Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2003ko irailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
5161

200/2003 DEKRETUA, 2003ko irailaren 2koa, atzerriko etorkinentzako udal-mailako harrera-sarea finkatzeko Toki Erakundeentzako laguntzei buruzkoa.

Inmigrazioaren arloan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak emandako laguntzak arautzen dituen ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren II. Kapituluaren babesean etorkinentzako Harrera Sare bat ezartzen hasi diren Toki Erakundeentzako laguntzak arautzen ditu Dekretu honek. Dekretuaren xedea etorkinentzako udal-mailako harrera-sarea finkatzen laguntzea da.

Erakunde hartzaileak ezarpenaren lehen fasean ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren II. Kapituluan eta deialdia urtero arautzen duten aginduetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan diren edo diren Toki Erakundeak dira. Adierazitako araudia aplikatuta, Erakunde Onuradunek inmigrazio-arloko teknikariak kontratatzen dituzte eta inmigrazioak udalerrian edo mankomunitatean duen egoerari buruzko diagnostikoak eta Inmigrazioko Toki Planak landu dituzte. Dekretu honetan araututako laguntzen xedea ekintza horiek finkatzea da, horrela inmigrazioaren arloko tokiko esku-hartzearen jarraitasuna bermatzeko. Ildo honetan, inmigrazioko langile teknikoez gain, Inmigrazioko Toki Plana aplikatzearen ondoriozko programak (adierazitako jardun-lehentasunak kontuan hartuko dituztenak) finantzatuko dituzte, kulturen arteko integrazioa eta komunikazioa errazteko eta gure udalerrietan biztanle guztiek duintasunez eta bazterkeriarik gabe bizitzeko baldintzak izan ditzaten lortzeko.

Laguntzen onuradun diren Toki Erakundeek kontratatutako inmigrazioko langile teknikoen profilari eta funtzioei eta Inmigrazioko Toki Plana gauzatzeko programak Inmigrazioari buruzko Euskal Planaren oinarrizko ildoei eta Eusko Jaurlaritzaren inmigrazio-arloko politikari egokitzeari lotutako baldintzak bete beharko dituzte. Udalerrietan etorkinen kopuruak gora egingo duela pentsa daitekeenez gero, kontratatutako inmigrazioko langile teknikoen kopurua Udalerrian bizi diren etorkinen gehikuntzara egokitzeko aukera aurreikusten da. Programa horretara zuzendutako kopuruak urtero finkatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-esleipenen arabera.

Dekretu honen helburua, azken batean, inmigrazio-arloan Udalaren esku-hartzea babestea da, horixe baita herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa eta pertsona guztiei gizarte-garapenerako eta kulturen arteko komunikaziorako baldintzak eskaintzen dizkien espazioa.

Ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko irailaren 2an aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

155/2002 Dekretuaren eta honen II. Kapituluan bildutako aurreikuspenak garatzeko aginduen babesean atzerriko etorkinentzako udal-mailako harrera-sare publiko bat garatzen hasi ziren eta dagoeneko ezarri duten Toki Erakundeei Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez emango dizkien laguntzen esparrua arautzen du Dekretu honek.

Dekretu honen asmoa sare hori garatu eta finkatzeko EAEko Herri Administrazioen artean beharrezkoa den koordinazioa sendotu eta bermatzea da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dekretu honen xedea betetzeko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Indarrean dagoen legeriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen badira, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aurrekontuetan esleitutakoa edo esleitutakoa eguneratzetik sortutakoa.

2.– Adierazitako laguntzak emateko Aurrekontuak lortu nahi den helbururako kreditu nahikorik ez badu, laguntzen emakida ukatu egingo da, bai eta laguntza gehiagoren emakida eten ere. Hori guztia dela-eta, Dekretu honek indarrean dirauen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko esleitutako kreditua agortzen bada, Inmigrazio Zuzendariak administrazio-ebazpena emango du zirkunstantzia hori argitara emateko eta, bertan, aipatutako kreditua zein datatan agortu den adieraziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratuko da.

3.– Aurrekontu-ekitaldi batean diruz laguntzeko moduko egoerei lotutako baina ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin erantzun ezinezko laguntza-eskaerak izanez gero, hurrengo ekitaldiko aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie eskabidea berriz aurkeztu behar izan gabe, betiere adierazitako egoerek Dekretu honetan laguntzak lortzeko ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

4.– Xedapen Iragankorrean aribideko ekitaldirako jasotako aurreikuspena aparte utzita, urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan, Inmigrazio Zuzendariaren Ebazpen bidez, Dekretu honetan kontuan hartutako laguntzak finantzatzera zuzendutako aurrekontu-kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Halaber, adierazitako urteko ebazpenean, Inmigrazio Zuzendariak, Kontsumo Prezioen Indizearen aldakuntzetan oinarrituta, 7. artikuluan jasotzen diren gehieneko kopuruak eguneratu ahal izango ditu ekitaldi bakoitzean.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Dekretu honetan araututako laguntzak emateko prozedura alde batek eskatuta hasiko da dagokion eskabidea aurkeztu ondoren. Aurkezten diren eskabideak ordena bati jarraiki ebatziko dira hasitako espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

4. artikulua.– Onuradunak.

Atzerriko etorkinentzako udal-mailako harrera-sare bat ezarrita eta funtzionamenduan duten eta Dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten Toki Erakundeak izan daitezke laguntza hauen onuradun.

5. artikulua.– Gastuak eta diruz laguntzeko moduko jardunak.

Dekretu honen babesean diruz laguntzeko moduko gastuak eta, beraz, Dekretua aplikatuta ematen den diru-laguntzaren kargura ordaintzeko modukoak, ondokoak izango dira: laguntzaren eskaera egiten den ekitaldian Inmigrazioko Toki Planean bildutako jardunak garatzearen ondoriozkoak, eta etorkinen harreran horien gizarteratzea sustatzeari begira gizarte-zerbitzuak sendotzeko kontratatutako inmigrazioko langile teknikoei aldi horretan dagozkien ordainketen ondoriozkoak.

6. artikulua.–Laguntzak esleitzeko baldintzak.

1.– Ekainaren 25eko 155/2002 Dekretuaren babesean Toki Erakundeak kontratatutako inmigrazioko langile teknikoek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1.1.– Inmigrazioko langile teknikoen profila: kontratatutako profesionalak, baldintzei eta funtzioei dagokienez, Funtzio Publikoari buruzko Legeari eta ondoko paragrafoetan xedatutakoari egokitu beharko zaizkie:

a) Udal-eremuan inmigrazio-politika eraginkorki gauzatzeko lanbide-trebakuntza egokia edukitzea. Gutxieneko baldintza gisa, uztailaren 6ko 6/89 Legearen 43b) artikuluan aurreikusitako titulazioa beharko da.

b) Inmigrazioaren arloko ezagutzak edukitzea, hain zuzen, gizarte-zerbitzuen, lanaren eta gizarte-segurantzaren arloko eskubideen egoera juridikoari buruzkoak, migrazio-fluxuen ezaugarriei buruzkoak, eta lan egingo duten udalerriko inmigrazioaren egiturari buruzkoak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren biztanleen eta bereziki etorkinen integrazio pertsonalera, gizarteratzera eta laneratzera zuzenduta dauden udalerriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko baliabide, zerbitzu eta prestazio publiko nahiz pribatuen jakinaren gainean egotea.

d) Gutxienez ondoko hizkuntzetako bat jakitea, edozein elkarrizketa izateko moduan: ingelesa, frantsesa, arabiera edo txinera.

1.2.– Inmigrazioko langile teknikoen funtzioak: inmigrazioko langile teknikoen funtzioak ondokoak dira:

1.2.1.– Udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuetako gainerako profesionalei etorkinei harrera eskaintzeko funtzioan laguntzea eta, beharrezkotzat hartzen denean, zuzeneko arretan jardutea.

1.2.2.– Gizarteratze Hitzarmenak lantzean etorkinekin lankidetzan jardutea.

1.2.3.– Gizarteratze-ibilbidean esku hartzen duten beste profesional eta/edo erakunde publiko edo pribatu batzuekin koordinatzea.

1.2.4.– Inmigrazioko Toki Plana gauzatzea.

1.2.5.– Udalak inmigrazio-arloan egindako jarduerak eta programak ikuskatzea.

1.2.6.– Udal-arloei Udalaren jarduera eta programen plangintzari lotutako aholkularitza eskaintzea.

1.2.7.– Eusko Jaurlaritzak inmigrazio-arloan bultzatutako programak sustatu eta gauzatzea.

1.2.8.– Inmigrazioak Udalerrian duen egoerari buruzko diagnostikoak egitea.

1.3.– Zerbitzuak emateko lekua: Inmigrazioko langile teknikoek Udaletako eta/edo Mankomunitateetako gizarte-zerbitzuetan beteko dituzte funtzioak. Eskaera Mankomunitate batek egiten badu, zerbitzuak egiteko lekuak zerbitzurako sarbidea erraztu beharko die Mankomunitatea osatzen duten Udalerrietan erroldatutako etorkinei.

2.– Toki Erakundeek inmigrazioak Udalerrian edo Mankomunitatean duen egoerari buruzko azterlan/diagnostiko bat eta Inmigrazioko Toki Plan bat izan beharko dute ekainaren 25eko 155/2002 Dekretua betez.

3.– Inmigrazioko Toki Plana gauzatzean inmigrazio-arloko programak egiteko laguntzen eskaerak Inmigrazioari buruzko Euskal Planaren funtsezko ildoekin eta Eusko Jaurlaritzak inmigrazio-arloan ezarritako politikarekin bat etorri beharko du. Programak gauzatzeko epea laguntzaren eskaera egiten deneko ekitaldia izango da: Inmigrazioko Toki Plana gauzatzeko programek jarduteko ondoko lehentasunen bat izan beharko dute:

1) Generoaren ikuspuntua barne hartzea, hala alderdi formaletan nola jardueraren edukian.

2) Proposatzen diren programak eta jarduketa-esparru berean barne hartzen diren gizarte-zerbitzuak eta jardun publiko eta pribatuak koordinatzea.

3) Esku-hartzearen helburu izan daitezkeen pertsonek programa lantzen eta gauzatzen parte hartzea, gizartearen parte-hartzea bultzatzeko irizpide nagusiaren barruan.

4) Jardunak eta programak etorkinen gizarteratzera, etorkin behartsuenen sustapenera eta diskriminazioaren aurkako borrokara bideratzea.

5)Atzerriko etorkinen artean euskal kultura eta euskara sustatzea.

6) Jarrera eta jokabide arrazisten prebentzioa.

7) Elkarbizitzarako eta kulturen arteko komunikaziorako ohiturak bereganatzea.

7. artikulua.– Laguntzaren gehieneko kopurua

1.– Dekretu honen babesean ematen diren laguntzek ez dituzte gaindituko jarraian gastu-motaren arabera adieraziko ditugun portzentajeak eta kopuruak:

1.1- Kontratatutako inmigrazioko langile teknikoen ordainsarien ondoriozko gastuak finantzatzeko, pertsona bakoitzeko hogeita hamar mila (30.000,00.–) euroko gehieneko laguntza emango da. Kostu erreala kopuru hori baino txikiagoa izanez gero, atal honetarako laguntzaren zenbatekoa kostu horretara murriztuko da.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen bidez finantzatu beharreko inmigrazioko langile teknikoen kopurua ondoko ratioen araberakoa izango da:

a)Erroldan 1.000 pertsonatik behera dituzten Toki Erakundeak: teknikari bat.

b) Erroldan 1.000 pertsonatik 4.000ra bitartean dituzten Toki Erakundeak: hiru teknikari (gehienez).

c) Erroldan 4.000 pertsonatik gora dituzten Toki Erakundeak: bost teknikari (gehienez).

1.2.– Inmigrazioko Toki Planean bildutako jardunen ondoriozko gastuak finantzatzeko, jardun horietarako aurreikusitako aurrekontuaren %80ra bitarteko laguntzak emango dira, eskaera egiten duen Toki Erakunde bakoitzeko berrogeita zortzi mila (48.000,00.–) euroko gehieneko zenbatekoarekin.

2.– Aurreko idatz-zatian adierazitako kopuruak urtero eguneratu ahal izango dira 2.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

8. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen emakida bateragarria izango da beste herri-administrazio edo erakunde pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntzaren lorpenarekin.

Lortutako laguntzen eta diru-laguntzen baturak ematen duen guztizko zenbatekoa Dekretu honi jarraiki diruz lagun daitekeen gastua baino handiagoa denean, Dekretuan aurreikusitako laguntzaren gehieneko kopurua eta portzentajea ez gainditzeko beharrezkoa den kopuruan murriztuko da emandako laguntza.

9. artikulua.– Prozeduraren hasiera. Eskabidearen aurkezpena.

1.– Laguntzak eskuratu nahi dituzten Toki Erakundeek eskaera egiteko, I. Eranskin gisa gaineratzen den formularioa bete eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzara bidali beharko dute (Donostia-San Sebastian kalea, 1, 01010, Vitoria-Gasteiz) bidezko dokumentazioarekin batera. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

2.– Eskabidea aurkezterakoan ondokoak eraman beharko dira:

2.1.– Jatorriz Europako Batasunekoak edo Europako Esparru Ekonomikokoak ez diren eta eskaera egiten deneko ekitaldiko urtarrilaren 1ean bertan edo Mankomunitateko Udalerrietan erroldatuta dauden pertsonen kopuruaren ziurtagiri ofiziala. Bertan jatorria, sexua eta adina adieraziko dira.

2.2.– Kontratatutako inmigrazioko langile teknikoak hautatzeko prozesuaren emaitzaren ziurtagiri ofiziala. Bertan kualifikazioa adieraziko da.

2.3.– Inmigrazioko Toki Plana garatzeko Programan barne hartuta dauden eta laguntza eskatzen deneko ekitaldian egingo diren jardunen deskribapena, II. Eranskinean aurreikusitako formularioaren arabera.

2.4.– Halaber, helburu bererako bestelako finantzaketa-iturririk izatearen ala ez izatearen zinpeko aitorpena, iturri horien kopurua eta, hala badagokio, ebazteke dauden laguntza-eskaeren kopurua aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa-organoa.

Aurkeztutako eskabideen ondorioz hasten diren espedienteez arduratutako organoa Inmigrazio Zuzendaritza izango da.

Espedienteak bete ondoren, Inmigrazio Zuzendaritzako zerbitzuek jardunen eta eskaeren gastuen egokitzapenari (Dekretu honetan exijitutako baldintzetarako egokitzapenari) buruzko txosten teknikoa egingo dute.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidearen akatsen zuzenketa.

Eskabidea aurkeztu ondoren, Inmigrazio Zuzendaritzako zerbitzuek aztertu egingo dute eta, osorik beteta ez badago edo exijitutako dokumentazioa falta bada, erakunde interesatuari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, hala egin ezean bere eskaera atzera egintzat hartuko dela adieraziko zaio eta Administrazioa behartuta geratuko da eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki jakinaraztera.

12. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Inmigrazio Zuzendariak, bere Zuzendaritzako zerbitzuek landutako txosten teknikoa ikusi ondoren, aurkeztutako eskaerak ebatziko ditu.

2.– Emakida-ebazpenetan finantzatzeko moduko gastu-mota bakoitzerako emandako zenbatekoa xehatuko da, zein jardunetara zuzenduko den adierazita.

3.– Hartutako ebazpena Toki Erakunde interesatuari

jakinaraziko zaio sei hilabeteko epearen barruan, erabakitako eskaera aurkezten denetik aurrera kontatzen hasita.

4.– Aurreko paragrafoan adierazitako epea igaro eta ezein ebazpenik jakinarazi ezean, interesatuek baietsitzat hartu ahal izango dute eskaera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki. Nolanahi ere, Administrazioak espresuki ebazteko betebeharra izango du.

5.– Aurreko 3. idatz-zatian adierazitako interesatuentzako jakinarazpena aparte utzita eta oro har ezagutarazteko, sei hilez behin –Dekretu hau indarrean sartzen denetik– aldi horretan emandako laguntzen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

6.– Inmigrazio Zuzendaritzaren ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, bere kontra, interesatuek gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute Etxebizitza edo Gizarte Gaietako Sailburuordearen aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Diru-laguntzen onuradun diren Toki Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren hamaikako 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan araututako betebehar-erregimena bete beharko dute. Zehazki, ondokoak bete beharko dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu honetan, diru-laguntzaren emakida jakinarazteko komunikazioa jaso eta hamabost laneguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dela ulertuko da.

b) Laguntzaren emakidaren funtsa den jarduera egitea.

c) Inmigrazio Zuzendaritzak aurkeztu diren datu eta dokumentuen inguruan egindako egiaztapena onartzea eta eskatzen zaien informazio guztia ematea espedientea kontrolatu eta osatzeko.

d) Beste edozein herri-administraziotik helburu berarekin lortutako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jakinaraztea.

e) Laguntza ematen duen erakundeak egin beharreko egiaztapen-jardunetara, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jardunetara eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiak aurreikusitakoetara jartzea.

f) Inmigrazio Zuzendaritzaren aurrean laguntza eman edo jasotzeko baldintzak bete direla eta jarduera egin dela justifikatzea, hurrengo artikuluan ezarritako epean eta moduan.

g) Diru-laguntza jasoko duten jardueren xedea edo izaera aldatzen duen edozein gertakizunen berri ematera eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailarekin jarduera horien egiaztapen, ikuskapen, jarraipen eta kontrolerako prozeduretan lankidetzan jardutea.

h) Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak diru-laguntza jasotzen duten jarduera guztietan emandako babesa espresuki jasoaraztea (zabaltzen edo argitaratzen direnean).

i) Jardueren destinoa eta aplikazioa harreman-bermeen edo berme errealen bidez bermatzea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzuleren erregimen orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Lehen Tituluan aurreikusitakoari jarraiki.

14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunari emandako diru-laguntzaren ordainketa zatika egingo da bi epetan; %75 13a) artikuluan aurreikusitako epea uko egin gabe igaro ondoren ordainduko da, eta gainerako %25 berriz, aurrekontu osoaren gastuen %100 egin izana justifikatu ondoren.

2.– Gastuen justifikazio orokorra jatorrizko egiaztapen-dokumentuen ekarpenaren bidez egingo da edota, salbuespen gisa, dokumentu horien kopia konpultsatuen bidez edo dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak aldez aurretik ziurtagiria eman ondoren.

Azken kasu horretan, ziurtagiriak talde teknikoak osatzen dituzten pertsonen kopurua eta lanbide-kategoria, horien ordainsariek eragindako guztizko kostu ekonomikoa eta garatutako jardueren zerrenda eta kostua adieraziko ditu, hori guztia emandako laguntzaren urteko aldiari dagokionez.

Adierazitakoen artean justifikazio-modua edozein izanik ere, eskaera egin eta laguntza eman zenekoaren hurrengo ekitaldiko lehen bi hilabeteen barruan aurkeztu beharko da.

Horrez gain, laguntza edo diru-laguntzaren emakidaren helburua bete izanaren justifikazio-memoria gaineratuko da eta, bertan, diruz lagundutako jardueran edo programan lortutako helburuen lorpen-maila adieraziko da.

15. artikulua.– Baldintzen aldaketa

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok (betiere helburua betetzat hartuta) eta, hala badagokio, Administrazio Publiko honek edo beste batzuek edota erakunde publiko edo pribatuek emandako beste diru-laguntza batzuen lorpenak, diru-laguntzaren emakidari buruzko Ebazpena aldatzea ekar dezake.

Horretarako, Inmigrazio Zuzendariak bidezko ebazpena emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira eta emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Pertsona, erakunde eta entitate onuradunak behartuta geratuko dira soberan jasotako zenbatekoak itzultzera.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntzaren onuradun diren Erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53. artikuluak adierazitako kasuren batean barne hartzen badira edo Dekretu honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emakidari buruzko ebazpenean ezarritako edozein baldintza betetzen ez badute, Inmigrazio Zuzendariak, dagokion espedienteari hasiera eman eta entzunaldiaren izapidea egin ondoren, jasotzeko geratzen diren kopuruak hartzeko eskubidearen galera eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak gehi diru-laguntza ordaintzen denetik bidezkoak diren legezko interesak itzultzeko betebeharra deklaratuko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki bidezkoak diren gainerako ekintzak aparte utzita.

Aipatutako kopuruak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira legezko ondorioetarako eta erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Administrazioen arteko lankidetza.

Dekretu honetan ezarritako laguntzen esparruan, administrazioen arteko koordinazio-mekanismoak antolatuko dira Dekretu honetan aurreikusitako laguntza-ildoaren bidez erantzun ezin diren eskaerak administrazio-ebazpenaren aurreko fasean dagoen beste laguntza-programa batean barne hartu ahal izateko. Deialdi horietan eskaera hauek barne hartzeko helburuarekin, Inmigrazio Zuzendaritzak organo eskudunei helaraziko dizkie eta interesatuari zirkunstantzia horren berri emango dio.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2003ko ekitaldian Dekretu honetan kontuan hartutako erregimenaren babesean ematen diren laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kredituen zenbatekoa ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurokoa da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Zuzeneko ekintza.

Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Dekretu honetan araututako laguntza-programak hartzen dira zuzeneko ekintzatzat.

Bigarrena.– Erregimen osagarria.

Dekretu honetan administrazio-prozedurari dagokionez aurreikusi gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Hirugarrena.– Arauen garapena.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari ahalmena ematen zaio Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak har ditzan.

Laugarrena.– Errekurtsoak.

Deialdi honek administrazio-bideari amaiera ematen dio eta, bere kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzitarako Sailaren aurrean, bi hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Bosgarrena.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Donostia-San Sebastianen, 2003ko irailaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

I. ERANSKINA
ATZERRIKO ETORKINENTZAKO UDAL-MAILAKO HARRERA-SAREA FINKATZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOETARAKO ESKABIDEA (2003. URTEA)

Kalea: ____________________________________, PK: _________________, tel.: ___________________________

E-mail: __________________________, Fax: ________________________, IFK: ____________________________,

Banku edo Aurrezki Kutxa: __________________________________________, Agentzia: _____________________,

Kontu-zenbakia: ___________________)

AZALTZEN DU:

LEHENIK.– _____________-(e)ko ___________ zk. EHAA aldizkarian argitaratutako laguntza-deialdian exijitutako baldintzak betetzen dituela.

BIGARREN.– Eskabidearekin batera Dekretuan eta deialdi hau arautzen duen Aginduan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak eta gainerako egiaztagiriak ekarri dituela.

ESKATZEN DU:

_____________-(e)ko kopuruaren emakida jasotzea (ondoko eran banatua: _______________) Inmigrazioko Toki Plana gauzatzeko programetarako inmigrazio, ______________, ______________-(e)ko ____ teknikari kontratatzeko.

_______________-(e)n, 2003ko ___________-aren ____-(e)an.

ESKATZAILEA

EUSKO JAURLARITZAKO INMIGRAZIO ZUZENDARIA.

II. ERANSKINA
INMIGRAZIO-ARLOKO PROGRAMETARAKO LAGUNTZAK ESKATZEKO FORMULARIOA

Udala/Mankomunitatea:	

Proiektuaren titulua:

Deialdia:	

Helbidea:	

Telefonoa:	

Faxa:	

Posta elektronikoa:	

IFZ:	

Banku-kontuaren zenbakia:	

Harremanetarako pertsona:	

Telefonoa:	Posta elektronikoa:	

IRAUPENA

Hasteko aurreikusitako data:	

Amaitzeko aurreikusitako data:	

Gauzatzeko guztizko aldia (hilabeteak):	

FINANTZAKETA, GUZTIRA

Kostua, guztira:

EUSKO JAURLARITZARI eskatutako ekarpena:

Emandako edo eskatutako beste ekarpen batzuk (zehaztu):

1.– PROIEKTUAREN DESKRIBAPEN LABURTUA (proiektuaren edukiaren laburpena, datu garrantzitsuenak adierazita: deskribatu, 5-10 lerrotan, justifikazioa, helburuak eta espero diren emaitzak; beste elementu interesgarri batzuk).

2.– KOKAPEN XEHATUA. (Proiektua zein zona edo auzotan egingo den)

3.– AURREKARIAK, TESTUINGURUA ETA JUSTIFIKAZIOA (azaldu ekimenaren jatorria, parte hartuko duten beste Administrazio, erakunde publiko, gizarte-erakunde edo erakunde pribatu batzuk; deskribatu EAEn egindako antzeko beste ekimen edo proiektu batzuk, gauzatzeko aurreikusitako koordinazioa, identifikazioa egiteko modua, formulazioa eta aldez aurreko azterlanak –12. idatz-zatian erantsiko dira–; adierazi erreferentzia-esparru bat osatzeko beste elementu interesgarri batzuk).

4.– EAE-KO PERTSONA HARTZAILEAK (proiektuaren helburu diren pertsonak edo taldeak, proiektuaren onuradun edo hartzaile gisa).

4.1.– Identifikazioa (sektorea, adina, kopurua, sexuaren arabera banatuta).

4.2.– Hautatzeko irizpideak (bidezkoa izanez gero, azaldu taldearekin egindako beste ekintza batzuk).

4.3.– Proiektuaren zein fasetan parte hartzen duten (aurretiazko harremanak, parte-hartzea ekintzan, modua, denbora eta abar).

5.– PROIEKTUAREN HELBURUA (azaldu zer espero den proiektua arrakastaz amaituz gero).

6.– ESPERO DIREN EMAITZAK (zehazki eta zenbaki-adierazleen bidez, deskribatu egindako jardueren ondorioz proiektua gauzatzean egingo diren eta berariazko helburua lortzea ahalbidetuko duten produktuak eta zerbitzuak).

7.– AURREIKUSITAKO JARDUEREN ZERRENDA (deskribatu emaitzak lortzeko aurreikusitako ekintzak, eta deskribatu ekintza bakoitzean beharrezkoak diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta baliabide materialak. Idatz-zatian kostua banakatu beharko da).

8.– JARDUEREN KRONOGRAMA (7. idatz-zatian deskribatutako jarduerak lehen zutabean zerrendatzen dira. Jarduera bakoitza gauzatzeko aldia X batekin adieraziko da).

JARDUERAK	Hiruhilekoa	1	2	3	4	

					

					

					

					

					

					

					

9.– PROIEKTUA FINANTZATZEKO AURREKONTUAREN LABURPENA. FINANTZATZAILEEN ARABERAKO BANAKAPENA (13. idatz-zatian aurrekontu-partida bakoitzerako aurreikusitako kostuaren banakapena zehaztuko da).

PARTIDAK	Eusko Jaurlaritza	EAEko beste Herri 	Erakunde eskatzailea	Beste batzuk 	GUZTIRA	

		Administrazio batzuk

KOSTUAK 	

A.I. Materialak eta ekipoak						

A.II. Langileak 						

A.III. Bidaiak eta egonaldia						

A.IV. Kontratazioak						

A.V. Publizitatea						

A.VI. Funtzionamendua 						

GUZTIZKO OROKORRA

EUROTAN

Guztizko kostuen gaineko

portzentajea					

10.– BIDERAGARRITASUN ETA JASANGARRITASUNARI BURUZKO AZTERLANA (etorkizunean kanpoko laguntza amaitzean proiektuaren jarraitasuna eta, hala badagokio, mantentzea bermatuko duten faktoreak; hala badagokio, proiektuaren epe luzerako jasangarritasuna justifikatuko duten azterlan teknikoak, beste erakunde batzuekin egindako hitzarmenak, alderdi soziokulturalak, aurreikusitako prestakuntza-neurriak eta abar erantsiko dira 12. idatz-zatian).

11.– BESTE ALDERDI GARRANTZITSU BATZUK

11.1.– Generoaren ikuspegia proiektuan eta pertsona hartzaileen kasuan. Esku-hartzeak emakumeen egoeran eta genero-erlazioetan dituen ondorioak neurtuko dituzten adierazleak.

11.2.– Zein ekarpen egiten dio proiektuak kulturen arteko elkarbizitzari?

11.3.– Erabili beharreko metodologia. Azaldu aukeraketa.

11.4.– Beste gizarte-erakunde eta erakunde publiko batzuekin koordinatzeko ildoak.

12.– AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA: ZERRENDA

12.1- Dokumentazioa:

a) Esperientzia: azken urteetan kudeatutako antzeko proiektuak. Proiektu bakoitzaren titulua eta proiektuen zenbatekoa eurotan.

b) Dagokion Toki Erakundean fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria, Programara zuzendutako kopurua eta Inmigrazio Programak jasotzen dituen bestelako finantzaketak adierazita.

12.2- Proiektuaren jasangarritasuna justifikatuko duen beharrezko dokumentazioa: EAEko beste erakunde batzuen hitzarmenak/abalak/gutunak; proiektuaren etorkizuneko jasangarritasunerako euskarri gisa garrantzitsua izango den beste edozein dokumentazio.

13.– AURREKONTUA

Aurrekontuaren banakapena partiden eta finantzatzaileen arabera.

Zehaztu giza baliabideak, baliabide teknikoak eta baliabide materialak, jarduera bakoitzerako kostua barne hartuta. Erantsi, hala badagokio, erakunde eskatzaileaz kanpoko pro forma fakturak, aurrekontuak eta/edo balorazioak.


Azterketa dokumentala