
53. zk., 2003ko martxoaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1546
AGINDUA, 2003ko martxoaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, goi-mailako musika ikasketa berrietara 2003-2004 ikasturtean sartzeko probarako deia egiten duena.
2001eko apirilaren 24ko 73/2001 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-antolamendu berriko goi-mailako musika ikasketak ezarri ziren, eta, ondorioz, egokia da ikasketa horietara sartzeko probetarako deia egitea, Dekretu horren 5. artikuluan esandakoa betez. Proba horien bidez, izangaien gaitasuna eta heldutasuna aztertu nahi dira, goi-mailako musika ikasketak hasi eta jarraitzean behar bezala aprobetxa ditzaten, edozein dela ere hautatu duten esparru berezia.
2003-2004 ikasturterako proba gainditzeak zein espezialitatera sartzeko aukera emango duen aipatutako Dekretuari jarraiki ezarriko da; Dekretu hori, ondoren, 2002ko ekainaren 4ko Aginduak garatu zuen.
73/2001 Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrean esaten denez, Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako musika ikasketen curriculuma ezarri bitartean, Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren 1999ko ekainaren 25eko Agindua aplikatu beharko da. Beraz, goi-mailako ikasketetara sartzeko probak agindu horretan ezarritakoaren arabera egingo dira. Hori dela eta, honako hau
XEDATU DUT:
1.– Helburua.
Goi mailako musika ikasketetara sartzeko 2003-2004 ikasturterako probetarako deia egitea da agindu honen helburua, apirilaren 24ko 73/2001 Dekretuan ezartzen denez (2001eko maiatzaren 8ko EHAA, 86. zenbakia). Dekretu horren bidez, goi-mailako musika ikasketak ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearekin bat.
2.– Arloak eta espezialitateak.
2003-2004 ikasturterako arloak eta espezialitateak honako hauek izango dira:
– Konposizioa.
– Zuzendaritza: koru-zuzendaritza eta orkestra-zuzendaritza.
– Musika-tresnen espezialitateak: akordeoia, arpa, kantua, klarinetea, klabea, kontrabaxua, fagota, zeharkako txirula, gitarra, oboea, organoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biola, biolina, biolontxeloa eta herri musikako, musika tradizionaleko eta jazzeko musika-tresnak (saxofoia, tronpeta eta tronboia).
– Pedagogia: Musika tresnei buruzko pedagogia eta Musika-hizkuntz eta –hezkuntzari buruzko pedagogia.
3.– Baldintza akademikoak:
3.1.– Batxiler tituluaren jabe izan eta urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoan xedatutakoa betez LOGSEko erdi mailako hirugarren zikloa gaindituta duten ikasleek egin ahal izango dituzte goi-mailako musika ikasketak, betiere agindu horren 19. paragrafoan zehaztutako berariazko proba gainditzen badute. Proba horren bidez ikusi nahi da izangaiak baduela eskatu duen espezialitatea ikasteko eta behar bezala aprobetxatzeko adina ezaguera eta gaitasun profesional.
3.2.– Era berean, goi-mailako musika ikasketak egin ahal izango dituzte aurreko paragrafoan aipatutako baldintza akademiko bat edo biak betetzen ez dituzten izangaiek, betiere aipatutako aginduko 19. paragrafoan aurreikusitako proba gainditzen badute, eta arau horren 20. paragrafoan aurreikusitako proba bereziaren bidez frogatzen badute erdi mailako ezaguera eta gaitasuna dituztela beraiek eskatutako espezialitatea behar bezala aprobetxatzeko.
4.– Probaren baliozkotasuna eta ondorioak.
Proba gainditzeak probaren deialdiaren ikasturtean matrikula egiteko aukera ematen du soilik, hau da, 2003-2004 ikasturtean matrikulatzeko hain zuzen. Beraz proba gainditu arren, izangaiak nahi duen plaza lortuko ez balu, oraindik ere Goi-mailako Zentroan ikasketa hauetara sartzeko interesik izanez gero, hurrengo deialdietan proba osoa egin beharko luke.
5.– Probak egitea:
5.1.– 2003-2004 ikasturtean Musikenen goi-mailako musika ikasketak egin ahal izateko probak, zentroan bertan izango dira 2003ko ekainaren 16 eta 30ean.
Miramar Jauregia
Mirakontxa Kalea, 48
Donostia
5.2.– Ariketak egiteko tokiak, datak eta orduak ikastetxeetako iragarki-oholean ageriko dira bai eta www.musikene.net orrialdean gutxienez probak baino astebete lehenago.
5.3.– Aurrekoan eragina izan gabe, ekainaren 16an aurreneko baldintzak (Batxilergo titulua izatea eta/edo erdi mailako ikasketak gainditu izana) betetzen ez dituzten ikasleentzako aparteko proba egingo da. Horren ostean izangai guztientzako ariketa egingo da.
5.4.– Epaimahai bakoitzak sartzeko probetako hurrengo ariketak egiteko eguna eta ordua jendaurrean jarriko ditu —probak egiteko leku berean—, ariketok egin baino gutxienez 48 ordu lehenago. Emaitzak argitaratzeko eguna ere horrela jakinaraziko da.
6.– Epaimahaiak:
6.1.– Sartzeko proba ebaluatzeko, espezialitate bakoitzerako epaimahai bakarra eratuko da, Goi-mailako Zentroko organo eskudunek izendatuko duten epaimahaia, alegia. Epaimahai horietan gutxienez hiru kide izango dira eta, edozelan ere, kideen kopurua zenbaki bakoitia izango da.Epaimahaikideak kasuan kasuko espezialitatekoak edo, egokia izanez gero, espezialitate horrekin kidetasun duen espezialitate batekoak izango dira.
6.2.– Sartzeko proba ongi baloratzeko, ariketak ikusita, epaimahaiak egokitzat jotzen dituen espezialitateetako irakasleen aholkularitza izan ahal izango du.
7.– Sartzeko probaren egitura eta edukia:
7.1.– Sartzeko proba arruntaren eta aparteko probaren egiturak 1999ko ekainaren 25ean Hezkuntza eta Kultura Ministerioak emandako aginduaren hemeretzigarren eta hogeigarren paragrafoetan, hurrenez hurren, agertzen direnak izango dira (1999ko uztailaren 3ko BOE, 158 zenbakia).
7.2.– Sartzeko probei buruzko egitura eta edukiei buruzko informazio guztia www.musikene.net orrialdean argitaratuko dira.
8.– Izena emateko eskabidea.
8.1.– Eskabidea egitean, izangaiek euren aukera adieraziko dute. Gehienez ere hiru espezialitate aukeratu ahal izango dituzte. Espezialitate bat baino gehiago aukeratzekotan, lehentasun-hurrenkera adieraziko dute.
8.2.– Sartzeko probetan parte hartzeko eskabidearekin batera NAN edo pasaportearen fotokopia aurkeztu behar da eta izena emateko zenbatekoa ordaindu dela adierazten duen ziurtagiria.
8.3.– Matrikula egin baino lehen, sartzeko probak gainditu dutenek eta eskaintzen diren plazen arabera espezialitate bakoitzean aukeratu direnak, probak egiten ziren egunean arau honen 3. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen zituztela frogatu behar dute , eta horretarako honako dokumentazioa aurkeztu behar dute.
– Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatua.
– Batxilergoa gainditu duten izangaiek: batxiler tituluaren fotokopia konpultsatua, edo eskatu izanaren ziurtagiria.
– Erdi mailako ikasketak gainditu dituzten izangaiek:
a) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legeak ezarritako erdi mailako ikasketak gainditu dituzten ikasleek: Eskola-liburuaren fotokopia konpultsatua edo erdi mailako ikasketak gainditu izana egiaztatzeko ziurtagiria, dagokion kontserbatorioak emana.
b) 2618/1966 Dekretuak araututako erdi mailako musika ikasketak gainditu dituztenek:
Irakasle tituluaren fotokopia konpultsatua edo erdi mailako ikasketak gaindituta dituela egiaztatzeko ziurtagiria, dagokion kontserbatorioak emana.
8.4.– Ziurtagiri horiek aurkezten ez badira, plaza hori zerrendako hurrengo hautagaiarentzat izango da.
8.5.– Eskaera Goi-mailako Zentroan egin daiteke 2003ko martxoaren 15etik apirilaren 30era, posta ziurtatuaren bidez edo lehen aipatutako web orrialdearen bidez.
8.6.– Izena ematea idazkaritza birtualaren bidez egin nahi dutenek, posta ziurtatuaren bidez bidali beharko dute aurreko ataletan aipatzen den dokumentazioa.
8.7.– Inskripzioa ez da kontuan hartuko dokumentazio hori Goi-mailako Zentrora heltzen ez den bitartean.
8.8.– Posta ziurtatua edo idazkaritza birtuala erabiltzen dutenek izena emateko, inskripzioa eta/edo dokumentuak aurkezteko epea -ondorengo atalean aipatzen den izena emateko eskubideak ordaintzeko ziurtagiria barne- 2003ko apirilaren 30ean amaitzen da.
8.9.– Ez dira onartuko apirilaren 30etik aurrera posta zerbitzuetara heltzen den inskripzioak eta/edo dokumentazioa, nahiz eta inskripzio horiek idazkaritza birtualaren bidez egin.
9.– Inskripzio-eskubideak.
9.1.– 2003-2004 ikasturterako sarrera frogaren deialdirako Musikenek ezarritako inskripzio-eskubidea eskaintzen diren espezialitate bakoitzean 60 eurokoa da. Inskripzioaren ordainketa honako kontu-korrontean egingo da eta horren ziurtagiria Musikenera bidali beharko da beste dokumentuekin batera, aurreko atalean azaltzen den moduan.
Musikeneren banku-datuak:
Banku-entitatea: Kutxa
Entitatea: 2101
Bulegoa: 0381
Kontu-zenbakia: 0070011084423
9.2.– Hautagaiak hainbat espezialitatetan sartzea nahi badu, guzti horien ordainketa egin behar du, betiere espezialitate hori tresna edo ahots homonimoari buruzko Pedagogiakoa ez bada, kasu horretan espezialitate bietan proba bakarra baitago.
10.– Inskripzioak edo eta dokumentuak bidali behar diren helbidea.
Posta ziurtatuaren bidez egindako inskripzioak eta dagozkion dokumentuak, idazkaritza birtuala erabili bada, horren dokumentazioa honako helbide honetara bidali behar dira:
Musikene. Euskal Herriko Musikako Goi zentroa
Sarrerako probak 2003-2004 ikasturterako
Miramar Jauregia, Mirakontxa kalea, 48,
20007 Donostia
Gipuzkoa
11.– Probaren kalifikazioa.
11.1.– Ohiko sarrera-proba zero eta hamar puntu artean baloratuko da. Horretarako, probaren atal guztiak globalki hartuko dira kontuan, espezialitate bakoitzaren berezitasunak gogoan izanda.
11.2.– Baldintzak betetzen ez dituzten izangaien (Batxilergo titulurik edo erdi mailako ikasketarik ez dutenei) sarrera-probak kalifikatzeko eta baloratzeko irizpide berak aplikatuko dira. Izangaiok, ordea, ezohiko probari dagokion ariketa ere egin beharko dute.
11.3.– Sartzeko proba gainditu ahal izateko, guztira gutxienez bost puntu lortu beharko dira. Epaimahaiek sartzeko proben kalifikazio globalak, sail bakoitzeko eta atal bakoitzeko emaitzak iragarki-oholean ipiniko dituzte. Behin betiko emaitzak akta egokietan bilduko dira.
12.– Erreklamazioak.
12.1.– Proben inguruko erreklamazioak, idatziz, ikastetxeetan bertan aurkeztu ahal izango dira, emaitzak argitaratu eta bost egun baliodun pasatu baino lehenago. Erreklamazioak ebatzi egingo dira eta iragarki-oholean argitaratuko dira, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hamar egun baino lehenago.
12.2.– Epaimahaiaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean.
13.– Espainiako Estatuko beste zentro edo kontserbatorioren batean proba gainditu dituzten ikasleak.
13.1.– Bete gabeko plazak baldin badaude, kasu horretan, soilik, Musikenek plaza horiek Espainiako Estatuko beste zentro edo kontserbatorioren batean proba gainditu dituzten ikasleei emango dizkie.
13.2.– Ikasle horiek onartuak izateko eskabidea aurkeztu beharko dute 2003ko irailaren 15etik 26ra bitartean Musikeneko idazkaritzan, eta eskuduna duen organoak ebatziko du eskaera hori.
13.3.– Dauden plazak baino hautagai gehiago egotekotan, Musikenek barne-proba bat egingo du eskatutako espezialitatean aprobetxamenduarekin ikasteko ahalmen eta abilezi gehiago dutenak aukeratzeko. Barne–proba horiek egiteko eguna, tokia eta edukia proba egiteko data baino 15 egun lehenago jakinaraziko zaie hautagaiei.
14.– Goi-mailako Musika Ikasketak hasita dituzten ikasleak.
a) 2618/1966 Dekretuan arautzen diren Ikasketa Planetik datozen ikasleak.
1996ko Ikasketa Planean Goi-mailako Musika Ikasketak hasi dituzten ikasleek Musikenen sartzeko proba egin dezakete. Gero, epaimahaiak erabakiko du zein kurtso egin behar duten, hautagaiaren jakite-mailaren arabera. Dena dela, ikasleak aurretik egin dituen ikasketak baliozkotu ditzake indarrean dagoen legedia betez.
b) Goi-mailako ikasketak Espainiako Estatuko beste zentro edo kontserbatorio batean egin dituzten ikasleak, urriaren 27ko 1/1990 Lege Organikoan ezarritako ikasketa plana betez.
Ikasle horiek sartzeko eskabidea aurkeztu beharko dute 2003ko irailaren 15etik 26ra bitartean Goi-mailako Zentroaren idazkaritzan, eta eskumena duen organoak ebatziko ditu eskaera horiek, honako irizpide hauek kontuan izanik:
1) Lehen maila osoa gainduta izatea edo 35 kreditu izatea.
2) Jarraitzeko Araudian ezartzen diren deialdi guztiak agortuta ez izatea.
3) Goi-mailako Zentroko zuzendaritzak espedienteen tokialdatzeak onartu ditzake 2003-2004 ikasturtean sartzeko probetan ikasleei plazak esleitu ondoren eta onartzeko eskaeren epea baino lehen jendaurrean jarriko diren irizpideen arabera.
Ikasleek, behin onartu dituztenean, euren jatorrizko ikastetxean, onartuak izan direla baieztatzen duen gutunaren bidez, ikasketa berri horiek egiteko espedientearen lekualdatzea eskatu beharko dute.
b) Goi-mailako ikasketak Musikenen hasi dituzten ikasleak, urriaren 27ko 1/1990 Lege Organikoan ezartzen den Ikasketa Planaren arabera, baina espezialitatea aldatu nahi dutenak.
1) Espezialitatea aldatu nahi duten Musikeneko ikasleek, espezialitate horretan sartzeko proba bat gainditu beharko dute. Espezialitate horretan sartuz gero, komunak diren eta gaindituta dauden ikasgaiak baliozkotuko dira.
2) Soilik ikasle hori egiten ari den espezialitate berri hori tresna edo ahots homonimoari buruzko Pedagogia bada, espezialitatez alda daiteke inolako probarik egin gabe, eta espezialitate berrian dauden plazen arabera, aldaketa eskatu eta hurrengo ikasturtean bertan egingo da aldaketa hori.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Goi mailako musika ikasketen curriculumari dagokionean ez ezik, Agindu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionean ere 1999ko ekainaren 25eko Agindua, goi-mailako musika ikasketen curriculuma zehazten duena, aplikatuko da (1999ko uztailaren 3ko EAO, 158 zenbakia)
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena ematen zaio Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik egongo da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 6a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
ANJELES IZTUETA AZKUE.
RSS