Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2003ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2198

EBAZPENA, 2003ko martxoaren 12koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legera osatu denez gero, espedientea berriz irekitzeko, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egiteko dena.

Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (abuztuaren 4ko EHAA, 132 zk.) Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu historiko-artistiko izendatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluak jasotakoaren arabera, Kultura Ondarearen gaineko eskumen esklusiboa beraganatu zuen. Bere gain hartutako eskumen esklusibo horrez baliaturik onartu zen Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lege horren Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera, aurreko araudiaren arabera interes kulturala izendatu zitzaien ondasunak Sailkatutako Kultura Ondasun bihurtuko dira. Bestalde, interes kulturaleko ondasun izendapena 7/1990 Legea indarrean jarri baino lehenago egin zitzaien ondasunen espedienteak ere lege horren menpe daude Bigarren Aldi Baterako Xedapenean ezartzen denaren arabera.

Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari Eliza sailkatzeko den espedienteak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen ez dituenez eta lege hori baino aurrekoa denez, ondasunaren izendapena legearen 12.1 artikuluaren arabera egokitu behar da.

Guzti horren ondorioz, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehena.– Galdakaoko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea berriro zabaltzea. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera espedientea osatu ondoren espedientearen I. eranskinean ondasunaren mugaketa jaso da, II. eranskinean deskripzioa eta III. eranskinean babesteko araubidea.

Bigarrena.– Espedientea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea irekiko da, nahi duenak egokitzat jotzen dituen alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan ditzan. Hori egiteko 20 eguneko epea emango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Osatu den espedientea dela-eta, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.3. artikuluan ezartzen denaren arabera, interesdunei lege horren 12. artikuluan aipatzen diren ezaugarriak jakinaraztea, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan dezaten

Laugarrena.– Espedienteak aurrera jarrai dezala, indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpena interesatuei, Galdakaoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila, guztiek honen berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 12a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
MUGAK

Mugaketaren eremua.

Babestutako inguruak muga hauek ditu:

– Iparraldera: kiroldegiko kirol-zelaien eta elizaren artean kokatutako bidea.

– Hegoaldera: fatxadarekiko paraleloa, fatxadatik 30 metrotara kokatua.

– Ekialdera: aparkalekuaren muga eta sartzeko plataforma.

– Mendebaldera: dauden eraikuntzen fatxaden ondotik pasatzen den lerro etena eta elizarekiko lerro paraleloa, elizatik 20 bat metrotara kokatua.

Mugaketaren justifikazioa.

Eliza kokapen gailenean dago, ingurunea baino pixka bat gorago, harrizko hormez inguratuta dagoen gune berde batean. Hormen multzo hori, halaber, ibilgailuentzako bide edo pasaguneez inguratuta dago, hiru aldetatik. Bide horiek ondasunaren muga osatzen dute.

Gainerako orientazioa eraikuntza tradizionalez osatuta dago baina ez dute elizaren bolumetria handiarekin lehiatzen. Beraz, eraikuntza horien fatxada aurretik pasatzen den lerroa hartzen da.

II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Andra Mari eliza herriko goaildean dago kokatuta, Ganguren mendilerroaren mendi-adarretako zapalda batean. Elizari dagokion auzune txikia sakabanatuta dago. Elizako sarreran zelaigune bat dago.

Eraikinak historikoki ondo bereizten diren bi zati dauzka. Lehenengo eraikuntza XIII. mende amaiera aldekoa da, erromanikotik gotikorako transiziokoa; oinetan dauden bi tarteek osatzen dute. Bigarren fasea, errenazimentuko erreforma, XVI. mendekoa, burualdean eta gurutzaduran antzematen dira. Eraikuntzako beste fase batzuk, puntualagoak, kanpaien goiko zatiari, sakristiari eta atariari dagozkio.

Aditu batzuen ustez, eliza aurretik zegoen beste eraikin baten gainean eraiki zen, XII. mendekoa seguruenik, garai hartako modilloiak eta harburuak ageri dira eta.

Hormetan lau tarte antzeman daitezke, kontrahormek eta buruko angeluzuzenak bereizita Goiko kanpaien zatia hartzen duen buruhormak eta azken bi tarteek zabalera berbera daukate. Gotiko primitiboa arku zorrotzetan, kapiteletan eta harroin altuetan nabari da. Fabrika sileria erregularra da eta kanpoan kontrahormak ditu. Azkeneko tarteari erantsita poligono formako eskaileren gorputza dago. Eskailerak estalkitartera heltzen dira.

Aldareko bi tarteak angeluzuzen handi zabalagoa osatzen dute, bitarteko zutabeak dituztelarik, eta abside txiki zuzen bat duen gurutze bikoitz baten itxura ematen dute.

Iparraldeko fatxadan bi sargune ikus daitezke; bat oso sinplea eta bestea moldura eta baketoia dituena, zutabe sinpleen gain; kapitelak oso higatuak dauzka. Mendebaldeko altxaeran harburuen arrastoak geratzen dira. Harburu horien ikonografiak atari nagusikoarena dakar gogora. Oraingo kanpaien baoen azpian, halaber, estalitako hiru bao ikus daitezke. Horma horren goiko errematea triangelu itxurako frontoia da.

Hegoaldeko fatxadan atari handia dago; irekia da eta egurrezko habeak eta jabaloiak dauzka. Atariak elizaren luzera osoa hartzen du, bolumen eta eraikuntza-aldi guztiak lotuz.

Atariaren babesean portada erromanikoa dago. Hiru gingil dituen lehenengo bao batez eta hiru arkiboltaz osatua dago. Arkiboltak harroin angeluzuzenak dituzten fuste lauko erdi zutabeek eutsitako kapitelen gainean daude. Portadaren gainean zurburuz errematatutako teilatua dago eta diamantezko punta duen erlaitza. Atea egurrezkoa da eta lis-lorearen formako burdineria dauka.

Portadaren gainean oso atzean zabaltzen den arku ojibal bat dago. Errenazimentuko faseko goialdean gingil anitzeko bi idi-begi daude.

Elizaren barrua gangaz estalia dago. Erromanikoko fasea gurutze-ganga sinpleaz estalita dago eta, apaingarri gisa, gurutzeak, loreak eta izarrak dauzka. Errenazimentuko faseak ganga mota berbera dauka absidean eta bigarren tartean. Lehenengo tartea tertzeletak dituen ganga batez estalia dago; trazeria zuzenekoa da. Lehenengo eta bigarren tartea bereizten dituzten nerbiodurak zutabe zilindriko exentuen gainean daude. Zutabe horiek ez daukate ez abakorik ez basamenturik.

III. ERANSKINA
BABESTEKO ARAUBIDEA
I.KAPITULUA
BABESTEKO ARAUBIDEAREN XEDAPEN
OROKORRAK

1. artikulua.– Babeseko araubidearen helburua.

Babesteko araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz idatzi da, Andra Mari eliza monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea lege horretara egokitu behar delako, monumentua adierazpen horretakoa baita.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Eraikuntzaren deklarazioa uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultur Ondarearen Legera egokitzeko akordioko I. eta II. eranskinetan jasota dagoen mugatze eta azalpenaren arabera kalifikaturiko ondasunerako aplikatuko da jarraian zehaztuko dugun babesteko araubidea.

3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko osagaiak zein diren.

Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

– Bolumetria eta bere espazio antolamendua.

– Eraikinaren ingurukaria, eraikinaren kanpoko fatxadak osatzen dituzten perimetro-paretak eta horien osagai diren elementu anitzak: kontrahormak, portadak, leihateak, dorreak...

– Bolumenen kanpoko antolaketa; bertan eraikin anitzak eta eraikuntzaldi anitzak antzematen dira.

– Nabe nagusiaren barruko espazioaren antolaketa eta sakristia, eta bai elementu apaingarriak eta egiturakoak ere, hala nola: gangak, nerbioak, leihateak, hormak...

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babesteko araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babesteko araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatutako arau hori betetzeko, babesteko araubidearen helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik, nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.– Agindu orokorrak.

1.– Babesteko araubide honek eragiten duen eraikina Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen denaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babesteko araubidea honek eragiten duen ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako aginduak garatzen ditu.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.

1.–Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaientzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

2. - Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.– Honako arau hauen arabera egin beharko da egokitzea: irisgarritasun legea, eraikuntzako oinarrizko arauak, instalazioen erregelamenduak, jarraibide tekniko osagarriak eta beste arau batzuk.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete egin beharko dira, beti ere babesteko araubide honetako III. kapituluak eraikinarentzat ezartzen dituen mugen arabera.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA. ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babesteko araubide honen xede den ondasunaren gain edozein esku-hartze egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, xehetasun arkitektonikoekin (1/20 eskalan azalduta), argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin eta abar; eta, bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.

b) Honako hauek deskribatuko dituzten dokumentu grafikoak: zer egin behar den, zein material erabiliko den, lanak burutzeko egongo diren aldiak eta proiektua amaieran nola geratuko den, lehen aipatutako eskala berak erabilita.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko diren, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.

e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala zaintzeko zein teknika eta baliabide behar diren zehaztea.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babesteko araubide honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

Obren edo esku-hartzeen ondorioen eragina jasaten duen eraikin-zatiari buruzkoa izango da proiektuen dokumentazioa.

9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari, eta hain zuzen ere babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.

Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta baita babesteko araubide honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Horretarako, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:

1.– Eraikinaren bolumena aldatzea.

2.– Eraikinak hartzen duen eremuan aldaketak eragitea, aldaketa horiek jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea badakarte, edo eraikinaren oina luzatu edo zabalagotzea.

3.– Fatxadak, fatxada horietako osagaiak eta baoen jatorrizko kokagunea eta kopurua aldatzea. Baoen jatorrizko tamaina, proportzioa eta itxura mantendu egin beharko da.

4.– Teilatuaren jatorrizko itxura aldatzea, esate baterako etxea jasotzeko obrak, edo malda nahiz faldoiak aldatzea bai antolaketan bai kopuruz.

5.– Barruko banaketari edozein motatako aldaketa egitea, elementu higigarriekin ez bada.

2. ATALA. ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.– Babesteko araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Eraikina beste zerbaitetarako erabili behar bada, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira: mantentze-obrak izango dira, hain zuzen.

3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpo-egitura edo akabatuen osaera era berreskuraezinean alda dezakeen garbiketa tratamendurik. Garbiketa egin aurretik, materialen osaera aztertu ondoren, osagairik ahulenak babestu egingo dira eta juntura eta arrakalak itxi egingo dira.

b) Hormak, orokorrean: Gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da. Hormetako junturak kareorearekin berdinduko dira.

c) Instalazioak: Instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta, gainera, ez direla nabarmen geratu beharko. Ezingo dira karga-hormen barruan egin.

d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak enpresa espezializatuei esleituko zaizkie, lan horiek berme guztiekin burutzeko behar besteko gaitasun teknikoa badaukatela behar bezala egiaztatzen duten enpresei, alegia.

11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren osagai tipologiko eta formalak errespetatzekotan beti:

– Eraikinaren egokitze funtzionala, baldin eta emango zaion erabilera, babesteko araubidean araututakoaren arabera, kanpoaldeko fatxadarekin eta eraikinaren egiturarekin bateragarria bada.

– Fatxadak zaharberritzea. Kareorearekin egingo dira beharrezkoak diren juntura berdintzeak.

– Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, edozein elementuren posizioa edo kota aldatu gabe:

– Gangak eta kupulak zaharberritzea.

12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Aurreko artikuluak esandakoa betez beti, ondasuna hondatuta badago, ondorengo lanak edo integrazioak onartzen dira:

1) Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzea. Horretarako, kasuaren arabera, edo leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo bestelako materiala baina harmonikoa dena erabiliko da, lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.

2) Zatikatuta edo puskatuta dauden elementuen dekorazioa berrosatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea; hutsune txikiak berreraikitzeko, lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliko dira, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroak jarriko, edo jatorrizko euskarria agerian utziko. Zonalde figuratiboak ez dira inoiz "ex novo" leheneratuko, ez eta obraren figurazioaren elementu nagusiak sartuko ere.


Azterketa dokumentala