
9. zk., 2004ko urtarrilaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
200
AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, "terreña" behi-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.
Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere-arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Gainera, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseilua sortu zuen.
Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.
Horrenbestez, eta Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseiluarekin bat etorrita, honakoa
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– "Terreña" behi-arrazaren araudi zehatza onestea, agindu honen eranskinean dagoena.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 9a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
ERANSKINA
"TERREÑA" BEHI-ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA
1.– ARRAZAREN EREDU EDO ESTANDARRA.
1.1.– Arrazaren definizioa.
Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira terreña behi-arrazakotzat.
1.2.– Arrazaren barietateak.
Ez dago barietaterik terreña behi-arrazan.
1.3.– Arrazaren ezaugarri morfologikoak.
1.3.1.– Ezaugarri orokorrak.
Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez, arraza eumetrikoa, ortoidea eta sublongilineoa da. Oso gogorra da eta gorputz-garapen txikia du. Abere sendoak dira eta euren ingurune naturalean itxura dotorea dute. Euren gorpuzkera ikusirik, trakziorako abere onak direla nabari da.
1.3.2.– Ezaugarri zehatzak.
a) Burua:
Iharra da eta proportzio egokiak ditu. Bekokia zabala da, eta zuzena, inoizka subkonbexutasun apur bat duten abereak azaltzen badira ere. Arrek aurpegia laburragoa dute, eta emeek fina eta liraina, emetasun handikoa. Orbitak handiak dira, markatuak, eta aurpegiaren lerro berean daude. Begiak tamaina ertainekoak dira, biziak. Belarriak txikiak dira, elipse-itxurakoak eta oso mugikorrak. Adarrak ondo garatuak dira, lodiera ertainekoak, eta kokotearen luzapen-lerroan dute lotunea. Emeen adarrek lira altuaren edo baxuaren itxura dute. Hasierako zatia etzana da, palek aurrerantz eta gorantz egiten dute eta muturra kanporantz eta gorantz irekitzen da. Arren adarrek ilargi erdiaren itxura dute.
Lepoa tamaina ertainekoa da. Arrek lepo gihartsua dute baina lepogain mehea. Emeen lepoa fina da, gihar gutxi duelako, eta ertz-zuzena. Sorbaldarekin "lantzakada" modura lotzen da.
b) Gorputz-enborra:
Paraleloen artean, eta apur bat luzanga. Sakonera eta perimetro onak ditu, saihets-hezurrak bananduta daudelako eta erdiko herenean kakoak direlako. Soinkurutzea luzea eta nabarmenduxea da. Bizkar-gerrialdeko lerroa zuzena eta horizontala da. Zerra zabala da aurreko herenean, hanka irtenak ditu, eta iskioien artean ez da zabala. Horizontalerantz jotzen du, oso inklinazio txikia baitu. Sabelaldeak proportzio egokiak ditu eta pixka bat baino ez dago barrurantz sartuta. Buztanaren hasiera goian dago, eta batzuetan gorantz egiten du arkua eratuz. Buztana luzea da eta motots handia du. Atzeko belaunburua baino beherago jaitsi behar da.
Errapeak tamaina ertainekoak dira baina ondo lotuak, eta titiak ertainak dira, egokiro kokatuak eta bereiziak. Testikuluak ondo garatuak dira; ez dute azpimarratzeko ezaugarririk.
c) Gorputz-adarrak:
Aurrekoak: jarrera eta proportzio zuzenak dituzte eta egitura finekoak dira, baina guztiz indartsuak. Sorbalda laburra eta gihartsua da. Besoa luzea da eta besaurrea ertaina, biak ere oso sendoak. Kanabera mehea baina sendoa da. Apoak tamaina ertainekoak dira, ondo eratuak eta ibiltzeko moldatuak.
Atzekoak: jarrera irmoa dute, eta angelu irekiak. Izterra eta hanka zapalak dira, gihar handirik gabekoak. Ipurmasaila zuzena eta argala da. Belaunburua egitura sendokoa da, lehorra, eta loturako tendoiak argi bereizten zaizkio. Kanabera eta apoa aurreko hankenak bezalakoak dira.
d) Azala:
Beltza eta malgua da. Kokospe handia eratzen du, eta lepoko tauletan toles nabarmenak ditu.
e) Kolorea eta ilea:
Kolorea marroia dute, oso tonu ilun eta ubeletatik hasi eta hurritz tonu argietaraino, ilunune zentrifugoekin (burua, bularra eta gorputz-adarrak). Mukosak beltzak dituzte eta muturraren inguruan zilar koloreko orla daukate, batzuetan gorrituta. Degradazioak dituzte galtzarbe eta iztarteetan, nabarmenagoak kolore argiko abereetan. Buztanaren mototsa, apoak eta adar-puntak beltzak dira. Belarriak barrutik zurixkak dira, eta ertzetan zerrenda beltza dute. Errapeak eta testikuluak arrosak dira, baina azpialdean kupula edo kasko beltza dute.
Ilea leuna eta fina da. Urtaro batetik bestera aldaketa nabariak izaten ditu inguruneko egoeraren arabera. Bekokian ile ugari dute, kopeta-ile edo motots antzera hazten dena. Belarri barruetan eta errape aldean ere ilea luzeagoa da. Batzuetan ile luze-luzeak eta oso ugariak izaten dituzte alde horietan.
f) Neurriak eta pisua:
Arraza eumetrikoa da. Neurri harmonikoak ditu, bere gorpuzkerari dagozkionak. Ez dago tamainaren eta pisuaren batez besteko estandarrik. Beraz, askotariko neurriak onartzen dira, hazkuntzaren eta beste inguruabar batzuen araberakoak.
1.3.3.– Izaera eta portaera.
Abere bizkor, bizi eta orekatuak dira, eta gogortasun handikoak.
1.3.4.– Ezaugarri baztertzaileak.
Oro har, ezaugarri baztertzailetzat hartuko dira tara hereditario edo malformazio fisiko nabari guztiak, eta arrazarenak ez diren ezaugarriak.
2.– ABEREEN SAILKAPEN MORFOLOGIKOA.
2.1.– Kalifikaziorako baremoa.
Arraza-estandarraren betekizunen arabera, puntuazioaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:
Kalifikazioa Puntuak
Ezin hobea 10 puntu
Bikaina 9 puntu
Oso ona 8 puntu
Ona 7 puntu
Onargarria 6 puntu
Nahikoa 5 puntu
Onartezina 5 puntu baino gutxiago
Baloratu beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, aberea deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.
2.2.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.
Jarraian adierazten da kalifikatu behar diren alderdiak zein diren. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da.
Eskualde bakoitzari emandako puntuazioa dagokion koefizienteaz biderkatuko da, eta hala aberearen behin betiko puntuazioa lortuko da:
Koefiziente biderkatzaileak
Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak
Burua eta lepoa 1,5 1,5
Sorbalda eta soinkurutzea 1 1
Bularraldea eta saihetsaldea 1 1
Bizkarraldea eta gerrialdea 1 1
Zerra eta buztana 1 1,5
Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5
Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5
Izaera eta itxura orokorra 2,5 2
Guztira 10 10
Azken puntuazioa horrela lortuta, abereak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:
Kategoria Lortutako puntuak
Ezin hobea 100
Bikaina 91 - 99,99
Oso ona 81 - 90,99
Ona 75 - 80,99
Onargarria 70 - 74,99
Nahikoa 60 - 69,99
Eskasa 55 - 59,99
Txarra 55 baino gutxiago
3.– GENEALOGIA LIBURUA.
3.1.– Terreña behi-arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:
a) Fundazio Erregistroa (FE).
Beheko baldintzak betetzen dituzten abere ar eta emeak jasoko dira Fundazio Erregistroan:
– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.
– Arren kasuan, gutxienez hamalau hilabete izatea, eta emeen kasuan, bi urte.
– Arrazaren ereduaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta arren kasuan, 65 puntu.
– Erregistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko araudi hau ofizialki onetsiz geroztik.
b) Jaiotzen Erregistroa (JE).
Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako abereen umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:
– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.
– Tara edo akatsik ez izatea.
– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.
– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, txahalari titia kendu baino lehen.
c) Behin betiko Erregistroa (BE).
Behin adin batera ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Erregistroko abereak Behin betiko Erregistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (60koa emeek, 65ekoa arrek).
Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako abere guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.
Genealogia Liburuko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.
Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako terreña emeengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta behi horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.
3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.
4.– ABEREEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA.
Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:
a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.
b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.
c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.
d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.
e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.
RSS