Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2003ko irailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
5019

EBAZPENA, 2003ko irailaren 1ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epeari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

2002ko azaroaren 29ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bitartez (2003ko urtarrilaren 9ko EHAA, 5.zk.–a) Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Hasiera emate honek babestu beharreko ondasunen deskripzioa eta mugaketa baino ez zuen egin.

Ordutik hona espedientea Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 12.1 artikuluak ezartzen dituen ezaugarriekin osotzeko lan egin da, hau da, dagokion babes-araubidea. Aldi honetan Foru Aldundiak lurraren jabetza bereizteko eta jasotze-eskubidea dutenei itzultzeko hasitako izapidetzari dagokionez, udalak baimenak eman ahal dituela argitu izan behar da. Halere, espedientea hasterakoan batera gertatu zen Ganerantz 1.ean zen egurrezko etxearen eraispenak biztanle batzuk artegatu zuen, eta honen ondorioz erantzun ziren telefono dei ugari suertatu ziren eta baita bilerak ere, guzti hau argitzeko: eraispen baino lehenagotik espedientean lan egiten ari zela eta izendapena eta babes araudiak zein ondorio dakarten azaltzeko.

Horiek horrela, babes erregimena ezarri da. Beraz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako txosten eta Ebazpen-proposamena ikusirik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. Eranskinean agertzen den deskripzioa eta II. Eranskinean den mugaketa kontutan hartuta, III. Eranskinean ezarri den babes-araubidea dela. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea emango da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia-San Sebastian kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Bigarrena.– Valle de Trápaga-Trapagarango (Bizkaia) Zugaztietako meatze-auzunea Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedienteari egindako aldaketak interesdunei jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta hamabost eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari eta Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko irailaren 1ean.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Gaur egun La Arboleda izenaz ezagutzen denaren ingurunean, 1870 aldera, 400 pertsona bizi zirela badakigu. Hamarkada hartan, atzerriko konpainiek Trianoko mendien meatze-ustiapenari bultzada handia eman zioten, eta horren ondorioz biztanleria asko hazi zen.

Langile asko behar zirela eta, estatuko hainbat lekuetatik langile kopuru handia etorri zen. Jende-isuriaren ondorioz bi fenomeno gertatu ziren: alde batetik gure herriak handitu ziren, inoiz ez bezala; eta bestetik herri berriak sortu, meategien ondo-ondoan. Azken horren eredu dugu La Arboledako meatze-herria.

Egungo Trapagaran udal-barrutiaren barruan dago, mendiz inguratutako ibar txiki batean. 1877an sortu zen, eta auzune garrantzitsu zen jada. Hasera batean egurrezko etxolatzarrak eraiki ziren, meategien albo-alboan, ostatu premiari erantzuteko. Eraikin horiek behin-behinekoak izateko, bazegoen beste arrazoi bat ere, hots: edozein momentutan, meatze-ustiapenaren gorabeherak horrela aginduta, beharrezkoa izan zitekeen etxolatzarrak botatzea edo lekuz aldatzea.

Halaz eta guztiz ere, auzunea sendotzen joan zen. 1887an bi etxetatik bat harriz egina zen. 1911 urtean berriz 3000 pertsona bizi omen ziren bertan, eta herri nabarra zela zioten. Beranduago hainbat ekipamendu sortzen dira bertan, herria ondo osatzen dutenak, horien artean: ospitalea, eskolak, asilo-babesetxea, eliza, ekonomatua, langile katolikoen biltokia, herriaren etxea, eta abar.

Hirigintzaren aldetik, sare-tankerako eskema jarraitzen du, plaza zentral baten inguruan. Plaza honen inguruan multzoa antolatzen da, eta bertan kokatzen dira herriaren zenbait ekipamendu: plazaren mutur gorenean San Salvadorren eliza; horren aurrez-aurre, musikarako kioskoa; eta sindikatuen etxeak, hala nola, Herriaren Etxea. Plaza luze hau lurzoruaren gorenezko maldaren norantzan luzatzen da. Kaleak berriz plazarekiko elkartzutak dira, maldaren sestra-marrak jarraituz.

Momentu historiko hartako hiru etxe mota mantentzen dira, meatze-langileen etxeen erakusgarri direnak:

a) Egurrezko etxeak. Meatze-etxetzarrenetik gertuen daudenak dira. Halaz ere, eredua eraldadatua izan da; egituran, eraikuntza materialetan eta barne-antolamenduan aldaketak jasan ditu. Jatorrian etxebizitza bakoitza sukaldeak eta gela bakar batek osatzen zuten.

b) Pisutan antolatutako etxe askeak, balkoididunak.

c) Orconera Iron Ore Konpainiaren irizpideak jarraitzen dituzten etxebizitzak, eraikuntzaren aldetik. Bi familiatarako ilarako-etxeak dira. Hiru edo lau ilarako multzoak sortzen dituzte eta irregularki antolatuak daude.

II. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketaren deskribapena.

La Arboleda Meatze-Herrian, Monumentu Multzoaren mugaketa, eranskin honetan marrazki baten bitartez adierazita geratzen dena da.

Mugaketaren zergatia.

Hirigunearekin bat dator babes eremuaren mugaketa, La Arboleda Meatze-Herriaren Monumentu Multzoaren mugaketa alegia. Mugaketa hau nahikoa dela kontsideratzen da, bai multzoaren balioak babesteko, baita interesa handiena sortzen duten elementu banakoen balioak babesteko ere. Ez da nahitaezkoa kontsideratzen mugaketa hurbileko ingurura zabaltzea.

III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I KAPITULUA
BABES ERREGIMENAREN IZAERA

1. artikulua.– Babes erregimenaren helburua.

Babes-erregimen hau Zugaztietako meatze-herrixka monumentu-multzo kalifikatutzat aitortzearen zati da eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa bere menpe jarri beharko da eta hirigintza-plangintzako tresnek bere estipulazioak bete beharko dituzte.

2. artikulua.– Aplikazio esparrua.

Ondoren zehazten den babes erregimena Zugaztietako meatze-herrixkaren mugaketan barne hartutako higiezin eta eremu guztiei aplikatuko zaie.

II KAPITULUA
ERREGIMEN OROKORRA

3. artikulua.– Edukia.

Testu honen edukiak babes erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduak nahiz etorkizunean egin litezkeen berorren berrikuspenek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu ondarearen babesari dagokionez.

4. artikulua.– Garapeneko hirigintza-planeamendua.

1.– Babes erregimen honetan barne hartutako ondasunei aplika dakieken hirigintzako planeamenduak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28.1. artikuluak aipatutako txostena beharko du. Txosten horretan edozein esku-hartzeren bateratze maila jasoko da, oinplano berriko eraikuntza barne.

2.– Babes erregimen hau garatzen duten hirigintzako bitartekoak onartzen ez diren bitartean, aipatu Legearen 28.2. artikulua nahitaez bete beharko da.

5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.

1.– Eremu publikoetan gauzatu beharreko jarduera orok eremu horien izaera eta egitura hiritarra sustatuko ditu. Horrez gain, hiriko altzariak multzoaren ingurugiro orokorrean txertatu eta integratuko ditu.

2.– Babes erregimen honetako babes mailetan barne hartutako eraikin orok Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legean aurreikusitakoa jarraitu beharko du, baimen erregimenari, erabilerari, jarduerari, defentsari, zigorrei, arau-urratzeei eta gainerako auziei dagokienean.

3.– Babes erregimen honek aipatzen dituen birgaitzeko esku-hartze motak ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan garatutakoak dira.

4.– Monumentuaren kategoriaz kultur ondare kalifikatu gisa deklaratu diren edo etorkizunean deklaratuko diren, eta, horrexegatik, babes erregimen xehekatua duten, higiezin eta osagaiei aipatu erregimena ezarriko zaie. Arautegi hori aplikazio osagarrikoa izango da.

5.– Babes erregimen honek ukitutako ondasunen jabeek Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legeak 20 eta 35. artikuluetan eta Lurzoruaren 6/1998 Legeak 19. artikuluan ezarritako kontserbazio, zainketa eta babesaren betekizunak nahitaez konplitu beharko dituzte.

6.– Babes erregimen honen arabera oinarrizko babesa edo babes berezia duten ondasunak uztailaren 3ko Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera bakarrik eraitsi ahal izango dira.

7.– Babes erregimeneko Erregimen Orokorraren aplikazioak zenbait osagaietan meatze-herrixkan berezko ezaugarri tipologiko edo formalak aldatzea eragiten duten erabilerak ahalbidetzen dituen kasuetan, Eusko Jaurlaritzako organo eskudunak horren gainean xedatzen duena jarraituko da.

8.– Babes erregimen hau garatuko duen hirigintzako planeamenduak hondoko eraikin hauen gehienezko altuerak aztertu beharko ditu: bere tratamendua edo konposaketagatik diskordantzia bezala baloratu daitezkeen jasodurak, nabarmenki bere inguruko edo kaleko beste elementuak baino altuera handiagoa dutenean.

6. artikulua.– Hiri-egitura.

1.– Zugaztietako meatze-herrixkaren egitura oso berezia denez, horren ezaugarri morfologikoak gordetzeko, kontserbatu egingo dira, oro har, hiri-egituraren eskema eta bertan dauden eraikinen forma eta tipologiako ezaugarri orokorrak.

2.– Hiri-bilbea, alderdi publiko eta pribatuen definizioa denez, monumentu-multzoaren berezko ezaugarrietako bat da, baita partzelen azken euskarria ere. Beraz, ez da onartuko bilbearen oraingo lerrokaduren aldaketarik, salbu eta trazaketaren disfuntzioak zuzentzeko bada. Aldaketa horiek meatze-herrixka birgaitzeko planeamendu-agiri berezi baten bitartez proposa daitezke, betiere, agiri hori babes-erregimen honen 4. artikuluan ezarritako eran onartu bada.

7. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babes maila berezi edo oinarrizkoan barne hartutako eraikinen gaineko esku hartzeko proiektuek berorien egungo egoeraren dokumentazio grafiko xehea aurkeztuko dute: oinplanoak, fatxadak eta sekzioak 1/50 eskalara, xehetasun arkitektonikoak 1/20 eskalara, argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak, eta abar, proposatzen den esku-hartzea egitea merezi duela erakusteko.

8. artikulua.– Berritze eta ordezkatze lanak.

Ez babes berezirik ez oinarrizkorik ez duten elementuak berritzeko edo ordezkatzeko baldintzak.

Berritze edo ordezkatze lanetarako, esku hartzeko oinarrizko irizpideak ezarri dira. Irizpide horiek zuzenean aplikatuko dira harik eta monumentu multzoa birgaitzeko planeamendu-agiri berezia onartzen den arte. Edozein modutan, agiri hori irizpide hauek bete eta garatu beharko ditu:

a) Estalkia inklinatua izango da, bi edo lau isurialdekoa, berritu edo ordezkatu nahi den eraikinaren berezko tipologiaren arabera.

b) Aurreko eraikinaren altuera berbera gordeko da teilatu-hegalera eta gailurrera. Hala ere, aldaketa txikiak proposatu ahal izango dira, altuerari dagokionez, teilatupeko etxebizitzetako bizigarritasun-baldintzak hobetzeko baina, betiere, aldaketa horien bitartez beste solairu bat eraikitzen ez bada. Dena dela, ezin izango da horrelako aldaketarik proposatu beheko solairua eta beste bi baino gehiago duten eraikinetan.

c) Teilatu hegalek meatze-herrixkako ingurunean bereizgarri diren ezaugarriak izango dituzte, bai hegalkinari bai ertzari dagokionez. Ez dira onartuko 20 zentimetrotik gorako lodiera duten ertzak.

d) Ordezkatzeetan fatxadaren molde laua gordeko da, eta ez da osagai trinko irtenik onartuko.

e) Debekatuta egongo da beheko solairuan markesinak eta hegalkinak egitea.

f) Debekatuta egongo da estalkiaren faldoien planotik ateratzen diren kasetoi eta bolumenak eraikitzea.

g) Herrigunearen berezkoak diren konposaketa osagaiak erabiltzea:

– Baoak ardatz bertikaletan moldatzea.

– Balkoi irtenen zorua ez da 15 cm-tik gorakoa izango, berori osatzen duen materiala edozein delarik ere, eta hegala meatze-herrixkan ohikoa dena izango da, ez handiagoa.

– Balkoietako babesetarako ohiko materialak erabiliko dira.

h) Erakusleihoak eta horma-irudiak dagokion hormaren harkantoiaren zabaleran ezarri beharko dira, eta baoen irakurketa-planoekiko atzeratze edo aurreratze gehiegizkoak espreski debekaturik daude.

i) Fatxaden akaberetan, berritu edo ordezkatu nahi den eraikinaren berezko ezaugarriak gordeko dira: zurezko barrakoien tipologiako eraikinetan egurrezko oholak jarriko dira eta besteetan, zarpiatua edo emokadura.

9. artikulua.– Eragin esparrua.

Kapitulu honetako erregimen orokorra Monumentu Multzo Kalifikatua den aldetik Zugaztietako meatze-herrixkaren mugapenaren barru dauden eraikin eta elementu guztietan aplikatuko da.

III. KAPITULUA
BABES MAILAK

1. Atala.– Aurretiko Gaiak

10. artikulua.– Sailkapena.

1.– Mugaketan barne hartutako ondarea honako babes kategoria edo maila hauetan sailkatuko da:

– Eremu hiritarrak

– Babes berezia

– Oinarrizko babesa

– Diskordantzia.

11. artikulua.– Garrantzi berezia duten osagaiak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 12.1.e) artikuluan xedatutakoa betetzearen ondorioetarako, babes berezi eta oinarrizkoa duten osagaien zerrendan jasotako higiezin guztiak garrantzi berezia duten osagaitzat hartuko dira.

2. Atala.– Eremu hiritarrak

12. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes erregimen honen ondorioetarako, eremu hiritartzat hartuko dira Zugaztietako meatze-herrixkaren hiri-egituraren zati diren eraiki gabeko eremu publiko nahiz ez publikoak, hau da, kaleak, kantoiak, plazak eta patioak.

13. artikulua.– Garapeneko hirigintza-planeamenduaren ebazpenak.

1.– Eremu hiritarrek meatze-herrixkako hiri-bilbearen osagarri gisa duten garrantzia kontuan hartuta, planeamenduak horiek kontserbatzeko neurriak jasoko ditu. Hori dela eta, dokumentu honen 4. artikuluan aipatzen den txostena egin beharko da.

2.– Planeamenduak babes erregimen honetan barne hartutako eremu hiritar ezberdinetako bakoitzak banaka bete beharreko baldintza zehatzak finkatu beharko ditu. Aipatu erregimenean azaldutako irizpideak jarraituko dira.

3.– Kaleak eta kantoiak nahiz plazak eta patioak behar bezala hiritartuko dira, eta planeamenduak ezarri beharreko akabera mota eta hiriko altzariak zehaztu beharko ditu.

14. artikulua.– Kaleak eta kantoiak.

1.– Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, 5 metroko zabalera baino gutxiago duten kale estuak joko dira kantoitzat.

2.– Kaleetan, oraingo lerrokadurak mantenduko dira, eta ezin izango da inolako aldaketarik egin, salbu eta 6. artikuluaren 2. puntuan esandakoaren ondorio direnak. Kantoietan egiten diren jarduketak birgaitzeko, higienizatzeko eta irisgarritasuna errazteko izango dira.

3.– Kaleetan eta, batez ere, kantoietan burututako jarduerak beroriek, ahalik eta gehienak bederen, oinezkoentzat gertatzera eta gainazaleko aparkalekuen erabilera desagerraraztera bideratuta egongo dira. Neurri horrek lehentasuna izango du kantoietan eta irteerarik gabeko kaleetan.

4.– Kaleak eta kantoiak hiritartzeko jarduerek horien guztien zoladura aurreikusiko dute.

5.– Zerbitzu guztiak pixkanaka lurpetik kanalizatuko dira, eta gainazaleko edo airetiko linearik ez da inola ere baimenduko.

6.– Kantoiaren lerrokaduraren gainditze orok, irtena izan ala ez, eranskin degradatzailetzat joko da, eraikinetako teilatu-hegalen kasuan izan ezik. Teilatu-hegalak, hala ere, ezingo dira 50 cm baino handiagoak izan.

3. Atala.– Babes berezia

15. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Babes bereziko osagaitzat hartuko dira kultur balio berezia duten higiezin eta elementuak. Kultur balio hori meatze-herrixkan ohikoak diren tipologia, forma edo eraikuntza irtenbideak ematen die elementuei: meatzarien barrakoienak edo Orcorena Iron Ore enpresaren parametroak jarraitzen dituzten etxeenak, adibidez. Ondare eraikiaren zati interesgarritzat jotzen dira, bai eraikuntza eta formaren aldetik eman zaien irtenbideagatik, bai tipologiagatik (barne banaketa, banaketa bertikaleko elementuen antolamendua, partzelan duten kokapena eta antolamendua edo bestelako edozein ezaugarri formal).

16. artikulua.– Babes bereziko mailan barne hartutako osagaien preskripzioak:

1.– Babes berezia duten eraikinek babes maila gorena dute, eta berorietan burutzen diren zaharberritze jarduerek beren egitura eta ezaugarriak mantendu beharko dituzte. Hortaz, ezin izango da ekarpen edo diseinu berririk egin.

2.– Bereziki babestutako ondasunen eraisketa osoa edo partziala Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera bakarrik baimendu ahal izango da.

3.– Eraikin horiek ukitzen dituen lan edo esku-hartze orotan, beren eite bolumetrikoa nahiz lerrokadurak mantendu beharko dira.

4.– Higiezin horiei ematen zaien erabilerak berorien kontserbazioa bermatu beharko du, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehazpenak inola ere urratu gabe.

5.– Eraikin horietan berorien kontserbazioa eta balioespena bermatzera bideratutako eraikuntzako esku-hartzeak baimenduko dira. Ildo horretatik, zaharberritze zientifikorako eta A eta B kategorietako kontserbazioko zaharberritzerako (eraikinaren egoeraren arabera) onartzen diren obrak baimenduko dira, Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Gainera, gaur egun etxebizitza diren elementuetan, barruko espazioak kontserbatzeko eta apaintzeko jarduerak ere onartuko dira, aipatutako 317/2002 Dekretuan zehaztutako moduan.

17. artikulua.– Osagai babestuak.

Monumentu Multzo bezala mugatutako esparruan, dokumentu honetan sartutako 1. Zerrendako osagaiak Babes Bereziko mailan barne hartzen dira, garrantzi berezikoak izatean.

4. Atala.– Oinarrizko babesa

18. artikulua.– Babestu beharreko osagaiak.

Oinarrizko babes maila izango dute balio arkitektoniko, historiko edo artistiko nabarmenik ez duten arren, bermatzea merezi duten higiezinak, ikuspegi tipologikotik edo ingurugiro mailakotik ondare eraikiaren zati interesgarria direlako. Hala ere, zaharberritze lanak aurreikusten dituen babes maila berezian sartuak izateko adina interes ez dute.

19. artikulua.– Oinarrizko babes mailan barne hartutako osagaien preskripzioak:

1.– Babes maila honetan barne hartutako eraikinen eraisketa Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutako preskripzioen araberakoa izango da.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak, goragoko babes mailetan barne hartutakoez gain, Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko jarduera babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 317/2002 Dekretuan jasotakoak izango dira bermatzea, kontserbatzea eta apaintzea deitutako eraikuntzako esku-hartzeetarako. Gainera, gaur egun etxebizitza diren elementuetan, barne espazioak eraberritzeko esku-hartzeak ere onartuko dira, aipatutako 317/2002 Dekretuan zehaztutako eran.

20. artikulua.– Babestutako osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, oinarrizko babes maila honetan dokumentu honetan barne hartutako 2. zerrendako higiezinak eta osagaiak jasotzen dira.

5. Atala.– Diskordantzia.

21. artikulua.– Diskordantzia.

Babes erregimen honen ondorioetarako, diskordantetzat hartzen dira inguruko eraikinetara egokitzeko legezko betekizuna konplitzen ez dituzten higiezinak nahiz, beren ezaugarri bolumetriko, eraikuntzako, formal edo kokapenekoak direla eta, Erregimen honen helburu den meatze-herrixka birgaitzeko planeamendu orokorra larriki eragozten dutenak.

Gainera, eraikinetako zenbait elementu edo zati solte diskordantetzat jo ahal izango dira, dauden eraikinaren babes-maila dena dela.

22. artikulua.– Higiezin eta osagai hiritar diskordanteen preskripzioak.

1.– Honako egoera hauetako bat edo batzuk ekarri dituzten jarduerak eragozpen larritzat hartuko dira:

a) Herrixka birgaitzeko egoki den eremu libreen eskema ezartzea eragozten duten bolumenak egotea.

b) Ikuspegi historiko edo arkitektonikotik balio berezirik ez dutelarik, karkaben bitartez aldameneko higiezinen argiztapena eta aireztapena kaltetzen dituzten bolumenak egotea.

c) Fatxadako akaberetan meatze-herrixkan nagusi direnekikoez bestelakoak diren materialak eta osagaiak erabiltzea.

d) Eraikinean eranskin degradatzaile gehiegi egotea, aldaketa horiek gauzatu direneko eraikuntzako unitatea ezagutezina egiterainoko proportzioan.

e) Aldamenekoen ezaugarriekin bat ez datozen bolumenak ezartzea, bai altuera gehiegi dutelako bai etxadien barne edo kanpoko lerrokaduretan aldaketak egin direlako.

f) Monumentu-multzoan barne hartutako gainerakoekin bat ez datozen eta kokaturik daudeneko ingurunera oinarrizko alderdietan egokitu ez diren eraikinak ezartzea.

g) Babes-erregimenari dagokionez beren balorazio globala duten eraikinetan egokiak ez diren elementuak jartzea diskordantzia partzialtzat joko da: fatxadatik ateratzen diren terraza eta gorputz trinkoak, neurri desegokia duten balkoiak, gehiegizko jasodurak, teilatuko faldoien planotik ateratzen diren kasetoi eta bolumenak etab.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak eraisketa edo ordezkatzea izango dira, Babes Erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduan zehaztutako baldintzetan.

3.– Berebat, Lurzoruaren 6/1998 Legeko higiezinen zainketari buruzko 19. artikuluaren ondoriozko esku-hartzeak nahiz Ondare Hiritartu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduera Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan zehazten diren Kontserbazio eta Apaindurako jarduerak baimenduko dira.

4.– Babes erregimen honek garatzen duen planeamendua onartzen ez den artean, babes erregimen honetako 8. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

23. artikulua.– Osagai diskordanteak.

Hirigintzako Planeamenduak balorazio hau eman dakiokeen egoera ororen zerrenda xehekatua egin beharko du, eta egoera horiek babes erregimenaren arabera ebatziak izan daitezen ordenantzak prestatu beharko ditu.

IV. KAPITULUA
BABESIK EZA

24. artikulua.– Xedea.

Babesik gabeko osagaiak babesteko moduko balio arkitektoniko, historiko edo artistikorik ez dutenak izango dira.

25. artikulua.– Babesik gabeko osagai eta higiezinen preskripzioak.

1.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak orotarikoak izango dira, ordezkatzea barne, babes erregimen honek garatzen duen hirigintzako planeamenduan zehazten diren baldintzetan.

2.– Planeamendu hori onartzen ez den artean, babes erregimen honetako 8. artikuluan berritze edo ordezkatzeko esku-hartzeetarako zehaztutakoa aplikatuko da.

26. artikulua.– Babesik gabeko osagaiak.

Multzo Monumental gisa mugatutako esparruan, babesik gabekotzat hartutako higiezin eta osagai hiritarrak dokumentu honetan barne hartutako zerrendetan ageri ez direnak izango dira.

V. KAPITULUA
ZERRENDAK

1. Zerrenda – Babes Berezia.

– Zurezko etxe hauek:

Magdalena kalea 19

Magdalena kalea 14

Gabriel Aresti kalea 9

Gabriel Aresti kalea 12

Ganerantz kalea 6

Eusebio Ocerin Jauregi kalea 6

– Orconera Iron Ore-ko etxe hauek:

Arenal kalea 1etik 5era

Magdalena kalea 20tik 24ra

Perez Galdós kalea 18tik 24ra

Gabriel Aresti kalea 7

– Magdalenako eliza

– Kioskoa

– San Fernando babesetxe zaharra

2. Zerrenda –Oinarrizko babesa.

– Antzinako kuartel-etxea.

– Eskailera eta korridorea kanpotik dituen bi solairuko etxea Francisco Intxaurraga z/g kalean, eskola berrien parean.

– Balkoi korritua duten etxeak:

Magdalena kalea 8, 10, 10-bis eta 12 (Circulo Obrero Católico).

Magdalena kalea 1, 5, 7, (Casa del Pueblo), 9 eta 11.


Azterketa dokumentala