Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2003ko urriaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
5719

AGINDUA, 2003ko urriaren 1koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko eta hobetzeko laguntzak, Eraikal Sei programa, arautzen dituena.

Indarrean dagoen 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planak bere gain hartzen du, helburu estrategikoen artean, etxe-eraikuntzaren sektorean kalitatea bultzatzea.

Administrazioak eraikuntzaren kalitatea indartu beharko du, prozesuan esku hartzen duten eragileak adoretuz eta eragileon prestakuntzan esku hartuz.

Planak bi bide zehaztu ditu kalitate-maila egokia lor dadin: kalitatearen bermea, produkzio-prozesuaren zein produktuaren kalitate gisa, eta, erabateko kalitatearen kudeaketa, edo kudeaketa integratuaren kalitatea.

Etxe-eraikuntzaren sektorean eragile ugarik hartzen dute parte, zuzenean nahiz zeharka (proiektugilea, sustatzailea, etxegilea, gremioak, material-hornitzaileak, bezeroak), eta nork bere eginkizuna du. Hori dela-eta, hainbat dira amaierako kalitatean eragina izan dezaketen puntu ahulak. Kalitatearen kudeaketarako sistema bat ezartzea era bakarra da prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka bermatzeko.

2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planak proposatzen du EAEko etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketaren ondoko sistemak integratzea:

Kalitate-Plana.

Ingurumena kudeatzeko programa.

Segurtasuna eta laneko arriskuak kudeatzeko programa.

Eraikuntzaren sektorean kalitatea sustatzeko, Planak proposatu du "Eraikal Programari" eustea.

Laguntzak emateko egindako aurreko deialdiek lortu duten arrakasta handia ikusita, komenigarria da kalitatearen kudeaketa onena ziurtatzera bideratutako jarduerak indartzen eta sustatzen jarraitzea.

1998an etxebizitzak eraikitzeko kalitatea hobetzeko sistema bat antolatu beharra ikusita, eta EAEko Enpresa Elkarteekin, arloko enpresa ezagunekin eta beste hainbat entitaterekin, harremanak izan ondoren, lehenengo programa, hain zuzen, "EAEko etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko eta hobetzeko laguntzak, Eraikal 1 programa," gauzatu zen.

Ondoren, Eraikal 2 eta 3 etorri ziren.

2001. urtean eta Eusko Jaurlaritzaren sailen egitura berrantolatu ondoren, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila sortu zen. Sail horrek Eraikal Lau eta Bost programak abiarazi ditu.

Programa horrekin lortutako emaitza onez jakitun (400 enpresa baino gehiago ari dira Sailarekin lanean etxe-eraikuntzaren arloko kalitate-kudeaketarako sistemak garatzen eta ezartzen), baina, era berean, urratzear dagoen bide luzeaz jakitun, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak sektoreko enpresak bultzatu nahi ditu etengabeko hobekuntzarantz, eta, ondorioz,egungo merkatuan lehiatu ahal izateko jarrerarantz. Hori dela-eta, Eraikal Sei abian jarri du. Programa horretan, Sailak ezarritako lehentasuna azpimarratzen da, alegia, kalitatea kudeatzeko sistema integratuen proiektuen aldekoa (kalitatearen, ingurumenaren eta lan-segurtasunaren kudeaketa), eta etengabeko hobekuntzaren aldekoa, eta, batez ere, EFQM kalitaterako Europako ereduaren aldeko apustua (programaren zutabe nagusia), behin ISO egiaztapenaren faseak gaindituta.

Ondorioz, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea honako hau arautzea da: Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea eta hobetzea sustatzeko emango dituen laguntza ekonomikoak, Eraikal Sei programa,alegia.

2.– Agindu honi dagokionez, etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresatzat joko dira Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren barruan eraikuntzarekin edo etxe-eraikuntzaren eremuko higiezinen jarduerekin zerikusia duten ondorengo azpisektoreetakoren batean daudenak:

45.– Eraikuntza

45.1.– Obrak prestatzea.

45.2.– Higiezinen eraikuntza orokorra eta ingeniaritza zibileko obrak.

45.3.– Eraikinen eta obren instalazioak.

45.4.– Eraikinen eta obren akabera.

45.5.– Eraikuntzarako edo eraispenerako ekipoak, langilea eta guzti, alokatzea.

70.– Higiezinen jarduerak

70.1.– Norberaren konturako higiezinen jarduerak

70.1.1.– Higiezinen promozioa

70.1.2.– Ondasun higiezinen salerosketa.

70.2.– Norberaren konturako ondasun higiezinen alokairua.

70.3.– Hirugarrenen konturako higiezinen jarduerak.

70.3.1.– Higiezinen jabetzaren agenteak.

70.3.2.– Higiezinen jabetzaren kudeaketa eta administrazioa.

3.– Xede horretara 800.000 euro bideratuko dira guztira. Zenbateko hori honela banatuko da: 80.000 euro 2003ko ekitaldirako 470.000 euro 2004ko ekitaldirako eta 250.000 euro 2005eko ekitaldirako, betiere 2003ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 27ko 8/2002 Legean ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, esandako guztizko zenbateko hori alda daiteke, laguntzen gainean ebazpena eman baion lehen; hain zuzen ere, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste laguntza-programa batzuk egin, eta horietan agortu gabe geratzen diren aurrekontu-bitartekoen arabera. Inguruabar hori argitara emango da Etxebizitza sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2. artikulua– Eraikal programaren helburu nagusiak.

1.– Eraikal programaren helburu nagusiak ondokoak dira: EAEko etxe-eraikuntzaren sektoreko erakundeetan kudeatzeko sistema integratuak garatu eta ezartzeko proiektuak sustatzea eta erakunde horietan etengabeko hobekuntzarako eta enpresaren bikaintasunerako ohiturak praktikan jartzea.

2.– Kalitatea kudeaketa-sistema bakar batean integratzea sektoreko erakundeek lortu beharreko helburutzat hartzen da; praktika hauek, enpresak ondo funtzionatzeko beharrezkoak, Prebentzioaren alde (enpresaren filosofia gisa) egindako lanaren emaitza dira: prebentzioa produktu eta prozesuen kalitatean, prebentzioa inguratzen gaituen ingurumenaren babesean,eta prebentzioa gure enpresetako langileen lan eta osasun baldintzetan.

3.– Kudeatzeko sistemak egiaztatzea. Kudeatzeko sistemak ezartzen dituzten erakundeek ISO 9001:2000 eta ISO 14001 egiaztagiriak lortzea ez da berez helburutzat hartu behar, baina bada urrats sendo bat eta helmuga objektibo bat, enpresak hobetzeko konpromiso irmoa duela erakusteko. Beraz, kudeatzeko sistemen egiaztagiriak eraginkortasunaren adierazle garrantzitsuak dira Eraikal programaren laguntzak jasotzen dituzten erakundeentzat.

4.– Etengabeko hobekuntza. Era berean, Eraikal programan etengabeko hobekuntzarako praktikak planteatzen dira, etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresen iraupena ziurtatzeko.

Arlo honetako ekimenak, baita EFQMren Enpresaren Bikaintasunaren Ereduaren araberako puntuazioan hobetzera bideratutako helburuak ere, badira lehentasunezko helburuak Eraikal programaren proiektu eta ekimenak ebaluatzeko irizpideetarako.

5.– Enpresa txikiak eta eraikuntza sektoreko gremioak. Enpresa-sektore honetan ere lagundu nahi du Eraikal programak, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikuntza sektoreko enpresa txikiak garrantzitsuak direla jakitun. Hori dela-eta, enpresa txikien eta gremioen egitura, antolakuntza eta funtzionamendua hobetzeko enpresa-proiektuak era berezian hartuko ditu aintzat.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan errotuta dauden eragileak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea sustatzen badute.

2.– Hiru motatako eragileak hartuko dira aintzat:

a) Etxe-eraikuntzaren sektoreko izaera traktoreko enpresak, erosteko eta kontratatzeko duten ahalmena dela-eta beren hornitzaile eta kontratisten artean eragiteko eta lider izateko gaitasuna dutenak.

b) Etxe-eraikuntzaren sektoreko taldeak edo elkarteak, ordezkaritza edo deialdi-gaitasun handia dutenak.

c) Etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresa ugarik kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko euskarri egokia eskaintzen duten beste eragile batzuk.

Horrelakotzat joko dira normalizazio eta egiaztatzerako erakundeak, kalitatea sustatzen diharduten entitateak, etxe-eraikuntzaren sektoreari lotutako profesionalen elkargoak, ikerketa teknologikorako zentroak eta abar.

4. artikulua.– Lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea eta hobetzea sustatzeko jarduerak, agindu honen 3. artikuluan deskribatutako eragileek garatutakoak, lagundu ahal izango dira.

2.– Etxe-eraikuntzaren sektoreko izaera traktoreko enpresek, erosteko eta kontratatzeko duten ahalmena dela-eta beren hornitzaile eta kontratisten artean eragiteko eta lider izateko gaitasuna dutenek, kudeatzeko sistemak ezartzea sustatuko dute horien artean, honako jarduerak egiten dituztenean: Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako erakundean kalitate-sistema bat ezartzen dutenean eta Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako hornitzaile eta kontratista ugarirekin hitzarmenak egiten dituztenean, horiek kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko konpromisoa hartzeko. Horretarako, enpresa traktoreak eskainiko dizkie babes, aholkularitza eta laguntza tekniko egokiak, bi aldeen mesedetan.

3.– Ordezkaritza edo deialdi-gaitasun handia duten etxe-eraikuntzaren sektoreko taldeek edo elkarteek kalitatea kudeatzeko sistema bat ezartzea sustatuko dute beren eremuko enpresen artean, horietako ugarirekin hitzarmenak egiten dituztenean, horiek kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko konpromisoa hartzeko. Horretarako, babes, aholkularitza eta laguntza tekniko egokiak eskainiko dizkie talde edo elkarteak, parte-hartzaileentzat onura komunak lortzeko.

4.– Halaber, Agindu honetan araututako laguntzak jaso ahal izango dituzte 3.2 c) artikuluan deskribatutako eragileek, kalitate-sistemak ezartzeko beste jarduera batzuk sustatu, lagundu eta jarraitzeagatik.

5.– Ez dira lagun daitezkeen jardueratzat joko ekipamendua erostera edo horiek amortizatzera bideratutako inbertsioak.

6.– Ezingo dira Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzen onuradun izan izaera bereko edozein dirulaguntza-programaren testuinguruan dirua itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren batean murgilduta dauden eragileak.

5. artikulua.– Laguntzak eskatzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko espedienteari eskaerarekin emango zaio hasiera. Eskaerari honako dokumentazioa erantsiko zaio:

a)Kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea sustatzeko hainbat urtetarako proiektuaren memoria (gehienezko urteen kopurua 3 izango da, 2005era arte, hori barne), gutxienez honako alderdiak barne hartuko dituena:

a.1) Sarrera: Eragile sustatzailearen deskribapen orokorra, enpresaren egituraren nondik norako nagusiak eta proiektuarekin lortu nahi diren helburu nagusiak.

a.2) Lanerako Planaren garapena, proiekturako aurreikusitako jarduketen programazioaren eta helburu espezifikoen deskribapenaren bitartez, eta, hala egokituz gero, proiektuaren faseetan lortuko diren tarteko helmugen definizioaren bitartez.

a.3) Enpresek beren eredugarritasuna zabaldu eta indartzeko aurreikusten dituzten jarduerak.

a.4) Konpromisoen formalizazioa. Proiektuan parte hartzen duten enpresek honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte bere gain:

a.4.1) Eragileen konpromisoak:

Enpresa hornitzaileen eta azpikontratatzaileen taldeekin batera proiektuak burutzen dituzten enpresa traktoreek, orobat etxe-eraikuntzaren sektoreko enpresa talde edo elkarteek, proiektuaren koordinatzaile arduradun bat izendatu beharko dute. Koordinatzaile horrek laguntzak jasotzen dituen erakunde onuradunekoa izan behar du.

a.4.2) Eraikal ekimenaren jardueren barruan, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ezar ditzakeen ekintzetan (sentsibilizatzeko, prestatzeko eta esperientziak trukatzeko) esku hartzeko gertu egon beharko dute proiektuan parte hartzen duten enpresek.

a.5) Aholkularitza-enpresak zehaztea- Proiektuan aholkularitza-enpresa bat kontratatuko dela jasotzen denean, enpresa horren lankidetza-eskaintza aurkeztu beharko da. Bertan, ondokoak jasoko dira gutxienez:

– Jardueren programa,

– Proiekturako proposatutako helburuak eta epeak,

– Beharrezko baliabideak eta aurrekontua.

a.6) Proiektuaren gastuen aurrekontua, ondokoak jaso beharko dituena:

a.6.1) Zereginen edota jardueren araberako banaketa.

a.6.2) Zeregin bakoitzean, barruko gastuak eta kanpokoak edo azpikontratatuak bereiztu beharko dira. Barruko gastuei dagokienez, egin nahi diren zereginak zehaztuko dira, baita kontuan hartutako orduaren araberako tarifa ere. Kanpoko aholkularitza-enpresa bat kontratatuz gero, arrazoitutako estimazio bat edo, hobeto, aurrekontu bat aurkeztu beharko da.

a.6.3) Trakzio-proiektuen aurrekontu osoan, enpresa parte hartzaile bakoitzarentzat aurreikusten den kopurua bereiztu beharko da, eta alderik egonez gero, alde horiek arrazoitu.

a.6.4) Proposamena aurkezten denean, proiektuak bestelako dirulaguntza osagarririk badu, erakunde onuradunak proposamenean adierazi behako du, dirulaguntzaren zenbatekoa eta mota zehaztuta.

b) Eskaria egiten den egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela egiaztatzen duen agiria.

c) Identifikazio fiskalaren txartelaren fotokopia.

d) Eskatzailea ordezkari aritu ahal izateko ahalordearen kopia.

Laguntzak proiektuaren hasierako faseak ez direnak egiteko eskatzen direnean, beren izaera dela eta eguneratzea eskatzen duten agiriak bakarrik eskatu ahal izango dira.

2.– Eskaeraren alderdi guztiak betetzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez badira, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsegitea konpontzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. artikuluak xedatutakoaren arabera. Hutsegitea adierazitakoaren arabera konpontzen ez badu, entitatearen eskaera bertan behera utziko da, aurrez aipatutako legearen 42 artikuluaren arabera hartutako erabakiaren ondoren.

3.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, halaber, eskatzaileei eskatu ahal izango die aurkezten diren proiektuak ebaluatzeko eta erabakitzeko beharrezko irizten dituen agiri guztiak edo/eta informazioa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako epearen barruan.

4.– Dokumentazio hori Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzan aurkeztu beharko da, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legean aurrez ikusitako edozein bitartekoren bidez.

5.– Dokumentazio aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. artikulua.– Laguntzak zehaztea.

1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak proiektuak finantzatu ahal izango ditu, itzultzerik gabeko dirulaguntzen bidez. Alabaina, laguntza horiek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak berak onartutako kudeaketa-sistemak ezartzea sustatzeko proiektuen aurrekontuetako gastuen %50ekoak izango dira, gehienez ere. Gainera, laguntzen gehienezko kopurua 80.000 euro izango da.

2.– Onuraduna irabazi-asmorik gabeko entitatea denean, laguntzen zenbatekoa Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak berak onartutako proiektuari dagozkion gastuen %100ekoa izatera irits daiteke. Laguntza honi dagokionez, ez da indarrean egongo aurreko zenbakian adierazitako gehienezko muga.

Enpresa edo entitate onuradunaren partaidetzaren %50 baino gehiago administrazio publiko batena edo batzuena denean, laguntza azpikontratazioko gastuak estaltzera edo/eta trakzio-proiektuetan hirugarrenei laguntzera bakarrik bideratu ahal izango da. Inola ere ezingo da erabili enpresako langileen barne-arduraldia estaltzeko.

3.– Honakoak izango dira onuradunak hautatzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpideak:

3.1. Irizpide teknikoak: 200 puntu

3.1.a. 2002-2005 Etxebizitza Bideratzeko Planaren helburuetara eta Eraikal programaren helburu espezifikoetara (Agindu honen 2. artikuluan adierazitakoetara)zenbateraino egokitzen den proiektua(100 puntu).

3.1.b. Proiektuaren memoriaren kalitatea, Agindu honen 5.1.a puntuan jasotzen diren baldintzen arabera (100 puntu).

3.2. Irizpide ekonomikoak: 100 puntu

3.2.a. Proposatutako jardueren kostuari dagokionez, proiektuaren aurrekontuak zenbateraino egokitzen zaizkion merkatuaren irizpideei. Honako hauek baloratuko dira, bereziki: barruko dedikazioaren estimazioa, proposatutako orduaren araberako tarifak eta aholkularitza-enpresa azpikontratatzeko kostuak (50 puntu).

3.2.b. Proiektuan parte hartzen duten enpresen kopurua, proiektuan aurrez ikusitako jardueraren eragin globala baloratzea ahalbidetuko duena (50 puntu).

Arlo bakoitzeko proposamenik onenei puntuaziorik handiena emango zaie, eta horiekiko izan duten desbideratzearen arabera kalkulatuko dira gainerako balorazioak.

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak:

200 puntu baino gehiago: aurrekontuaren %50eko dirulaguntza, gehienez.

100 puntu baino gehiago: aurrekontuaren %25eko dirulaguntza, gehienez.

Gainerakoetan: %15eko dirulaguntza, gehienez.

Seigarren artikuluan jasotako kasuan eta irabazi-asmorik gabeko entitateei dagokienez, %100eko dirulaguntza lortzeko ezinbestekoa da lortutako puntuazioa 200 puntu baino gehiagokoa izatea.

Halako puntuaziorik lortzen ez bada, aurreko balorazio-eskalak ezarritakoa aplikatuko da.

Agindu honetako 1.3 artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa ez bada aurkeztutako eskabide guztiei emateko artikulu honetako 4. paragrafoan aipatzen diren zenbatekoak, zuzkidura hori betekizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, nola eta eskaera guztiei erantzuteko beharrezko zenbatekoa kontuan hartuta hasieratik bakoitzerako kalkulatu ziren kopuruen proportzioan.

7. artikulua.– Organo kudeatzailea eta esleipenaren ebazpena.

1.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa egitea.

2.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak, aurretiaz berak izendatutako Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzako Ikerketa, Plangintza eta Aurrekontu Zerbitzuko bi teknikarik osatutako kide anitzeko organoak egindako proposamenaren argitara, ebatzia emango du, dirulaguntza emanez edo ukatuz, gehienezko lau hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen denetik hasita. Berariaz adieraziko dira onartutako aurrekontua, zenbatekoa eta diruz lagundutako ehunekoa, baita emandako laguntzaren gehienezko izaera ere.

Aurreko pasartean aipatutako ebazpena banaka adierazi beharko zaie interesdunei eta, aldi berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluak dakarren publizitate-printzipioa betetzeko, Legegintza Dekretu horrek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu baitu.

3.– Aurreko atalean adierazitako epean ebazpena jakinarazi ez bada, egindako eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako; hala ere, aipatutako legeak administrazioari ezartzen dio berariazko ebazpena eman beharra.

4.– Dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean onuradunek berariaz ez badiote uko egiten laguntza horri, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da eta, gisa horretan, esleipendunak bere egingo du eman zaion dirulaguntza helburu egokietarako erabiltzeko konpromisoa.

8. artikulua.– Laguntza jasotzea, jarraipenerako sistema eta gastuak justifikatzeari buruzko arauak.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

%10 ordainketa aurreratu gisa ordainduko da. Hori dirulaguntza onartzeko ebazpenean adieraziko da.

Gainerako zatia, %90, hiru hilean behingo txostenak aurkeztu ahala ordainduko da, lanerako planetan aurkeztutako tarteko helburuen arabera.

2.– Proiektuen jarraipena:

2.1) Eraikal programaren dirulaguntzen esleipendun guztiek hilean behin txostena aurkeztu beharko dute, proiektuaren eboluzioaren berri emateko. Txosten horretan, bereizitako bi zatitan, alderdi teknikoak eta administratiboak jasoko dira.

Proiektu espezifikoan onartutako Lanerako Planari dagokionez, jarduera eta zereginen eboluzioaren deskribapena jasoko du zati teknikoak. Bertan, hauek azalduko dira:

– Proiektuaren aurrerapen-maila.

– Aurreikusitako helburuetatik eginiko desbideratzeak.

– Desbideratze horiek zuzentzeko ekintzak.

– Izandako dedikazioa, barruko dedikazioa eta azpikontratazioa barne.

Hiruhilekoan egindako jarduerei (zati teknikoetan deskribatuta daudenak) dagozkien gastuen justifikazioa jasoko du zati administratiboak, eta bertan ondokoak azalduko dira:

– Entitatearen barruko gastuen zinpeko adierazpena, egindako zereginak eta zeregin bakoitzeko emandako orduak adierazita.

– Parte hartzen duten aholkularitza-enpresak azpikontratatzeko fakturen kopia konpultsatuak, halakorik balego, edo proiektuaren jarduerei egozteko diren beste gastuenak.

– Eskaria egiten den egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela egiaztatzen duen agiria.

2.2) Hiruhileko txosten teknikoak eta administratiboak onartzeak eskubidea emango dio erakunde esleipendunari justifikatutako jarduerari dagokion dirulaguntza kobratzeko.

2.3) Erakunde onuradunak dirulaguntzaren kobrantza zentralizatzen duenean, ondoren proiektuan parte hartzen duten enpresetara banatzeko asmoarekin, zenbateko horiek ordaintzeko konpromiso-karta aurkeztu beharko du, zenbatekoak enpresaka zehaztuz. Ondoren, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailera bidali beharko zaizkio enpresei egindako ordainketen egiaztagiriak eta Eskaria egiten den egunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta daudela egiaztatzen duen agiria.

2.4) Proiektu batek Eraikalez gain beste laguntza osagarriren bat edo batzuk baditu, entitate onuradunak hori aitortu beharko du gastuen justifikazioan, beste dirulaguntzen zenbatekoa eta mota adieraziz (Eraikalen aurreko deialdiak, Hobetuz, Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazioetako programa batzuk, estatuko programak, Europako programak eta abar). Kasu horretan, Agindu honen 10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

3.– Gastuen justifikazioetan partida bakoitzaren hasierako aurrekontu-zifraren %25 arteko desbideratzea onartuko da aurrekontuaren partida desberdinen artean. Ehuneko hori baino gehiagoko desbideratzeak idatziz eskatu beharko dira eta berariaz onartu beharko ditu Finantza Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariak, dirulaguntzen erregimen honen organo kudeatzaile baita. Edonola ere, ez da aldatuko dirulaguntzaren ehuneko osoa eta jasotzeko gehienezko zenbatekoak ezingo du izan hasieran onartutakoa baino handiagoa.

4.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo beste administrazioren batek edo erakunde publiko edo pribaturen batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badu, edo helburu bera duen beste diru-sarrera edo bitartekoren bat bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntza jaso ahal izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

5.– Aholkularitza-enpresen azpikontratazioei ezingo zaie kargatu entitate onuradunaren kudeaketa-ehunekorik. Kudeaketa-gastuak entitateak proiektuan izango duen jardunaren zatitzat jo behar dira.

6.– Dirulaguntzen erregimen honen onuradunak derrigortuta daude Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-funtzioak gauzatzerakoan eskatutako edozein informazio ematera.

9. artikulua.– Ez betetzearen ondorioak.

1.– Onuradunak Agindu honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezarritako edozein eskakizun betetzen ez badu, Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak, interesdunaren entzunaldia barne izango duen ez betetzearen espedientearen ostean, dirulaguntzaren eskubidea galdu egin dela eta Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntza eta horiei legez dagozkien interesak itzuli behar zaizkiola adieraziko duen ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan xedatutakoari jarraiki, eta egoki diren gainerako ekintzak kaltetu gabe. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

2.–Itzultzeko prozedurari administrazioko arau-hauste izan litezkeen gertaeren ondorioz ekin bazaio, organo eskumendunari jakinaraziko zaio, horrek dagokion prozedura zigortzaileari hasiera eman diezaion.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun diren eragileek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari eman beharko diote Administrazio honetako beste organo batzuengandik edo beste edozein administrazio publikorengandik jasotako laguntzen berri, laguntzok kalitatearen gaiaren ingurukoak badira.

2.– Eragile batentzat Eraikalek onartutako proiektuan jasotako jarduera berberak finantzatzea izango balitz laguntza horien helburua, Agindu honen arabera eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo litzateke. Laguntza guztien kopuruak Agindu honetan ezarritako gehienezko zenbatekoak ez gainditzeko adinakoa izango da murrizketa hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Hala ere, agindu horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salaren aurrean, data beretik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko urriaren 1a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala