Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2003ko azaroaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6462

AGINDUA, 2003ko urriaren 22koa, Kultura sailburuarena, Kortezubiko (Bizkaia) Terlegiz auzoan den Etxandi baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2003ko ekainaren 24an Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Kortezubiko (Bizkaia) Terlegiz auzoan den Etxandi baserria, aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2003ko uztailaren 29ko 147 zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegazioak aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Kortezubiko (Bizkaia) Terlegiz auzoan den Etxandi baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. Eranskinean agertzen den bezala eta I. Eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Kortezubiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Kortezubiko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko urriaren 22a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren eremua.

Mugaketak, batetik, eraikina bera eta, bestetik, inguratzen duen ingurunea jasotzen ditu.

Horrela, hurrengo muga hauek zehazten dute eremua: ipar-ekialdean eta hego-ekialdean baserria heltzen den eta baserria inguratzen duen auzo-errepidea, baserria ere barne; ipar-mendebaldean atzeko fatxadatik 15 metrotara dagoen lerro paraleloa eta hego-mendebaldean auzokoen lursailaren muga.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Mugaketa hau baserriko inguruneak dituen ingurumen, edertasun eta ikusmen balioak zaintzeko beharragatik proposatu da, eta baita oraingo auzo-bidearekin bat datorrelako ere, auzo-bidea bera baserriaren muga da eta. Dentsitate txikiko ingurunea dauka; mendialdean dago eta eraikin berri batzuk baditu inguruan. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da ondasuna behar bezala babesteko eta balorea emateko; baserriaren ondoko espazioak ere babestu beharrekoak dira.

Horregatik, mugaketa honek baserri-eraikina ez ezik inguruko lursailak ere bereganatzen ditu.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Etxandi baserriaren ezaugarria herri-arkitektura da. Erdian ataripea dauka eta osoko zutoinez osatutako egitura. Bi isurkiko estalkia eta mirubuztana dauzkan baserria da; beheko oina, lehenengo oina eta teilatupekoa dauzka. Konposaketa simetrikoa da: oinplano laukizuzena eta teilatu-hegalkina fatxada nagusian. Oso ondo egokitzen da lurzoruaren desnibelera. Baserria harlangaitzekoa da. Harlandu txiki batzuk dauzka angeluetan eta egurrezko bilbadura argamasako plementariarekin, adreilu trinkoa eta harlangaitza lehenengo oinean eta teilatupekoan.

Fatxada nagusia hego-ekialdera orientatuta dago eta hiru gunetan banatuta. Erdiko gunea da zabalena eta harrizko oinarrien gainean dauden egurrezko bi osoko zutoinen artean kokatuta dago; zutoinak estalkiaren alturaraino iristen dira. Sarrerako arku zuzeneko ataripea berezia da; gune honetako beheko oin osoa hartzen du. Egurrezko habe bat dauka eta erdian zutabe toskanarra, kiribildurazko kapitela duela. Fatxadaren erdian balkoi txiki diskordante bat dago. Hormigoizkoa da eta bi ate dauzka. Bi alboetako guneek harlangaitz-hormak dauzkate oinarrian eta egurrezko bilbadura gainean. Ezkerreko alboan bi isurkineko teilatua duen estalpea dago erantsita. Estalpe horrek hautsi egiten du fatxadaren simetria. Eskuineko guneak jatorrizkoa ez den leiho bat dauka beheko oinean eta ia karratua den beste leiho bat lehenengo oinean. Seguru aski antzeko beste leiho bat izan zen ezkerreko gunean. Teilatupekoan bi txarrantxa dauzka erdiko gunean. Fatxadaren ardatzera inklinatzen dira txarrantxak. Karelaren gainetatik oholtzako itxiera eta bi bao txiki alboetan. Teilatu-hegalak dagoneko galduta ditu jatorrian izan zituen besoak, baina besoen landatuak oraindik ikus daitezke. Fatxadak emokadura zuria du.

Ipar-ekialdeko alboko fatxada emokadurarik gabeko harlangaitz-horma da. Altuera bat dauka, zokalo modura, eta zokaloaren gainean, horma atal hondoratu txiki bat. Zulo gutxi dauzka eta bi gauza nabarmentzen dira: harlanduzko markoa duen leiho bat eta komunaren bolumena, irtena. Atzeko fatxada harlangaitz-hormaz eraikita dago. Erabat itsua da, arku zuzeneko bi sarrera zuzen ezberdin izan ezik; teilatuaren mirubuztana ikus daiteke. Hego-mendebaldeko alboko fatxada altuagoa da. Harlangaitz-horma da beheko oinean eta egurrezko bilbadura goiko oinean.Muntaga bertikalak eta adreiluzko plementeria dauzka goiko oinean. Beheko oineko eskuinaldean bi leiho eta harlanduez hesitutako sarrera bat daude. Goiko oinean usategi-zuloak daude ezkerraldean eta erdigune eta eskuinaldean balkoi bat eta muntagen arteko zulo batzuk. Barrualdean nabarmentzekoa da egitura nagusia egurrezkoa dela; hainbat osoko zutoin ditu, zutikoak, besoak eta mihiztaduraz egindako loturak.


Azterketa dokumentala