Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2003ko apirilaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2193

AGINDUA, 2003ko martxoaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialak prestatzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA IV).

Hezkuntzaren etengabeko zaharberritzea sustatzeko eta irakas-sistema hobetzeko ardurari eutsiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hainbat ekimen jarri du martxan azken urteotan. Horietako bat da, besteak beste, euskal ikasmaterialgintza sustatzeko asmoz EIMA programak eginikoa.

Egindakoak asko eta ugari badira ere, bada, gaur eta hemen, gordin-gordin nabarmentzen den hainbat beharrizan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bertatik bertara erantzun nahi dionik. Horien artekoa litzateke, inolako dudarik gabe, indarrean diren irakasmailetako curriculum-planteamendu berritzaileek euskarazko klase-emankizunean dakartzaten diseinu- eta aplikazio-lanen beharrizana.

Horiek guztiak asetze aldera letorke, hortaz, itzulpen-bidea alde batera utzi eta euskarazko curriculum-materialen sorkuntza- eta prestakuntza-lanari artez eta moldez ekingo dioten mintegiak eta lan-taldeak eratzeko laguntza-bidea, EIMA IV izenekoa hain zuzen, gero, emaitzak pasa beharreko egokitasun-azterketa pasa eta gero, argitara eman, ikastetxeetarako bidea hartu eta ikasmaterial-ondarea aberats dezan.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialen sorkuntza- eta egokitzapen-lanei zuzenduriko diru-laguntzak arautu, horretarako dei egin eta finkatutako baldintzak betetzen dituzten mintegiak diruz laguntzea.

II. KAPITULUA
DEIALDIAREN NONDIK NORAKOA

2. artikulua.– 1.– Deialdi honek euskarazko ikasmaterialen, bai oinarrizkoen bai osagarrien, testu idatziaren sorkuntza- eta egokitzapen-lanak bakarrik hartuko ditu kontuan. Ondorioz, ez dira itzulpen-lanak aintzakotzat hartuko, ezta maketazio- eta ilustrazio-lanak ere.

2.– Egokitzapen-lanen izaerari dagokionez, honako hauek izango dira mugak:

a) Euskara batutik euskalki literario batera zein alderantziz egindako testu-egokitzapenik ez da onartuko.

b) Aurretiaz prestatu eta, aldi berean, argitara emandako ikasmaterial baten egokitzapenari curriculum-planteamendu berritzaileen argitan ekin nahi izanez gero, gutxienez bost urte igaro behar izango dira esandako ikasmateriala argitaratu zenetik.

3. artikulua.– Formatu berezituan argitaratzen den ikasmateriala hartuko da curriculum-materialtzat: hau da euskarri inprimatuan, ikus-entzunezkoan edota elektronikoan (Internet, CD-ROM etab.) eman litekeena.

4. artikulua.– Curriculum-materialak, batez ere irakasmaila jakinetan irakasgai zehatz bat jorratzeko beharrezkoak diren oinarrizko ikasmaterialak, bere osotasunean landu beharko dira. Ez da kapitulu edo atal solterik onartuko.

5. artikulua.– 2003-2004 eta 2004-2005 ikasturteetan erabiltzeko asmoz prestatuko diren ikasmaterialak hartuko ditu kontuan deialdi honek, betiere 25. artikuluan finkaturiko lehentasun-hurrenkeraren arabera.

III. KAPITULUA
DIRU-BALIABIDEAK

6. artikulua.– 1.– Xede horri aurre egiteko, berrehun eta berrogeita hamazazpi mila eta bostehun eta hogeita bi (257.522) euro erabiliko da, gehienik. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2003. urteko Aurrekontu Nagusietan jarritako 03.0.1.04.04.0400.4.452.

00.47152.004/L aurrekontu-sailetik hartuko da.

2.– Eskatzen diren laguntzen kopurua ikusi ondoren, aurreko idatz-zatian jasotako diru-kopurua aldatu egin ahal izango da. Aldaketa hori, deialdia ebatzi aurretik egin beharrekoa betiere, diru-baliabideen arabera egingo da. Aldaketa horri dagokion zabalkundea Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez egingo da.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZA-DEIALDIRA BIL DAITEZKEENAK

7. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara euskarazko curriculum-materialen prestatzaileak aurkeztu ahal izango dira, bai pertsona fisikoz osatutako mintegi gisa, edo bai mintegi horren ordezko izaera duen argitaletxe, elkargo nahiz fundazio baten bitartez.

8. artikulua.– 1.– Herri Administraziora antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk ezin izango dute eskatzaileek lehendik zabalik eduki.

2.– Era berean, aurreko urteetako ekitaldien ondorioz %60ko laguntza-zatia jaso zuten proiektuek ezin izango dute deialdi honetara bildu, laguntzari uko egin eta hartutako laguntza-zatia itzuli ezean.

9. artikulua.– Diru-laguntzak bateraezinak dira Herri Aginteek edota erakunde pribatuek helburu bererako ezarria daukaten beste edozein laguntzarekin.

V. KAPITULUA
MINTEGIEN NONDIK NORAKOA

10. artikulua.– Mintegi bakoitzak bi kide izango ditu gutxienez, eta gehienez sei.

11. artikulua.– Mintegi bakoitzak nahi beste curriculum-material prestatu beharko du deialdi honen epe-barrutian, aurrez onartutako lan-plangintza baten arabera.

12. artikulua.– Mintegiaren osaerari dagokionez, mintegikideetako batek gutxienez klase emankizunean ibili beharra du irakasle modura.

13. artikulua.– Mintegikideen izaerari dagokionez, zera ulertuko da mintegikidetzat: zuzenean ikasmaterialaren sorkuntza- edota egokitzapen-lanean ari dena.

14. artikulua.– 1.– Mintegi bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko.

2.– Mintegikideak argitaletxe, elkargo edo fundazio batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo fundazio horretako ordezkari bat izan daiteke mintegiaren arduradun.

VI. KAPITULUA
BETE BEHARREKO BALDINTZAK

15. artikulua.– Deialdi honetara biltzen diren lan-talde edo mintegiek, curriculum-materialen prestakuntza-lana dagozkien epeetan bukatzeaz gainera, argitaratu eta ikastetxeetara zabaltzeko moduan jarri beharko dituzte. Argitaratzeko konpromiso finkorik ez duen ikasmaterial-prestakuntzarik ez da diruz lagunduko.

16. artikulua.– 1.– Kasuan kasuko curriculum-materiala prestatzeko, mintegikideek ondo menderatu beharko dute euskara beraien prestakuntza-lana, idatziz zein ahoz, batik bat hizkuntza horretan egin ahal izateko. Hortaz EGA agiriaren, irakasleen HE2ren edo baliokideren baten jabe izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz prestatu ahal izateko.

2.– Agiririk ez duten kideen kasuetan Hezkuntza Sailburuordetzak berak erabakiko du zein eratan egiaztatu behar duten euskararen ezaguera.

17. artikulua.– Deialdi honetara bildu nahi duten lan-taldeek honako arlo hauetakoren bati buruzko proiektua aurkeztu beharko dute:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide esparruko Heziketa Zikloak edota LOGSE Batxilergoko jakintzagaiak (derrigorrezkoak nahiz aukerakoak).

b) Zehar-lerro bati buruzko curriculum-materialak prestatzeko proiektuak, batez ere bakezko elkarbizitza indartzera, tolerantzia eta berdintasuna azpimarratzera datozen baloreak eta jarrerak.

c) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko curriculum-materialak prestatzeko proiektua. Curriculum-materialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

d) A ereduko ikasleentzat eta beraien irakasleentzat euskara i(ra)kasteko curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

e) Helduen Hezkuntzarako curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

f) Aukerako Hezkuntza-Jarduera lantzeko ikasmaterialak prestatzeko proiektua.

g) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

h) Hezkuntza Berezirako curriculum-materialak prestatzeko proiektua.

i) Curriculumaren euskal dimentsioa lantzera datozen materialak prestatzeko mintegia.

VII. KAPITULUA
ESKABIDEAK

18. artikulua.– 1.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak eskatzeko, I. eranskinean jasotako eskabide-orria bere osotasunean bete, sinatu eta 20. artikuluan finkatutako epean aurkeztu behar da.

2.– Eskabide-orri hori Hezkuntza Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ej-gv.net) eskura daiteke. Nahi izanez gero, eranskinean jasotako ereduaren kopia erabil daiteke.

19. artikulua.– 1.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu eta argibideok ere nahitaez aurkeztu beharko dira:

a) Curriculum-materiala prestatzeko proiektua, bereziki ikasmaterialaren ezaugarriak eta eduki-segida adieraziz. Ikasmaterialak dagokion curriculum-dekretuarekin, diseinuarekin edota gainerako orientabideekin duen lotura azaldu beharko da. Horrezaz gain, ikasmaterialaren beraren xedea eta izaera, helburuak, metodologia, ebaluazioa, nori zuzentzen zaion, erabilera-modua, proiektu orokorrago batean txertatzen ote den, zer euskarritan argitara emango den, lan-bolumena, e. a. zehaztuko da. Era berean, mintegiak bere jarduerari buruz eman nahi dituen gainerako argibideak ere bertan eman ditzake (lan-antolaketa, informazio-iturriak,...).

b) Prestatu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo erakusgarri bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.

c) Mintegikide bakoitzak curriculum-material horretan parte hartzeko prestakuntza baduela agertzen duten euskarazko agiriaren eta titulazio akademikoaren kopia egiaztatuak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko irakasle diren mintegikideen kasuan ez da ez agiririk ez titulu akademikorik aurkeztu behar.

d) Sortuko den curriculum-materiala argitaratzeko eta zabaltzeko begiz jotzen den argitaletxearen izena, eta argitaletxe horren legezko ordezkariak sinatutako adostasun-idazkia, konpromisoa onartuz. Eskatzailea argitaletxe bat denean esan gabe doa konpromiso hori.

2.– Era berean, eskatzailea pertsona fisikoz osatutako lan-talde edo mintegia denean:

a) Mintegiko kide guztien NANen kopia eta Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren azken ekitaldiko aitorpenaren kopia egiaztatua;

b) Mintegikide bakoitzaren banketxeko datuen berri ematen duen "Hirugarren interesatuaren datuen alta" izeneko inprimakia. Berau, Administrazioaren edozein Lurralde Ordezkaritzatan jaso litekeena, zuzen bete eta dagozkion zigilu-sinadurak jarri ondoren eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzailea argitaletxe, elkargo edo fundazio bat denean, berriz:

a) Sortze-eskritura edota estatutuak, behar bezala egiaztatuak;

b) Legezko ordezkariaren izendapen egiaztatua eta bere NANaren fotokopia;

c) IFZren fotokopia egiaztatua;

d) Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren azken erreziboaren fotokopia egiaztatua;

e) Zerga-kontuetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotearen egiaztagiriak, Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak edota dagokion instantziak emanak;

4.– Argitaletxe, elkargo edo fundazio batek eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, 3. idatz-zatian zehaztutako dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat.

5.– Dokumentuetako bat edo beste Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada, eta ordutik hona bost urte edo gehiago igaro ez badira, eskatzaileak ez du dokumentazio hori nahitaez berriro aurkeztu behar izango. Nahikoa du delako dokumentu hori zein egun, organo edo bulegotan aurkeztu duen adieraztea (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, 35. artikulua).

20. artikulua.– 1.– Eskabide-orriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.

2.– Eskabide-orriak, ahal dela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitza nagusian aurkeztuko dira, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA programan edota, bestela, tokian tokiko Lurralde Ordezkaritzan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein modutan aurkeztu ahal izango dira. Ikastetxeetako erregistroak, halere, Lege horretan adierazitako bulego-multzotik kanpora daudela joko da.

3.– Eskabide-orri bat behar bezala bete gabe aurkezten bada, berau osatzeko hamar lan-eguneko epea emango dio Hezkuntza Sailburuordetzak laguntza-eskatzaileari. Epe hori igaro ondoren eskatutako datuak edo dokumentuak aurkezten ez badira, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko da. Ondorioz, hartarako ebazpena eman ostean eskabide hori baztertu egingo da.

VIII. KAPITULUA
EBALUAZIO-JARDUNBIDEA

21. artikulua.– 1.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 22. artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako irizpideekin zer neurritan bat datozen balioesteko, Ebaluazio-batzorde bat eratu eta izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebaluazio-batzordea honako kideok osatuko dute:

a) Azken hiru urteotan bederen Bigarren Hezkuntzan euskaraz irakasten diharduten lau irakaslek edo ikastetxetako lau zuzendarik.

b) Bigarren Hezkuntzan A ereduan euskara irakasten eskarmentu luzea duen irakasle batek.

c) Nagusiki euskarazko irakasbideez arduratzen diren bi ikuskarik.

d) Berritzeguneetako teknikari bik, euskara(zko) irakaskuntzan adituak.

e) Euskal Editoreen Elkarteko ordezkari batek, gai hauetan adituak.

f) Euskara Zerbitzuko EIMA IV teknikariak, batzordearen idazkari delarik.

3.– Nolanahi ere, proiektuek jorratzen duten jakintzagai bakoitzeko aditu bana deitu ahal izango da, gutxienez, batzordera. Hori dela-eta, batzordekideen kopurua handiagoa gerta liteke, beti ere aurkeztutako proiektuen arabera.

22. artikulua.– 1.– Ebaluazio-batzordeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideak eta balioak kontuan izanik:

a) Irizpide nagusien balioespena (gehienik ere 25 puntu).

a.1) Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura).

a.2) Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura).

a.3) Norainoko sorkuntza-lana (0tik 5 puntura).

a.4) Lan-taldearen balioespena (0tik 10 puntura).

b) Curriculumaren araberako balioespena (gehienik ere 30 puntu).

b.1) Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura).

b.2) Helburuak (0tik 5 puntura).

b.3) Edukiak eta kontzeptuak (0tik 5 puntura).

b.4) Ebaluazioa (0tik 5 puntura).

b.5) Zehar-lerroen trataera (0tik 5 puntura).

b.6) Aniztasunaren trataera (0tik 5 puntura).

c) Erakusgarriaren balioespena (gehienik ere 45 puntu).

c.1) Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura).

c.2) Metodologia (garbia, motibagarria, ondo eratua,...) (0tik 10 puntura).

c.3) Edukiak eta kontzeptuak (0tik 10 puntura).

c.4) Ebaluazio-irizpideak eta tresnak (0tik 5 puntura).

c.5) Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0tik 5 puntura).

c.6) Hizkuntzazko kalitatea eta egokitasuna (0tik 10 puntura).

2.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, Ebaluazio-batzordeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien arduradunekin.

3.– Bere balioespena egiteko, Ebaluazio-batzordeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du, proiektu bakoitzeko bana hain zuzen.

IX. KAPITULUA
EBAZPEN-JARDUNBIDEA

23. artikulua.– 1.– Berariazko Ebazpen-batzorde bat arduratuko da Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuei eman beharreko diru-laguntza zehatza kalkulatzeaz, 24. eta 25. artikuluetan adierazitako lehentasunen eta irizpideen arabera.

2.– Ebazpen-batzordea honako kideok osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, batzordearen buru delarik.

b) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuaren buruak.

c) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko teknikari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako izendatuak.

d) Euskara Zerbitzuaren buruak.

e) Euskara Zerbitzuko EIMA IV programaren teknikariak, batzordearen idazkari delarik.

24. artikulua.– Ebazpen-batzordeak banan-banan neurtuko ditu Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, eman beharreko diru-laguntzen kopuruak finkatuko ditu eta, azkenik, Hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

25. artikulua.– Aurreko artikuluan aipaturiko kopuru-finkapena, berriz, ondoko era honetan egingo da:

1.– Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datuok hartuko dira kontuan:

a) Mintegikideek aditzera emandako testu-orrialde standarden kopurua (2.300 karaktere DIN4 orrialde bakoitzeko).

b) Hogeita Hamabi (32) euro, testu-orrialde standard bakoitzeko.

2.– Aurreko idatz-zatian lortutako oinarriari Ebaluazio-batzordeak 0tik 100era arte emandako puntuazioa (EBP) aplikatuko zaio. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

3.– Jarraian, lan-taldeak prestatuko duen ikasmaterialaren ezarpen-eremua (irakasmaila) eta izaera (ikasmaterial-mota) hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, ondoko bi adierazgarriokin definituko dira:

Irakasmaila = A1
____________________________________
BAT 2 ...................	A1 = 1	
Heziketa Zikloak ........	A1 = 1	
Helduen Hezkuntza .......	A1 = 1	
DBH 4, BAT 1 ............	A1 = 0,75	
DBH 1, 2 eta 3 ..........	A1 = 0,6	
Gainerakoak .............	A1 = 0,4	
Ikasmaterial-mota = A2
_____________________________________
Oinarrizko ikasmateriala ...A2 = 1	
Ikasmaterial osagarria .....	A2 = 0,5	

4.– Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen laguntzaren kopuru-zenbakia (KZ)i honela kalkulatuko da:

(KZ)i = (BJK)i x (EBP x 0,5 + A1 x 0,25 + A2 x 0,25)i	

		 100	

5.– Proiektuei dagozkien laguntza-kopuruak kalkulatu eta gero, bi multzotan banatuko dira horiek: batetik 2004-2005 ikasturterakoak; bestetik 2003-2004rakoak. Demagun 2004-2005ekoak A euro direla, eta 2003-2004koak B. Demagun, orobat, aurtengo deialdiaren diru-baliabide osoa G dela guztira.

6.– Aurrena, 2004-2005 ikasturterakoak hartuko dira eta horien guztien batuketa egingo. Ondoren,

a) Baldin A>_G, aurtengo partida osoa 2004-2005erako ikasmaterialen artean banatuko da, A kopurua G-ren mailan hainbanatuz. Bide batez, diru-laguntzarik gabe utziko dira 2003-2004 ikasturterako proiektuak.

b) Baldin A>_G, A-ko kopuruak bere horretan banatuko dira. Banaketa horretatik sobratzen dena 2003-2004 ikasturtekoentzat erabiliko da. Hona nola.

7.– Demagun sobratzen den kopurua S dela.

a) Baldin B>S bada, diru-laguntza hori hainbanatu egingo da.

b) Azkenik, baldin B>_S bada, B-ko diru-laguntzak bere horretan emango dira.

X. KAPITULUA
PROIEKTUEN JARRAIPENA

26. artikulua.– 1.– Berariazko jarraipen-batzorde bat arduratuko da proiektuen jarraipena egiteko, laguntza-eskabideak jaso eta diru-laguntzak ordaindu artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko.

2.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA IVko teknikaria (batzordearen idazkari).

XI. KAPITULUA
EBAZPENA

27. artikulua.– 1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteko epean beranduenik, Ebazpen-batzordearen proposamena ikusirik laguntza-deialdi hau ebatzi egingo du Hezkuntza sailburuordeak. Hala ere, esandako epean ebazpenik hartuko ez balitz, isiltasuna ezezkorra dela ulertuko litzateke.

2.– Ebazpenean, laguntza-eskatzaile eta curriculum-material bakoitzari agindutako diru-laguntza zehatza adieraziko da. Hala ere, laguntza-eskatzailea pertsona fisikoz osatutako mintegia denean mintegikide bakoitzari dagokion diru-kopurua ere berariaz adieraziko da bertan. Kide bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, mintegiak berak eskabide-orrian adierazitako ehunekoak hartuko dira kontuan.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago Hezkuntza Sailburuordetzak hartutako ebazpenarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean.

XII. KAPITULUA
ORDAINBIDEAK

28. artikulua.– Ebazpena hartu eta berehala, diru-laguntzaren %60 ordainduko da. Gainerako %40, ikasmateriala argitaratu eta baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

29. artikulua.– 1.– Bigarren laguntza-zatia jaso ahal izateko, mintegiak epe jakinean amaitu behar du bere lana eta berau, argitara emango duen argitaletxearen eskutik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztu behar du, onespen-azterketa egin dakion. Aipaturiko epeak honako hauek dira:

a) 2003-2004 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmateriala, 2003ko maiatzaren 31rako.

b) 2004-2005 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmateriala, 2004ko maiatzaren 31rako.

2.– Aurkezpen-epea luzatzeko, edota eskabide-orrian emandako datuen gainean aldaketarik egin ahal izateko (mintegiko kideak, lanaren ezaugarriren bat, argitalpen-bidea, edo besterik), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio salbuespen-eskabideak. Salbuespen-eskabideok behar bezala arrazoituak izan behar dute, eta artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazitako epe-muga hori baino hamabost egun arinago eginak gutxienez. Jarraipen-batzordearen esku geldituko da hartarako motiborik badagoen aztertu eta proposamena egitea Hezkuntza sailburuordeari, honek dagokiona ebatzi dezan.

30. artikulua.– 1.– Azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuak araututakoari jarraituz, ikasmaterialen onespenerako ezarriak dituen ohiko bideak erabiliko ditu Hezkuntza Sailburuordetzak, berariazko azterketak eginaz hizkuntz erabilerari eta eduki-egokitasunari dagokienean.

2.– Ikasmaterialak legez dagozkion onespen-azterketak gainditzen baditu, mintegiaren lana onetsita dagoela ulertuko da eta, beraz, argitara eman ahal izango da. Ikasmateriala onetsi ez bada, aldiz, beharrezko zuzenketak egin eta berriz ere Hezkuntza Sailburuordetzan aurkeztu beharko da, onespen-azterketa berria egin dakion.

31. artikulua.– Onespen-agiria jaso eta gero, ez lehenago, eman beharko da ikasmateriala argitara. Mintegikideek begiz jotako argitaletxeak egingo du hori honako egutegi honi jarraituz:

a) 2003-2004 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmaterialaren kasuan, 2003ko urriaren 1a baino lehen argitaratu behar da.

b) 2004-2005 ikasturtean erabiltzekoa den ikasmaterialaren kasuan, aldiz, 2004ko urriaren 1a baino lehen.

32. artikulua.– 1.– Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren sorkuntza- eta egokitze-lanetan ibilitako mintegikide guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako mintegikideak, ez beste inor, izango dira hortaz curriculum-materialaren prestatzaile.

2.– Eran berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakaslanerako onetsitako euskal ikasmaterialak egoera hori adierazten duen ondoko esaldia eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: "Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsia (onespen-data)".

33. artikulua.– Argitaratu eta berehala, betiere 32. artikuluan finkaturiko egutegiaren baitan, mintegi-arduradunak Hezkuntza Sailburuordetzako EIMA programan edo Hezkuntza Ordezkaritzaren batean aurkeztu eta sarrera emanik utziko du prestatu eta argitara emandako ikasmaterialaren ale bat. Ale horrekin batera, beste hau ere aurkeztu behar du: ikasmaterialari buruz, eta mintegiak komeni deritzan argibideak emanez, mintegikide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.

34. artikulua.– 1.– Ikasmateriala jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla ikusi ostean, dagokion dirulaguntzaren %40ren ordainketari ekingo zaio.

2.– Aldiz, benetan egindako ikasmaterialaren testu-orrialde standarden kopurua begiz jotako kostua finkatzerako orduan kontuan hartutakoa baino txikiagoa dela ikusten bada, proportzio horren araberako kenketa egin ahal izango zaio ordaintzeke dagoen dirulaguntzaren bigarren zatiari.

35. artikulua.– 1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, eta Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) ezarritako jardunbideari jarraiki, Agindu honetan ohartemandakoa betetzen ez bada edo Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren konturako diru-laguntzen jasotzaileek dituzten eginbeharrak zuzen betetzen ez badira, jasotako laguntza eta dagozkion lege-interesak itzuli egin beharko dira.

2.– Era berean, laguntza-deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomi Jarraipenerako Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere funtzioen aplikazioan eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

XIII. KAPITULUA
ZIURTAPENA

36. artikulua.– 1.– Irakasle diren mintegikideen kasuan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak beraien parte-hartzea berariaz ziurtatuko du, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta prestatutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

2.– Prestatutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio irakasle den mintegikide bakoitzari. Hala ere, lan-bolumen txikiko ikasmaterialen balioztapena egiterakoan sail bat osatzen badute, curriculum-material bakartzat hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala