Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2003ko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3794

EBAZPENA, 2003ko ekainaren 27koa, Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearena. Honen bidez argitaratzen da 2003ko ekitaldian Merkataritza Indartzeko Plan Bereziak (MIPB) aurrera eramateko toki-erakundeei diru-laguntzak emateko deialdia.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 18ko Aginduak (EHAA, 125 zenbakia, 2003ko ekainaren 26koa) arautzen du Merkataritza Indartzeko Plan Bereziak (MIPB) aurrera eramateko toki-erakundeetarako laguntzen programa.

Laguntza horietarako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2003.eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-sailetatik hartuko dira. Abenduaren 27ko 8/2002 Legean ezarrita dago ekitaldi honetan izango duen erregulazioa.

Agindu horretako 6. artikuluan ezarritakoari jarraiki, egoki da bertan ezarritako laguntzetarako 2003.eko ekitaldiko deialdia egitea eta horretarako behar diren arauak ematea.

Hortaz, Agindu horretako 6. artikuluan emandako ahalmenaz baliatuz, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea

Ebazpen honen xedea da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 18ko Aginduak (Merkataritza Indartzeko Plan Bereziak —MIPB— aurrera eramateko, toki-erakundeetarako laguntzen programa arautzen duenak) ezarritako laguntzen 2003.eko ekitaldirako deialdia egitea.

Xede horretarako, guztira 4.115.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2003. urteko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituan ageri denez.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako baliabide hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera. Aldatzekotan, aurrekontu-baliabide horiek ebatzi baino lehen aldatu beharko da zenbatekoa. Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez, halako aldaketen berri zabalduko da.

2. artikulua.– Betekizunak

1.– Eskatzaileek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 18ko Aginduan (EHAA, ...... zenbakia, 2003ko ekainaren 26koa) ezarritako laguntzak jaso ahal izateko, Agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea

1.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso ahal izango dute eskabidearen eredu bat, baita Internet-eko helbide honetan ere: www.eragintza.net.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari zuzendu beharko dizkiote. Aurkeztu, berriz, lurralde historiko bakoitzeko Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulego egokian aurkeztu beharko dituzte eskabide eta agiri horiek, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak) 38.4 artikuluan zehazturiko tokietan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea Ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2003ko urriaren 15ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari aurkeztuta. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 27a.

Merkataritza eta Kontsumo sailburuordea,

BELÉN GREAVES BADILLO.


Azterketa dokumentala