege-arau hori betetzeko, babes-araubide honen helburu den eraikinari aplikatu beharreko hirigintza-planeamenduak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. atala.– Manu orokorrak.

1.– Babes-araubide honen menpean dagoen ondarea, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, isun, arau-hauste eta gainerakoei dagokienez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak dioenaren pean egongo da.

2.– Babes-araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Ondasun hori botatzeko baimena ematekotan – den osorik edo den haren zati bat botatzeko–, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da eman.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. atala.– Baimendutako erabilerak.

1.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, baselizaren era bateko eta besteko erabilerak, baimenduko badira, haren ezaugarriekin bat etorri beharko dira, eta ondoko hau bermatzeko aukera eman beharko dute: eraikinaren zainketa egokia eta babes-araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaietarako babes zuzen eta berezia.

2.– Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan sartzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.– Irisgarritasunaren eta suteetatik babestearen gaineko araubideari egokitzea.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain edozein esku-hartze burutzeko, irisgarritasunaren eta suteen kontrako babesaren gainean indarrean den araudiak ezarritako irizpideak bete beharko dira, bai eta eraikin honi buruz babes-araubide honetako III. kapituluan ezarritako jarduteko mugak begiratu ere.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babes-araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua egin beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza: oinak, fatxadak eta sekzioak 1/50 eskalan, eta arkitekturako zehaztasunak 1/20an; fotografia-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar; bereziki landu beharko da egitura-sistema, neurri eta akotazioak zehaztasunez jasoaz.

b) Honako hauek deskribatuko dituzten dokumentu grafikoak: zein esku-hartze egingo den, zein material erabiliko den, lanak aldika bereizita eta amaieran nola geratuko den, lehen aipatutako eskala berak erabiliz proiektatuta.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko den, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, zer egonkortasun duten eta gainerako osagaiekin zer nolako elkarreragina duten.

e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala zaintzeko behar diren teknikak eta baliabideak.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honek ezarritako manuen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak sartuta.

9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari; hain zuzen ere, babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen dira osagai horiexek.

Orokorrean, ezin izango dira egin segidan aipatzen diren esku-hartzeak; ezta ere baselizaren balore historiko-arkitektonikoei kalte egin diezaieketenak, eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen kontra doazenak ere ez. Hartara, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:

1.– Bolumen-aldaketak.

2.– Eraikinak hartzen duen eremuan aldaketak eragitea, baldin eta aldaketa horiek jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea badakarte, edo eraikinaren oina luzatu edo zabalagotzea.

3.– Fatxadak aldatzea, fatxada horietako osagaiak aldatzea, horien tratamendua aldatzea edo fatxadako hutsuneen hasierako kokaera edo kopurua aldatzea; gainera, hutsune horien tamainak eta proportzioak beren horretan gorde beharko dira. Fatxadetan lanak egin ostean harlangaitz-horma agerian uztea.

4.– Estalkiak ezartzeko eran aldaketak egitea, hala nola haiek jasotzea, edo maldak, txapitulak edo faldoien kopurua aldatzea, non eta horiek ez diren egiten estalkiaren jatorrizko itxura berreskuratzeko.

5.– Baselizaren barrualdeko espazio- eta egitura-ezaugarriak aldatzea; apainketako osagai arkitektoniko jatorrizkoak agerian egon behar dira beti, eta kareharrizko lauzaz egindako zoladura ere bai

6.– Baselizaren egiturazko antolaketan edo antolaketa horren osagaietan aldaketak egitea.

7.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako osagaiei dagokienez (babes berezia dute): estilo-eransketak egitea, nahiz eta obra amaituaren itxura nolakoa behar duen izan edo nola azaldu behar duen adieraz dezaketen dokumentu grafiko edo plastikoak egon.

8.– Baselizaren inguruan egin beharreko esku-hartzeak, baldin eta baselizaren ikuspegia murrizten badute edo haren inguruari kalte egiten badiote; hor sartzen dira bide handiak, baselizatik gertuegi egongo liratekeen aparkalekuak, edo baselizarekin bat ez letozkeen instalazio edo altzariteria. Baselizaren inguruak gorde egin behar du baserri-giroko izaera.

9.– Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aipatzen ez diren esku-hartze guztiak, babes berezia duten osagaien gain egin beharrekoak.

2. ATALA
ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.– Esku-hartzeko irizpide espezifikoak.

Babes-araubidearen atal honetan zehazten diren esku-hartzeko irizpide espezifikoek hau ezartzen dute: nola eta zein mugaren barruan uzten den baseliza osatzen duten elementuetan esku-hartzen.

1.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuetan, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Egokitze-lanak, eraikinari erabilera berri bat eman behar izanez gero, ahalik eta txikienak izango dira, eta gorde egin beharko dira formak, barrualdeko espazioak eta taxukera; orobat, saihestu egin beharko da egiturazko antolaketaren ezaugarrietan eragin handiko aldaketak egitea.

3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpo-egitura edo akabatuen osaera ezin berreskuratzeko moduan alda dezakeen garbiketa tratamendurik. Garbiketa egin aurretik, materialen osaera aztertu ondoren, babestu egingo dira osagairik ahulenak, eta juntura eta arrakalak itxi egingo dira. Harlangaitzez egindako fatxaden gainazalak karez emokatuko dira, horrela emango zaie amaiera.

b) Hormak eta egiturako osagaiak, oro har: egoera txarrean badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatze eta berreraikitzea azken aukera izango da.

c) Instalazioak: instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da erraz iristekoak izan behar dutela, eta gainera, ez direla nabarmendu beharko. Ezingo dira horma-egitura barruan egin. Egun fatxadetan bermatzen diren instalazioak kendu egingo dira (kutxa elektrikoak, kable-ezarketa, euri-hodiak eta abar), bai eta instalazio horien osagai-lagungarri guztiak ere. Ez da erretenik ez eta euri-hodirik ezarriko, eta bolumenaren araztasuna murritz dezakeen hodirik edo bestelako instalaziorik ere ez.

d) Egungo hormigoizko estalkia ez da jatorrizkoa eta aldatu eta berria jarri beharko da, egurrezko egiturazkoa. Estalki berri horren maldak 20 gradu izango ditu gehienez ere, ez du hegalik izango, ez eta kanpora ateratzen den bolumenik ere. Faldoiak hormen perimetro zirkularrari egokitu beharko zaizkio, eta ez da onartuko 8 faldoi baino gutxiagoko estalkirik.

e) Hutsarteei dagokienez, jatorriz zituenak eta egun itxita daudenak berriz irekiko dira, eta aldareko leihoaren adreiluzko itxitura kendu egingo da.

f) Ondare babestuetan egin beharreko esku-hartze orotan, etorkizunean egin beharreko birgaitzeko esku-hartzeak eragotziko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak enpresa espezializatuei esleituko zaizkie, lan horiek bermerik sendoenarekin egiteko beharrezkoa den gaitasun teknikoa badutela behar bezala egiaztatzen duten enpresei, alegia.

11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Baseliza honetan egin ahal izango diren esku-hartzeak honako hauek dira, beti ere eraikinaren osagai tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzen dituzten artean:

a) Arkitektura-espazioa zaharberritu eta aldatutako zatiak lehengoratzea, ondokoen bitartez:

– Kanpoko eta barruko fatxadak zaharberritzea, ahal den neurrian aldatuak izan diren jatorrizko hutsarteak berreskuratuta.

– 3. artikuluan aipatutako osagaien jatorrizko banaketa edo leku-antolaketa gorde edo lehengoratzea.

– Egungo zurezko korua ezabatzea, bai eta erlojuaren mekanismoaren eguraste-guneak ere, hasierako leku-batasuna agerian utziz eta bolumen zilindriko hutsa berrezarriz.

– Zurgintzako jatorrizko edozein osagai zaharberritzea, dela fatxadako hutsarteetan, ateetan, apainduretan, dekorazioetan, intereseko beste elementu batzuetan...; edo, hala badagokio, lehengo elementuen ordez material eta diseinu bera duten elementu berriak jartzea, horrek osaera-baloreak berreskuratzeko aukera ematen badu.

– Leiho termalaren gaineko harrizko inposta berreskuratzea.

– Estalkia aldatu behar izanez gero, gorputz zilindriko zentrala estaltzeko kupula bat egitea sabai faltsuaren eran.

b) Sendotze-lanak, berreskura ezin daitezkeen elementuak ordezkatuz, baina ondorengo egiturazko osagaien kokalekua edo kota zein materiala aldatu gabe (hain zuzen ere, 3. artikuluan aipatzen diren babes bereziko osagaiena):

– Horma euskarriak.

c) Kalte egiten duten gehigarriak kentzea, kanpai-horma eta erlojua barne, bai eta interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak ere. Kanpai-hormaren ordez egitura arin bat jar daiteke kanpaia kokatzeko. Ahalegina egingo da baselizaren inguruan diren instalazioak, hala nola tentsio-transformadorea, ordezka daitezen edo lekuz alda daitezen, ikuspegian duten eragina urritze aldera.

d) Aldarearen ondoko gela lagungarrietan gutxieneko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea, beti ere babes-araubide honetako gainerako manuak errespetatuz.

e) Amaiera emateko osagaietan narriatuta daudenak konpontzeko lanak, betiere osagai horiek egitura edo erresistentziazko funtziorik betetzen ez badute.

f) Barrualdeko lanak, hala nola emokatzea eta margotzea, zoladurak jarri edo konpontzea, barrualdeko zurgintza-lanak, betiere babes-araubide honetako beste ezein arau hausten ez bada.

12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Ondasuna hondatuta badago ondoren aipatzen diren lanak eta lehengoratzeak onargarriak izango dira, betiere aurreko artikuluak esandakoa betez:

1) Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak lehengoratzea. Horretarako, kasuan kasu, edo lehengoratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo, bestelako materiala erabili behar izanez gero, harmonikoa izango da eta lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.

2) Zatikatu edo puskatu egin diren lanen dekorazioa berriro osatzea; zatiren bat galdu duten lanak tinkotzea, hutsune txikiak honela berreraikiz: edo lehen begiratuan bereizten diren tekniken bidez, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinean lotzen diren gune neutroen bidez, edo jatorrizko euskarria agerian utziz, baina inolaz ere ez dira figurazko guneak berrian berri erantsiko edo obraren figurazioan eragina duten osagaiak txertatuko.


Azterketa dokumentala