Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2003ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
2200

AGINDUA, 2003ko apirilaren 1ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko martxoaren 14ko Aginduan ezarritako debekuek eragindako oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako dirulaguntzak arautzen dituena. Izan ere, agindu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretako arrantza eta itsaski-bilketari buruzko zenbait debeku kendu dira.

"Prestige" petroliontziak pasa den 2002ko azaroaren 13an jasandako istripuaren ondorioz berariazko eta premiazko hainbat ekintza bideratu dira, hidrokarburoen kutsadurak ingurunean sortutako kalteei aurre egiteko.

Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2002ko abenduaren 9an emandako agindu bidez, oinezko itsaski-bilketa profesionala debekatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean. Debeku hori dela-eta, neurri ekonomikoak hartu behar izan ziren itsaski-biltzaileek galduko zituzten diru-sarrerak konpentsatzeko. Izan ere, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 2003ko urtarrilaren 23ko agindu bidez "Prestige" petroliontziaren istripua dela-eta, oinezko itsaski-biltzaile profesionalentzako dirulaguntzak arautu ziren (EHAA, 2003ko otsailaren 3ko 22. zk.). Agindu horren bosgarren artikuluaren lehenengo idatz-zatian ezarritakoaren arabera, dirulaguntzek babestutako aldia 2002ko abenduaren 12an hasi zen eta Euskal Autonomia Erkidegoan oinezko itsaski-bilketaren debekua kendu arte iraungo du. Hasieran, hiru hilabeteko epea ezarri zen, hau da, 2003ko martxoaren 12 arte.

Alde horretatik, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretako arrantza eta itsaski-bilketari buruzko zenbait debeku kentzeko emandako 2003ko martxoaren 14ko Aginduan zenbait itsaski-espezie biltzeko kautelazko debekuari eutsi zitzaion. Horrela, berriz ere, premiazko neurriak hartu behar dira itsaski-biltzaileek debekaldien ondorioz galduko dituzten diru-sarrerak konpentsatzeko.

Horiek horrela, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehena.– Helburua.

Agindu honek helburu dauka aldi baterako eta premiazko neurriak hartzea, "Prestige" petroliontziaren istripuak ekarritako kutsaduraren lehenengo kalteak berdintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasbazterreko itsaskiak biltzeari dagokionez.

Bigarrena.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak honako hauek izan daitezke: itsaski-bilketan aritzeko beharrezko baimena duten oinezko itsaski-biltzaile profesionalak baldin eta euren jarduera nagusia 2003ko martxoaren 14ko Aginduak debekatutako itsaski-espezien bilketa bada. Izan ere Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretako arrantza eta itsaski-bilketari buruzko zenbait debeku kendu ziren (EHAA, 2003ko martxoaren 17ko 54. zk.).

2.– Dirulaguntzak eskatzen dituzten oinezko itsaski-biltzaile profesionalek Euskal Herriko oinezko itsaski-biltzaileen erroldan inskribaturik eta Itsaskuntza Institutu Sozialari ordaindu beharrekoak ordainduta egon beharko dute agindu hau indarrean sartzen denean.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honek aipatu dituen dirulaguntzetara biltzeko eskabideak hona bidali behar dira: Arrantza Zuzendaritzara, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz. Eskabideak eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira, eta eredu hori Arrantza Sailburuordetzak Donostian, Gasteizen, Bermeon eta Bilbon dituen bulegoetan har daiteke. Eskabidearekin batera honako agiriok aurkeztu beharko dira:

a) Itsaskiak oinez biltzeko administrazio-baimenaren fotokopia.

b) 2002ko azken hiruhilabetean egindako salmenten frogagiriak (fakturak edo salmenta-oharrak).

c) Itsaskuntza Institutu Sozialerako azken kotizazioraino ordaindu izanaren ziurtagiria.

d) Agindu honek babesten duen epealdian jardunean ez aritzeko zinpeko adierazpena.

2.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta, hasi eta 15 laneguneko epean amaituko da.

Laugarrena.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Arrantza Zuzendaritzak akats edo hutsen bat sumatzen badu aurkeztutako eskabidean, eskabide-egileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzentzeko. Epe hori zuzenketarik egin gabe igaroz gero, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak xedatu duenarekin bat (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legez aldatuta).

Bosgarrena.– Diruz lagundutako aldia eta dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen bidez lagundutako aldia 2003ko martxoaren 12an hasi, eta Euskal Autonomia Erkidegoko itsasbazterrean 2003ko martxoaren 14ko Aginduan aipatutako itsaskien oinezko bilketa profesionalerako debekua amaitzen den arte jarraituko da indarrean. Hasiera batean, bi hilabeteko epea ezarri da. Hala eta guztiz ere, eta gertaeren gorabeheran, ezarritako babes-aldi hori aldatu ahal izango da.

2.– Itsaski-biltzaile bakoitzak, jardun gabe ematen duen egun bakoitzeko, 30 euro jasoko du. Dirulaguntzak hilabetea amaitutakoan ordainduko dira.

3.– Agindu honen ondorioetarako, dirulaguntzetarako deialdi hori finantzatzeko jarritako zenbatekoak, 36.000 euro jotzen du, guztira.

Seigarrena.– Dirulaguntzak izapidetzea eta ebaztea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Arrantza Zuzendaritzak, laguntza-espedienteak izapidetuko ditu, eta, ondoren, haiei buruzko ebazpena emango du, aurrekontu-baliakizunen arabera.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaz bat etorriz, deialdi hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epearen barruan ebazpen adierazirik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsitzat joko da. Hala eta guztiz ere, aipatutako legearen arabera, Administrazioak ebazpen adierazia eman behar du.

Zazpigarrena.– Bateraezintasunak.

1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak bateraezinak izango dira beste edozein lan-jarduerarekin babes-aldiak dirauen bitartean.

2.– Era berean, bateraezinak izango dira beste autonomia-erkidegoetatik jaso litezkeen antzeko dirulaguntzekin, bai eta langabezia-prestazioekin edo lanerako ezintasun iragankorrarengatiko sorospenekin ere.

Zortzigarrena.– Bateraezintasunak.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez badira jasotako dirua eta honek sortutako interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko apirilaren 1a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala