
184. zk., 2003ko irailaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
5145
AGINDUA, 2003ko uztailaren 16koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena; beraren bidez ekoizpen integratuaren arloan prestakuntza teknikorako irizpideak ezarri dira.
Ekoizpen Integratuari eta hura nekazaritzako elikagaietan adierazteari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuko 4. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoaren arabera, Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroan egon nahi dutenek ondokoa bete behar dute, besteak beste: ekoizpen-mota horri aplikatu beharreko arauak betetzeko aholkuak eman ditzaketen eta haiek betetzea zuzendu eta kontrolatu ahal duten zerbitzu teknikoak eduki behar dituzte. Hori bi modutara froga dezakete: zerbitzu horiek emateko gauza diren langile teknikoak dituen ekoizle-elkartze batekin konpromisoa sinatuta edo bestela, bakarrik arituz gero, zerbitzuok emateko prestaturik daudela frogatuta.
Agindu honen bidez prestakuntza horretarako betekizunak zehaztu nahi dira eta, orobat, Ekoizpen Integratuari buruzko trebakuntzako ikastaroen gutxieneko edukiak arautu, jasotzaileen araberako balizkoak kontuan hartuz. Zerbitzu teknikoak emateko prestakuntzako arduradun teknikoa eta nekazaritzako ustiategien titular diren banako ekoizle prestatuak izan daitezke jasotzaile.
Otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuko azken xedapenetatik lehenean xedapenak garatzeko eta aplikatzeko eman zaidan ahalmena dela bide, foru-aldundiekin kontsultaturik eta Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordeak proposaturik, Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordearen osaera eta jarduna zehazten dituen Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2002ko otsailaren 5eko Aginduko 1. artikuluko c) idatz-zatian agindutako eginkizunekin bat (EHAA, 48.zk., 2002ko martxoaren 8koa), hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Langile tekniko prestatuak.
Ekoizleen elkartzeen (elkarte, kooperatiba edo legez eraturiko bestelako erakunde) zerbitzu teknikoetako langileak Ekoizpen Integratuari eta hura nekazaritzako elikagaietan adierazteari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuko 4. artikuluko c) idatz-zatian ezarritakoaren arabera prestatutzat jotzeko, nekazaritzako elikagaien arloko unibertsitateko edo lanbide-heziketako goi-mailako titulua edo haren baliokidea eduki behar da, eta horrez gainera ondokoak bete behar dira:
a) "Ekoizpen Integratuko oinarrizko ikastarora" joan behar da eta gainditu egin behar da (edukiak I. eranskinean ageri dira) eta, Ekoizpen Integratuaren arloan kreditatu nahi diren arau teknikoen arabera, gauza bera egin behar da II. eranskinean ageri diren ikastaro bereziekin ere; ikastaro horiek Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita egonik nekazaritzako trebakuntzan ari diren erakundeek emango dituzte.
b) Gutxienez 6 hilabetean nekazaritzako ustiategiei kreditatu nahi diren arau teknikoen taldeetako zerbitzu teknikoak egiten jardun dela frogatu behar da. Horrelako zerbitzuak ematen lan egindako denbora herri administrazioek emandako ziurtagirien bidez, lan-kontratuen bidez, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez edo kreditatu nahi diren arau teknikoen taldeetako zerbitzu teknikoak egiten jardun dela sinesgarriro frogatzen duten bestelako agirien bidez froga daiteke.
2. artikulua.– Norbanako ekoizlea.
Norbanako ekoizlearen prestakuntza, otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuko 4. artikuluko c) idatz-zatiko azken paragrafoan aipatutakoa, frogatutzat joko da aurreko idatz-zatian langile teknikoentzat ezarritako betekizunak betez gero.
3. artikulua.– Ikastaroen antolaketa eta ebaluazioa.
Irakasleen izendapena eta ikasleen ebaluazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eginkizunak dira. Mendikoi, Nekazaritza Garapenerako Institutua, A.B.ren bitartez egingo ditu; erakunde horrek ikasleen asistentzia eta etekinak kontrolatuko ditu.
4. artikulua.– Egiaztagiriak.
Ekoizpen Integratuaren arloko prestakuntza teknikoaren egiaztagiriak foru-aldundietako nekazaritzaren arloko sailek emango dituzte.
II. eranskineko ikastaro berezi bakoitzaren programako arau teknikoen talde bakoitzeko egiaztagiri bat emango da, berari dagozkion agiriak aurkeztuz gero.
Lurralde historiko bateko foru-aldundiak arau teknikoen talde bati buruz ematen duen egiaztagiriak EAE osorako balioko du.
Teknikari bati egiaztagiria eman eta gero zehatz-mehatz frogatzen bada zerbitzu teknikoak emateko prestakuntzaren betekizunak ez dituela betetzen, foru-aldundiek egiaztagiria kentzea erabaki ahal izango dute, administrazio-espedientea instruitu ondoren.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustatu egingo du berari atxikitako erakundeek berariazko ikastaroak antolatzea arlo honetako aholkularitzarako prestatuta dauden langile teknikoak dituen ekoizle-elkartze bateko kide izan arren Ekoizpen Integratuari buruzko zabalkuntza eta informazio jardueretan parte hartu nahi duten ekoizleentzat, hain zuzen ere nekazaritzako jardun onerako kodearekin zerikusia duten Ekoizpen Integratuaren oinarriak eta kudeaketa eta kontroleko prozedurak ikas ditzaten.
Halaber, urtero teknikari koalifikatuentzako erreziklaje-ikastaroak sustatuko ditu, arau teknikoetan gertatzen diren aldaketen berri jakin dezaten. Prestakuntza frogatu nahi duten teknikariek urtero zehazten diren trebakuntza- eta birziklatze-jarduerak egiteko konpromisoa hartu behar dute.
Bigarrena.– Agindu honetako 1. artikuluan titulazioaz eta esperientziaz ezarritako betekizunak bete arren artikulu horretako a) idatz-zatian aipatutako ikastaroetan izan ez diren pertsonek trebakuntzarako beste ikastaro eta jarduera batzuk balioztatzeko eskatu ahal izango diote jardun nahi duten lurraldeko aldundiari, agiri bidez frogatuz gero, Mendikoi Nekazaritza Garapenerako Institutua, A.B.k kasuan kasuko arloko egiaztagiria lortzeko edukien baliokidetasunari buruz egiten duen txostenean ezartzen duena oinarritzat hartuta.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko uztailaren 16a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
I. ERANSKINA
EKOIZPEN INTEGRATUARI BURUZKO
OINARRIZKO IKASTAROA
PROGRAMA: 40 ordu
1. gaia: Ekoizpen Integratuaren inguruko oinarrizko kontzeptuak. (3 ordu)
Nekazaritzaren iraunkortasuna: alternatiba bat. Babes integratua. Landareen ohiko osasun-babesaren arazoak. Izurriteen aurkako borrokaren bilakaera. Nekazaritzan Egoki Jarduteko Kodea. O.I.L.B.ren gidalerro teknikoak.
2. gaia. Ekoizpen Integratuaren egitura eta berari buruzko arautegia. (4 ordu)
Egungo egoera Europar Batasunean, Estatuan eta beste autonomia-erkidego batzuetan. EAEko arau-esparrua. Operadoreen erregistroa, kontrola eta egiaztagiriak. Arau teknikoak eta landa-koadernoa.
3. gaia. Ongarriztapena. (4 ordu)
Ongarritze-programak: sakonera, drenajea, testura, materia organikoa, mugak, banatzeko sistema. Lurraren eta hostoen analisia: interpretazioa, laginak hartzea.
4. gaia. Ureztatzea. (3 ordu)
Uraren analisia, laginak hartzea eta interpretazioa. Ureztatzeko sistemak, bolumenak, materialak. Lurreko uraren ebaluazioa. Ur-beharrizanak. Fertirrigazioaren eraginkortasuna.
5. gaia. Inaustea eta laborantzako beste jarduera batzuk. (3 ordu)
Lurraren laborantza. Belar txarren kontrola: baliabide mekanikoak, baimendutako herbizidak eta aplikatzeko aldiak.
6. gaia. Kontrol integratua. (4 ordu)
Babes integratuaren oinarri ekologikoak: arriskuak aurreikusteko metodoak, esku hartzeko atalaseak, laginak hartzeko estrategiak. Kontrol kimikoa, biologikoa, bioteknologikoa eta kulturala. Fauna lagungarriaren erabilpena.
7. gaia. Landare-osasunerako gaiak. (4 ordu)
Deskripzioa eta sailkapena. Gai aktiboak: Ekoizpen Integraturako hautatzeko irizpidea, toxikologia. Biltegiratzea eta garraioa. Hondakinen gehieneko kopuruak. Landare-osasuneko produktuen ondorioak ingurumenean, lurretan, uretan, elikagaietan eta gizakion osasunean.
8. gaia. Alternatibak eta txandakatzea. (2 ordu)
Arrazoi agrokimikoak eta ingurumenaren arlokoak. Lurraren mantentzea.
9. gaia. Makinak eta ekipoak. (2 ordu)
Arriskuen aurkako neurriak: babesa eta segurtasuna. Energia aurreratzea, makina arriskutsuei eta aplikazio-ekipoei buruzko arauak.
10. gaia. Biltzea eta biltegiratzea. (3 ordu)
Biltzeko aldirik egokiena. Bildu ondoko tratamenduak eta kontserbaziokoak: baimendutako teknikak eta produktuak. Lokalen eta ekoizpenen ezaugarriak eta baldintzak.
11. gaia. Trazabilitatea eta hondakinen kudeaketa. (ordubete)
Ekoizpen Integratuko produktuen identifikazioa eta trazabilitatea. Hondakin solidoei eta likidoei eta ontziei buruzko legeria. Hondakinak kudeatzeko baimenduta daudenak.
12. gaia. Laneko arriskuen prebentzioa nekazaritzako elikagaien ekoizpenean (4 ordu).
Legeria. Arriskuen analisia eta kontroleko gune kritikoak.
13. gaia. Eskuztatze-zentrala. (3 ordu)
Produktuak garraiatzeko, garbitzeko, ontziratzeko, biltegiratzeko eta banatzeko arauak. Instalazioak, ekipoak eta langileak. Eskuztatzailaren koadernoa. Banaketa-kateen eskakizunak. Merkaturatzea. Ekoizpen integratuaren etorkizuna.
Ikastaroa erakunde antolatzaileak ezartzen dituen klase praktikoek osatuko dute.
II. ERANSKINA
IKASTARO BEREZIAK:
Ekoizpen Integratuaren inguruko arau teknikoak, 6 ordu gutxienez.
a) Fruta-arbolak.
b) Mahatsondoa.
c) Barazkiak, berotegian.
d) Barazkiak, estentsiboa.
e) Patata, azukre-erremolatxa, zerealak eta bazka-laboreak.
f) Larreak eta belardiak, okelatarako behi-azienda, esnetarako behi-azienda eta esnetarako ardi-azienda.
RSS