Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2003ko apirilaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua
2519

EBAZPENA, 2003ko martxoaren 31koa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariarena, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2002ko abenduaren 16an eta 2003ko otsailaren 10ean egindako Osoko Bilkuretan hartutako Erabakia argitaratzea xedatzen duena.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2002ko abenduaren 16an eta 2003ko otsailaren 10ean egindako Osoko Bilkuretan erabaki bat hartu zuelarik, eta horri beharrezko publikotasuna emateko, maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretuak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arautzen duenak, 10 d) artikuluan ematen dion eskumenaz baliatuz

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ondorengo erabakiaren testua argitaratzea:

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudiaren 7., 10., 23. eta 42. artikuluak aldatzea, 2002ko abenduaren 16ko Aktaren Eranskinean agertzen diren bezala geratuko direlarik idatzita aldaketaren ondoren.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren

lehendakaria,

JESUS ALFREDO ISPIZUA ZUAZUA.

EUSKADIKO KOOPERATIBEN
GOREN KONTSEILUAREN
ANTOLAKETA ETA JARDUERA
ARAUDIAREN ALDAKETA

Lehen artikulua.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudiaren 7. artikuluko Bat puntuko b) letra berriro idatzi da eta honela geratu da azkenean:

b) Kooperatiben baitako gatazken konponbide alternatibo gisa, adiskidetzea eta bitartekaritza bultzatzea.

Bigarren artikulua.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudiaren 10. artikuluko Bost puntua berriro idatzi da eta honela geratu da azkenean:

Bost.– Kontseilarien kargua lau urterako izango da, 213/1999 Dekretuak 6. artikuluan ezartzen duen bezala, eta agintealdia bukatzen den aldi berean egingo da berriztatzea. Dena den, aipaturiko artikuluaren 3. puntuaren arabera garaiz kanpo izendatutako kontseilarien berriztapenak ohiko berriztapenekin batera egingo dira, eta horien agintealdia ere gainerako kontseilariei geratzen zaien denboraldirako izango da indarrean.

Hirugarren artikulua.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudiaren 23. artikulua berriro idatzi da eta honela geratu da azkenean:

Bat.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak legez esleituta dituen eginkizunak garatu eta betetzeko Batzorde iraunkorrak erabil ditzake, Osoko Bilkurak eskuordeturiko ahalmenekin. Dena den, azken honi dagokio egindakoaren kontrola.

Bi.– Osoko Bilkurak izendaturiko kontseilariek osatuko dituzte Batzordeak, bakoitzean bermatu behar delarik 213/1999 Dekretuak 5. artikuluan aipatzen dituen hiru estamentuetako kontseilariak egotea, Euskadiko Kooperatiba Federazioek izendaturikoek gehiengoa izanez. Salbuespen gisa, Batzorde hauetan eskubide osoko kide izan daitezke ospe nabarmeneko beste batzuk, Osoko Bilkurak aho batez izendatuak. Halaber, bilkuretara joan ahal izango dira, kasu jakin batzuetan eta ez iraunkortasunez, Batzordearen beraren iritziz, egokiak direnak, bere esku dauden gaietan lagungarri edo osagarri izan daitezkeelako.

Batzordeek lan-taldeak sortu ahal izango dituzte, beren edo beste Batzorde batzuetako kontseilariez edo Goren Kontseilukoa ez den jendez osatuak, beren lanerako laguntza edo osagarri gisa.

Hiru.– Batzordeek Idazkari Orokor Teknikoaren —berorietan idazkari-lanak egingo ditu— eta Abokatu Aholkulariaren laguntza izango dute.

Lau.– Batzordeetako kide eta ordezkari lehendakari bat izango da, Goren Kontseiluko kontseilaria, bere baitan aukeratuko dena isilpeko botazioan balioz emandako botoen kopuru handienaz.

Batzorde bakoitzak bere barne-jarduerarako arauak ezarriko ditu, ondorengoak betez betiere:

a) Batzorde bakoitzeko lehendakariari dagokio bileretara dei egitea, Gai Zerrenda ezarriz.

b) Batzordea balioz eratzeko, osatzen duten kontseilarien gehiengoak bildu behar du. Norberak joan behar du bertara.

c) Akordioak bildutakoen erdien botoz hartuko dira, abstentzioak kanpo utzita, kasu jakinetarako gehiengo bereziak eska daitezkeelarik. Berdinketa dagoenean, lehendakariaren botoak erabakiko du.

d) Batzorde bakoitzaren akordioak dagokien Aktan jasoko dira; akta Idazkari Orokor Teknikoak egingo du, eta hurrengo bilkuran edo bilkura berean onartu ondoren, berak izenpetuko du, batzordeko lehendakariak ontzat emanda. Dena den, urtero Akta Liburu bat formalizatuko da ekitaldi horretako akta guztiak jasota, eta Kontseiluko egoitzan geratuko da gordeta.

e) Batzordeek, dagozkien eginkizunak betetzeko, kontseilari bat edo gehiago edo, hala balegokio, Kontseiluko langile teknikoak ahaldundu ditzakete, era mankomunatu edo solidarioan.

Laugarren artikulua.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Antolaketa eta Jarduera Araudian beste Kapitulu bat sartu da, VIII.a, eta honela geratu da idatzita:

VIII. KAPITULUA
KONTSULTAK

42. artikulua. Kontsultak.

Bat.– Kooperatibek eta kooperatiba-elkarteek, kooperatibetako bazkideek, baita Herri Administrazioek eta hauentzat eginkizunak bete edo zerbitzuak ematen dituztenek ere, kontsultak egin ditzakete Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan, kooperatiba-izaerako printzipio, arau, ohitura eta usadioen interpretazio eta aplikazioari buruz. Erregistro-gaiei buruzkoak Euskadiko Kooperatiben Erregistroan egin behar dira.

Bi.– Kontsultak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari zuzendu behar zaizkio idatziz eta honek 30 eguneko epean erantzungo du eskariaren berri izaten duenetik aurrera.

Hiru.– Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak emandako erantzunek informazio-izaera izango dute, eta ez dute ez eskubiderik ez eskubide-itxaropenik sortuko ez eskatzaileen ez beste inoren alde. Halaber, Kontseiluaren erantzunaren aurka ez dago errekurtsorik jartzerik.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Antolaketa eta Jarduera Araudiaren aldaketa hau EHAAn argitaratu ondorengo lehen egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko otsailaren 10a.


Azterketa dokumentala