
241. zk., 2003ko abenduaren 10a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6693
EBAZPENA, 2003ko urriaren 1ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB2-0231/03-BB espedientean Miguel Cuesta Hernández jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.
AURREKARIAK:
1.– 2003ko urtarrilaren 16an, Miguel Cuesta Hernández jaunak Bilboko Zankoeta kaleko 7. zenbakian dagoen higiezina birgaitzeko jardueretatik babesgarri den aurrekontua aitortzeko eskaera aurkeztu zuen lurralde ordezkaritzan.
2.– Behin espedientea izapidetu eta gero, 2003ko martxoaren 28an Bizkaiko lurralde ordezkariak ebatzi zuen aurkeztutako eskaria ezestea. Ezesteko arrazoia izan zen lanak administrazio-ebazpena jakinarazi aurretik hasiak zirela, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko abenduaren 26ko 7.1 artikulua urratuz.
3.– 2003ko apirilaren 29an Miguel Cuesta Hernández jaunak aurkeztu zuen gora jotzeko errekurtsoa aurreko ebazpenaren aurka bere desadostasuna agertzeko, alegatuz ez zuela jakin agiriak gainontzeko jabeek entregatu zituzten egunean entregatu behar zirenik. Errekurritutako ebazpena berraztertzea eskatzen du.
Aurrekari horiek oinarri hartuz, honakoak azaltzen dira:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK:
1.– Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtsoa ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.
2.– Errekurtso-egileak interesduna dela egiaztatzen du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1002 Legearen 31. artikuluan ohartemandako ondorioetarako. Bestalde, arau horren 114. eta 115. artikuluetan zehaztutako epean eta eran aurkeztu da errekurtsoa.
3.– Espediente hau izapidetzerakoan ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 26ko 308/2000 Dekretuak agintzen dituen prozedura-arauak, dekretua garatzeko egun bereko Agindua eta horiekin bat datozen eta osagarri diren arauak bete dira.
4.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren abenduaren 26ko Aginduaren 7. artikuluak ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, xedatzen du birgaitzeko jarduketa babestua osatuko duten obrei jarduketa babestua onartzeko administrazio-erabakia jakinarazi edo behin-behineko kalifikazioa jakinarazi ondoren ekin beharko zaiela, eta betiere hurrengo sei hilabeteetan. Obrak birgaitze-proiektuaren memoriak izango duen ezinbesteko eranskinean adieraziko den egutegian aurreikusitako epean egingo dira.
Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla bide, titularrek administrazio-erabakia jakinarazi baino lehenago ekin ahal izango diete obrei, dagokion lurralde-ordezkaritzako zerbitzu teknikoek edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak aurretiko ikuskaritza egiten dutenean.
Dagokigun kasuan, espedientean dauden agiriak aztertuta ikus daiteke 2003ko otsailaren 20an teknikariak nola egin zuen ikusketa eta txostena non adierazten zuen espedienteari zegozkion lanak (fatxada-lanak) jarduketa babestua onartzeko administrazio-erabakia jakinarazi baino lehenago ekin zitzaiela; beraz, aurkeztutako errekurtsoa ezesten da aipatu artikuluan xedatutakoa urratzen delako.
Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainontzeko xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe
EBATZI DUT:
Miguel Cuesta Hernández jaunak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Bizkaiko lurralde ordezkariaren 2003ko otsailaren 6an EB2-0231/03-BB espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztutako errekurtsoa ezestea. Ebazpena, beraz, bere hartan gelditzen da Zuzenbidearekin bat datorrelako.
Ebazpen honen aurka Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke artez Bilboko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian. Horretarako epea jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunean kontatzen hasi eta bi hilekoa izango da.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko urriaren 1a.
Zerbitzu zuzendaria,
MIKEL ARANA ECHEZARRETA.
RSS