Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2004ko urtarrilaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
199

1/2004 DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, Pasaiako Udalak, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Azkuene, Ulia eta Errenderi kaleak urbanizatzeko lanetarako proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Pasaiako Udalak 2003ko irailaren 26an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, jendaurrean jarri ziren lehendabizi, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Azkuene, Ulia eta Errenderi kaleak urbanizatzeko lanetarako proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Bilkura horretan erabaki zen, halaber, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Pasaiako Arau Subsidiarioek 2.08.04 Alor urbanoaren barruan mugatzen dute Azkueneko kirol-eremuko Egikaritzapen Unitatea. Unitate hori garatzeko tresna desjabetzea da, eta esparru horretan dauden eraikinak antolamendutik kanpoko deklaratuko dira. Hori guztia garatzeko, Udalak hitzarmen bat izenpetu zuen urbanizatzeko lanen ondorioz eraitsi beharreko lokalen jabeekin, balio justua ezartzeko; baina 28,35 m2-ko lokal baten jabeek uko egin zioten hitzarmenari eta diru-konpentsazio bat eskatu zuten. Alde horretatik, eta Udalarekin akordio batera iristeko ezintasunaren aurrean, dagokion desjabetze espedienteari ekin zion Udalak.

Egikaritzapen unitatea urbanizatzeko lanak ia guztiz gauzatuta daude, desjabetzearen helburu den esparrukoak izan ezik. Bestalde, lanen finantzaketarako Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak emandako dirulaguntza bat dago, Merkataritza birgaitzeko Plan Bereziaren barruan dagoena. Dirulaguntza hori jasotzeko, ordea, lanak 2003ko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar dira.

Adierazitako guztiarengatik, beharrezkoa da desjabetu beharreko ondasunak lehenbailehen hartzea.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko urtarrilaren 13an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Azkuene, Ulia eta Errenderi kaleak urbanizatzeko lanetarako proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Pasaiako Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko urtarrilaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu

eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala