Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2003ko urriaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
5572

237/2003 DEKRETUA, urriaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoak Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluan dituen zenbait ordezkari kendu eta berriak izendatzeko dena.

Estatuko portuei eta nabigazio zibilari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea aldatzen duen abenduaren 26ko 62/1997 Legeak interes orokorrekoen artean sailkatutako portuak arautzen ditu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Bilboko eta Pasaiako portuak sartzen dira interes orokorrekoen artean.

Estatuaren lurraldea antolatzeko modua eta lurralde horretako interes orokorreko portuek Autonomia Erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta sozial handia kontuan hartuta, aipatutako Legeak beharrezko neurriak ezartzen ditu erkidegoek portuetako agintaritzaren antolakuntzako egituretan parte-hartze handiagoa izan dezaten. Izan ere, agintaritza-egitura horiek portuak arautzen dituzten organoak dira.

Hori dela eta, abenduaren 26ko 62/1997 Legearen artikulu bakarreko 14. paragrafoak finkatzen duenez, autonomia erkidegoek ezarriko dute portuetako agintaritzen administrazio-kontseiluak zenbat kidek osatuko dituzten, eta, halaber, autonomia erkidegoek izendatuko dituzte, administrazio-kontseiluetan ordezkaturiko herri-administrazioek, entitateek eta organismoek proposaturiko kideak, aipatutako 14. paragrafoan finkatu ziren irizpideen arabera.

Aipatutako lege horretan ezarritakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretua onartu zuen, hain zuzen ere Bilbo eta Pasaiako portuetako agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedurari jarraitu behar zaion, eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazteko.

Dekretu horren 4. artikuluak, udalen ordezkariei buruzkoak, honela dio:

"1.– Portuaren zerbitzu-eremuak hartzen dituen udalerriek, abenduaren 26ko 62/1997 Legearen artikulu bakarreko 14. idatz-zatiak adierazten duenari jarraikiz, hiru ordezkari izango dituzte kasuan kasuko portuko agintaritzako administrazio-kontseiluan.

2.– Batzarkideak izendatzeko proposamenak Garraio eta Herri Lan Sailari jakinaraziko zaizkio, Sailak proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu, eta Kontseiluak batzarkideak izenda ditzan.

3.– Batzarkideak izendatzeko erabilitako prozedura berbera erabiliko da batzarkideak kargutik kentzeko."

Dekretu horren 6. artikuluak, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariei buruzkoak, honela dio:

"1.– Autonomia Erkidegoak bederatzi batzarkide izango ditu portuko agintaritza bakoitzean. Horiek izendatzeko irizpide hauek beteko dira:

a) Hiru batzarkide kasuan kasuko Lurralde Historikoko Foru Aldundiak proposatuko ditu.

b) (…)

c) (…)

2.– Atal honetako 1.a) eta 1.b) puntuen arabera Foru Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako Sailei dagozkien proposamenak Garraio eta Herrilan Sailari jakinarazi beharko zaizkio, Garraio eta Herrilan Sailak Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztu eta Kontseiluak behin betiko izanda ditzan batzarkideak.

3.– Batzarkideak izendatzeko erabilitako prozedura berbera erabiliko da batzarkideak kargutik kentzeko."

Kasuan kasuko lurralde historikoetako foru aldundiek eta udalek behar bezala jakinarazi diote Garraio eta Herri Lan Sailari administrazio-kontseiluetarako zein ordezkari proposatzen dituzten.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuan (Bilbo eta Pasaiako portuetako agintaritzetako lehendakariak eta administrazio-kontseiluetako kideak izendatu eta kentzeko zein prozedurari jarraitu behar zaion eta horretarako eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko zein organok duen zehazten du) ezarritakoari jarraituz, Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko urriaren 7an egindako bilkuran onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Gero aipatzen diren pertsonak Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio-Kontseilutik kentzea, kasuan kasuko herri-administrazioak hala eskatu duelako:

1.1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta:

– Antonio Jaime Ugarte jauna

– Antonio Alberdi Zabalegui jauna

1.2.– Lezoko Udalak eskatuta:

– Aitor Sarasola Salaberria jauna

1.3.– Pasaiako Udalak eskatuta:

– Juan Carlos Alduntzin Juanena jauna

2. artikulua.– Kasuan kasuko herri-administrazioak proposatuta eta maiatzaren 5eko 82/1998 Dekretuaren 2.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ondoren adierazten diren pertsonak Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio-Kontseiluko ordezkari izendatzea, dagokion administrazioaren izenean jarduteko:

2.1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta:

– Joxe Joan González de Txabarri Miranda jauna

– Luis M.ª Oyarbide Arizmendi jauna

2.2.– Lezoko Udalak eskatuta:

– Jesús M.ª Martiarena Jaka jauna

2.3.– Pasaiako Udalak eskatuta:

– Izaskun Gómez Cermeño andrea

AZKEN XEDAPENA

Kendutako eta izendatutako ordezkariak nortzuk diren Pasaiako Portuen Agintaritzako Administrazio Kontseiluko lehendakariari jakinarazten zaion egunetik aurrera izango du indarra dekretu honek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 7an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ÁLVARO AMANN RABANERA.


Azterketa dokumentala