Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2003ko irailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5015

AGINDUA, 2003ko uztailaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2003/2004 ikasturterako hezkuntza-itunak izenpetzeko deia egiten duena.

Irailaren 8ko 298/1987 Dekretuak Hezkuntza-Itunen Araudia onartu zuen eta hezkuntza-itun berriak izenpetzeko jardunbidea ezarri.

Uztailaren 14ko 196/1992 Dekretuaren 13.1. artikuluan jartzen duenez, urtero deialdi bat argitaratuko da urte horretan amaitzen diren hezkuntza-itunak berritzeko eta hezkuntza-itun berriak izenpetzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 29ko aginduaz, 2000/2001 ikasturtetik aurrera, lau urterako, hizkuntza-itunak izenpetzeko eta berritzeko deia egin zen. Agindu honen helburua 2003/2004 ikasturterako hezkuntza-itun berriak izenpetzeko deia egitea da.

Deialdi hau 2003ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 27ko 8/2002 Legearen babesean izapidetu da.

Horregatik, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuei, 2003/2004 ikasturterako itun araubidera bildu nahi dutenei, dei egiten zaie, irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren neurri eta baldintzetan, 1992/93 ikasturtetik aurrera hezkuntza-itunak izenpetzeko eta berritzeko den uztailaren 14ko 196/1992 Dekretuan araututako alderdien kaltetan izan gabe.

Itunduko diren irakaskuntza-mailak hauek dira: Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Hezkuntza Berezia, Batxilergoa.LOGSE, Maila Ertaineko eta Goi Mailako Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloak eta HB 2 LH.

2. artikulua.– Hezkuntza-itun berri bat izenpetuz itun araubidera bildu nahi duten ikastetxeek dagokien eskaera aurkeztu beharko dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lurralde Ordezkaritzan euren esku egongo diren inprimakien bitartez, agindu honen 4. artikuluan adierazitako epearen barruan.

3. artikulua.– Aurreko artikuluan aipatzen diren ikastetxeek eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Gela kopurua —baimenduak eta ikastetxean martxan daudenak—, hezkuntza maila, eredu eta unitateka zerrendatuta.

– Eskatzaileak ordezkari izateko duen baimen eta kreditazio mota.

– Zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzen duten agiriak.

Halaber, eskabidearekin batera, ondorengo zer-nolakoetako bat edo guztiak ziurtatzen dituen txostena aurkeztu beharko dute:

– Ikastetxeak beteriko benetako eskolatze-premiak.

– Ikastetxe horrek biltzen dituen eskola-biztanleriaren gizarte eta ekonomi baldintzak, merezimendu moduan aurkezten bada.

– Hezkuntza-sistemarako arreta pedagogikoa duten esperientziak, ikastetxearen programaketan aurreikusita daudenean.

– Hala bada, jardute-araubidea kooperatiban.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta argitaratu eta 15 egunetara amaituko.

5. artikulua.– Lurralde Historiko bakoitzean eratuko den batzorde bana arduratuko da ikastetxeek aurkeztutako eskabideak ebaluatzeaz. Batzorde horren kide, hauek izango dira:

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.

– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lurralde ordezkaria; lehendakari izango da.

– Ikastetxeen Lurraldeko burua.

– Pedagogi Berrikuntzako Lurraldeko burua.

– Aurrekontuen eta Hezkuntza Administrazioko Lurraldeko burua.

– Aukera–berdintasunen arduraduna; idazkari izango da.

6. artikulua.– Irailaren 8ko 298/1987 Dekretuaren 12., 13., 14. eta 15. artikuluetan ezarritako irizpideei lotuko zaie batzordea, eskabideen ebaluazioa egiterakoan.

7. artikulua.– Hezkuntza itunak berritzeko eta izenpetzeko deialdi honi Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak emango dio ebazpena. Agindu bat emango du, bertan honako hauek zehaztuz:

– Hezkuntza maila bakoitzean, itun-araubidera bildu diren Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak.

– Itun-mota, hizkuntza-eredua eta diruz lagunduko diren gelen kopurua, beti ere, itunak egiteko irizpideak, eskabidea egiteko inprimakiak eta egutegiak onartu zituzten Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenetan ezarritako irizpideen arabera.

8. artikulua.– Ituntze-araubidera biltzen diren ikastetxe pribatuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin hezkuntza-itunak gauzatzen direneko administrazio-agiria izenpetu beharko dute. Agiri hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko urriaren 17ko agindu batez onartu zen eta 2000ko azaroaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (224 zk.) argitaratu zen.

9. artikulua.– Onuradunak diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez baditu, jasotako diru-zenbatekoak eta legez dagozkien korrituak itzuli egin beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritako diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorrarekin bat etorriz —Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaiki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri zituen.

10. artikulua.– Deialdi hau hiru hilabeteko epean ebatziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita —agindu honen 4. artikuluan aipatzen da epe hori—, baina beti ere 2003ko abenduaren 30a baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

Horretarako jarritako epearen barruan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko da/dira eskabidea/eskabideak, nahiz eta Administrazioak ebazpen adierazia emateko betebeharra duen.

Ebazpen honen aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunean hasita; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi honetan arautu ez diren arloetarako, 298/1987 eta 196/1992 Dekretuetara eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legera joko da.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko uztailaren 14a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala