Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2004ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
135

EBAZPENA, 2003ko azaroaren 10ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Sestaoko udal-mugartean Acería Compacta de Bizkaia S.A. enpresaren instalazioak zabaltzeko proiektuak ingurumenaren gainean duen eraginari buruzko adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, bere I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko banakako ebaluazioaren menpe izango dira, eta prozedura horri amaiera emateko ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Sestaoko udal-mugarteko Acería Compacta de Bizkaia S.A. enpresaren instalazioak zabaltzeko proiektua baimentzeko prozedura hasi da, eta otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuak eta hori garatzeko Araudia onesten duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraituz, besteak beste, honako izapide hauek bete dira:

– 2002ko otsailaren 12an, aurretiazko kontsultei buruzko izapideari dagokion aurretiazko txostena egin zen, irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, dekretu horrek onetsi baitzuen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/86 Legegintzako Errege Dekretua betearazteari buruzko Araudia.

– 2002ko martxoaren 6an, jarduera-lizentzia luzatzeko eskatu zen.

– Proiektua eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jarri ziren hogeita hamar egunetan (Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 204 zk., 2002ko urriaren 24koa; eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 220. zk., 2002ko azaroaren 19koa).

– 2003ko uztailaren 29an Sestaoko Udalak espedientea bidali zion Ingurumen Sailburuordetza honi.

- Erreferentziako proiektuaren espedientean dauden txostenak eta agiri teknikoak aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuaren arabera, ondokoa

EBATZI DU:

1.– Sestaoko udal-mugarteko Acería Compacta de Bizkaia S.A. enpresaren instalazioak zabaltzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren aldeko adierazpena egitea.

2.– Proiektua gauzatzeko, ondorengo baldintzak ezartzea. Baldintza hauek lotesleak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera:

2.A.– Sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduraren esparruan Ingurumen Sailburuordetzari aurkeztutako dokumentazioaren arabera garatuko da proiektua, bai eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen honetan bildutako zehaztapenen arabera ere.

Sestaon eraiki beharreko Bizkaiko Altzairutegi Trinkoari dagokion ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egiteko den Ingurugiro Sailburuordearen 1995eko uztailaren 24ko Ebazpena bete beharko da, Ebazpen honek ezeztatzen ez duenean.

Proiektua gauzatzeko aurrekontuak eta baldintza-pleguak, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen honek ezartzen dituen neurri babesleak eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzako programa betearazteko obra-unitateak eta prezioak barne izango dituzte.

2.B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 50. artikuluan eta, halaber, kutsaduraren aurrezaintza eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.C.– Proiektuaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztu dituen agirietan jasotakoaren arabera burutuko dira neurri babesleak eta zuzentzaileak, eta ondoko ataletan zehaztutako neurriekin osatuko dira:

2.c.1.– Neurri babesgarri eta zuzentzaileak obrak egiteko aldian.

2.c.1.1.– Obrak egiteko aldian, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasota dauden obrak egiteko jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, bereziki itsasadarrera ur gutxiago isurtzeko, atmosferara partikula gutxiago botatzeko, zarata gutxiago ateratzeko eta obrako makinak oro har mantentzeko dauden horiek.

2.c.1.2.– Obretan sortutako hondakinak, indusketen ondoriozkoak barne, honako hauek ezarritakoaren arabera kudeatuko dira: Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuak, eta, era berean, hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuak ezarritakoaren arabera. Erabilitako olioei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioen kudeaketari buruzko irailaren 29ko 259/1998 Dekretua ezarriko da.

2.c.1.3.– Obrak egiteko aldian, egoki diren kautelazko neurriak hartuko dira 1. zenbakiko labe garaia ez kaltetzeko; izan ere, labe garai hori kulturako ondareen artean sailkatu zuen, monumentu kategoriarekin, ekainaren 15ean emandako 253/1999 Dekretuaren bidez.

2.c.1.4.– Obrak bukatu ondoren, alderdia ondo garbitu beharko da, proiektuak eragindako areako obra-hondakin guztiak kenduz.

2.c.2.– Isuri atmosferikoak gutxitzeko neurriak

2.c.2.1.– Otsailaren 6ko 833/1975 Dekretuak –Ingurune Atmosferikoa babesten duen abenduaren 22ko 38/1972 Legea garatzen duenak– ezarritakoarekin bat, jardueran sortzen diren eta gasak isurtzen dituzten foku guztiak, bai lausotuak bai mugatuak, jaso eta kanpoaldera hustuko dira hodi egokien bidez.

Hodien sistemak aukera eman beharko du emarien kuantifikaziorako eta kontrolerako tresnak ezartzeko.

2.c.2.2.– Altzairu-fabrikako fokuetatik (ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 1. eta 2. fokuetatik) ateratako isuri atmosferikoek honako muga hauek izango dituzte:

PM10 50 mg/Nm3

CO 1000 mg/Nm3

SO2 1000 mg/Nm3

NOx 600 mg/Nm3

2.c.2.3.– Unitate trinkoaren fokuetatik (ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 3. eta 4. fokuetatik) ateratako isuri atmosferikoek Ingurune Atmosferikoa babesten duen abenduaren 22ko 38/1972 Legea garatzen duen otsailaren 6ko 833/1975 Dekretuak ezarritako goi-mugak bete beharko dituzte.

2.c.3.– Ur zikinak isurtzeko baldintzak

2.c.3.1.– Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legeari jarraiki, isurkari kutsagarriak itsasadarrera botatzeko, hondakinak lehorrera-itsasora isurtzeko baimena lortu beharra dago.

Altzairutegi Trinkoan sortuko diren ur kutsagarriak jaso, araztu eta itsarora bideratzeko sistemen azaugarri eta dimentsioak, eta isuriketa-mugak, aipatutako baimenean ezarritako baldintza multzoa bete beharko dute. Baimen hori abuztuko 29ko 196/1997 Dekretuaren arabera tramitatu beharko da. Dekretu honen bidez itsas-lehorreko herri erabilerazko babes-zorpeko aldean erabilpenetarako eta lehorretik itsasorako isurketak egiteko baimenak emateko jardunbidea ezartzen da.

2.c.3.2.– Halaber, ur zikinak hodi biltzailera isurtzeko, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ezar ditzakeen gainerako mugak eta baldintzak bete beharko dira. Ondorio horretarako, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak aurretiazko kontsulten izapidean adierazitakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinak hodi biltzailea isurtzeko indarreko baimena aldatzeko eskatu beharko dio Partzuergoari.

2.c.3.3.– Altzairu-fabrikatik isuritako ur zikinak arazteko sistemen irteeran, eta urak isuri edo hodi biltzailera sartu aurretik, laginak hartzeko kutxetak jarriko dira, eta, orobat, balbulak jarriko dira instalazioak behar bezala ibiltzen ez direnean isurkari kutsagarririk isur ez dadin.

2.c.4.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.4.1.– Altzairu-fabrikan sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak eta aplikatu ahal diren gainerako araudi berariazkoek xedatutakoari jarraiki kudeatuko dira. Hala behar denean, gainera, ezaugarriak aipatu beharko dira, hondakinen izaera eta xederik egokiena zehaztu ahal izateko.

2.c.4.2.– Erabilitako olioei dagokienez, irailaren 29ko 259/1998 Dekretua ezarriko da. Erabilitako olioaren kudeaketa arautzen du dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

2.c.4.3.– Sustatzaileak, hala dagokionean, Ingurumen Sailburuordetza honi eskatu beharko dio hondakin arriskutsuak ekoizteko indarreko baimena gaurkotu dezan. Baimen horrek indarra izango du hondakin arriskutsuen izaerari eta ezaugarriei, eta hondakinak mantentzeko eta biltegiratzeko baldintza egokiei eusten zaien bitartean, eta, halaber, hondakin arriskutsuen tamainak hondakinak eskuztatzeko eta biltegiratzeko baldintzak betetzeko behar diren bitartekoak aldatu behar ez diren bitartean.

2.c.4.4.– Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen baloratzailera eraman behar dira.

2.c.4.5.– Hondakinak aldi baterako biltzean eta garraiatzean, hondakinok ingurumenean barreiatzea saihestuko da. Hondakin arriskutsuak ontzi iragazgaitzetan gordeko dira, etiketak behar bezala jarrita, zolata iragazgaitzaren gainean, eta kubeten barruan edo egon litezkeen isuriak edo jarioak eusteko moduko sistemen barruan (hondakinak likidoak edo oretsuak badira).

2.c.5.– Zaraten mugak.

2.c.5.1.– Jardueraren prozesuetako zarata-maila ondorengo mugetara doituko da:

– Eguneko zaratak: Etxebizitzen barrualdera jaulkitako zarata ezin izango da inoiz 40 dB (A) baino handiagoa izan barrualdean, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 8:00ak eta 22:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) baino handiagoa ere gehienezko baliotan.

– Gaueko zaratak: Etxebizitzen barrualdera jaulkitako zarata ezin izango da inoiz 30 dB (A) baino handiagoa izan barrualdean, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leihoak eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) baino handiagoa ere gehienezko baliotan.

– Era berean, ondoko industria-jardueren barrualdera ezin izango da 60 dB (A) baino zarata handiagorik jaulki.

2.c.5.2.– Ihardueraren zarata-maila 2003ko uztailaren 29an Sestaoko Udalak bidalitako "Kea xurgatzeko gailu berria jarri denez geroztik ACB Acería Compacta Bizkaia altzairu-fabrikak ateratzen duen ingurune-hotsaren maila eguneratzea" agiriaren 9. atalean – 539. orria – ezarritako baloreen azpitik gutxitzeko neurrien proposamenari dagokionez, Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, sustatzaileak zarata-maila gutxitzeko xehetasunezko proiektua aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, honek onar dezan.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa egin behar da sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoaren arabera. Horri honako hauek erantsi beharko zaizkio:

2.d.1.– Obra egiteko aldiko kontrolak.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da eta, obrak amaitzen direnean, Sailburuordetzari bidali beharko zaio. Hala badagokio, proiektua garatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira. Aldaketa horiek ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira.

2.d.2.– Jarduera abian dagoen bitarteko kontrolak.

2.d.2.1.– Isuri atmosferikoen kontrola.

Ingurune Atmosferikoa babesten duen 38/1972 Legea garatzen duen otsailaren 6ko 833/1975 Dekretuak ezarritakoari kalterik egin gabe, honako kontrol hauek egingo dira:

a) Altzairu-fabrikaren oraingo fokuan (ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 1. fokuan) egiten ari den bezalaxe, altzairu-fabrikaren bigarren fokuan ere (ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 2. fokuan) partikulak etengabe kontrolatuko dira, eta aipatutako parametroak etengabe neurtzeko ekipoak Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko sarera denbora errealean konektatu beharko dira. Lan hori egiteko, datuak eskuratzeko egokia den sistema beharko da, eta Sare hori osatzen duten gainerako ekipoen irizpide berberak mantendu eta erabili beharko dira.

Analizatzailearen ezaugarriak, heina, sentikortasuna eta beste baldintza batzuie dagokionez, erabilera honetarako aproposak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatea zaintzeko eta kontrolatzeko sarera konektatu eta norantza biko komunikazioa gauzatzeko RS 232 edo antzeko irteera atari digitala izango du.

b) Altzairu-fabrikako kea arazteko sistemen irteeran (ingurumen-inpaktuaren azterlaneko 1. eta 2. fokuetan) honako parametro hauek aztertu behar dira urtean behin:

– PM10

– CO

– CO2

– NOx

– SOx

– Zn

– Pb

– Ni

– Hg

– Cu

– Cr

– Cd

– As

– HF

– HCl

– PAH hidrokarburo aromatiko poliziklikoak

– PCDD/F dibenzodioxinak eta dibenzofurano polikloratuak

– NMVOC konposatu organiko hegazkor ez-metanikoak

c) Unitate trinkoko tunel-labeetako fokuen irteeran (ingurumenaren gaineko eraginaren azterlaneko 3. eta 4. fokuetan) honako parametro hauek aztertu behar dira urtean behin:

– PM10

– CO

– NOx (NO2 bezala neurtua)

– SO2

2.d.2.2.– Ur zikinen kalitatearen kontrola.

Ingurumena zaintzeko programari ur kutsagarriak lehorretik itsasora isurtzeko baimenean ezarriko diren kontrolak erantsiko zaizkio.

2.d.2.3.– Zarataren kontrola.

Jarduerak ateratzen duen zarataren kontrola egingo da, Sestaon eraiki beharreko Bizkaiko Altzairutegi Trinkoari dagokion ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpena egiteko den Ingurumen Sailburuordearen 1995eko uztailaren 24ko Ebazpenean ezarri ziren baldintza berberetan.

Hala ere, sustatzaileak 2001eko ekainaren 29an egin zuen eskaerari dagokionez, aipatutako baldintzak aldatzeko zenari, Ebazpen honetako 2.E atalean ezarritakoarekin bat, eskaera onartu ahal izango da baldin eta soilik baldin proposamen berriarekin lortuko diren emaitzak, hasierako ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean ezartzen ziren baldintzatan lortzen diren emaitzen antzekoak direla egiaztatzen bada.

2.d.2.4.– Tresneriaren kontrola.

Urtero, tresneriaren kontrolean espezializatutako enpresa batek prozesuak kontrolatzeko sistemen funtzionamenduari eta ingurumenaren kalitatea zaintzeari buruzko txostena egingo du.

2.d.3.– Agiri bategina.

Eginda dauden eta proiektuetan jasota dauden instalazioak zaintzeko lanak batera egingo dira.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko, sustatzaileak agiri bategin bat egingo du, instalazio guztien zainketa-lanei buruzkoa. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztu beharko dio, onespena emateko, hiru hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

2.d.4.– Emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak, haien kausak eta konponbideak bereziki aipatuta.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta Administrazio Publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak eta, halaber, ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketa egiteko maiztasuna eta parametro horien mugak ere. Aldaketok egingo dira araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean. Halaber, bai neurri babesleak eta zuzentzaileak bai ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, sustatzaileak eskatuta zein ofizioz, ingurumena zaintzeko programaren emaitzen arabera.

2.F.– Ebazpen honek aurreko idatz-zatietan ezarritakori kalterik egin gabe, sustatzaileak honako agiri hauek bidali beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara:

2.f.1.– Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina –Ebazpen honen 2.d.3 idatz-zatian adierazitakoa– bidali beharko da, Ingurumen Sailburuordetzak onets dezan.

2.f.2.– Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, zarata-maila 2003ko uztailaren 29an Sestaoko Udalak bidalitako "Kea xurgatzeko gailu berria jarri denez geroztik ACB Acería Compacta Bizkaia altzairu-fabrikak ateratzen duen ingurune-hotsaren maila eguneratzea" agiriaren 9. atalean – 539. orria – ezarritako ebaluazio erizpideei dagozkien baloreen azpitik gutxitzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileen xehetasunezko proiektua, Ingurumen Sailburuordetza honek onar dezan.

2.f.3.– Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa bidali beharko da; eta erregistro horrek neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko du, Ebazpen honen 2.d.1 paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

2.f.4.– Urtero, jarduera hasten denetik, Ebazpen honen 2.d.4 paragrafoan ingurumena zaintzeko programari buruz aurreikusitako dokumentua bidaliko da.

3.– Aditzera emango da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legeak 47.3. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela.

4.– Bi urteko epea finkatzen da proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, Ingurumen Inpaktuaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

5.– Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin aginduko da.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko azaroaren 10a.

Ingurumen sailburuordea,

IÑAKI EZKURRA YURREBASO.


Azterketa dokumentala