Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2004ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
130

18/2003 EBAZPENA, azaroaren 11koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak izenpetu dituen hitzarmen batzuk argitaratzeko dena.

Eusko Jaurlaritzak hitzarmen batzuk izenpetu ditu, eta publikotasuna eman behar zaie. Beraz, hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea hitzarmen hauek:

– Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta "Euskal Herriko Gastronomi Etxea"ren arteko hitzarmena, "Yeyette" etxea eraberritzeko, egokitzeko eta hornitzeko obrak finantzatzeari begira. I. Eranskinean dago.

– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako hitzarmena, Immigrazioaren Euskal Behatokia egiteko. II. eranskinean dago.

– Sopelanako Udalarekin egindako hitzarmena, U.E. 9.1. unitateko XIX-B orubean babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko. III. eranskinean dago.

– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin egindako lankidetza-hitzarmena, 2003-2005 ikasturtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko masterraren bigarren edizioa egiteko. IV. eranskinean dago.

– Deustuko Unibertsitatearekin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearekin egindako lankidetza-hitzarmena, emakumeen aurkako indarkerian esku-hartzeari buruzko masterra eta aditu-ikastaroa egiteko. V. eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko azaroaren 11.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 18/2003 EBAZPENAREN I. ERANKSINA.
LANKIDETZA-HITZARMENA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ETA "EUSKAL HERRIKO GASTRONOMI ETXEA"REN ARTEKOA, "YEYETTE" ETXEA ERABERRITZEKO, EGOKITZEKO ETA HORNITZEKO OBRAK FINANTZATZEARI BEGIRA.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 10ean.

BILERAN PARTE HARTU DUTENAK

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Admininistrazioaren ordez, batetik, Josu Jon Imaz San Miguel jauna, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua denez, eta, bestetik, Gonzalo Saenz de Samaniego Berganzo jauna, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburua denez.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordez Joxe Juan Gonzalez de Txabarri Miranda jauna, diputatu nagusia denez.

Azkenik, Juan Mari Arzak jauna, "Euskal Herriko Gastronomi Etxea" elkarteko burua, horren izenean eta ordez.

Hitzarmenkideek euren eskumenak erabiliz eta hitzarmen hau egiteko ahalmen eta gaitasuna elkarri aitortuz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE

"Euskal Herriko Gastronomi Etxeak" helburu eta xede nagusia duela Euskal Herriko gastronomi kulturaren ezaguera eta praktika bultzatzea, sustatzea, garatzea, eta, babesten laguntzea, kultur eta osasuna ondarea denez. Bestetik ere, 2003ko otsailaren 28ko ebazpen bidez herri-onurakotzat jo zen.

Aipatutako elkarteak Donostiako Yeyette Enean dauka bere egoitza. Etxea egoera larrian dagoenez, eraberritzeko, egokitzeko eta hornitzeko behar diren lanak egitea erabaki da, elkarteak helburu dituen jarduerak burutzea izan dezan.

Ekimena, ezpairik gabe, interesgarria da, eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzea baitakar. Horrela, parte hartzen duten administrazioek, euren eskumenak erabiliz, eta elkarteei laguntzeko duten politiken itzalpean, aipatutako etxea eraberritzeko, egokitzeko, hornitzeko eta azpiegiturak jartzeko lanetan parte hartzeko asmoa adierazi dute, baldintza egoki eta duinetan erabili ahal izateko. Ekimena interesgarritzat jo dute-eta, beharrezkoa den laguntza eman nahi dute Yeyette Etxea eraberritzeko eta birgaitzeko proposamena benetan gauzatu dadin.

Horiek horrela, honako hau:

ERABAKI DUTE

Berariazko lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea honako hauek oinarritzat harturik:

ARAUAK

Lehenengoa.– Gaia.

Hitzarmen honek helburu dauka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, eta, Nekazaritza eta Arrantza Saila), Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta "Euskal Herriko Gastronomi Etxea"ren artean lankidetza hitzartzea, "Yeyette" etxea eraberritzeko, egokitzeko eta hornitzeko lanak finantzatzeko. Lan horiek, horretarako izapidetutako espedientean jasotako proiektuaren arabera egingo dira. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Turismo Sustapenerako Zuzendaritzan dago eskuragarri.

Bigarrena.– "Euskal Herriko Gastronomi Etxea" elkarteak hitz emandakoak.

"Euskal Herriko Gastronomi Etxea" elkarteak honako hauek egiteko hitza ematen du:

1.– "Yeyette" Etxea eraberritzeko, egokitzeko eta hornitzeko lanak burutzea, hitzarmen honetan parte hartzen duten administrazioek agindutakoaren arabera, eta, eraberriketa, egokitzapen eta horniketa-lanen oinarria den proiektuari jarraiki. Izan ere, proiektua, horretarako izapidetutako espedientean jasota dago eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Turismo Sustapenerako Zuzendaritzan dago eskuragarri.

2.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintza objektibo edo subjektiboren bat aldatuz gero, horren berri ematea erakunde laguntzaileei.

3.– Helburu bera betetzeko, beste administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik dirulaguntza edo baliabiderik jasoz gero, horren berri ematea. Dirulaguntzak ezin izango du, inolaz ere, ez bakarrik, ez beste laguntzekin batera, obraren benetako kostu osoa gainditu.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko arauek aurreikusitako kontrol-ekintzen menpe jarri beharko da.

5.– Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua itzultzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuaren 53. artikuluan aurreikusitakoei kalterik egin gabe. Izan ere, dekretu horren bidez Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen.

6.– Datu pertsonalak babesteari buruzko indarreango arauak betetzea. Alde horretatik, Jarraipen-batzordeak egokitzat jotzen dituen segurtasun- eta kontrol-neurriak ezarri ahal izango ditu.

7.– Elkarteak, hitzarmen honen I. eranskinean azaldutako ekintzak burutu beharko ditu, esaterako, gastronomi arloko ikastaroak, hitzaldiak eta jardunaldiak, betiko gastronomi kultura indartzeko eta aixean ezartzeko.

Hirugarrena.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitz emandakoak.

Aipatutako erakundeek honako hauek egiteko hitza eman dute:

I.– "Euskal Herriko Gastronomi Etxea" elkarteari 841.416,96 euro ematea, honela banatuta:

– Industria, Merkataritza eta Turismo Saila: 210.354, 24 euro

– Nekazaritza eta Arrantza Saila: 210.354,24 euro

– Gipuzkoako Foru Aldundia: 420.708,48 euro

II.– Aipatutako diru-karpenen kontua egiterakoan, aipatutako sailek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekintza horiek gauzatzerakoan sor litezkeen aldaketak onartuko ditu, bai eta horien ordez antzeko ekintzak egitea ere, beti ere aldaketa edo ordezkapen horiek guztiz arrazoitu badira eta aipatutako alderdien berariazko baimena lortu badute burutu aurretik eta Jarraipen Batzordeak proposatu eta gero. Aldaketek ekarritako gastuak ezin izango du, inoiz ere, gehienezko dirulaguntza-zenbatekoa gainditu.

III.– Behin betiko diru-ekarpena, hala badagokio, benetan burututakoari eta hitzarmenkideek aurretik onartutakoari egokituko zaio dagokion neurrian.

Laugarrena.– Ordaintzeko modua.

1.– Hitzarmen honetan jasotako ekintzei dagozkien dirulaguntzak, zatika ordainduko dira, nola eta ondoko taulan zehazten denez:

2003ko EKITALDIA 2004ko EKITALDIA GUZTIRA

EJERCICIO 2003 EJERCICIO 2004 TOTAL

LEHEN ORDAINKETA BIGARREN ORDAINKETA

PRIMER PAGO SEGUNDO PAGO

Gipuzkoako Foru Aldundia Diputación Foral de Gipuzkoa 165.303,6 165.303,6 90.101, 28 420.708,48

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila Dpto. de Industria, Comercio y Turismo 21.035,42 21.035,43 168.283,39 210.354,24

Nekazaritza eta Arrantza Saila Dpto. de Agricultura y Pesca 21.035,42 21.035,43 168.283, 39 210.354,24

2003ko ekitaldiko lehen ordainketa aurretik ordainduko da, alegia hitzarmen hau izenpetzerakoan.

Datozen aldi eta ekitaldiei dagozkien diru-kopuruak, hitzarmen honetan aurreikusitako ekintzak burutu direla egiaztatu ondoren ordainduko dira. Esandakoa frogatzeko, jatorrizko agiriak edo gastua benetan egin dela egiaztatzeko moduko fakturak edo/eta ordainagiriak aurkeztuko dira..

Lan-egiaztapen eta ordainagiri guztiak aipatutako elkartean izenean egin behar dira.

Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Jarraipen-batzorde bat eratu da parte hartzen duten alderdien ordezkari banak osatuta.

2.– Batzordearen ardura da hitzarmen honen helburuak eta gaia betetzen diren zaintzea, eta, hitzarmena hobeto garatzeko beharrezkoak diren neurriak proposatzea.

3.– Hitzarmen hau gauzatzerakoan egoki irizten bazaio proiektuan aldaketak egiteari, Jarraipen-batzordeak baloratuko ditu, eta, hala badagokio, hitzartutako baldintzen barruan eta menpe jarriko dira.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau indarrean egongo da hitzartutakoak guztiz burutu arte.

Zazpigarrena.– Izaera eta ulerkera.

Hitzarmen honek administrazio-izaera dauka. Hitzarmenkideek euren beharrak betetzen ez badituzte hitzarmen hau deuseztatu egingo da eta eskuratutako diru-kopuruak itzuli beharko dira, hirugarren klausularen V. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Hitzarmen hau ulertzean, aldatzean, betetzean edo deusezterakoan sor litezkeen auziak, administrazio-bidea bukatu ondoren, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren ezagutzaren eta ebazpenaren eraginpean geratuko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3. artikuluan zehaztutakoaren arabera, horrela ezartzen baitu jurisdikzio hori arautzen duen 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legeak.

Eta alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen hau izenpetzen dute, lau aletan, izenburuan esandako tokian eta egunean.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatu nagusia,

JOXE JUAN GONZALEZ DE TXABARRI MIRANDA.

"Euskal Herriko Gastronomi Etxea" elkarteko burua,

JUAN MARI ARZAK.

ERANSKINA
EKINTZA-EGITARAUA EUSKAL HERRIKO KULTURAL GASTRONOMI ETXEA
2003KO IRAILA / 2004KO MARTXOA

Oinarrizko sukaldaritza-ikastaroak. Ahatea.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Irailaren 9 eta 10ean "Yeyette Enean".

Ardoa dastatzeko ikastaroa.

Iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Irailaren 22, 24 eta 26an "Yeyette Enean".

Mikrouhinezko sukaldaritza-ikastaroa.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Urriaren 14 eta 15ean "Yeyette Enean".

Oinarrizko sukaldaritza-ikastaroak. Ehiza.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Urriaren 23 eta 24an "Yeyette Enean".

Oliba-olioaren dastaketa- eta prestakuntza-ikastaroa.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Azaroaren 10 eta 11n "Yeyette Enean".

Etxean jasotzeko ikastaroa.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Abenduaren 10 eta 11n "Yeyette Enean".

Eguberriko sukaldaritza-ikastaroa.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Abenduaren 15, 16, 17 eta 18an "Yeyette Enean".

Ardo oparo eta olorosoen dastaketa-ikastaroak.

Ikastaroaren iraupena: 3 ordu/eguneko

Data eta lekua: Urtarrilaren 12an Etxanobe jatetxean (Bilbo), urtarrilaren 13an "Yeyette Enean" (Donostia) eta urtarrilaren 14an Mendizorrotzako Elizbarrutiko Eskolan (Gasteiz).

Ardoa dastatzeko ikastaroa.

Ikastaroaren iraupena: 3 ordu/eguneko

Data eta lekua: Otsailaren 9an Zarautzen, otsailaren 11n Durangon, otsailaren 17an Tafallan eta otsailaren 19an Azpeitian.

Oinarrizko sukaldaritza-ikastaroak. Pintxoak.

Ikastaroaren iraupena: 2 ordu/eguneko

Data eta lekua: Martxoaren 15, 16 eta 17an "Yeyette Enean", eta, martxoaren 22, 23 eta 24an Donostiako sukaldaritza-elkarte batean (zehaztu gabe).

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 18/2003 EBAZPENAREN II. ERANKSINA.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREKIN EGINDAKO HITZARMENA, IMMIGRAZIOAREN EUSKAL BEHATOKIA EGITEKO.
BILDUTAKOAK

Alde batetik, Javier Madrazo jauna, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren izenean.

Bestetik, Manuel Montero jauna, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izenean.

ADIERAZI DUTE

Lehena.– Unibertsitatea formaziorako eta ikerkuntzarako entitatea dela. Bertan, sektore eta diziplina hainbat jorratzen dira eta, bestalde, irakasteaz eta ikertzeaz gain zientzia eta teknologia garatzen dira.

Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila, besteak beste, zeregin hauetan aritzen dela: EAEko lurraldeko immigrazioaren inguruan bere estrategia propioa definitzen; immigrazioari buruzko jarduerak planifikatzen eta arau-proiektuak egiten; etorkinak gizarteratzeko eta horiek gizarte-babeserako sistemetan sartzeko ekintzak eta neurriak proposatzen; etorkinak hartzen dituztenentzako sentsibilizazio-neurriak gauzatzen; eta elkarte eta kultura arteko ekimenei laguntzen. Hori guztia Immigrazio Zuzendaritzaren bidez egiten du Sailak, otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuaren arabera.

KLAUSULAK

Lehena.– Hitzarmen honen helburua da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren artean Immigrazioaren Euskal Behatokia martxan ipintzea ahalbidetzea, ondorengo lan-ildo hauen arabera.

a) Informazioaren arloan, informazioa bildu, sistematizatu eta hedatu egingo da. Informazio hori izango da, hain zuzen ere, Euskadira datozen migrazio-mugimenduei, mugimendu horien bilakaerari, etorkinen ezaugarriei eta bertakoen nahiz etorkinen jarrerari eta ikuspegiei dagokiena. Lan-ildo hau jorratzeko, hainbat tresna sortuko dira: datu-baseak (estatistikoak, dokumentalak eta bibliografikoak), egoerari buruzko Urteko Txostena, web-orria eta dokumentazio-zentroa.

b) Ikerkuntzaren arloan, eta dagoen informazioa behin ezagututa, informazioaren inguruan dauden beharren eta hutsuneen diagnostikoa egingo da, behar eta hutsune horiei aurre egiteko ikerketak garatzeko eta/edo bultzatzeko asmoz. Migrazioarekin lotutako gai global edo partzialen inguruko ikerketa zehatzak eta ideia berritzaileen ikerketak bultzatuko dira.

c) Hausnarketaren eta ikerketaren arloan, hausnarketarako eta ideiak eta esperientziak trukatzeko gune bat sortuko da, migrazioaren fenomenoa eta horrek gizartean dituen ondorioak hobeto ezagutzeko. Gune horri esker, euskal gizarteari helaraziko zaizkio kultura askoren elkarbizitzaren inguruko ikuspegi desberdinak, eta horrela, gizarte anitza sustatuko da. Lan-ildo hauek jorratzeko, immigrazio-gaietan espezializatutako aldizkari bat argitaratuko da. Halaber, mintegiak eta topaketak antolatuko dira, estatuan nahiz nazioartean adituak direnekin. Azkenik, konferentziak sustatuko dira.

d) Formazioaren eta aholkularitzaren arloan, formazioaren inguruko plan sektorialak garatzen lagunduko da. Maila eta behar desberdinak aintzat hartuz.

e) Azkenik, etorkinei prestatzen lagunduko dien programak bultzatuko dira, beren sorlekuan garapenerako agente gisa jardun dezaten. Migrazioen arloan esku-hartzeko neurriak finkatzeko edo zuzentzeko ekintzak martxan jartzeko edo garatzeko, formazio- eta/edo laguntza-programen ebaluazioa.

Bigarrena.– Lan-ildo horiek garatzeko, UPV / EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia eta Soziologia II sailetako ikertzaileen taldeak formazioaren, ikerketaren edo esku-hartzearen inguruko proiektuak aurkeztuko dizkie Inmigrazio Zuzendaritzari; proiektuek urte bat iraungo dute. Proiektuek memoria bat izango dute, bertan azalduko dira helburuak, jarduteko metodoak eta plana eta lortzea espero diren emaitzak. Proposamen bakoitzarekin batera, bestalde, proposamena burutzea kostatuko dena aurkeztuko dute.

Proiektuak burutzeaz eta ikerketako, formazioko eta esku-hartzeko unibertsitate-taldeak osatzeaz UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologia eta Soziologia II sailetako kideak arduratuko dira, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzarekin batera.

Ikerketako, formazioko eta esku-hartzeko taldeetan unibertsitarioak lehenetsiko dira, eta baita bekadunak ere; horiek bekei buruzko UPV / EHUko Arautegian eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Lan-taldeetan parte hartzen dutenek ezingo dute, inoiz ere, Eusko Jaurlaritzarekin inolako lan-harremanik aldarrikatu.

Hirugarrena.– Inmigrazio zuzendaritzak proiektu-proposamenak aurkeztuko ditu eta bere ustez interes handiena dutenak finantzatuko. Bidezkoak eta beharrezkoak iruditzen zaizkion aldaketak proposa ditzake, proiektuak bere xede eta helburuetara moldatzeko.

Bi aldeek onartzen dituzten proiektuen eta jardueren behin betiko zerrenda eta adjudikatutako diru-kopuruak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Inmigrazio zuzendaritzak jakinaraziko dizkie.

Laugarrena.– Unibertsitateko arduradunak, urte bakoitzeko abenduaren 10a baino lehen entregatuko dizkio ikerketa- eta/edo formazio-proposamenak Inmigrazio Zuzendaritzari, onartu eta hurrengo urtean burutu ditzan. Inmigrazio Zuzendaritzak urtarrilaren 30a baino lehen hartuko du finantzatuak izango diren proiektuen inguruko erabakia. Proiektu horiek dagokion eranskinean jasoko dira; eranskin hori urtero erantsiko zaio hitzarmen honi. Aurten, onartutako proiektua Hitzarmen honekin batera bideratuko da, horren eranskin moduan sartuz. Proiektuak burutzeko urtebete egongo da, eta hurrengo urteko lehenengo hilean (edo proiektua burutzeko jarritako epearen amaieran), unibertsitate-arduradunak emaitzen memoria entregatu beharko du.

Hitzarmen honen babesean burutzen den jarduera edo proiektu bakoitzak bere jardunbide propioa izango du UPV/EHUn, lan zientifiko, tekniko edo artistikoak burutzeko eta espezializazio-ikastaroak burutzeko sinatzen diren kontratu eta hitzarmenen inguruko arautegiaren arabera.

Klausula honetan hartutako konpromisoak burutuko dira, aurretik behar diren aurrekontuko diru-izendapenak baldin badaude.

Bosgarrena.– Hitzarmen honen babesean emandako diru-laguntzek, helburu berdinerako beste sarrera edo baliabideekin batera, ez dute inoiz ere entitate onuradunak garatu beharreko jardueraren edo finantzazioa eman zeneko helburuaren kostua gaindituko. Hala gertatuz gero, jasotako dirua itzuli egingo da.

Seigarrena.– Batzorde bat eratuko da, hitzarmen honen gauzatzea eta horren babesean burutzen diren proiektuak jarraitzeko. Batzordean gutxienez egongo dira sailburuordea, edo horrek eskuordetzen duena, Immigrazio zuzendaria eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko bi teknikari Eusko Jaurlaritzaren partetik, eta onartutako jarduerez arduratzen diren errektoreordeak, edo horiek eskuordetzen dituztenak, eta ikerkuntza-programen, gizartean esku-hartzeko programen eta formazio-programen bi ikertzaile arduradunak, UPV / EHUren partetik.

Bi aldeen artean jardueren inguruko komunikazioa eta analisia errazteko asmoz, Batzorde Teknikoak eratu daitezke. Batzorde horietan egongo dira Inmigrazio Zuzendaritzako teknikariak eta UPV / EHUko ikertzaileak; azken horiek laneko gaietan inplikatutako ikertzaile nagusiek proposatuta izendatuko dira.

Zazpigarrena.– Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailaren bitartez, eranskinaren % 75 ordainduko du, hori sinatzen denean. Gainerako % 25 eginiko gastuak egiaztatu ondoren ordainduko du. UPV/EHUk dokumentu originalen bidez edo, salbuespenez, horien fotokopia konpultsatuen bidez justifikatu beharko ditu egindako gastuak; horretarako, hilabete bateko epea izango du, jarduera amaitzen denetik hasita. Horrekin batera, laguntza edo diru-laguntza eman zeneko helburua bete dela frogatzeko memoria entregatuko da.

Gastuak ezarritako baldintzetan justifikatzen ez badira, jasotako diru-kopurua beste helburu baterako erabiltzen bada edo Hitzarmen honetan aurreikusitako gainerako baldintzak betetzen ez badira, ordura arte jasotako diru-laguntzak, osoz edo zatiz, itzuli egin beharko dira, interes legalekin batera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan diru-laguntzak itzultzeko aurreikusten den prozedura orokorraren arabera.

Zortzigarrena.– UPV / EHUk guztiz isilpean erabiliko du Hitzarmen honen arabera burututako lan eta elkarlanetik lortutako informazio guztia. Hitzarmen honen babesean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzak onartutako proiektu-proposamenetan jabetza entitate horrena izango da eta ikertzaileek autore-eskubideak erabil ditzakete argitalpen akademikoetarako, aurretik Eusko Jaurlaritzako aipatutako Zuzendaritzak horretarako baimena ematen badu idatziz.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau urtebeterako izango da, eta urtez urte luzatuko da automatikoki, baldin eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren partetik horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan. Dena den, hitzarmen ez da luzatuko sinatzaileetako batek idatziz denuntziatzen badu; denuntzia argi eta garbi egingo da, hasierako iraupena edo luzapenaren bat amaitu baino bi hilabete lehenago.

Bi aldeek irakurri dute hitzarmen hau, eta ados daude bertan adierazitakoarekin. Horrela, hitzarmenaren launa ale eta efektu bakarrerako sinatu dituzte, hitzarmen-buruan adierazitako leku eta egunean.

Bilbon, 2003ko irailaren 25ean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateako Errektorea,

MANUEL MONTERO GARCÍA

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 18/2003 EBAZPENAREN III. ERANKSINA.
LANKIDETZA-HITZARMENA,2003KO UZTAILAREN 1EKOA, ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAREN ETA SOPELANAKO UDALAREN ARTEKOA. HELBURUA: SOPELANAKO UDALERRIKO U.E. 9-1 KO XIX-B ORUBEAN BABES OFIZIALEKO ERREGIMENPEAN ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO POLITIKA AHALBIDERATZEA.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko uztailaren 1ean.

BILDUTA

Alde batetik, Javier Madrazo Lavin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.

Eta bestetik Imanol Garai Elorriaga jauna. Sopelanako alkate lehendakaria.

BERTARATU DIRA

Lehena Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua da eta Saila legez ordezkatzen du, Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako gaitasuna eman diolako 2003ko ekainaren 24an izandako bilkuran.

Eta bigarrena Sopelanako jarduneko alkate lehendakaria da eta udala ordezkatzen du, horretarako gaitasuna eman diolako udalbatzarrak, 2003ko apirilaren 1ean hartutako akordioaren arabera.

Bi hitzarmenkideek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko legezko gaitasun nahikoa dutela, eta horretarako hau:

ADIERAZI DUTE:

Lehena.– Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak soilik du lurraldearen eta itsasertzaren antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan eskumena.

Ildo honetatik, 2001-2005 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioak egitarauen helburuen artean hauxe ohartematen du: babestutako etxebizitzaren eskaintza areagotzea, batez ere alokatuta lagatzeko etxebizitza sozialena.

Hori bermatzeko, ezinbestekoa da Administrazioak arduraz jardutea eta lurzorua eraginkortasunez kontrolatzea. Horrekin batera Administrazioak kemenez ekin behar dio herri-lurra eskuratzeari eta kudeatzeari. Horregatik, herri-aginteek, kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Sopelanako udalak, batera jardun behar dute eta, nolabait, behartuta daude batera jarduteko, beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izan daitezen baldintzak sortzearren eta espekulazioa saihestu eta etxebizitzetarako lurren herri-ondare egokia lortzearren.

Bigarrena.– Era berean, bi herri-erakunde hauek aurreko atalean aipatutako alderdiei dagokienez elkarrekin eta batera burutu behar duten eginkizuna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak, batetik, eta Toki Erakundeek, bestetik, elkarren arteko harremanetan beren egitekoak eraginkortasunez betetzeko behar dezaketen lankidetza eta laguntza eman beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Sopelanako planeamenduko Arau Subsidiarioak behin betiko onetsi ziren 1999ko urtarrilaren 11n.

Agiri horretan 9.1 burutzapen-unitatea eremua mugatu da, horren barruan XIX-B orubea dago, eta bertan 46 etxebizitza sustatzea ahalbideratzen da.

Burutzapen-unitate hori konpensazioaren jardute-sistemaz kudeatu da. Hori dela eta, kasuan kasuko konpensazio-proiektua 2002ko otsailaren 20an onetsi zen behin betiko. Horrela, Lurraren Udal Ondarearen barruan geratuko da XIX-B orubea, izan ere, bertako lursailak, dohain eta nahitaez laga ondoren Udalerriarenak dira.

Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen konpetentziak erabiliz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du, etxebizitzen beharrizan egiaztatuta duten udalerrietan; horietako bat Sopelana dugu, eta errenta-gaitasun txikia izan eta etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familiei begira eraiki nahi ditu etxebizitzak.

Horretarako, aipatutako Sailak babes ofizialeko 46 etxebizitza sustatu nahi ditu 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubean.

Bosgarrena.– Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 41. artikuluak ondasun higiezinak eskuratzeko hau agintzen du: kontratatzeko era lehiaketa publikoa da. Dena den, artikulu bereko 3. zenbakian kontratazio zuzena ere ahalbideratzen da erosteko premia dagoenean eta eraikintza merkatuan eskaintza urria denean, Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako baimena eman ondoren, kasu honetan bezalaxe.

Seigarrena.– Eragiketa hau proposatzen da: adostea udalaren titulartasuneko partzela, 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubea, eskuratzea salerosketaren bidez. Trasmisio horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko du higiezin hori abonatzeko beharra, 657.684,80 euro-ko (BEZik gabe) prezioa ezarri baitzaio.

Zazpigarrena.– Bion interesak, konpromezuak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi hitzarmenkideek lankidetza-hitzarmen hau izenpetu dute klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hona konpromezu-akordio honen xedea: babes ofizialeko 46 etxebizitza sustatzeko politika ahalbideratzea Sopelana udalerriko 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubean.

Bigarrena.– Sopelanako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoari 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubea, urbanizazio-kargarik gabe, (baita horri dagokion hirigintza aprobetxamenduaren %100 ere) saltzeko konpromezua hartu du bere gain.

Ekainaren 29ko 20/1998 Lurzoru Ondare Publikoen Legearen 11 a) artikuluan oinarritu da salmenta hori.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, bere aldetik, bere gain hartu du aipatutako partzela erosi eta kasuan kasuko aurrekontuak izendatutakoan Sopelanako Udalari 657.684,80 euro (BEZik gabe) abonatzeko beharra, 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubearen prezioa hori delako.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketak notario-eskrituran jaso behar dira, lankidetza-hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epean.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromezua hartu du 9.1 burutzapen-unitateko XIX-B orubean babes ofizialeko 46 etxebizitza eraikitzeko obra guztiak kontratatu eta burutzeko aurrekontuak izendatu ondoren.

Dena den, eta Udalak hartutako konpromisoak aintzat hartuta, etxebizitzak eraikitzeko obrak hasteko, ezinbestekoa izango da XIX-B orubeko orango eraikinean bizi direnak 9.1 egikaritze-unitatean dagozkien beste etxebizitza batzuetara aldatzea. Bizilagun horien lekualdatzea egiteko epea gehinez bi urtekoa izango da, dokumentu hau izenpetzen denetik aurrera; eta, nolanahi ere, obrak egin ahal izateko, epe horren barruan egin beharko da lekualdatzea.

Era berean, Sailak konpromisua hartu du Sopelana sustapenean interesatutako udalerri bakarra izendatzeko.

Laugarrena.– Sopelanako Udalak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zerga ezartzen eta arautzen duen udal ordenantza aldatzeko konpromezua hartu du bere gain, babes ofizialeko etxebizitzen sustaketei legezko tiporik txikiena ezartzekotan, hau da, %2a bai eta obra eta hirigintza lizentzien tasen kuotan %90eko hobaria.

Bosgarrena.– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartutako konpromezuak baina lankidetza-hitzarmen honen klausuletan hauen zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aurretik dagozkien aurrekontuen izendapenen mende egongo dira.

Seigarrena.– Bi Administrazio Publikoen iritziz beharrezkoa da bi erakundeetako bina ordezkarik osatuko duten Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzea, hainbat eginkizunez arduratzeko asmoz: hitzartutako aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla begiratzea, haiek zehatz-mehatz betetzera bideratutako neurriak proposatzea, adierazitako etxebizitza babestuen sustapenak egiten diren bitartean gerta litezkeen gatazka eta/edo gorabeherei konponbidea aurkitzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor litezkeen gorabehera guztiei aurre egitea.

Zazpigarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea, kontratua deuseztatzeko zioa izango da, hitzarmenkideak lehengo egoera juridikora itzuliz, aipatutako deuseztapena eragiten duen hitzarmenkideak, sorraraz ditzakeen kalte eta galerak ordaindu beharko dituela, bai beste hitzarmenkideari bai uste oneko besteri.

Zortzigarrena.– Bi administrazioek egoki ikusten dute une honetan datozen eremutan 9.1 burutzapen-unitaterako hitzartutako jarduketa-printzipio beren arabera lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzea.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, hitzarmen hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako leku eta egunean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Sopelanako alkate lehendakaria,

IMANOL GARAI ELORRIAGA.

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 18/2003 EBAZPENAREN IV. ERANKSINA.
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA, 2003-2005 IKASTURTEANEMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNARI BURUZKO MASTERRAREN BIGARREN EDIZIOA EGITEKO.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 10ean.

BILDU DIRENAK:

Batetik, Juan José Arróspide Eizagirre jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko zuzendaria.

Bestetik, Txaro Arteaga Ansa andrea, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

ORDEZKARITZAK:

Arrospide Eizagirre jaunak Euskal Herriko Unibertsitatearen (aurrerantzean EHU) Estatutuak onetsi zituen martxoaren 18ko 70/1985 Dekretuko 95. artikuluan ezarritakoa dela bide dihardu.

Arteaga Ansa andreak Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organiko eta funtzionala ezarri zuen abenduaren 13ko 301/1988 Dekretuko 9.e) artikuluan ezarritakoa dela bide dihardu.

AZALDU DUTENA:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa gogotsu ari da lanean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa izan dadin. Izan ere horrexetarako sortu zen 1988. urtean Emakumearen Euskal Erakundea (hemendik aurrera Emakunde), beraren helburu nagusia Euskal Herriko bizitzaren esparru guztietan (politika, ekonomia eta gizartea) gizonen eta emakumeen arteko berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea baita.

Emakundek jardun-planak bultzatu ditu helburu hori lortzeko, eta haiek abiarazi ondoren argi geratu da arlo honetako profesionalak prestatu behar direla, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak herri-administrazioetan zein beste erakunde batzuetan ezartzeko gauza diren profesionalak.

Bigarrena.– EHUk, bestalde, goi-irakaskuntzaren zerbitzu publikoa ematen du Euskal Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren, azterketaren eta ikerketaren bidez; izan ere, euskaldunek euren historiaren eraginez eta gizartean, ekonomian, politikan eta kulturan gertatu diren eraldaketen poderioz dituzten betebeharrak ase behar ditu.

Hirugarrena.– Herritarren egungo eskaerak beteko badira, ezinbestekoa da emakumeen eta gizonen berdintasuna arlo guztietan bultzatuko duten profesionalak prestatzea.

Laugarrena.– 2001eko uztailaren 30ean erakunde biek hitzarmena sinatu zuten Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasuneko Agenteen Masterra abian jartzeko, gizartearen eskaera bati erantzuteko asmoarekin: emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna arlo guztietan bultzatuko duten profesionalak prestatu beharra.

Gero, 2002ko ekitaldian, beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen Masterra ematen jarraitzeko, eta aurten ere diru-laguntza izenduna eman da Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasuneko Agenteen Masterra garatu eta amaitzeko.

Ildo horretatik, eta arlo honetako profesionalak prestatu beharra gogoan hartuta eta aurreko edizioetan esperientzia ona izan dela kontuan izanik, Masterraren beste edizio bat finantzatzeko laguntzen deialdi publikoa egin behar da.

Bosgarrena.– Masterrak bi ikasturte iraungo du (2003-04 eta 2004-05); lau modulu izango dira:

I. modulua: Errealitatearen eta kulturaren berrikuspena emakumeen ikuspegitik

II. modulua: Zuzenbidea eta generoa

III. modulua: Berdintasunaren aldeko politika publikoak

IV. modulua: Gizarte-ikerketa eta gaitasun teknikoa

Seigarrena.– Legezkotasunari eta kontrol ekonomikoari buruzko txostenak egin ondoren eta EHUren Gobernu Batzordeak bere txostena eman ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2003ko uztailaren 22ko bileran, hitzarmena sinatzeko baimena eman du.

Adierazitako guztiarengatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta EHUren arteko lankidetza ezartzea da, 2003-04 eta 2004-2005 ikasturteetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko masterra egiteko.

Bigarrena.– Unibertsitatearen konpromisoak.

1.– EHUk Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Masterra emango du. Euskal Herriko Unibertsitateak horretarako behar diren bitarteko material eta giza baliabide guztiak jarriko ditu (lokalak, irakasleak, agiriak, bosgarren hizbaketan ezarritako ikasketa-moduluak eman).

2.– EHUk, Masterraren bigarren ikasturteko matrikula formalizatu aurretik, lehenengoa gainditu eta bigarrenerako onartu diren ikasleen zerrenda bidaliko du.

Horrez gainera, ikasturte bakoitzeko uztailaren 1a baino lehen, EHUk hurrengo klausulan aipatuko diren laguntzak jasotzen dituzten pertsonen lehen seihilekoko asistentziari eta aprobetxamenduari buruzko jarraipen-txostena bidaliko dio Emakundeko Zuzendaritzari.

3.– Era berean, EHUk eskatzen zaion informazio guztia emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, eta behar dituen agiri osagarri guztiak ere bai.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Emakunderen bitartez, 2003ko eta 2004ko ekitaldietan laguntzak emango ditu, deialdiak eginez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko Masterraren II. edizioa egiteko. Hain zuzen ere, laguntza onuradun suertatzen den pertsona bakoitzari Masterraren matrikularen guztirako balioaren %65 finantzatuko dio gutxienez; gehienez ere haren balioaren %75 finantzatuko du.

2.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: ikasle bakoitzari diru-laguntzaren %80 ordainduko zaio diru-laguntza emateari buruzko ebazpena ematen denean eta gainerako %20a Emakundek hitzarmen honetako bigarren klausulako bigarren paragrafoan aipatutako agiria jasotakoan.

Laugarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epearen barruan, Jarraipen Batzordea eratuko da, xedatutakoa behar bezala betetzen dela ziurtatzeko eta lanak koordinatzeko, eta sinatu duten aldeen artean harreman iraunkorrak egon daitezen.

2.– Jarraipen Batzordean pertsona hauek izango dira:

a) Emakundeko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona; batzordeburua izango da.

b) Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saileko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona; idazkaria izango da.

3.– Batzordea bi aldiz bilduko da urtean bilkura arruntean. Jarraipen Batzordearen araubide juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoez ezarritako arauetara moldatuko da; Batzordearen berezitasun administratiboak berak finkatuko ditu.

Bosgarrena.– Hitzarmena bertan behera uztea.

Hitzarmena bertan behera utziko da hauetako bat gertatuz gero:

a) Lehen ikasturtean 18 pertsona baino gutxiago matrikulatu.

b) Hitzarmena sinatu dutenek bertan behera uztea adostu.

c) Alde batek bere gain hartutako konpromisoetako bat bete ez.

Seigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau formalizatutakoan jarriko da indarrean eta halaxe egongo da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Masterraren II. edizioaren (2003-2005) 2. ikasturtea amaitu arte.

Zazpigarrena.– Akordioaren izaera.

Akordio hau administratiboa da eta ez du eduki ekonomikorik; Jarraipen Batzordeak interpretatuko du beraren edukia. Interpretazio hori dela eta sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien gaineko eskumena duten auzitegiek ebatziko dituzte.

Beraz, agiri honetan ezarritakoarekin ados daudela agertzeko, adierazi bezala ager dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, behean aipatzen direnek agiriaren jatorrizko hiru ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Emakumearen Euskal Erakundea,

TXARO ARTEAGA ANSA.

Euskal Herriko Unibertsitatea,

JUAN JOSÉ ARRÓSPIDE EIZAGIRRE.

JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 11KO 18/2003 EBAZPENAREN V. ERANKSINA.
DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ETA EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIAN SKU HARTZEARI BURUZKO MASTERRA ETA ADITU-IKASTAROA EGITEKO.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 21ean.

BILDU DIRENAK:

Batetik, Txaro Arteaga Ansa andrea, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

Bestetik, Jaime Oraá Oraá jauna, Deustuko Unibertsitateko errektore t. goren eta magnifikoa, unibertsitate-masterra proposatu duena.

PARTE HARTU DUTE:

Arteaga Ansa andreak Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organiko eta funtzionala ezarri zuen abenduaren 13ko 301/1988 Dekretuko 9.e) artikuluan ezarritakoa dela bide.

Oraá Oraá jaunak Deustuko Unibertsitatearen Estatutuetako 23.1. artikulua dela bide.

AZALDU DUTENA:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa gogotsu ari da lanean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna benetakoa eta eraginkorra izan dadin. Izan ere horrexetarako sortu zen 1988. urtean Emakumearen Euskal Erakundea (hemendik aurrera Emakunde), beraren helburu nagusia Euskal Herriko bizitzaren esparru guztietan (politikan, ekonomian eta gizartean) emakumeen eta gizonen arteko berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea baita.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urratze larrienetako bat, erabat ezabatzeko. Arazo hau konplexua da eta gizartetik guztiz ezabatzeko nahitaezkoa da koordinaturik jardutea, batetik indarkeria gertatzen den egoerak, haren kausak eta indarkeria darabiltenen jarreren aurkako aurreneurriak ikertzen eta bestetik profesionalak trebatzen eta laguntza eta harrera zerbitzuak biktimen beharrizanetara egokitzen.

Trebakuntzari dagokionez, Emakunderen 2003ko Jarduketa Planaren barruan Erkidegoko unibertsitate batean edo batzuetan trebakuntza eskaintzea ezarri da maila ertaineko ego goi-mailako titulua eduki eta emakumeen aurkako indarkeriaren fenomenoa hainbat ikuspegitatik landu nahi dutenentzat.

Bigarrena.– Deustuko Unibertsitateak goi irakaskuntzaren zerbitzua ematen du Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntzaren, azterketaren eta ikerketaren bidez; euskaldunek euren historiaren eraginez eta gizartean, ekonomian, politikan eta kulturan gertatu diren eraldaketen poderioz dituzten betebeharrak asetzen ditu.

Hirugarrena.– Emakunderen eta Deustuko Unibertsitatearen koordinazioaren ondorioz gradu-ondoko ikastaro batzuk sortu dira; beraien bitartez aurrean emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko ezinbestekotzat jo ditugun bi eremu landu nahi dira: batetik indarkeria-egoerei, haren kausei eta indarkeria darabiltenen jarreren aurkako aurreneurriei buruzko ikerketa eta bestetik profesionalen trebakuntza. Ikerketa masterreko azken bi moduluetako proiektuetan eta praktiketan egingo da eta trebakuntza aditu-ikastaroa eta masterra hasi baino lehen emango da (ikasle guztiek bera jasoko dute), hiru modulutan banatuta: emakumeen aurkako indarkeriaren fenomenoaren inguruabarrak; emakumeen aurkako indarkeria; emakumeen aurkako indarkeria etxean.

Laugarrena.– Emakundek 60.000 euro emango ditu hizpide ditugun masterra eta aditu-ikastaroa finantzatzeko.

Bosgarrena.– Hitzarmenak hiru urte iraungo du, jarraitasuna ezinbestekoa baita xedea betetzeko; izan ere, aurrean azaldu den bezala, ikastaroak hiru aurrekontu-ekitaldi hartzen dituzten bi ikasturtetan emango dira.

Seigarrena.– Legezkotasunari eta kontrol ekonomikoari buruzko aginduzko txostenak eman ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 30eko bilkuran hitzarmena sinatzeko baimena eman du.

Adierazitako guztiarengatik, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute. Hona hemen hitzarmenaren

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza ezartzea da, 2003-04 eta 2004-2005 ikasturteetan emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko masterra eta aditu-ikastaroa egiteko. Masterra eta aditu-ikastaroa Politika Zientzietako eta Soziologiako Fakultateak proposatu ditu.

Bigarrena.– Deustuko Unibertsitatearen konpromisoak.

1.– Deustuko Unibertsitateak aurrean aipatu diren emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko masterra eta aditu-ikastaroa emango ditu. Deustuko Unibertsitateak horretarako behar diren bitarteko material eta giza baliabide guztiak jarriko ditu (lokalak, irakasleak, agiriak, ikasketa-programak ematea).

2.– Era berean, Deustuko Unibertsitateak eskatzen zaion informazio guztia emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, eta behar dituen agiri osagarri guztiak ere bai.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren konpromisoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Emakunderen bitartez, aipatutako masterra eta aditu-ikastaroa abiarazteak eta bi ikasturtetan emateak izango duen kostuaren zati bat finantzatuko du. Hain zuzen ere, 60.000 euro emango ditu gehienez 03.0.1.47.01.0000.1.454.99.32230.002.P aurrekontu-partidaren kargura.

2.– Hona finantzaketa banakaturik:

Urtea Zenbatekoa (eurotan)

2003 15.000

2004 30.000

2005 15.000

3.– Masterra eta aditu-ikastaroa prestatzeko, antolatzeko, ezagutarazteko eta abiarazteko gastuak sartuko dira finantzaketan, hain zuzen ere inaugurazio-gastuak, hitzaldienak, joan-etorrienak, zuzendaritzakoak eta bileretakoak, publizitatearenak, material suntsikorrarenak eta material didaktikoarenak, eta langileen gastuak.

Laugarrena.– Ordaintzeko modua.

1.– Lehen ordainketa (%25) hitzarmena sinatutakoan egingo da, masterra eta aditu-ikastaroa prestatzeko, antolatzeko eta ezagutarazteko gastuei aurre egin ahal izateko. Gastu horiek jatorrizko fakturen edo haien baliokide diren agirien bidez (nominak...) frogatu behar dira 2004ko otsailaren 28a baino lehen.

2.– Bigarren ordainketa (%50) 2004. urtean egindako jardueren kargura ordainduko da, gastu orokor guztiak frogatuz gero; horretarako hitzarmenaren xede diren jardueretan egindako gastuak aurkeztu beharko dira 2005eko otsailaren 28a baino lehen. Fakturetan edo agiri baliokidetan (nominak...) ageri den gastuaren data ezin da izan 2004ko abenduaren 31aren ondokoa.

3.– Hirugarren ordainketa (gainerako %25) 2005. urtean egindako jardueren kargura egingo da, ekitaldiko gastu orokor guztiak frogatuz gero; horretarako hitzarmenaren xede diren jardueretan 2005ean egindako gastuen jatorrizko fakturak edo haien baliokide diren agiriak (nominak...) aurkeztu beharko dira 2005eko irailaren 30a baino lehen.

Bosgarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.

1.– Hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epearen barruan Jarraipen Batzordea eratuko da, xedatutakoa behar bezala betetzen dela ziurtatzeko eta lanak koordinatzeko, eta sinatu duten aldeen artean harreman iraunkorrak egon daitezen.

2.– Jarraipen Batzordean pertsona hauek izango dira:

a) Emakundeko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona; batzordeburua izango da.

b) Masterreko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona; idazkaria izango da.

3.– Batzordea bi aldiz bilduko da urtean bilkura arruntean. Jarraipen Batzordearen araubide juridikoa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoez ezarritako arauetara moldatuko da; Batzordearen berezitasun administratiboak berak finkatuko ditu.

Seigarrena.– Masterraren eta aditu-ikastaroaren publizitatea.

Masterrari eta aditu-ikastaroari buruzko publizitate edo komunikazio orotan Emakundek finantzatzen duela adieraziko da.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau formalizatutakoan jarriko da indarrean eta halaxe egongo da 2005eko abenduaren 31 arte. Isil bidez luzatuko da hiru urteko beste aldi batzuetarako, baldin eta aurrekontuan kreditu nahikorik eta egokirik badago eta alderdi batek berariaz salatzen ez badu mugaeguneratu baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.

Zortzigarrena.– Bateragarritasuna.

Hitzarmen honetan ezarritako diru-laguntzarekin batera beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede bererako emandakoak ere jaso ahal izango dira, gain-finantzaketarik egon ezean. Gain-finantzaketa egonez gero, zenbatekoak doitu egingo dira.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren suntsiarazpena.

Hitzarmen hau hauetako bat gertatuz gero suntsiaraziko da:

a) 20 pertsona ez matrikulatzea, horixe baita proposatutako tituluek izango duten kostua (105.610 euro) estaltzeko behar den gutxieneko ikasle-kopurua.

b) Hitzarmena sinatu duten alderdiak hura suntsiarazteko ados jartzea; hilabete lehenago jakinarazi beharko da.

c) Alderdietakoren batek bere gain hartutako konpromisoak ez betetzea.

Hamargarrena.– Kopuruak itzultzea.

Hitzarmena bete ezean edo emandako kopuruak hitzartutakoa ez beste helburu baterako erabiliz gero, ordainketak eten egingo dira eta ordura arte jasotako dirua itzuli egin beharko da, hain zuzen ere abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluan araututakoaren araberako kopurua eta bertan ezarri bezala. Kopuru horiek, lege-ondorioetarako, diru-sarrera publikotzat joko dira.

Hamaikagarrena.– Akordioaren izaera.

Akordio hau administratiboa da. Hitzarmen hau dela eta sortzen diren auziak administrazioarekiko auzien gaineko eskumena duten auzitegiek aztertu eta ebatziko dituzte.

Horrenbestez, agiri honetan ezarritakoarekin ados direla agertzeko, adierazi bezala ager dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, agiriaren jatorrizko hiru ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Emakumearen Euskal Erakundearen ordezkaria,

TXARO ARTEAGA ANSA.

Deustuko Unibertsitatearen ordezkaria,

JAIME ORAÁ ORAÁ.


Azterketa dokumentala