Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2004ko urtarrilaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
308

EBAZPENA, 2003ko abenduaren 1ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia zuzendariarena, B presio ertaineko gas naturaleko banaketa-sarearen instalazioak baimentzeko eskaerari eta sarea onura publikokoa dela jotzeko adierazpenari buruzkoa. Proiektuaren izena "Berriatuko B presio ertaineko sarea" da.

Erref: GUD-Berriat CG -B 2002/46 JCE/AOK

Pilar Urruticoechea Uriarte andreak, Euskadiko Gas Baltzua S.A.ren izenean, eta erakunde horren ordezkari denez, 2002-09-30ean baimena eskatu du Bizkaiko Lurralde Historikoko Berriatua udalerria gas naturalez hornitzeko sarearen instalazioak eraikitzeko eta sarea onura publikoko izendatzeko. Proiektuaren izena "Berriatuko B presio ertaineko sarea" izango da.

Espediente honi ebazpena ematerakoan, ondorengoak kontuan hartu eta beraiei buruzko aipamena egin beharko da:

AURREKARIAK

Bat.– Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariak 2001-01-19an emandako Ebazpenaren bidez, Euskadiko Gas Baltzua S.A.ri baimena eman zion "Berriatua-Markina-Etxebarriako Sarea" izeneko proiektuaren instalazioak eraikitzeko. Baimena lortuta jarri nahi den sarea proiektu horretatik abiatzen da.

Bi.– Espedientea jendaurrean jartzeko izapidea bete zen. Horretarako, iragarkiak jarri ziren, bai 2003ko apirilaren 8ko EHAAn eta 2003ko martxoaren 11ko BAOn, baita 2003ko martxoaren 4ko Deia eta El Correo egunkarietan ere. Halaber, iragarkia zegokion udaletxera bidali zen iragarki-oholean ikusgai jartzeko.

Hiru.– Ukitutako erakundeei eta udalari (hau da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Uren Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailari eta Berriatuko Udalari) txostena egiteko eta baldintzak ezartzeko eskatu zitzaien, eta erakunde hauek txostena egin zuten:

– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Uren Zuzendaritzak adierazi zuen administrazioaren nahitaezko baimena eskatu beharra dagoela. Sarea eraikitzeko obrak baimentzeko bete beharko liratekeen baldintzak ere adierazi zituen, bere eskumeneko ondasunei dagokienez.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak jakinarazi zuen sail horretako Kontserbazio eta Ustiapen Zerbitzuak zein baldintza ezarri zituen (bere eskumeneko ondasunei dagokienez), sarea eraikitzeko egin beharreko obra horiek baimentzearen aldeko txostena egin ahal izateko.

– Berriatuko Udalak, udalaren txosten tekinikoaren bidez, trazatua oro har egokia zela adierazi zuen, eta honako alternatibak proposatu zituen: lehenengoa, Bastalotza-Bekoa aldeari dagokiona. Alternatiba honetan, tutueria bidean zehar jarriko litzateke, afektaziorik sortu gabe; Bastalotza baserriaren alboan, egingo den bidearen trazatutik tutueria jartzea proposatzen da, zortasunik sortu gabe. Bigarren alternatibaren arabera, Urepel aldean, Arau Subsidiarioetan ezarritako hirigintzako antolamendua baldintzatzea ekidin nahi da. Horretarako, 3 aldarazpen proposatzen dira, planoetan azalduak (kanalizazioa ibairaino luzatzea, dagoen bidearen bitartez; Santa Kruzeko ermitaren eta Erribera kaleko 69.aren artean errepidea zeharkatzea; bideraketa errepidearen eskuinaldetik zubiraino luzatzea).

Lau.– Proiektua jendaurrean ikusgai egon den epean, ez da proiektu lehiakiderik aurkeztu.

Bost.– Jendaurreko informazio-aldian proiektuari zenbait alegazio partikular aurkeztu zaizkio. Eta hauek dira laburbilduta:

– Maria Angeles Elordi Iruetaguena andrea proiektuan BI-BERR-06 izena eman zaion lur-zatiaren jabea da. Andre horrek uste du hobe dela trazatua Erribera kaleko espaloitik luzatzea, 60. zenbakitik 66.eraino, eta BI-633 errepidea zeharkatzea Santa Kruzeko ermitaren eta kale horretako 69. zenbakiaren parean. Trazatua aldarazteko eskatu du (planoa erantsi da).

.– - Nicolás Varona Fernández jauna eta Bonifacio Aldazabal Olaso jauna proiektuan BI-BERR-08 eta BI-BERR-10, eta BI-BERR-09 izena eman zaien lur-zatien jabeak dira, hurrenez hurren. Adierazi dutenez, euren finketan trazatua ez da egokiena, zona hori hirigintzaren garapenerako kaltegarria delako. Horregatik, trazatua aldarazteko eskatu dute, kanalizazioa bidean jarriz eta, Bastalotza baserriaren alboan igarotzen den tokian, egingo den bidearen trazatutik kanalizazioarekin jarraituz. Planoak erantsi dituzte.

Sei.– Euskadiko Gas Baltzua S.A. enpresari egindako alegazioen berri eman ondoren, aipatutako enpresak erantzun egin die, espedientean agertzen diren agirien bidez, orokorrean eta banan-banan. Laburbilduz, hona hemen erantzunean adierazitakoa:

– Erakundeei dagokiena:

– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Uren Zuzendaritza: Ezarritako baldintzak onartzen dira.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Saila: baldintzak onartzen dira.

– Berriatuko Udala: Lehenengo alternatiba ezin da onartu. Izan ere tutueria malda erdiko alde batean jarri beharko litzateke, eta horrek lurra erortzeko arriskua sortuko luke. Ez legoke gas naturaleko kanalizazio bati eusteko egonkortasunik (argazkiak erantsi dituzte), eta hori instalazioaren segurtasun-neurrien aurkako litzateke. Halaber, trazatuaren arabera, gas naturaleko tutueria ibarbide batean legoke. Horrek ekarriko luke trazatua Begobertan Industrialdetik BI-BERR-10 finkaren mugaraino luzatzea, gero lerrokadura berean Berriatuko hirigunera heltzeko. Bastalotza baserriaren alboan trazatua etorkizuneko bideei egokitzeko proposamena onartu egiten da. Proiektuaren arabera BI-BERR-08 izena duen lur-zatiaren trazatua, Bastalotza baserriaren inguruan, udal planeamenduan ezarritako etorkizuneko bideei egokituko zaie. BI-BERR-09 eta 10 finkei dagokienez, obrak burutzeko unean udaleko hirigintzako planeamenduan aurreikuspen zehatzagorik balego, "Euskadiko Gas Baltzua" berari egokituko zaio. Urepel aldean berriz, BI-633 errepidea zeharkatzea Erribera kalearen 69.eko eraikinaren eta Santa Gurutze Ermitaren parean egingo da.

.– - Partikularren alegazioei dagokiena:

– Maria Angeles Elordi Iruetaguena andrea: aldarazpena onartzen da. Beraz, trazatua azaldutako moduan egokituko da.

– Nicolás Varona Fernández jauna eta Bonifacio Aldazabal Olaso jauna: diseinatutako trazatuaren arabera, gas naturaleko tutueria ibarbide batean legoke. Trazatua Begobertan Industrialdetik BI-BERR-10 finkaren mugaraino luzatuko litzateke beraz, gero lerrokadura berean Berriatuko hirigunera heltzeko. Kasu honetan, trazatu hau egokiena litzateke gas naturaleko zerbitzu publikoa emateko. Bestalde, planteatutako aldarazpenak ekarriko luke tutueria aldapa erdiko alde batean jartzea, gas naturaleko kanalizazio bati eusteko egonkortasunik gabekoa, instalazioaren segurtasun baldintzen aurka. Trazatua etorkizuneko bideei egokitzeko proposamenari dagokionez, trazatua BI-BERR-08 lur-zatian, Bastalotza baserriaren inguruan, egokituko zaie udaleko planeamenduan aurreikusten diren etorkizuneko bideei.

Zazpi.– "Euskadiko Gas Baltzuak" txostena aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskal Kultura-ondarearen Zentroak idatzia. Txostenean azaltzen denez, trazatuak San Pedro Elizaren, Ospitalearen eta San Juan Bataiatzailearen ermitaren aldea ukitzen du. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiari obra proiektua aurkeztu behar zitzaiola xedatu zen, aldundiak aldez aurretik arkeologiako proiektua egin beharra dagoen erabaki zezan.

Hona hemen, orain, ebazpen honen

LEGE-OINARRIAK

Bat.– Energia Zuzendaritzarena da espediente hau ebazteko eskumena, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 16ko 223/2001 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (2001-10-24ko EHAA).

Bi.– Gasa banatzeko sareak eraiki baino lehen administrazioaren baimena beharrezkoa da, honako hauen arabera: urriaren 7ko 34/98 Legea, Hidrokarburoen Sektoreari buruzkoa (EAO, 1998-10-08koa); Gas Erregaien Zerbitzu Publikoaren Araudia, urriaren 26ko 2913/73 Dekretuak onetsia (EAO, 1973-11-21ekoa); ekainaren 9ko 107/88 Dekretua (EHAA, 1998-06-26koa) abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua, gas naturalaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornidura eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautu zituena (EAO, 2002-12-31koa).

Hiru.– Urriaren 7ko 34/1998 Legeak onura publikotzat jotzen ditu Legearen IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, gas erregaiak kanalizazio bidez hornitzeari dagozkionak, alegia.

Lau.– Trazadura aldatzeko eskabidean adierazi diren alegazioak aztertzean kontuan hartu behar da herri-onurak eta herritarren interesak banakoen interesaren gainetik duten lehentasuna, eta haiek haztatzean instalazioaren segurtasun-baldintzak ahalik eta onenak izatea eta trazaduraren arrazionaltasuna lehenetsi behar dira.

Bost.– Lehen azaldutakoa eta Euskadiko Gas Baltzuaren alegazioei emandako erantzunak ikusita, ez da bidezkoa BI-BERR-09 eta BI-BERR-10 lurzatietarako proposatutako trazaketen aldaketa egitea; sarea malda samarrean dagoen bide batean jartzea baitakar aldaketa horrek eta, beraz, lurra irristatzeko arriskua; proiektuko trazaketa aukeratu da, ibarretik doana. BI-BERR-06 eta BI-BERR-08 lurzatiei dagokienenan, bidezkoa da proposatu diren aldaketak egitea, kontuan izanik Urepel aldeko bidegurutzea, BI-633 errepidekoa, Erribera kaleko 69 zk.ko eraikinaren eta Santa Kruz ermitaren parekoa; hala berean, bidezkoa da sarearen trazaketa udal-plangintzan aurreikusitako bide berrietara egokitzea Bastalotza baserriaren inguruan.

Sei.– Espedientearen izapideetan eta bere edukian, aipatutako legean ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzen da.

Aipatutako legeak eta oro har aplikatzekoak diren bestelako xedapenak aztertuta, honakoa

EBATZI DUT:

Bat.– Euskadiko Gas Baltzua S.A.ri baimena ematen zaio "Berriatuko B presio ertaineko sarea" izeneko proiektuan jasotako gas naturaleko instalazioak egiteko, honako ezaugarri hauekin:

Pedn 110ekin hasiko da kanalizazioa, Berriatua-Markina-Etxebarria sarearen konexioan, udaletxearen atzealdeko kolektoreraino (1.01 nodoa). 5.01 nodoraino jarraituko du, non 2 kolektore abiatzen diren. Kolektoreetako lehenengotik, instalazioak Ibarra alderaino jarraituko du, BI-633 errepidea eta Artibai ibaia zeharkatuz. Bigarren kolektoretik, gasaren kanalizazioa Erribera auzunerantz deribatuko da, BI-633 errepidea zeharkatuz, "Conservas Güenaga"ren ondoan bukatu arte, PEDN 63ko adarrekin.

Kanalizazioa hiru fasetan banaturik dago. 1.677 metro luze da, PEDN 110ekin, eta 878 metro, PEDN 63rekin. Zerbitzuko gehieneko presioa 4 kg/cm2 da.

Deskribatutako instalazioen aurrekontua 205.305,32 euro da.

Aurkeztutako agiri teknikoetan eta proiektuaren memorian eta planoetan azaltzen dira sarearen ibilbidea eta ezaugarriak.

Bi .– Onartutako instalazioak onura publikokoak direla adierazten da. Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren arabera (1998-10-08ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), adierazpen horrek berekin dakar ondasunak okupatu beharra edo eskubideak eskuratu beharra, eta, era berean, Jabetza Nahitaez Kentzeko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikulua aintzat hartuta, ondasun eta eskubide horiek lehenbailehen hartu beharra.

– Instalazio horrek ondoko baldintzak bete behar ditu:

a) - Jabari osoa hala behar den azalerako instalazio finkoetan.

.– b) - Sarearen bide-zortasun iraunkorra: 4 metroko zabalerako lur-zatia –bi metro hodien ardatzaren alde banatara–; hortik joango dira gasbiderako behar diren hodiak, lur-azpitik, eta, era berean, Hidrokarburoen Sektoreko 34/1998 Legearen 19. xedapen gehigarriaren babesean horietatik joan daitezkeen telekomunikazioko lineak eta ekipamenduak. Jabari-muga hauek bete beharko ditu:

1.– Sarearen bide-zortasun orokorraren alde horretan, debekatuta dago goldaketa-lanak edo antzekoak egitea 50 cm baino sakonago.

2.– Instalazioen mantenimendurako beharrezko langileek eta ekipoek sarrera librea izango dute; kalterik eragiten badute, kalteak ordaindu egin beharko dituzte.

c) - Ibilbideko ardatzaren alde batean edo bestean debekatuta dago 2 metro baino gutxiagoko tartean instalazioen funtzionamendu egokia eragotzi edo kaltetu dezakeen obrarik edo beste edozein ekintzarik egitea.

d) - Obrak gauzatzeko, lur-zati batzuk behin-behinean bereganatu beharko dira, eta bertan dauden oztopo guztiak kendu. Finka bakoitzean zein lur-zati bereganatuko den horrela, lur-sailen planoetan eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz eta banakatuan agertzen da.

Hiru.– "Berriatuko B presio ertaineko gas naturaleko banaketa-sarea" izeneko proiektuan eta eranskinean ezarritako irizpideak, arauak eta araudiak betez egin beharko dira instalazioak. Proiektua industriako ingeniari den J. Ignacio Villanueva Ortueta jaunak idatzi zuen eta Bizkaiko Industriako Ingeniarien Elkargo Ofizialak 2002-05-09an 1838 zenbakiz onetsi zuen. Jendaurrean erakustearen ondorioz egin diren aldaketak erakusten dituen 1-NG-P-001 zenbakiko planoa (2003ko azaroan berreikusita) ere kontuan izan beharko da.

Lau.– Baimen hau beste autorizazio, lizentzia edo baimenei, udal edo lurraldekoak, eta lanak burutzeko behar diren besteei kalterik egin gabe ematen da, eta ez du eskatzailea horiek lortzeko betebeharretik salbuesten.

Bost.– Instalazioak abiarazteko, obraren zuzendaritza-ziurtagiriak, egindako probak eta ukitutako erakundeen baimenak aurkeztu egin beharko dira Bizkaiko Lurralde Bulegoan.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, ondorioz, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Administrazio eta Plangintza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, beti ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legeak ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 1a.

Energia zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala