
53. zk., 2003ko martxoaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1543
50/2003 DEKRETUA, martxoaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari "Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao SL" erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko dena.
Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Eusko Jaurlaritzak eman beharko dio baimena, dekretu bidez, sozietateen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta sozietatearen ardura duen saileko sailburuak elkarrekin proposatuta.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion "Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao SL" erantzukizun muga-tuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Partaidetza kapital sozialaren ehuneko berrogeita hamarrekoa da, eta beste ehuneko berrogeita hamarra Bizkaiko Foru Aldundiarena.
Sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2003ko urtarrilaren 17an egindako bilkuran, Bazkideen Biltzarrari kapitala gehitzea proposatzea erabaki zuen, besteak beste. Bilboko Guggenheim Museoko bilduma propioa erosteko programarako bideratutako kreditu lerroa finantzatzeko behar diren baliabideak lortu nahi dira kapital-gehikuntzarekin. "Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L." sozietatean duen partaidetzaren ehunekoarekin jarraitzeko, Eusko Jaurlaritzak beste 6.250 partaidetza berri harpidetzea eskatzen du proposamen horrek, hiru milioi zazpiehun eta berrogeita hamasei mila hirurehun eta hamabi euro eta berrogeita hamar zentimoko (3.756.312,50) zenbatekoz, hain zuzen.
Lehenengo lerroaldean adierazitakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman behar du, sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Bestalde, nahikoa kreditu dago 6.250 partaidetza horiek harpidetu ahal izateko.
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko martxoaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea "Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao SL" erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Sozietatearen biltzar nagusiak ebazten duen guztirako gehikuntzatik, hiru milioi zazpiehun eta berrogeita hamasei mila hirurehun eta hamabi euro eta berrogeita hamar zentimokoa (3.756.312,50) izango da partaidetza, 6.250 partaidetza (seiehun eta bat euro eta zentimo bateko —601,01— balio izendatua du bakoitzak) erosiko baititu, aldi bakarrean.
Bazkideen Biltzarrak kapitala gehitzeko erabakia hartzen duenetik hogeita hamar eguneko epean ordaindu beharko da.
Gehikuntza horren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate horretan izango duen partaidetza hogeita hamahiru milioi laurogeita bost mila eta seiehun euro eta berrogeita hamar zentimokoa (33.085.600,50) izango da, berrogeita hamabost mila eta berrogeita hamar (55.50) partaidetzatan ordezkatuta.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko martxoaren 4an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Kultura sailburua,
MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.
RSS