Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2003ko irailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
5184

209/2003 DEKRETUA, irailaren 9koa; beraren bidez nekazaritzako elikagaien industrientzako laguntzak ezarri dira, euren produktuen kalitatea hobetu dezaten (Ekin programa).

Herritarrek, elikadura egokia eta osasungarria euren ongizaterako eta osasunerako oso garrantzitsua dela ohartuta, geroz eta kalitate handiagoa eskatzen dute kontsumitzen dituzten produktuetan.

Horregatik, nekazaritzako elikagaien industriak ezinbestekoa dute kalitatea kudeatzeko prozedura egokiak ezartzea, hain zuzen ere ekoizten edo eraldatzen dituzten produktuen kalitatea kontrolatzeko sistemak, eta gainera Europako Batasunak honetaz emandako xedapenak errespetatzen dituztela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak badaki zein garrantzitsua den Erkidegoko lurraldean ari diren nekazaritzako elikagaien arloko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea eta informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzen hastea sustatzea eta behin sistema horiek ezarri eta teknologia horiek erabiltzen hasiz gero bide beretik jarraitzen laguntzea, kontsumitzaileek jasotzen dituzten produktuen kalitatea hobetzeko tresnak dira eta. Ildo beretik, Administrazioak badaki enpresek esfortzu ekonomiko handia egin behar dutela horiek guztiak ezartzeko. Bada, horregatik guztiagatik, aurreko urteetan egin diren ahaleginei jarraipena eman behar zaie eta laguntza-sistema bat ezarri behar da enpresei kalitatearen gaineko diagnostikoak egiteak eta hura ziurtatzeko sistemak ezartzeak eta informazioa eta komunikazioen teknologia (IKT) berriak ezartzeak sortzen dituzten gastuak eta eragiten dituzten inbertsioak arintzeko.

Euskal nekazaritzako elikagaien industriaren produktuen aurrerapena eta balio erantsiaren hobekuntza sustatzeko diru-laguntza emateko programa behar denez, eta kontuan izanik 165/2000 Dekretuan horretarako ezarri zen programa ez dela egokia gaur egungo beharrizanetarako, dekretu hau eman eta argitaratu da, eta orain artean indarrean egon dena, uztailaren 28ko 165/2000 Dekretua, indargabetu da.

Hori dela bide, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposaturik eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 9an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea laguntza-programa bat ezartzea da, nekazaritzako elikagaien arloan ari diren pertsona fisikoek edo juridikoek kalitatearen gaineko diagnostikoak egiteko eta hura kudeatzeko sistemak ezartzeko edota informazioa eta komunikazioen teknologia (IKT) berriak ezartzeko gastuak edota inbertsioak egitea sustatzeko.

2. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Laguntza-lerro hauek ezarri dira:

1. lerroa.– Kalitate-sistemak ezartzea.

Dekretu honen ondorioetarako, diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak izango dira ISO eta APPCC sistemak ezarri, egokitu edota ziurtatzea. Dekretu honetako 7. artikuluan aurreikusten den eskaerak egiteko epea irekitzen duen urteko Aginduan zehaztuko dira urte bakoitzean zein sistema ezarri, egokitu edota ziurtatzea lagunduko den diruz.

2. lerroa.– Informazioa eta komunikazioen teknologia (IKT) berriak ezartzea enpresaren negozio-prozesu guztiak edo haietako batzuk integratzeko.

Dekretu honetako 7. artikuluan aurreikusten den eskaerak egiteko epea irekitzen duen urteko Aginduan zehaztuko dira urte bakoitzean zein IKT ezartzea lagunduko den diruz.

3. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Dekretu hau aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren %40a gaindituko ez duten laguntzak emango dira. Dena dela, laguntza hau gehitu daiteke, gehienez ere %50era arte, honako kasuetan:

– eskatzailea sortu berri den enpresa baldin bada, %5. Dekretu honetan xedatutakoaren arabera, sortu berri diren enpresak izango dira jarduera laguntza eskatu duten urte berean hasi dutenak.

– eskatzailea Mikroenpresa kategoria duen enpresa baldin bada, %5. Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, Mikroenpresak izango dira laguntza eskatu aurreko hilabetean 10 langile baino gutxiago dituzten enpresak. Partaidetzan gehienez ere kapitalaren %25a emango zaie enpresei, baldin eta 250 langile baino gehiago badituzte edo, bestela, negozio-bolumena urtean 40 milioi euro baino handiagoa edo urteko balantze orokorra 27 milioi eurotik gorakoa badute.

2.– Dekretu honetako 7. artikuluan aurreikusten den eskaerak egiteko epea irekitzen duen urteko Aginduan ezarriko dira urte bakoitzean laguntza guztien zenbateko osoa eta kalitate-sistema zehatz bakoitzari eta IKT bakoitzari emango zaion diru-laguntzaren kopurua, dekretu honetako xedapen iragankorretan 2003. urterako xedatu denari kalterik egin gabe.

4. artikulua.– Onuradunak.

Dekretu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan daitezke dekretuan bertan xedatutakoaren arabera diru-laguntza jaso dezaketen gastuak edota inbertsioak egiten dituzten nekazaritzako elikagaien arloko pertsona fisiko zein juridikoak, arrainaren eraldakuntzaren arlokoak izan ezik; horretarako bertan ezarritako betekizunak bete behar dituzte.

5. artikulua.– Betekizunak.

Laguntza eskatzen dutenek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) 2. artikuluan aipatutako laguntza-lerroak garatzea. Honetarako, enpresa eskatzailearekin ez zuzenean ez zeharka inolako loturarik (akzioak edo partaidetzak) ez duten zerbitzu teknikoak edo enpresa espezializatuak kontratatuko dira.

b) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edota gastuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruaren barruan egin behar dira.

c) Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak edota gastuak eskabidea aurkezten den ekitaldiko urtarrilaren 1etik aurrera egin behar dira.

d) Laguntza eskatzen duenak egunean izan beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan alta emanda edo erregistratuta egon behar da.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako eta izaera bereko diru-laguntzen markoan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sarturik ez egotea eta hori amaituta ez egotea.

6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariari bidali behar zaizkio eta Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea, 1, Gasteiz) aurkez daitezke edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4. artikuluan ezarritako tokietako batean. Eskabideak Internet bidez ere bete ahal izango dira, hain zuzen ere Nekazaritza eta Arrantza Sailak horretarako jarritako webgunean: www.nekanet.net/ekin.

2.– Pertsona juridikoek dekretu honen eranskinean ageri diren eskabide-inprimaki normalizatuetan aurkeztu behar dituzte euren eskaerak (E-1, E-2, E-3, E-4 inprimakiak), eta haiekin batera ondoko agiriok ere bai:

– E-1 inprimakia: Eskaera

– E-2 inprimakia: Ezarpena

– E-3 inprimakia: Zinpeko adierazpena

– E-4 inprimakia: Enpresaren deskripzio-memoria xehekatua

– Gizarte Segurantzari eta Ogasunari ordaindu beharrekoa ordaindu zaiela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

– Enpresaren estatutu sozialen kopia.

– Eratze-agiriaren kopia.

– Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan alta emanda edo erregistratuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

– Legezko ordezkariaren NANaren eta ahalordetze-eskrituraren fotokopia.

– Enpresaren eta kalitate-sistema ezartzeko (1. lerroa) edo IKT berriak ezartzeko (2. lerroa) agindu zaion firmaren arteko proforma fakturen, kontratuen edo antzeko agirien kopia.

– Azken 5 urteetan ez bada jaso Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik edo Hirugarrenaren Alta Agirian adierazitako datuetan aldaketaren bat gertatzen bada, Hirugarrenaren Alta Agiria bete behar dute, enpresak eta finantza-erakundeak behar bezala sinatu behar dute eta enpresa eskatzailearen titularraren IFZ edo NANaren fotokopiarekin batera aurkeztu.

– Mikroenpresa bada, eskabidea aurkeztu aurreko hileko TC2-aren kopia.

3.– Pertsona fisikoek dekretu honen eranskinean ageri diren eskabide-inprimaki normalizatuetan aurkeztu behar dituzte euren eskaerak (E-1, E-2, E-3, E-4 inprimakiak), eta haiekin batera ondoko agiriok ere bai:

– E-1 inprimakia: Eskaera

– E-2 inprimakia: Ezarpena

– E-3 inprimakia: Zinpeko adierazpena

– E-4 inprimakia: Garatzen duen jardueraren deskripzio-memoria xehekatua.

– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

– Gizarte Segurantzari eta Ogasunari ordaindu beharrekoa ordaindu zaiela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

– Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan alta emanda edo erregistratuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

– Azken 5 urteetan ez bada jaso Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik edo Hirugarrenaren Alta Agirian adierazitako datuetan aldaketaren bat gertatzen bada, Hirugarrenaren Alta Agiria bete behar dute, enpresak eta finantza-erakundeak behar bezala sinatu behar dute eta enpresa eskatzailearen titularraren IFZ edo NANaren fotokopiarekin batera aurkeztu.

– Mikroenpresa bada, eskabidea aurkeztu aurreko hileko TC2-aren kopia.

4.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo erantsi beharreko agiriak eransteko hamar eguneko epearen barruan, eta adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela pentsatuko dela, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

5.– Nolanahi ere, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio edota informazio guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari. Arau honetan berariaz ezarri ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko da.

7. artikulua.– Epea eta deialdia.

1.– Urtero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak agindua emango du eskabideak aurkezteko epea zabaltzeko, 2003. urterako dekretu honetako lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoari kalte egin gabe.

2.– 2003. urterako dekretu honetako bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren xedapen iragankorretan xedatutakoari kalte egin gabe, deialdian jarraiko edukiak ezarri beharko dira, besteak beste:

Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza guztietarako gehienezko zuzkidura guztira.

Inbertsioak egiteko eta, hala badagokie, urtekoak ordaintzeko epea.

Diruz lagundu beharreko kalitate-sistemak eta IKTak zehaztea.

Diruz lagundu beharreko kalitate-sistema eta IKT bakoitzari gehienez emango zaizkien zenbatekoak.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak du dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Diru-laguntzak emateko prozedura honakoa izango da: diru-laguntzak dekretu honetan eta berau garatu eta osatzen duten arauetan xedatutakoa betetzen duten eskatzaile guztiei emango zaizkie, betiere 7. artikuluan aurreikusitako epea irekitzen duten urteko aginduetan laguntza bakoitzerako ezartzen diren gehienezko mugak eta dekretu honetako 3. artikuluan ezarritako diruz lagun daitekeen gehieneko ehunekoa kontuan hartuta.

3.– Aurreko artikuluko 2.b) idatz-zatian adierazitako zuzkidura edo, hala badagokio, dekretu honetan, 17.1 artikuluko bigarren paragrafoan ezartzen den zuzkidura aurkeztutako eskabide guztiei dekretu honetako 3. artikuluan aipatzen diren zenbatekoak emateko nahikoa ez bada, zuzkidura hori betekizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, nola eta eskaera guztiei erantzuteko beharrezko zenbatekoa kontuan hartuta hasieratik bakoitzerako kalkulatu ziren kopuruen proportzioan.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariari dagokio eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpena arrazoitu egin behar da eta, gutxienez ere, diruz lagun daitekeen inbertsioaren zenbatekoa eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu behar dira, eta urte anitzeko proiektuetan epea ere bai.

2.– Ebazpena eskabideak aurkezteko epea zabaltzeko urtero Nekazaritza eta Arrantza sailburuak emango duen agindua indarrean jarri eta sei hilabete igaro aurretik eman eta jakinarazi behar da. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera eta dekretu honetako seigarren xedapen iragankorrean xedatutakoari kalterik egin gabe.

3.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak laguntza emateko edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari eta horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.

4.– Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da dekretu honen itzalpean laguntza jasoko duten enpresen zerrenda, zeinek bere laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela.

10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Laguntza eman den xederako erabili behar dute.

b) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren esku jarri behar dituzte inbertsioa eta gastuak egin direla frogatzeko behar diren agiri guztiak.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

d) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bererako, horren berri eman behar diote idatziz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman behar diote idatziz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat emanez gero, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, dekretu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Ondorio horietarako, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak behar den likidazio-ebazpena emango du eta bertan diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doituko dira. Beharrezkoa izanez gero, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedura abiaraziko da.

2.– Baldin eta inbertsioaren edota gastuaren behin betiko benetako kostua onetsitako inbertsio edota gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariaren ebazpenaren bidez txikituko da, eta gero diru-laguntzaren portzentajea oinarri txikituari aplikatuko zaio.

3.– Hasieran aurkeztutako aurrekontuaren kopurua handitzen bada, ebazpen-proposamenaren fasera iritsi aurretik soilik sartu ahal izango da espedientean. Geroago handitutako aurrekontua aurkezteak ez du ekarriko laguntzaren zenbatekoa gehitzea.

12. artikulua.– Uko egitea.

Onuradunak berez galduko du ebazpenaren bidez aintzatetsitako eskubidea, bai eta laguntza osoa edo haren zati bat kobratzeko eskubidea ere, kasuan kasukoa, laguntzari uko egiteko idazkia aurkezten badu. Hala gertatzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzulketa-prozedura abiaraziko da bidezkoa denean. Laguntzari uko egiteko idazkia Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariari bidali behar zaio.

13. artikulua.– Inbertsioaren justifikazioa.

1.– Emandako diru-laguntzari dagokion inbertsioa edo gastua justifikatzeko ordaindu izanaren faktura eta banku-egiaztagiriak aurkeztu beharko dira Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzan inbertsioa amaitu eta hurrengo urteko maiatzaren 31 baino lehen, diru-laguntzen urteko deialdian urte anitzeko proiektuetarako ezarritako burutzapen-aldiekin bat etorriz.

2.– Inbertsioaren edo gastuen frogagiriak eskabidea aurkeztu den urtekoak izan behar dira, urte anitzeko proiektuetan izan ezik, horrelakoetan enpresak aurkeztutako inbertsio-egutegiari lotu beharko baitzaio. Hala denean, diru-laguntza onetsitako inbertsio-egutegiaren arabera frogatutako gastuak oinarritzat hartuta ordainduko da.

Aparteko kasuetan, enpresak eskaturik eta aribideko urteko abenduaren azken hamabostaldia baino lehen justifikatuz gero, Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak inbertsioak edo gastuak gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, hasieran onetsitako diru-laguntza bere hartan utzita.

3.– Agiriek jatorrizkoak izan behar dute edo, hauek izan ezean, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak konpultsatutako fotokopiak.

4.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak beste agiri batzuk ere eskatu ahal izango ditu, egoki iritziz gero; eskatzean arrazoiak azaldu beharko ditu.

14. artikulua.– Ordainketa.

1.– Urtebeteko proiektuetarako laguntza dena batera ordainduko da eta urte anitzeko proiektuetarako laguntza urtean behin, hots, inbertsioa edo gastua luzatzen den aurrekontu-ekitaldi beste ordainketa egingo dira. Laguntza ordaindu aurretik inbertsioa edo gastua frogatu beharko da agiri hauek aurkeztuz:

a) "1. eta 2. lerroa": diruz lagundu daitezkeen gastuen fakturak, jatorrizkoak edo konpultsatuak, eta banku-ordainagiriak.

b) ISO sistemak ezartzen badira, a) puntuan zehaztutako agiriez gain, ISO horiek lortu izana egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) APPCC sistema ezarriz gero, a) puntuan zehaztutako agiriez gain, Osasun Sailak APPCC ezarri izanari ikus-onetsia eman diola agertzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

2.– Laguntzak ordaintzeko epea hiru hilekoa izango da inbertsioaren edo gastuaren frogagiriak behar bezala aurkezten direnetik.

3.– Eskatzaileei ez zaie emandako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zigortze- prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Ez-betetzetzat joko da inbertsioak edo gastuak Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak onetsitako inbertsio edo gastu proiektuan ezarritako epeetan ez egitea, atzerapena behar bezala justifikatu ezean; atzerapenaren justifikazioa Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako zuzendariak aztertu eta onetsi behar du.

2.– Nolanahi ere, onuradunak betetzen ez badu dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako eskakizunetako bat edo, hala bada, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, Nekazaritzako Elikagaien Politika eta Industriarako zuzendariak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du eta bertan diru-laguntzarako eskubidea galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarri dutenaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipaturiko diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada itzulketa-prozedura, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

3.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak emandako laguntzen portzentaje bat berrikusiko du, dekretu honetako 10. artikuluko a) letran ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko.

16. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1.– Beste herri administrazio edo erakunde pribatu batzuek dekretu honetan ezarritako xede bererako ematen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta guztira dekretu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Hala ere, bateraezinak izango dira Nekazaritza eta Arrantza Sailak xede bererako ematen dituen beste batzuekin. Laguntza guztien baturak esandako mugak gaindituz gero, dekretu hau dela bide emandako laguntzari gaindikina kenduko zaio.

2.– Nolanahi ere, dekretu honetan ezarritako laguntzek "minimis" erregelak eta Europako Batasunean horretaz emandako gainerako gidalerro edo xedapenak errespetatuko dituzte. Ildo horretatik, enpresa batek gehienez ere 100.000 euro jaso ditzake minimis laguntza gisa hiru urtean, lehenbiziko minimis laguntza jasotzen duenetik zenbatzen hasita (EEAO, 1996ko martxoaren 6koa).

17. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzetarako jarritako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

Ekitaldi batean emango diren laguntzen guztirako bolumena ezin da izan laguntzen deialdiari buruzko aginduan ezarritako zenbatekoa baino gehiago, ezta, indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada, haren egunerapenaren emaitzako kopurua baino gehiago ere. Aldaketen ondoriozko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez, eta diru-laguntzei buruzko ebazpenaren aurretik emango da.

2.– Laguntzak beraiei buruzko ebazpena ematen den ekitaldiko dagozkien ordainketa-kredituei egotziko zaizkie edo, urte anitzeko proiektuetan, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromiso-kredituei, eta dena ere ekitaldian aplikatu behar den aurrekontu-itxierari buruzko arautegiari kalterik egin gabe.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 2003. urtean, dekretu honetako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian indarrean jarri eta biharamunetik aurrera. Eskabideak dekretu honen eranskinean ageri diren inprimakietan aurkeztu behar dira.

Bigarrena.– Laguntza hauetarako jarri diren aurrekontu-kredituetan 901.166 euro daude eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2003ko Aurrekontu Orokorreko Nekazaritza eta Arrantza Atalean berariaz ezarritako partidari dagozkio. Horietatik 601.166 euro 2003ko ekitaldirako dira eta gainerako 300.000 euro, berriz, 2004. ekitaldirako.

Hirugarrena.– 2003ko ekitaldian, dekretu honetako 2. artikuluan aipatutako jarduerak, diru-laguntza jaso dezaketenak, burutzeko epea hauxe izango da:

– "1. lerroa": 2004ko abenduaren 31ra arte.

– "2. lerroa": 2003ko abenduaren 31ra arte.

Laugarrena.– 2003. ekitaldirako, diruz lagunduko diren jarduketa zehatzak honakoak izango dira:

1. lerroa: Kalitate-sistemak ezartzea:

a) ISO 9001: 2000 sistema ezarri, egokitu edota ziurtatzea

b) ISO 14001: 1996 sistema ezarri, egokitu edota ziurtatzea

c) APPCC sistema ezartzea (Arriskuen eta Kontrol Gune Kritikoen Analisia)

Ez da emango diru-laguntzarik ez trebakuntzako gastuetarako ez ezarritako ezarpen-analisietarako.

2. lerroa: Informazioaren eta Komunikazioen Teknologia (IKT) berriak ezartzea:

a) Enpresaren webgunea diseinatzea, ezartzea eta domeinua erregistratzea.

Domeinua erregistratzeko gastuetarako diru-laguntza lehenengo urtean baizik ez da emango.

Bosgarrena.– 2003. ekitaldirako, emango den diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa honakoa izango da:

a) 6.000 euro. ISO 9001: 2000 sistema ezarri, egokitu edota ziurtatzeko.

b) 12.000 euro ISO 14.001: 1996 sistema ezarri, egokitu edota ziurtatzeko.

c) 2.000 euro APPCC sistema ezartzeko (Arriskuen eta Kontrol Gune Kritikoen Analisia)

d) 1.500 euro. enpresaren webgunea diseinatu, ezarri eta domeinua erregistratzeko.

Seigarrena.– 2003ko ekitaldian, ebazpena dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabete igaro aurretik eman eta jakinarazi behar da. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ekainaren 28ko 165/2000 Dekretua indargabetu da, nekazaritzaren eta arrantzaren arloko industriei euren produktuak hobetzeko laguntza ekonomikoak emateko araubidea ezarri zuen dekretua, bai eta dekretu honen aurkako maila bereko edo beheragoko mailako xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Nekazaritza eta Arrantza sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena eman zaio.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko irailaren 9an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAÉNZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA, irailaren 9ko 209/2003 DEKRETUArena; beraren bidez nekazaritzako elikagaien industrientzako laguntzak ezarri dira, euren produktuen kalitatea hobetu dezaten (EKIN programa)

ESKABIDEA

E-1 INPRIMAKIA

ERREGISTROAN SARTU DEN EGUNA

................................................ jaunak/andreak, NAN zk.:

Honen ordezkari gisa:

Enpresa: ....................................................	

IFZ: ....................	

Kalea eta zk.:

Telefonoa: ......................................................... Faxa:

Udalerria: .............................................................. (Lurraldea) ............................................................. PK:......	

Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroko zenbakia:

Jarduera-arloa: ................................................

Harremanetarako pertsona: ...................................... Tfnoa:

LEGEZKO ORDEZKARIAREN SINADURA

..............................(e)n, 2003ko

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz, datuak fitxategi automatizatu batean erregistratu ahal izango dira, hobeto kudeatzeko asmoarekin. Informazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak gordeko du. Eskatzailea berariaz onartu du bere datu pertsonal guztiak edo haietako batzuk lagatzea Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko abenduaren 16ko Aginduan ezarritako erabilera eta helburuetarako; agindu horren bidez Nekazaritza eta Arrantza Sailak kudeatzen dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuak arautu ziren. Interesdunek datuak aztertzeko, zuzentzeko, kitatzeko eta aurkaratzeko eskubideaz baliatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), bertan tratatzen baitituzte datuak.

EZARPENA

E-2 INPRIMAKIA

	................................................................ enpresak laguntza hau eskatu du:

1. lerroa

EZARPENA ETA ZIURTAGIRIA	URTEA, ZENBATEKOA BEZ GABE

n ISO 9001:2000	 2003—————————-euro

	2004—————————-euro

	GUZTIRA———————euro	

n ISO 14001:1996	 2003—————————-euro

	2004—————————-euro

	GUZTIRA———————euro	

n APPCC	2003—————————-euro

	2004—————————-euro

	GUZTIRA———————euro	

2. lerroa

IKT BERRIEN EZARPENA	URTEA, ZENBATEKOA BEZ GABE	

n Webgunea diseinatzea eta ezartzea	2003—————————-euro

n Webgunearen domeinua erregistratzea (1. urtea)	2003....................................euro

	

Udalerria: …………………………………………………………………..

LEGEZKO ORDEZKARIAREN SINADURA
...……….........(e)n, 2003ko ...………........aren
ZINPEKO ADIERAZPENA

E-3 INPRIMAKIA

	................................................ jaunak/andreak, NAN zk.: ............................................

Enpresa honen ordezkari gisa: .............................. I.F.Z. :..........………..

ONDOKOA ADIERAZTEN DU:

Enpresa 	..................................... urtean eratu zen.

Enpresaren plantillan eskabide hau aurkeztu den egunean 	

2002ko abenduaren 31n enpresaren fakturazio-kopurua 	 …………........…..............…euro zen.

Balantze orokorraren arabera, 2002ko abenduaren 31n enpresaren aktiboa 	 …………........…..............…euro zen.

Ondoren zehaztuko dena bezalako enpresa batek ez du bere kapitalaren %25 baino gehiago:

250 langile baino gehiago dituena

urteko negozio bolumena 40 milioi eurotik gorakoa duena eta urteko balantze orokorra 27 milioi eurotik gorakoa

Laguntza eskabide hau ez ezik "proiektu honetarako" laguntza eskabidea ere aurkeztu du edota laguntza lortu du, erakunde publiko edo pribatu hauetan, gaur arte:

	Eskaera-eguna	Erakundea	Programa	Eskatutako zenbatekoa	 Emandako laguntza	

					

Halaber, oraingo ekitaldian erakunde pribatuei zein publikoei proiektu honetarako aurkezten dizkien laguntza-eskabide guztien berri emateko konpromisoa hartu du.

LEGEZKO ORDEZKARIAREN SINADURA
.............………...........(e)n, 2003ko ....………......aren
ENPRESAREN DESKRIPZIO-MEMORIA

E-4 INPRIMAKIA

Orria n / n

Enpresa: 	......................................................

	1) Enpresaren jarduera, xehekatuta:

	2) Produktua sortzeko prozesua:

	3) Salmentak-Merkatua-Marka erregistratua:

	4) Laguntzaren xede den ezarpenaren (ISO..., APPCC....) epeak/burutzapenaren egutegia:

ESKATZAILEAK AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
PERTSONA JURIDIKOA

• E-1 inprimakia (Eskabidea), behar bezala beteta

• E-2 inprimakia (Ezarpena), sinatuta

• E-3 inprimakia (Zinpeko adierazpena), sinatuta

• E-4 inprimakia (Enpresari edo jarduerari buruzko memoria xehekatua)

• Gizarte Segurantzari eta Ogasunari ordaindu beharrekoa ordaindu zaiela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak

• Enpresaren estatutu sozialen kopia

• Eratze-agiriaren kopia

• Legezko ordezkariaren NANaren eta ahalordetze-eskrituraren fotokopia

• Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan alta emanda edo erregistratuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria

• Azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik jaso ez badu, "Hirugarrenaren Alta Agiria" bete behar du, eta gauza bera egin behar du bertako daturen bat aldatu bada ere" (inprimaki hori 945-019645 deituz eskura daiteke); agiri hori, enpresak eta finantza erakundeak zigilatuta eta sinatuta, enpresa titularraren (eskatzailearen) IFZaren fotokopiarekin batera aurkeztu behar da.

• MIKROENPRESA bada, eskabidea aurkeztu aurreko hileko TC2-aren kopia.

LERRO BAKOITZEAN AURKEZTU BEHARREKO AGIRI BEREZIAK

1. LERROA –

• Enpresaren eta ezarpenaz arduratuko den firmaren arteko proforma fakturen, kontratuen edo antzeko agirien kopia. (ISO 9001:2000 / ISO 14001:1996 /APPCC )

2. LERROA –

• Enpresaren eta ezarpena (webgunea diseinatzea, ezartzea eta domeinua erregistratzea) agindu zaion firmaren arteko proforma fakturen, kontratuen edo antzeko agirien kopia.

Argibide gehiago nahi izanez gero: 945-019645 // m-alustiza@ej-gv.es

ESKABIDEA AURKEZTU BEHAR DEN TOKIA
EUSKO JAURLARITZA
NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritza
Donostia kalea, 1
01010—-Vitoria-Gasteiz
ESKATZAILEAK AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK
• PERTSONA FISIKOA (Norbanakoa)

• E-1 inprimakia (Eskabidea), behar bezala beteta

• E-2 inprimakia (Ezarpena), sinatuta

• E-3 inprimakia (Zinpeko adierazpena), sinatuta

• E-4 inprimakia (Enpresari edo jarduerari buruzko memoria xehekatua)

• Gizarte Segurantzari eta Ogasunari ordaindu beharrekoa ordaindu zaiela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak

• NANaren fotokopia.

• Nekazaritzako Elikagaien Industrien Erregistroan alta emanda edo erregistratuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria

• Azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik jaso ez badu, "Hirugarrenaren Alta Agiria" bete behar du, eta gauza bera egin behar du bertako daturen bat aldatu bada ere" (inprimaki hori 945-019645 deituz eskura daiteke); agiri hori enpresak eta finantza erakundeak zigilatuta eta sinatuta aurkeztu behar da.

• MIKROENPRESA bada, eskabidea aurkeztu aurreko hileko TC2-aren kopia.

LERRO BAKOITZEAN AURKEZTU BEHARREKO AGIRI BEREZIAK

1. LERROA –

• Enpresaren eta ezarpenaz arduratuko den firmaren arteko proforma fakturen, kontratuen edo antzeko agirien kopia. ISO 9001:2000 / ISO 14001:1996 /APPCC )

2. LERROA –

• Enpresaren eta ezarpena (webgunea diseinatzea, ezartzea eta domeinua erregistratzea) agindu zaion firmaren arteko proforma fakturen, kontratuen edo antzeko agirien kopia.

Argibide gehiago nahi izanez gero: 945-019645 // m-alustiza@ej-gv.es

ESKABIDEA AURKEZTU BEHAR DEN TOKIA
EUSKO JAURLARITZA
NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritza
Donostia kalea, 1
01010—-Vitoria-Gasteiz

Azterketa dokumentala