
53. zk., 2003ko martxoaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
1556
AGINDUA, 2003ko martxoaren 5ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, honako laguntzok eskatu ahal izateko 2003ko deialdia egiten duena: urriaren 24ko 213/2000 Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako nekazaritza eta inguruneari buruzkoak.
Azaroaren 15ean argitaratu zen 213/2000 Dekretua, urriaren 24koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza eta inguruneari buruzko neurriak ezartzeko laguntzak arautzeko dena. Dekretu horrek laguntza-araubidea ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan, 1257/1999 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurunearen babesarekin eta natur baliabideen zaintzarekin uztar daitezkeen nekazaritza-ekoizpen moduak sustatzeko.
Dekretu horretan aurreikusitako neurrietako batzuk (213/2000 Dekretuaren III. kapitulukoak, hain zuzen), lurralde historikoetako foru-organoek kudeatu eta finantzatzekoak dira, NBBEF-Bermearekin batera. Beste neurri batzuk (II. kapitulukoak), aldiz, EAEko Administrazio Orokorrak kudeatu eta kofinantzatzen ditu, foru aldundiek kudeaketan laguntza ematea badute ere.
Agindu honen bidez, beraz, 213/2000 Dekretuaren II. kapituluan aurreikusitako laguntza edo neurrietarako deia egin da. Era berean, dekretuaren azken xedapenetan lehenak esku ematen dio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari eskabideak aurkezteko epeak agindu bidez arautzeko.
Bestalde, aurtengorako laguntzetarako deialdia honako arau hauek babestuta eman da: Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza-Dekretuak, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2003. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 27ko 8/2002 Legeak.
Araba eta Gipuzkoako foru aldundiei eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailari, lanbide-erakundeei eta sektoreko elkarteei iritzia eskatu zaie agindu hau egiteko garaian. Horiek horrela, honako hau Horiek horrela, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Helburua.
Agindu honen xedea da 2003ko deialdia egitea, 213/2000 Dekretuaren II. kapituluan arauturiko nekazaritza- eta ingurumen laguntzetarako; hain zuzen ere, NBBEF-Bermearen eta EAEko aurrekontu orokorren kargura finantzatzen diren horietarako. Era berean, deitutako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epeak ere zehaztu dira.
Bigarrena.– Deitutako laguntzak.
Hona deitutako laguntzak:
– Larre-aldeen (belardi-larredien) aprobetxamendu estentsiborako laguntza, 213/2000 Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusia.
– Higatzeko arriskua duten alor landuen babeserako laguntza, 213/2000 Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusia.
– Aniztasun biologikoari eusteko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusia.
– Fauna zaintzeko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusia.
– Galtzeko edo higadura genetikoa jasateko arriskua duten espezieak iraunarazteko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusia.
– Ingurune arloko prestakuntza eta sentsibilizaziorako laguntza, 213/2000 Dekretuaren 12. artikuluan aurreikusia.
– Nekazaritza-paisaia zaintzeko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 13. artikuluan aurreikusia.
– Baserriaren ingurua zaintzeko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusia.
– Urtegiak eta ibai-arroak babesteko laguntza, 213/2000 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusia.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Laguntzotara biltzeko eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako bideen bitartez aurkeztu beharko dira, horretarako dauden eskabide-ereduen arabera.
2.– Eskabideak aurkezteko epeak, ustiategia zein lurralde historikotan dagoen, honako hauek izango dira:
– Araba: otsailaren 17tik apirilaren 11 arte.
– Bizkaia: martxoaren 17tik maiatzaren 2a arte.
– Gipuzkoa: apirilaren 1etik maiatzaren 16a arte.
3.– Dagoeneko laguntza horietara bilduta daudenen onuradunen kasuan, 2. puntuan adierazitako leku eta epeetan aurkeztuko dute urteko prima-eskaera, horretarako dauden inprimakiak erabiliz. Era berean, euren gain hartutako konpromisoak aldatzeko eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte leku eta epe beretan.
Laugarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura eman beharreko laguntzen zenbatekoak, guztira, 430.000 euro egiten du. Era berean, NBBEF-Bermearen funtsen kontura ere eman daitezke laguntzak, gehienez ere: 430.000 euro. Beraz, laguntza honetara bideraturiko funtsek, guztira, 860.000 euro egingo dute.
Aurrekoa gorabehera, kopuru horiek eguneratu egin daitezke, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak sartzea onartzen bada. Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontu-kontsignazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratu ere.
Bosgarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Seigarrena.– Indarraldia.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 5a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
RSS