Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2003ko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3792

EBAZPENA, 2003ko ekainaren 27koa, Turismo sailburuordearena; honen bidez, jendaurrean argitaratzen da 2003ko ekitaldirako deialdia, 2003ko ekainaren 4ko Aginduan ezarritakoari jarraituz laguntzak ematekoa, agindu horrek garatzen baitu turismo-arloan inbertsioak egiteko finantza-laguntzak emateko AFI Programa.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 4ko Aginduak turismo-arloan inbertsioak egiteko finantza-laguntzen AFI programa garatzen du.

Aipatutako Aginduaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko 2003ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horrenbestez, aipatutako Aginduaren 15. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, honako hau

XEDATU DUT

1. artikulua.– Xedea.

Esan dugunez, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko ekainaren 4ko Aginduak turismo-arloan inbertsioak egiteko finantza-laguntzak emateko AFI Programa garatu zuen, eta, hain zuzen ere, aurten egingo diren inbertsioetan laguntza eman nahian, 2003ko ekitaldirako laguntza horien deialdia egitea, horixe da ebazpen honen xedea.

Helburu hori betetzearren, guztira, 400.000 euro zuzenduko dira horretara Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Deialdi honi lotuta, gehienez jota eta guztira emango den diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, lehengoa eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa. Horrenbestez, diru-kopuru hori ahitutakoan, ezin izango da diru-laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Egoera horietakoren bat gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Turismo sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Eskabidea egin nahi dutenek erakunde onuradunaren izaera izan beharko dute 2003ko ekainaren 4ko Aginduan iragarritako laguntzak eskuratu ahal izateko, betiere, aipatutako agindu horretako 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz, agindu horren bidez arautu baitzen turismo-arloan inbertsioak egiteko finantza-laguntzak emateko AFI Programa.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidearen eredua eta formularioak erakunde laguntzaileek adierazitako sukurtsaletan eskuratu ahal izango dira (ebazpen honen eranskinean agertzen dira), edo, bestela, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoetan ere bai. Interneteko helbide honetan ere aurkitu ahal izango dira agiriok: www.eragintza.net.

2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak erakunde laguntzaileek izendatutako sukurtsaletan aurkertu behar dira, edo Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoetan, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezarritako lekuetarik edozeinetan.

3. Eskabideak aurkezteko epea, bukatu, horretarako izendatutako kreditua ordurako ahitzen ez bada behintzat, 2003ko irailaren 15ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena: Honako deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena: ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 27a.

Turismo sailburuordea,

KORO GARMENDIA GALBETE.

ERANSKINA
ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK

KUTXAK

GIPUZKOA DONOSTIA KUTXA

BILBAO BIZKAIA KUTXA

CAJA VITAL KUTXA

KREDITU KOOPERATIBAK

EUSKADIKO KUTXA

BANKUAK

BANCO BILBAO VIZCAYA ARGENTARIA

BANCO SANTANDER CENTRAL HISPANO

BANCO GUIZPUZCOANO

BANCO DE VITORIA


Azterketa dokumentala