
185. zk., 2003ko irailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
5170
207/2003 DEKRETUA, irailaren 9koa Orozkoko Udalak nahitaez desjabetzeko, "Orozkoko Udalerria hornitzeko proiektua. Meatzako depositua-Pagazanduko Depositua tartea" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.
Orozkoko Udalak, 2002ko otsailaren 12an izandako bilkuran, nahitaezko desjabetza egiteko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen. Hasieran, jendaurrean jarri zituen, desjabetza egiteko,"Orozkoko Udalerria hornitzeko proiektua. Meatzako depositua-Pagazanduko Depositua tartea" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2002ko maiatzaren 7an egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta zehaztuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, ez zen inolako arrazoibide-idazkirik aurkeztu.
Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
Orozkoko Udalak 1995eko uztailean enkargatu zuen udalerriko "Edateko uraren hornidurarako Plan Zuzentzailea" egiteko. Plan horretan, hornidurarako sarearen sistemen inbentarioa egin eta gaur egungo egoera aztertu ziren, eta ikusi zen sare ugari zegoela urak prekarioan biltzen zituztenak, andel independenteak (ia bat auzoko) eta guztietan arazketa falta zela. Horrek zaildu egiten du uraren hornidura behar den kalitatez eta kantitatez egitea.
Arazo horren guztiaren berri izanda, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Ekintza eta Ingurumen Sailak, Orozkoko udalerria hornitzeko sare nagusian "Proiektu Orokorra" idazteko enkargatu zuen, beharreneko jarduerak definitu eta horien artean lehentasunak ezartzeko oinarri izan zedin. Emaitza udalerriaren hornidura berritzeko eta hobetzeko Proiektu oso bat izan da.
Gaur egun, goian adierazitako guztia garatuz, udalerriko auzo gehienak araztutako urez hornitzea aurreikusten da; auzo horien artean iparraldean daudenak: Murueta, Pagazandu, Aizetza, Sagarminaga eta beste batzuk, gaur egun, arazketan gabeziak dituzten andel indibidualez hornitzen direnak. Testuinguru honetan sartzen da "Orozkoko Udalerria hornitzeko proiektua. Meatzako depositua-Pagazanduko Depositua tartea" eta hori gauzatzea Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Ekintza eta Ingurumen Sailak hartu du bere gain. Proiektua behin betiko onartu denetik (2002-05-07) Udala saiatu da eragindako jabeekin adostasunera iristen. Adostasuna guztiekin lortu da, 25, 27 eta 29. zk.–ko lurzoruen jabearekin izan ezik. Hori dela eta, proiektuan aurreikusitako helburuak betetze aldera, eragindako lurzorua lehenbailehen hartu behar dira.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen- unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 9an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau
XEDATU DUT
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Orozkoko Udalerria hornitzeko proiektua. Meatzako depositua-Pagazanduko Depositua tartea" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Orozkoko Udalak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko irailaren 9an
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu eta
Ingurumen sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
RSS