Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2003ko azaroaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
6380

250/2003 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, etxebizitzarako Eraikinaren Liburua arautzen duena.

Eraikuntzaren kalitatea hobetzeko prozesua ez da eraikina egitearekin amaitzen, eraikina erabiltzen eta mantentzen ematen baitzaio jarraipena, eta horrek ahalik eta dokumentaziorik zehatzena behar du, zuzen burutuko bada. Horregatik, Eraikuntza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 7. artikuluak Eraikinaren Liburua eratu beharra ezarri du.

Era berean, herri-administrazio eta -erakundeek begiratu egin behar dute azken erabiltzaileen babesa, etxebizitzen erabiltzaileena bereziki, normalean ez dute eraikuntza-prozesuan parterik izaten-eta. Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak bakarreko eskumena aitortzen dio Erkidegoari etxebizitzari dagokionez, eta ondorioz, etxebizitzetarako Eraikin Liburua Dekretu honen bitartez arautu eta garatzeko ahalmena, erabiltzaileek bere eraikina ezagutu, eta erabilera eta mantentze egokia gauzatzeko informazio beharrezko eta nahikoa izan dezaten.

Xedapen honen barruko arauek etxebizitzetarako eraikuntzaren kalitatea hobetzeko helburua dute, eta, bereziki, eraikuntzan edo etxegintzan parte hartzen duten eragileak ditu xede, egindako obraren dokumentazio guztia formalizatzeko betebeharra baitute, gainera; beraz, sustatzaileak eta obra-zuzendariak ditu helburu nagusi xedapen honek.

Eraikinaren Liburua dokumentu osotzat hartu behar da, bere baitan informazioa bat biltzen duena, eraikinaren zehaztasun fisiko eta teknikoak ez ezik, haren araubide juridikoa ere ezagutzeko bide ematen duena.

Dokumentu hori eratzea garrantzi handikoa da eraikina sortzeko eraikuntza-prozesua ezagutu ahal izateko, baita eraikinak gero izango duen zaintze- eta mantentze-lanetarako eta larrialdiko jarduketetarako ere.

Eraikinaren balio-bizitza ziurtatzeko zaintze- eta mantentze-lanak egitearen garrantziak liburuaren funtsezko osagarri bihurtzen du zehaztasun teknikoen agiria. Izan ere, dokumentu horretan informazio zabala jaso behar da: eraikinaren ezaugarri teknikoak, instalazioak, planoak, erabiltzeko eta mantentzeko jarraibideak eta larrialdietarakoak.

Azken jarraibide horiek jasota egoteak erraztasunak emango ditu eraikin oro zaintzeko eta mantentzeko jarduera guztiak era egokian burutu daitezen, eta, are garrantzitsuago, erabiltzaileek beraien betebeharrak ezagutu ditzaten, eraikinen bizigarritasun eta segurtasun mailak jaitsi ez daitezen.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoari entzunda eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko urriaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Dekretu honen xedea da eraikuntza berriko eraikinen edo osorik birgaitutakoen Eraikinaren Liburua arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

2. artikulua.– Eraikinaren Liburuaren edukia.

Eraikinaren liburuak honako zati hauek izango ditu:

1.– Erregistro-koadernoa.

2.– Zehaztasun teknikoen agiria.

3.– Agiritegia.

4.– Etxebizitzen eskuliburuak.

3. artikulua.– Erregistro-koadernoa.

Erregistro-koadernoa UNE A4 orriz osatutako dokumentua da, eta ondoko kapituluak izango ditu:

a) Eraikinaren hasierako datuak.

b) Gorabeheren erregistroa.

c) Mantentze-lanen eta konponketen erregistroa.

4. artikulua.– Hasierako datuak.

Erregistro-koadernoaren hasierako datuen kapituluan ondokoak jasoko dira:

1.– Eraikinaren identifikazioari eta eraikuntzari buruzko datuak:

a) Eraikinaren helbidea, haren izena, hala bada, eta katastroko erreferentziaren zenbakia.

b) Eraikuntzaren datuak: Eraikuntza-obrak noiz hasi ziren, noiz amaitu ziren eta obra-harreraren edo onarpenaren data.

c) Kokapen-planoa. Atal honetan eraikinaren kokapena marraztuko da, inguruko kaleak edo elementuak kontuan hartuta, 1:100 eskalan gutxienez. Eraikinak kale-zenbakirik ez badu, eraikinetik bere inguruko erreferentzia argi eta finkoetara dagoen distantzia akotatu beharko da planoan. Planoa koadernoko orrian bertan marraztu ez bada, sustatzaileak sinatu eta zigilatu beharko du, sinadurak edo zigiluak planoa eta koaderno-orria, biak batera, hartzen dituela.

d) Fatxadaren argazkia. Atal honetan fatxada nagusiaren argazkia jarriko da. Sustatzaileak sinatu edo zigilatu behar du argazkia, halako moldez non sinadurak edo zigiluak argazkia eta koaderno-orria, biak batera, hartuko dituen.

2.– Eraikuntza-prozesuan parte hartu dutenen datuak:

a) Sustatzailea: Eraikinaren sustatzaileen izena edo enpresa-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

b) Proiektuaren egileak: Proiektuaren egileen izena, titulazioa eta elkargokide zenbakia.

c) Obraren zuzendaritza fakultatiboa: Obraren zuzendaritzan aritu diren fakultatibo guztien izena, titulazioa eta elkargokide zenbakia.

d) Eraikitzailea: Eraikitzaileen izena edo enpresa-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

e) Industria-instalatzaileak: Eraikinaren instalazioen jartzaile nagusien izena edo enpresa-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

f) Azpikontratistak: Obra egiten parte hartu duten azpikontratista nagusien izena edo enpresa-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

g) Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategi eta entitateak: Kalitatea kontrolatzen aritu diren laborategi edo entitate nagusien izena edo enpresa-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

3.– Eraikinaren lizentziari, obra berriaren deklarazioari eta araubide juridikoari buruzko datuak:

a) Lizentziak: Eraikina egitea babestu duten lizentziak, eta etxebizitzaren okupazio orokorrerako eta instalazio komunen funtzionamendurako esku ematen dutenak, noiz eman edo noiz eskatu ziren zehaztuta.

b) Obra berriaren deklarazioa: Obra berriaren deklarazioaren eskritura egiletsi duen notarioaren izena, eskrituraren protokolo-zenbakia eta data, baita obra berriaren deklarazioaren eskrituraren Erregistroko inskripzio-datuak ere.

c) Jabetzaren araubidea. Eraikinaren jabetzaren araubidea jasoko da, eta, hala bada, jabetzaren banaketa horizontalaren eskrituraren datuak, baita jabetza-estatutuen onarpenaren data, eta, hala bada, babes ofizialeko araubide bereziak emateko data, baita horiek egiaztatzeko agirien aipamena ere.

d) Eraikinaren karga errealak, halakorik badu, baita horiek egiaztatzeko agirien aipamena ere.

e) Eraikina osatzen duten okupazio-unitateen zerrenda. Beren-beregi aipatuko dira horien azalera eta norakoa, eta, hala bada, higiezinaren guztizko balioan duten parte-hartze kuota.

4.– Bermeei buruzko datuak:

a) Sustatzaileak emandakoei buruzkoak; alegia, etxebizitzari zuzenean eragiten dioten eraikuntza-akatsak eta kalteak konpontzekoei buruzkoak, berme horiek nahitaezkoak direnean. Atal honetan zehaztuko dira polizaren mugaeguna eta erreferentzia edo bermea eman izana egiaztatzen duen beste edozein agiri.

b) Instalazioen berme bereziei buruzkoak. Atal honetan zehaztuko dira eraikinaren elementu komunetako instalazioak, bermea baldin badute, eta bermearen mugaeguna eta bermatzailearen izena jasoko dira.

5.– Oharrak. Sustatzailearen iritziz, eraikina hobeto ezagutzeko bidea ematen duen garrantzizko edozer jaso ahal izango da atal horretan.

5. artikulua.– Gorabeheren erregistroa.

1.– Kapitulu hau hainbat zuriunez osatuko da, eraikinean gertatzen diren gorabeherak bata bestearen ondoren zehazteko modua egon dadin. Gorabehera bakoitzeko honako hauek jaso beharko dira: gorabeheraren izendapen laburra, data eta zehaztapena.

2.– Honako hauek jasoko dira kapitulu honetan:

– Sustatzaileak Eraikinaren Liburua eraikina eskuratu duenari edo, hala bada, jabe-erkidegoaren administratzaileari, emateko egintza.

– Eraikin-jabetzaren titulartasunean izandako aldaketak, jabetzaren araubidea jabetza bertikala bada. Jabetza horizontaleko araubidean bada, jabe-erkidegoaren organoen aldaketak.

– Eraikinaren moldaketak, birgaitzeak eta norakoaren aldaketak, eraikinaren jatorrizko egoerari eragiten badiote. Aldaketa-prozesuan parte hartu dutenak 4.2 artikuluak dioen bezala identifikatuko dira.

– Eraikinari ematen zaizkion laguntzak eta onurak, horien zehaztasunak aipatuta.

– Eraikin osorako edo eraikinaren elementu komunetarako kontratatu diren aseguruak.

– Eraikinaren Liburuan jaso diren hasierako datuak aldatzen dituzten guztiak, baita sustatzaileak hasierako datuen kapituluan eman zuen informazioa osa dezaketen guztiak ere.

– Liburu beraren administrazio-jarraipena egiteko ikuskapenen erregistroa.

6. artikulua.– Mantentze-lanen eta konponketen erregistroa.

1.– Kapitulu hau hainbat zuriunez osatuko da, honako datu hauek bata bestearen ondoren zehazteko modua egon dadin: zer eragiketa edo lan egin den, noiz egin den eta lanak egin dituzten enpresei buruzko datuak, baita enpresen sinadura eta zigilua ere, lanak egin ondoren. Erakinaren azterketa teknikoak (EAT) ere jasoko dira, orri bereizi edo bananduetan jaso ere.

2.– Kapitulu honetan mantentze-lan eta konponketatzat jaso behar dira:

– Arauz ezinbestekotzat jotzen diren mantentze-lan eta konponketak.

– Eraikuntzaren eta instalazioen akats eta hutsak konpontzeko eragiketa edo lanak, baldin eta bermeen barruan badaude.

– Laguntza eta onurekin egindako eragiketak.

3.– Bestelako mantentze- eta konponketa-eragiketa batzuk ere jaso daitezke kapitulu honetan, jabetzak egoki irizten badio.

7. artikulua.– Zehaztasun Teknikoen Agiria.

Eraikinaren Zehaztasun Teknikoen Agiriak (aurrerantzean, ZTA) teknikari eskumendunak/ek sinatuta egon behar du, eta honako hauek hartuko ditu bere baitan: Obraren azken proiektua, eraikinaren eta haren elementuen datu tekniko nagusien eranskina, fitxa erara jarrita, eta erabilera- eta mantentze-eskuliburuak, baita larrialdiei buruzkoa ere.

1.– Esandako proiektuak ondoko agiriak izango ditu:

– Eraikinaren azken egoeraren oinen, altxaeren eta sekzioen planoak, 1:100 eskalan gutxienez, obra burutzeko azken proiektuan eskatutako xehetasunekin.

– Lurraren azterketa geoteknikoa, eraikuntza baino lehenagokoa.

– Zimenduen eta egituraren planoak, 1:100 eskalan gutxienez, dagozkien eraikuntza-xehetasunak eta guzti. Eraikinaren egitura kalkulatzerakoan kontuan hartu den karga edo zamen egoera ere adieraziko da, baita zimenduen mota eta lurrerako aintzakotzat hartu den lan-tentsioa ere.

– Instalazioen eta segurtasun-sistemen eskemak, obra burutzeko proiektuan agertzen diren zehaztasun berberarekin, bai etxebizitza bakoitzarenak bai komunitarioenak.

– Erabilitako material eta eraikuntza-soluzio nagusien azalpena, eta dagokion kalitate-kontrolaren ziurtagiria, hala bada.

– Gertatutako gorabeheren ondorioz, ZTA ordeztu, aldatu edo zabaltzen duten dokumentuak.

2.– Erabiltzeko eta mantentzeko jarraibideek osatuko dute erabilera- eta mantentze-eskuliburua, zeina teknikari eskumendunak idatziko baitu. Eskuliburuak honako hauek bereiz ditzake: alde batetik, erabiltzeko eta mantentzeko jarraibide orokorrak, eraikuntzako tipologia bakoitzarentzako komunak-edo direnak; bestetik, dagokion eraikinarentzako jarraibide bereziak, eraikin horrek material edo eraikuntza-soluzio bereziak dituelako. Egitura, estalkia, kanpoko itxiturak, ebakuazio-sistemak eta instalazioak begiratuko dira bereziki.

Eraikinaren osagarri berezien erabilera eta funtzionamendua zehaztuko da, baita eraikinaren egoera onari eusteko nahitaezko edo gomendagarri diren mantentze- eta errebisio-lanak ere, maiztasuna ere zehaztuta.

Era berean, honako hau ere jarri beharko da: erabilera okerrak eta mantentze- eta ikuskapen-lanik ez egiteak eraikuntzari emandako bermeak galtzea ekar lezakeela.

3.– Larrialdietarako edo ezbeharretarako jarraibideek honako hauek ikusi beharko dituzte aurrez, gutxienez: sutea, ur-ihesa, leherketa, igogailuetan harrapatuta geratzea, eguraldiaren ondoriozkoak (uholdea, elurtea eta haizetea), euskarri-egituraren mugimendu garrantzizkoak, elementuren bat kanpora erortzea eta higiezinaren barruan gertaturiko istripuak.

Dokumentazio grafiko aski eduki behar da, honako hauek non dauden erakusteko: instalazioen kontrolerako lokalak, mozteko giltzak dituzten armairuak eta jarduteko elementuak (itzalgailuak, mahuka edo mangerak, alarmak eta abar…), baita instalazioen kontrol-panelen eskemak ere, egokitzat jotzen bada, larrialdia gertatzen denerako mozte- edo ebakitze-sekuentziekin. Dokumentazio grafiko hori zerbitzu komunei eta okupazio-unitate bakoitzari buruzkoa izango da, eta erabiltzaile bakoitzak eduki eta ezagutu beharko ditu bere etxebizitzari dagozkionak.

Honako hauek zehaztu beharko dira kasu bakoitzerako:

– Garrantziaren ebaluazioa.

– Kanpoko laguntza behar den ala ez.

– Larrialdiko abisuak edo deiak egiteko datuak, eta, gutxienez, suhiltzaileen, poliziaren eta anbulantzien telefono zenbakiak.

– Hornidurak mozteko edo blokeatzeko gomendioak.

– Eraikina husteko gomendioak.

– Larrialdi-zerbitzuak eraikinean sartzeko gomendio bereziak.

– Sarbideak ixteko gomendioak edo bestelakoak

4.– ZTAren dokumentazioa UNE A4 formatuko agiriak hartzeko moduko kutxa batean edo batzuetan gorde beharko da. Kutxa bakoitzaren gainean etiketa adierazlea itsatsi beharko da.

8. artikulua.– Agiritegia.

1.– Agiritegia UNE A4 neurriko orriak gordetzeko artxibategi bat izango da. Barrenean, agiriak artxibatzeko jarraibideak ematen dituen ohar bat sartuko da, eta bertan biltzen diren agirien aurkibide zenbakitu bat. Agiritegian honako agiri hauek gorde beharko dira

– 4.3.a artikuluak aipatzen dituen lizentziak.

– Kalitate kontrolaren egiaztagiria.

– Eraikuntza-obraren azken ziurtagiria.

– Obra-harreraren edo -onarpenaren akta.

– Obra berriaren deklarazioaren eskritura.

– Eraikinari zuzenean eragiten dioten eraikuntza-akatsen eta kalteen konponketa sustatzaileak bere gain hartuko duelako bermearen egiaztagiriak.

– Eraikinaren alde komunetako instalazioen berme-agiriak.

– Eraikin osoa edo haren alde komunak hartzen dituzten aseguru-polizak.

– Jabetza horizontalaren banaketaren araubidea ezartzeko eskritura eta jabe-erkidegoaren estatutuak, hala bada.

– Araubide juridiko bereziak, babespekoak edo bestelakoak deklaratzeko agiriak, hala bada.

– Eraikinak dituen karga errealak jasotzen dituzten agiriak, halakorik badago.

– Erregistro-koadernoan jaso behar diren datuak osatzeko balio duten agiriak, baina duten zailtasunarengatik aparte zehaztea hobe dutenak.

– Eraikinari eman zaizkion laguntzak eta onurak egiaztatzeko agiriak.

– Konponketa-, mantentze- eta birgaitze-lan nahitaezkoak egin direla ziurtatzeko agiriak, baita eraikinaren azterketa teknikoen (EAT) ondoriozko txostenak ere.

2.– Agiritegian jasotako dokumentuak jatorrizkoak izango dira, edo bestela, Eraikinaren Liburua bere ardurapean duten pertsonek jatorrizkoetatik aintzatetsitako kopiak.

9. artikulua.– Etxebizitzen eskuliburuak.

1.– Etxebizitzen eskuliburuak hainbat agiriz osatuta daude, eta etxebizitzaren eskuliburu bana emango zaio eraikuntza osatzen duten etxebizitzetako bakoitzeko jabe bakoitzari. Honako atal hauek osatuko dute eskuliburua:

– Etxebizitzaren erabileraren eta funtzionamenduaren eskuliburua, ondorengoak jasoko dituena: nahitaezko mantentze- eta errebisio-lanak, baita etxebizitzaren egoera onari eta bizigarritasun egokiari eutsi nahi bazaio zentzuzkoak direnak ere.

– Etxebizitza bakoitzeko jabe edo erabiltzaile bakoitzak bere esku behar dituen norbanako ekipoen bermeak eta funtzionamendu-eskuliburuak.

– Etxebizitzaren oin-plano bat, 1:50 eskalarekin, gutxienez.

– Elementu pribatiboak (hala nola garajeak, trastelekuak, eta abar) dituzten solairuen planoak, 1:100 eskalarekin gutxienez, etxebizitza bakoitzari dagozkionak aipatuz.

2. Etxebizitza bakoitzari dagozkion agiri horiek Eraikinaren Liburua osatzen duten gainerako atal eta dokumentuen eranskin independente gisa eratuko dira, eta banan-banan entregatuko dira, etxebizitza bakoitzarentzako berea, etxebizitzaren giltzak eman eta eskriturak izenpetzerakoan.

10. artikulua.– Eraikinaren Liburuaren formalizazioa.

1.– Sustatzaileak honela formalizatu behar du Eraikinaren Liburua:

a) Erregistro-koadernoaren hasierako datuen kapitulua oso-osorik bete behar du. Koaderno horretako beste bi kapituluak eta gorabeheren eta mantentzearen erregistroak ez ditu bete behar.

b) Hasierako datuen kapituluarekin zerikusia duen dokumentazio guztia sartu beharko du agiritegian. Agiri horiek eransteko sustatzailearen sinadura beharko da.

c) ZTAn Dekretu honen 7. artikuluan aipatutako agiri guztiak sartuko dira.

2.– Sustatzaileak, jabetza eskualdatzeko ekitaldian, Eraikinaren Liburua eman beharko dio jabeari, eraikina eskuratzen duena jabe bakarra den kasuetan. Jabetza horizontala baldin bada, jabe-erkidegoa eratzen denean, jabetza horizontalari buruzko araudiak ezarri duenaren arabera administratzaile kargua duenari eman beharko dio Liburua sustatzaileak.

Goian aipatutako kasu bietatik edozeinetan, Liburua jasotzen duen pertsonak hartu izana izenpetuko du. Eraikinaren Liburuaren formalizazioak guztiz eguneratuta beharko du entregatzen den unean, eta, nolanahi ere, liburu hori badela jasoko da salerosketa-eskrituraren baitan.

Eraikina sustatzailearen jabetzan gelditzen bada, eraikuntza obrak bukatu eta hiru hilabete baino lehenago egin beharko da Liburuaren formalizazioa.

3.– Eraikinaren Liburua ematen zaion unetik aurrera, eskuratzen duenak edo jabe-erkidegoaren administratzaileak bere ardurapean izango du Liburua, egunean edukitzeko erantzukizuna izango du, eta behar diren idazpenak egin eta dagozkion agiriak artxibatu beharko ditu.

4.– Erregistro-koadernoko idazpen guztiek eta dokumentuak agiritegiari gehitzeak eraikinaren jabearen sinadura beharko dute edo, hala bada, jabe-erkidegoaren administratzailearena.

5.– Gorabeherak gertatu eta mantentze-eragiketak egin eta hilabeteko epearen barruan jaso beharko dira erregistro-koadernoan. Era berean, dokumentuak eta 8.1 artikuluak gordetzeko nahitaezkotzat jotzen duen dokumentazioa agiritegian sartzea epe berean egin beharko da, dokumentua eskuratu denetik kontatzen hasita.

11. artikulua.– Eraikinaren liburuaren eskuragarritasuna.

Eraikinaren Liburua jabekide guztien eskura izango da, hala nola eraikinaren beste erabiltzaile batzuen eskura, eta baita Eraikinaren Liburua arautzen duten xedapenak betetzen ote diren begiratu behar duten Administrazio-ordezkarien eskura ere.

12. artikulua.– Eraikinaren Liburuaren ezaugarriak.

1.– Eraikinaren Liburua aurreko artikuluetan esandako agiriez osatuta dagoenez, agiriok euskarri batean jarriko dira, karpeta batean biltzeko eta babesteko moduan.

2.– Eraikinaren Liburuaren azaleztapenak ez du Obraren Azken Proiektua barne hartuko, horrek bere azal propioa baitu, baina azal gogor plastifikatuzko karpeta bat edo batzuk hartuko ditu, gutxienez UNE A4 (297 x 210 mm) formatuko agiriak sartzeko, eta gehienez 320 x 250 mm-ko neurriekin.

3.– Bertikalean irekitzeko modukoa izango da, 180.ºra iristeko beste, orriak apurtu edo askatu gabe. Gutxienez lau euskarri edo ainguraketa-puntu izango ditu, eta handitzeko edo agiri berriak gehitzeko aukera emango du, baita etiketak eta orrialde-zenbakiak jartzeko ere.

4.– Karpetak honela antolatuko dira barrutik: artxibategiak eta erantsitako agirientzako plastikozko poltsak hartzeko moduan, gainerako agiriak bezala lau euskarritan lotuak, gorde beharreko dokumentuak errazago sartze aldera.

5.– Karpeta guztiak, hala gorago zehaztuak nola Obraren Azken Proiektua daramatenak, behar bezala identifikatuko dira, azalean eta bizkarrean, gutxienez ondorengo datuekin etiketatuta edo markatuta:

– Kalearen izena eta zenbakia.

– Udalerria.

– Katastro-erreferentziaren zenbakia.

– Liburua osatzen duten liburukietatik zein den (zenbakia).

– Barnean duen Liburu-zatiaren izenburua.

13. artikulua.– Eraikinaren liburua non eduki behar den.

1.– Eraikinaren Liburua osatzen duten karpetak armairu batean sartuko dira. Armairuaren gutxieneko neurriak honako hauek izango dira: 0,50m2ko planta-azalera, eta metro bateko altuera. Suaren eta hezetasunaren aurkako materialez egina beharko du, sarrailadun ate eta guzti. Eramateko modukoa bada, eraikineko elementu finkoei behar bezala lotuta egon beharko du, mugitu ez dadin.

2.– Armairu edo gune hori eraikinaren alde edo toki komunean jarriko da, erraz eskuratzeko moduan, baina ez da gela hezeetan edo instalazioetarako baino ez direnetan ipini behar.

14. artikulua.– Administrazio-jarraipena.

1.– Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez egingo du Dekretu honen garapenaren administrazio-jarraipena, eta ikuskapenak egin ahal izango ditu Dekretua betetzen dela egiaztatzeko.

2.– Administrazio-jarraipen horren ondoriozko ikuskatzeak Eraikinaren Liburuan jasoko dira, horretarako gorde den tokian.

15. artikulua.– Agirien ereduak eta Dekretua betearazteko arauak.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren agindu baten bidez onetsiko dira Eraikinaren Liburua osatzen duten agirien ereduak. Era berean, sailburuari esku ematen zaio Dekretu hau betearazteko behar diren arauak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENA

1.– Dekretu honek ezarritakoak nahitaez bete beharko dira dekretua indarrean sartu ondoren Obraren Azken Ziurtagiria eskuratzen duten etxebizitza-eraikinetan.

2.– Dekretu hau sei hilabeteko epean sartuko da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 21ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala