Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2003ko urriaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
5632

AGINDUA, 2003ko urriaren 16koa, Kultura sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatu edota entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak ematen dituen 2003ko apirilaren 23ko Agindua aldatzen duena.

Kultura sailburuaren 2003ko apirilaren 23ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatu edota entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak ematen dituenak, bere 8. artikuluan deialdi horretara aurkezten diren eskaerak aztertu eta ebaluatzeko epaimahaiaren kide izango direnak zehazten ditu.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa da eta toki-entitateei zuzendutako deialdiaren bitartez plan hori garatzeko laguntza teknikoa eta diru-baliabideak eskaintzen zaizkie hizkuntza normalizatzeko ahaleginetan diharduten herri-aginteei. Hori guztia dela eta, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia oinarrizko tresna da.

Bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren ildo nagusiak erabakitzeko eta foru-aldundiek eta udalek bideratutako euskararen aldeko sustapen-politika gidatzeko oinarrizko erreferentzia eta tresna izan da eta da. Horrezaz gain, erakunde horien guztien arteko koordinazioa eta elkarlana bideratzeko oinarrizko tresna ere bada.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia indartu eta hedatzeko asmoz Foru Aldundiekin elkarlanean jardun izan du. Elkarlan hori dela eta, gorago aipatutako diru-laguntzak nola esleitu proposatu behar duen Epaimahai horretan Foru Aldundien ordezkariren bat izendatzea ohikoa izan da. Gorago adierazitako 2003ko apirilaren 23ko Aginduak epaimahairako Foru Aldundien ordezkaririk izendatzen ez zuenez, eta egiteko honetan erakundeen arteko behar bezalako koordinazioa eta elkarlana ziurtatzearren, ezinbesteko jotzen da Agindu honen bidez epaimahaiaren kide-kopurua areagotzea. Horren guztiaren ondorioz, hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra. – 2003ko apirilaren 23ko toki-entitateen deialdiaren 8. artikulua aldatzea, amaieran ondorengo testu hau erantsiz:

"Foru Erakundeetako ordezkari diren Euskararen Aholku Batzordeko bi kide:

– Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia;

–Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Normalkuntzarako zuzendaria."

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio. Honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura sailburuari interesatuek agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa jar dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako aretoan agindua argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hilabeteko apean.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Gasteiz, 2003ko urriaren 16a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala