Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2003ko irailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
5168

AGINDUA, 2003ko uztailaren 7koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena; honen bidez, "Guardián Llodio, S.A." baltzuaren legezko ordezkaritzak ezarritako Administrazioarekiko 704/00 zk.ko auzi-errekurtsoa dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako Epaia betearaztea xedatzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak aztertu du "Guardián Llodio, S.A." baltzuaren legezko ordezkaritzak ezarritako Administrazioarekiko 704/00 zk.ko auzi-errekurtsoa, Eusko Jaurlaritzak abenduaren 13an emandako 431/99 Dekretua inpugnatzeko zena; hain zuzen, "Cantera Nafarrondo, S.A." baltzuak, hau da, "Nafarrondo" meategi-esparruaren titularrak, Orozkoko (Bizkaia) udal-barrutian dituen lanak, instalazioak eta zerbitzuak direla-eta, presaz okupatu beharreko ondasun eta eskabideen zerrenda argitaratu zen dekretu horretan. Ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2002ko abenduaren 9an Epaia eman zuen eta honelaxe dio xedapenei dagokien atalean:

"Aintzakotzat hartu dugu "Guardián Llodio, S.A." baltzuak ezarritako Administrazioarekiko 704/00 zk.ko auzi-errekurtsoa, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 13ko 431/99 Dekretuaren aurkakoa, "Cantera Nafarrondo, S.A." baltzuak, "Nafarrondo" meategi-esparruaren titularrak, Orozkoko (Bizkaia) udal-barrutian dituen lanak, instalazioak eta zerbitzuak direla-eta, presaz okupatu beharreko ondasun eta eskabideen zerrenda argitaratzeko zena, eta honako hau ebatzi dugu:

1) Adierazi behar dugu errekurtsoaren xede den Dekretua zuzenbidearekin bat ez datorrela, eta, beraz, deuseza dela; auzian jarritako Administrazioak, horrenbestez, deuseztatutako Dekretua betearaziz egindako guztia ondoriorik gabe uzteko neurriak hartu beharko ditu.

2) Erabaki adierazirik ez egitea prozedura-kostuei buruz".

Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako Salak aztertu du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 704/00 zk.ko administrazioarekiko auzi-errekurtsoaz 2002ko abenduaren 9an emandako Epaiaren aurka Eusko Jaurlaritzak ezarritako kasazio-errekurtsoa, eta errekurtso hori hutsal deklaratu du.

Horrenbestez, otsailaren 23ko 131/1999 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa, eta, horri lotuta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 103. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aintzakotzat hartuta,

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Administrazioarekiko 704/00 zk.ko auzi-errekurtsoa dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako Epaia bete dadin agintzea, nola adierazi, halaxe.

2. artikulua.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dezaten agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko uztailaren 7a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua.

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala