
53. zk., 2003ko martxoaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
1540
55/2003 DEKRETUA, martxoaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan esne gordina ekoizteko higiene eta osasun baldintzak kontrolatu eta ebaluatzeari buruzkoa.
92/46/EEE eta 89/362/EEE zuzentarauetan ezarri zen nolako osasun baldintzetan ekoiztu eta merkaturatu behar diren esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnetik eratorriak. Zuzentarau horiek estatuko legeriara ekarri dira uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuaren bidez. Beraren bidez, esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnetik eratorriak nolako osasun baldintzetan ekoiztu eta merkaturatu behar diren ezarri zen. Martxoaren 1eko 402/1996 Errege Dekretuaren bidez aldarazi zen.
Elikagaien segurtasunak eta kalitateak gero eta garrantzi handiago dute. Horregatik, esne gordinaren EAEko ekoizpenak bete beharreko osasun eta higiene baldintzak zorroztu egin behar dira, produktu hori zehatz araututa dagoelako eta Europako Erkidegoak babesten duelako.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan arautegi bat garatzea egokia da, agente publiko eta pribatuek egin beharreko urratsak zehazteko, ustiapen guzti-guztiek araututa dauden kalitate mailetara hel daitezen, eta Europako eta estatuko xedapenak betetzen direla ziurtatzeko.
Dekretu hau egiteko, honako hauen ekarpenak jaso ditugu: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarenak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza Sailenak, eta sektoreetako aditu eta elkarteenak. Halaber, esnea ekoizteko osasun eta higiene baldintzak kontrolatzeko eta ebaluatzeko jarduketak, Euskal Autonomia Erkidegoan diseinatuak, kontuan izan dira.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoak, animalien ekoizpenean eta osasunean dituen ahalmenak betez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak eztabaidatu eta onetsi ondoren,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da esnearen kalitatea hobetzeko behar diren gidalerroak ezartzea; gizakiok edateko, esnekiak egiteko edo termikoki tratatutako esnerako den esne gordinak estatuko eta Europako Erkidegoko kalitate baldintzak betetzen dituela egiaztatzea; Euskal Autonomia Erkidegoko esne ustiapenen hobekuntza integrala hobetzea.
2. artikulua.– Aplikatzeko eremua.
Xedapen hau eremu hauetan aplikatuko da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden esne ustiapenak.
b) Esne gordina ontziratzen, tratatzen edota transformatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko establezimenduak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona edota enpresa ekoizleei esne gordina erosten dieten lehen erosleek, edo Euskal Autonomia Erkidegoko tratamendu edota transformazioko establezimenduei esnea ematen dietenak.
3. artikulua.– Definizioak.
Xedapen honetarako, definizio hauek erabiliko dira:
a) Esne gordina: Behi, ardi, ahuntz eta bufalo emeen ugatzen jarioak sortzen duen esnea, 40.º C tik gora berotu ez dena edo tratamendu baliokiderik jasan ez duena.
b) Esnetiko produktuak egiteko esnea: Transformaziorako esne gordina, esne likido edo izoztua, esne gordinetik eratorria, tratamendu fisiko baimendurik jaso duen gorabehera. Beraren konposizioan aldaketarik egon bada, esnearen berezko osagaiak kentzeko edo eransteko baino ez da izan.
c) Termikoki tratatutako kontsumorako esnea: Pertsonek edo taldeek azken kontsumitzaileari saltzeko egiten den kontsumoko esnea, tratamendu termikoz sortua. Esne pasteurizatua, "pasteurizazio handiko" esne pasteurizatua, esne esterilizatua eta UHT esnea. Baita pasteurizatutako esnea, norbanako kontsumitzaileek eskatuta sueltoan saltzeko.
d) Esnetiko produktuak: Esnea oinarri duten produktuak, hau da, esnetik bakarrik datozen produktuak. Sustantzia gehiago erantsi ahal zaizkie, baldin eta sustantzia horiek ez badira erabiltzen esnearen osagaiak eta produktu konposatuak osorik edo zati batez ordezkatzeko. Esnea edo esnetiko produktu bat funtsezko zatia izan behar da, bai kantitateagatik edo produktu horien ezaugarria den eraginagatik. Osagaiek ez dituzte ordezkatzen esnearen osagaiak eta ez dira asmo horrekin erantsi.
e) Ekoizpenaren ustiapena: Esnea ekoizteko aberea(k) dauden lekua.
f) Tratamenduko establezimendua: Esnea termikoki tratatzeko establezimendua. Elikagaien Osasuneko Erregistro Orokorrean agertu behar da ofizialki.
g) Transformazioko establezimendua: Ekoizpenaren ustiapena edota establezimendua, esnetiko produktuak eta esnea tratatzeko, transformatzeko edota ontziratzekoa. Elikagaien Osasuneko Erregistro Orokorrean agertu behar da.
h) Lehen eroslea: Ekoizleei esne gordina erosten dien pertsona fisiko edo juridikoa, tratatzeko, transformatzeko edo tratamendu edota transformazioko establezimendu bati edo gehiagori emateko.
i) Tratamendu termikoa: Beroaren bidez egiten den edozein tratamendu, baldin eta egin eta berehala fosfatasaren aurrean erreakzio negatiboa badu.
j) Termizazioa: Esne gordina berotzea, gutxienez 15 segundoz, 57.ºC eta 68.ºC artean, esnea tratatu eta gero fosfatasaren proban emaitza positiboa ematen badu.
k) Laboratorio ofiziala: Euskal Autonomia Erkidegoan esnearen kontrol ofizialak egiteko Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak kreditutako eta ofizialki izendatutako laboratorioa.
l) Baimendutako laboratorioa: Indarrean dagoen arautegia betez esnea analizatzeko behar bezala egiaztaturik dagoen laboratorio oro.
4. artikulua.– Esne gordinaren baldintzak.
1.– Termikoki tratatutako esnerako edo esnetiko produktuak egiteko den esne gordinak helburu hauek bete behar ditu:
a) Aldian behin kontrolatutako abere eta ustiapenetatik etortzea. Ustiapena dagoen lurralde historikoan animalien ekoizpenean eta osasunean eskudun den organoak kontrolatu behar ditu. Ustiapena EAEtik kanpo badago, dagokion autonomi erkidegoan eskudun den organoak kontrolatu behar du.
b) Uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko A eranskineko IV. kapituluan dauden kalitate arauak betetzea.
c) Uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko A eranskineko I. kapituluan dauden animalien osasunari buruzko baldintzak betetzea. Aitzitik, esne gordina osasunez ondo dauden abereengandik etorri arren, abereok dauden ekoizpen ustiapenak tuberkulosi eta bruzelosirik ez dagoelako ziurtagiri ofiziala eduki behar du. Ziurtagiri hori ez edukitzekotan, abere horien esne gordina termikoki tratatutako esnea egiteko edo tratamendu termikoa jasan ondoko esnetiko produktuak egiteko bakarrik erabil daiteke, agintaritza eskudunak kontrolaturik.
d) Abereon jatorrizko ustiapenek uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko A eranskineko II eta III. kapituluan ezarritako higiene baldintzak bete behar dituzte.
e) Jatorrizko ustiapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiapenen Erregistroan agertzea edo agertzeko bidean egotea. Erregistro hori martxoaren 20ko 84/1993 Dekretuan sortu zen. Ustiapena EAEtik kanpo badago, dagokion autonomi erkidegoko erregistroan egon behar da.
2.– Gizakiok zuzenean edateko esne gordina merkaturatu daiteke baldin eta uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko 4. artikuluko baldintzak betetzen badira.
5. artikulua.– Ekoizpenaren ustiapenetako kontrola.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, aldundiei dagozkie esne gordinaren ekoizpenaren higiene eta osasun baldintzak kontrolatzeko eta ebaluatzeko lanak. Foru aldundi bakoitzeko organo egokiak izango dira agintaritza eskudun lan horiek burutzeko eta, beharrezko balitz, uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko neurriak hartzeko (martxoaren 1eko 402/1996 Errege Dekretuan aldarazia).
2.– Lan horiek egitean, foru aldundiek zeinek bere lurraldeko ukuiluetako higienea eta jeztea kontrolatzeko plana ezarriko dute, osasun eta higieneko arauak betetzen direla ziurtatzeko, honakoetan ezarritakoarekin bat etorriz: 92/46/EEE eta 89/362/EEE zuzentarauak, eta uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretua, esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnetik eratorriak nolako osasun baldintzetan ekoiztu eta merkaturatu behar diren ezarri zuena (martxoaren 1eko 402/1996 Errege Dekretuaren bidez aldarazia).
6. artikulua.– Lehen erosleen betebeharrak, esne gordinaren kalitatea kontrolatzeari dagokionez.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden esne gordinaren lehen erosleek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Esne erosleen erregistroan izena emanda egotea.
b) Esne hornitzaile gisa ageri diren esne ustiapenen titular bakoitzak egunero hornitzen dieten esne gordina erregistro batean idaztea.
c) Laginak biltzeko urteko plana idaztea. Plan horretan datu hauek agertu behar dira gutxienez:
–Beraien hornitzaile diren eta ustiapena Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten ekoizleen zerrenda.
–Beraien hornitzaile diren eta ustiapena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo daukaten ekoizleen zerrenda.
–Laginak hartzen dituzten pertsonen datuak.
–Laginak hartzeko protokoloa.
d) Ekoizpenaren ustiapenean esne gordina biltzen denean lagin esanguratsu bat hartzea errazteko eta lagin horiek baimendutako laboratorioetara bidaltzeko neurriak hartzea, dekretu honen I. eranskinean azaldutako protokoloa betez. Esnea ekoizteko ustiapen bakoitzean esne gordinaren bi lagin hartu behar dira gutxienez egunero. Lagina hartu eta gehienez 3 eguneko epean, uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuko A eranskineko IV. kapituluko a) idatz-zatian ezarritako kalitate parametroak betetzen diren egiaztatu behar da.
e) Ekoizpenaren ustiapen bakoitzean esne gordinetik hartutako laginen analisi guztien emaitzak dagokion foru aldundiari jakinaraztea, baimendutako laboratorioak emandako emaitzen arabera. Jakinarazpen hauek euskarri informatikoaren bidez egin behar dira, horretarako foru aldundiek ezarritako formatuak errespetatuz. Epeak dekretu honen 8. artikuluko 4. paragrafoan ezarrita daude.
Horretarako, foru aldundiek esne gordinaren kalitateko parametroak ezarriko dituzte, honela:
–Erantsitako uraren zehaztapena: lagin bakoitzaren izozte-puntuaren balioaren bidez.
–30.ºC tenperaturan dauden germenak (ml bakoitzeko): lagin bakoitzean detektatzen den germen kopuruaren batez besteko geometrikoa. Batez bestekoa ateratzeko, segidako bi hilabetean laginak jaso eta aztertuko dira (gutxienez bi lagin hilero).
–Zelula somatikoak (ml bakoitzeko): lagin bakoitzean detektatzen den zelula somatikoen kopuruaren batez besteko geometrikoa. Batez bestekoa ateratzeko, segidako hiru hilabetean laginak jaso eta aztertuko dira (gutxienez lagin bat hilero).
–Hondakinen edukia: lagin bakoitzaren analisi-buletinean parametro honetarako ageri den balioa.
–Esne gordinak kalitate parametroak ez ditu betetzen, baldin eta analisia egiten bada – e) idatz-zati honek xedatutako eran – eta ikusten bada 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluko mugak gainditzen direla.
Bereziki, dekretu honen 4. artikuluan ezarritako kalitate parametroak gainditzen dituzten ustiapenei buruzko komunikazio xehea eta zehatza egingo da. Komunikazioan, titularraren izen-abizenak, izen-baltzua, IFZ, helbidea eta ustiapenaren erregistroko kodea adieraziko dira, bete ez den parametroarekin batera. Komunikazio horrekin batera, parametroak bete ez direla adierazteko oinarri izan diren emaitzen agiriak erantsi behar dira.
Ekoizpenaren ustiapena ez badago Euskal Autonomia Erkidegoan, deskribatutako komunikazioa ustiapenaren autonomi erkidegoko organo egokiari bidali behar zaio (animalien ekoizpenean eta osasunean eskudun den organoari, hain zuzen).
f) Esne gordina lehen aldiz ematen dizkieten ekoizpenaren ustiapenetako titularrei ziurtagiriak eskatu behar dizkiete. Ziurtagiri horietan frogatu behar da, esnea biltzeko unean, esneak ez dituela gainditzen 1679/1994 Errege Dekretuko A eranskineko IV. kapituluko kalitateko parametroetan ezarritako mugak. Behi esne gordineko hornitzaileetan gertatzen diren baxa eta alta guztiak jakinarazi behar dizkiete foru aldundietako organo eskudunei, baxa edo alta hartu ondoko bi egunetan. Euskal Autonomia Erkidegoak baimendutako laboratorio bateko analisien azken emaitzekin bat etorri behar dira agiri horiek.
2.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten lehen erosleek, esne gordina Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ekoizleei erosten badiete eta esnea Euskal Autonomia Erkidegoan dauden tratamendu edota transformazio establezimenduei ematen badiete, ustiapena dagoen lekuko foru aldundiari zerrenda bat eman behar diote, ekoizpen osoa edo zati bat ematen dieten esne ustiapenen titularren izenekin. Zerrenda hilabeteko epean eman behar da, dekretu hau argitaratzen denetik. Halaber, aldaketarik gertatuz gero jakinarazi egin behar da.
7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden esne gordina tratatzeko edota transformatzeko establezimenduen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden esne gordina tratatzeko edota transformatzeko establezimenduek honako betebeharrak izango dituzte:
a) Ekoiztutako, tratatutako edota transformatutako esnearen eguneroko erregistroa eramatea.
b) Esnea lehen erosleei erosten dizkieten tratamendu edota transformazio establezimenduek, erositako esnearen kalitatearen parametroen analisietako emaitzak argitaratu behar dituzte, emaitzok jasotzen dituzten egun berean, eta hornitzaileei dekretu honetan ezarritako betebeharrak betetzeko exijitu behar diete. Parametro horiek 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan daude.
c) Ustiapenean bertan ekoiztutako esnea bakarrik tratatzen edota transformatzen duten tratamendu edota transformazio establezimenduek neurri egokiak hartu behar dituzte hilean gutxienez esne lagin bi hartzeko. Lagin horiek ustiapenean ekoizten den esnearen erakusgarri izan behar dira. Lagin horiek laboratorio baimenduetara igorri behar dituzte. Laboratorioetan, lagina hartu eta 3 eguneko epean, 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan ezarritako kalitate parametroak betetzen diren egiaztatu behar da. Esne ustiapeneko titularrak jasoko ditu laginak, laginak jasotzeko protokoloaren arabera (dekretu honen I. eranskinean ). Esne gordinaren laginak hartzeko baimendutako langileei buruzko baldintzak bete behar dituzte, dekretu honetan ezarriak. Analisien emaitzak dagokion foru aldundiari igorri behar zaizkio, dekretu honen 8. artikuluko 4. paragrafoan ezarritako epeetan.
d) Tratamendu edota transformazio establezimendu bat aurreko b) eta c) idatz-zatietan azaldutako egoeretan badago aldi berean, kasu bietarako betebeharrak bete behar ditu.
e) Konpromisoa hartu behar da esne gordinari uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuan ezarritako erabilera emateko, baimendutako laboratorioaren analisien emaitzen arabera, dekretu honen ondorioetarako. Erakunde eskudunaren eskura eduki behar dira esnearen erabilera erakusten duten egiaztagiriak.
8. artikulua.– Esne laginak analizatzeko laboratorioak.
1.– Laboratorio ofiziala, dekretu honen 3.k) artikuluan definitu denez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduz izendatuko da, foru aldundien proposamenak kontuan izanik, eta nekazaritzako elikagaien laboratorioak onartzea, kreditatzea eta kontrolatzea arautzen duten xedapen arautzaileekin bat etorriz. Laboratorio horrek egin beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko esne gordinaren kalitatearen kontrol ofiziala. Laboratorio ofizial honek, gutxienez, 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan ezarritako zehaztapenak bete behar ditu jasotzen dituen laginekin.
2.– Baimendutako laboratorioek (dekretu honen 3.l artikuluan ezarritakoaren bidez definituak) lehen erosleei eta tratamendu edota transformazio establezimenduei (xedapen honen 7. artikuluan definituak) honako informazioa eman behar diete: 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan ezarritako kalitate parametroren bat betetzen ez duten ekoizleen zerrenda, hala gertatzen denean, eta bakoitzak zein parametro ez duen betetzen.
3.– Baimendutako laboratorioek, esnearen lehen erosleek edo esne gordina tratatzeko edota transformatzeko establezimenduek beren beregi ordezkaritza ematen badiete, gorabehera era eta une berean jakinarazi ahalko diete ekoizleari berari eta dagokion foru aldundiko organo eskudunari.
4.– Komunikazioak epe hauen barruan egin behar dira:
- Puntu krioskopikoa edota hondakinak dauden puntua zehaztea, gorabehera atzematen den une berean.
- Germenen edota zelula somatikoen germenak betetzen ez direla, hilabete bakoitzeko lehen hamar egunetan.
9. artikulua.– Esne gordinaren ekoizpenaren baldintzak eta higiene eta osasun kalitatea kontrolatzea.
1.– Foru aldundietako organo eskudunek, lehen eroslearen informazioa jasotzen dutenean (eta beharrezko balitz, baimendutako laboratorioek laginei eginiko analisiei buruzkoa), emaitzek esne gordinaren higiene eta osasuneko kalitateari buruzko indarreko arautegiko parametroak betetzen dituzten egiaztatuko dute. Parametro horiek bakterioei, zelula somatikoei, inhibitzaileei eta erantsitako urari dagozkie, eta 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan daude. Horretarako, 4. artikuluan ezarritako zehaztapenak hartuko dituzte kontuan.
2.– Aurreko artikuluko informazioa gorabehera, lehenengo erosleak emana, foru aldundietako organo eskudunek esne gordina ekoizten duten ustiapenen gutxienez %20ari buruzko informazioa jaso behar dute in situ, ezarritako kontrolen urteko planaren arabera.
Informazio hori galdetegi batean agerrarazi behar da, eredu baten araberakoa. Esne gordinaren higiene eta osasun kalitateari buruz indarrean dagoen arautegia noraino betetzen den neurtuko du galdetegiak.
10. artikulua.– Esne gordinaren osasun eta higiene kalitateko parametroen kontrol ofiziala.
1.– Aurreko artikuluaz gain, foru aldundietako organo eskudunek laginak modu ofizialean hartuko dituzte, esnearen higiene eta osasun kalitateari buruzko parametroak betetzen diren egiaztatzeko, 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan jasoak. Gutxienez, lurralde historiko bakoitzean dauden esne gordina ekoizteko ustiapenen urteko %2an jaso behar ditu laginok.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, esnean hondakinik dagoen jakiteko kontrola egiteko, EAEko Elikagaietako Abere Hondakinak Kontrolatzeko Planean ezarritako irizpideak bete beharko dira.
2.– Aztertu beharreko ustiapenak ausaz aukeratuko dira.
3.– Lagin ofizial hauek laboratorio ofizialera igorriko dira, emaitzen homogeneitatea eta fidagarritasuna bermatzeko.
4.– Dagokion foru aldundiari epe hauetan egingo zaizkio jakinarazpenak:
–Puntu krioskopikoa edota hondakinak dauden puntua zehaztea, gorabehera atzematen den une berean.
–Germenen edota zelula somatikoen germenak betetzen ez direla, lagina hartzen den ondoko hilabeteko lehen hamar egunetan.
5.– Lagin ofizialak hartzeko, gai honetarako legean ezarritako protokoloak erabiliko dira. Kontranalisiak egiteko teknikak laboratorio ofizialean bertan egingo dira, une berean, laginaren baldintzak eta ezaugarriak kontuan izanik.
11. artikulua.– Esne gordinaren kalitateko kontrol ofizialaren espedientea.
1.– Foru aldundietako organo eskudunek bere lurralde historikoko ustiapenen batek parametroak gainditzen dituelako edo gainditu ditzakeelako zantzurik aurkitzen badu, ustiapen horretan ekoiztutako esnearen kalitateko kontrol ofizialeko espedientea hasiko dute. Ikerketa plana ere egingo dute, legean ezarritako parametroak gainditzea ekarri duten kausak aurkitzeko.
2.– Kontroleko espediente ofizialak beharrezko den iraupena izango du, kontrolatu beharreko parametroen araberakoa, aurkitutako zantzuetan oinarriturik. Gehienez hiru hilabetez iraungo du. Abeltzainari idatziz jakinaraziko zaio espedientearen hasiera. Laginen jasotze ofizialaren berri emango zaio, eta espedientearen balizko ondorioak ere jakinaraziko zaizkio, hurrengo artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
12. artikulua.– Esne gordina gizakiok kontsumitzea debekatzea.
1.– Aztertutako esneak gizakion osasunarentzat arriskutsu den akatsik edo akatsen zantzurik badu (onartutako tolerantzia gainditzen duten hondakinen zantzuak, patogenoak edo besterik) eskumena duten foru organoek premiazko eta kautelazko neurriak hartuko dituzte esne hori gizakiok kontsumitzeko den esnea ez dadin erabili esnekiak egiteko ezta termikoki tratatutako kontsumorako esnerako, uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Beste kasuan, hots, aurkitutako akatsak ez direnean gizakion osasunarentzat arriskutsu baizik eta kalitate eta higieneko parametroen urratze hutsak, kontroleko espediente ofiziala bukatutakoan zehazten bada ustiapenetik datorren esneak ez dituela betetzen gutxieneko kalitate higieneko parametroak, orduan, gizakiok edateko, esnekiak egiteko edo termikoki tratatutako esnerako den esne gordinaren horniketa debekatzeko behar diren neurriak hartuko dira harik eta parametro horiek bete arte.
3.– Edozein kasutan ere, foru aldundiko organo eskudunak debeku horiek honako hauei jakinaraziko dizkie, ondorio egokietarako:
– Ustiapenaren titularrari.
– Lehen erosleari.
– Tratamenduko edo transformazioko establezimenduari.
– Osasun Sailari edo, bidezkoa bada, establezimendua dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean osasun publikoko gaietan eskudun den organoari.
– Ustiapena EAEtik kanpo badago, dagoen autonomi erkidegoko administrazioari.
13. artikulua.– Debekua jasotzea.
1.– Aurreko artikuluan ezarritako debekuren bat altxatzeko eskatu ahal die foru aldundiei dagokion ustiapenaren titularrak, idatziz, bere esne gordinak kalitate eta higieneko arautegia berriro betetzen duela frogatzen badu, baimendutako laboratorio baten analisien buletinen bidez.
2.– Foru aldundiko organo eskudunak eskaera ikusten duenean eta abeltzainak ekarritako analisien emaitzak aztertzen dituenean, emaitza horiei dagokien neurria hartuko du. Betiere, gizakiok esne hori kontsumitzeko debekua altxatu ahal izateko, esneak 1679/1994 Errege Dekretuaren A eranskineko IV. kapituluan ezarritako kalitate parametroak bete behar ditu.
3.– Debekua kentzen denean, dagokion foru aldundiko organo eskudunak inguruabar horren berri emango die debekua jakinarazi zien pertsona eta erakunde berberei, hau da, aurreko artikuluko 3. paragrafoan agertzen direnei.
14. artikulua.– Hobekuntza planak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan esnearen kalitatea hobetzeko egiten diren jarduketak Esnearen Kalitatea Hobetzeko Planean sartuko dira, dekretu honen II. eranskinean zehaztua. Foru aldundiek kontrolatu eta gainbegiratuko dituzte jarduketa horiek.
2.– Baimendutako lehen erosleek, ekoizleen elkarteek, kudeaketa zentroek, laboratorioek (bidezkoa bada) eta bestelako agenteek egiten dituzten hobekuntza programetan, ustiapenak kontrolatzeko eta aholkuak emateko jarduketak sartuko dira, esne gordina eskuratzeko, biltzeko eta garraiatzeko baldintzak hobetzeko. Beste arautegiren bat betez nahitaez egin beharreko jarduketak ez dira izango programako berezko jarduketak, batez ere nahitaez aitortu beharreko eritasunak kontrolatzeko eta desagerraraztekoak.
15. artikulua.– Zehapen araubidea.
1.– Dekretu honetan eta uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzen ez bada, honako hauen araberako zehapenak ezarriko dira: Osasunaren gaineko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorra; Euskadiko Osasun Antolamenduko ekainaren 26ko 8/1997 Legea, eta ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretua, kontsumitzaileak eta nekazaritzako elikagaien ekoizpena defendatzeko, urratzeak eta zehapenak arautu zituena. Hori gorabehera, administrazio eremutik kanpo erantzukizunak sor daitezke.
2.– Ondorio hauetarako eta, bereziki, lehen erosleek, tratamendu edo transformazio establezimenduek, eta ekoizpeneko ustiapenek organo eskudunei eman beharreko komunikazio edo agirietan datu faltsuak jartzen badituzte, edo dekretu honetan ezarritako datu, analisi eta agiriak emateari uko egiten badiote, balizko urraketa izango da, ekainaren 22ko 1945/1983 Errege Dekretuaren 5.1, 4.2.13 eta 4.2.7 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Dekretu honetan xedatutakoa ez betetzeagatik hasitako espedienteak ebazteko eta zehatzeko ahalgoa foru aldundiko organo eskudunak edukiko du, establezimendua edo ustiapena dagoen lurraldekoa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan beren beregi arautu ez diren kontuetarako, honakoan ezarritakoa aplikatuko da: uztailaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretua, esne gordina, termikoki tratatutako esnea eta esnetik eratorriak nolako osasun baldintzetan ekoiztu eta merkaturatu behar diren ezarri zuena (402/1996 Errege Dekretuaren bidez aldarazia).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Foru aldundiek dekretu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzakete.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko martxoaren 4an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
I. ERANSKINA
PRODUKZIO USTIAPENETAN ESNE
GORDINAREN LAGINAK HARTZEKO
PROTOKOLOA
1.– Lehen erosleak laginak hartzeko erabili beharko duen metodologia baimendutako laborategiak onetsiko du. Horrek honako hauek zehaztuko ditu:
a) Laginaren bolumena.
b) Ontzien ezaugarriak: tamaina, materiala, etab.
c) Ontzien etiketak.
2.– Foru-aldundiek ikuskapena egingo dute laborategiak laginak hartzeko eskatzen duen metodologiak indarrean dauden araudiak bete ditzan.
3.– Lehen eroslearen izenean esne gordinaren laginak hartzen dituen pertsonak, hori egin aurretik, honako baldintza hauek bete beharko ditu:
– Gai horri buruzko ikastaro berezi bat egina eta gainditua izango du; ikastaro hori foru-aldundiek emandakoa eta/edo onetsia izango da, eta baimendutako laborategiak emandako zehaztapenak beteko ditu.
– Baimendutako laborategiak antolatutako eta/edo xedatutako birziklatzeko ikastaroak eta etengabeko prestakuntzako ikastaroak eginak izango ditu.
– "Esne gordinaren laginak hartzeko gaitutako langileen erregistroa"n izena emanda egongo da. Erregistro hori ondorio horretarako sortuko da, eta foru-aldundiak arduratuko dira bera kudeatzeaz.
4.– Lehen erosleak bermatu beharko du laginak garraiatu bitartean behar den tenperaturan gordeko dituela, baimendutako laborategiak ezarritako zehaztapenak betez. Era berean, hiru egun igaro aurretik emango dio lagina baimendutako laborategiari, lagina hartzen duen egunetik hasita.
5.– Laginak garraiatzeko ibilgailuak leku bat izango du prestatuta laginak, hala behar denean, ondo bereizita gordetzeko, ustiapenetan bildutako esnetik bananduta.
6.– Lagina barra-kodearen bidez identifikatuko da, baimendutako laborategiak emandako identifikazioari jarraiki.
7.– Era berean, 7. artikuluan aipatutako ekoizleek jarduketa-protokolo hori bete beharko dute.
II. ERANSKINA
ESNEAREN KALITATEA HOBETZEKO PLANA
Esnearen Kalitatea Hobetzeko Plan honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan esnetarako azienda duten ustiapen guztiek, esne gordina ekoiztean, Dekretu honek ezartzen dituen higiene- eta osasun-parametroak betetzea eta, hala behar denean, 402/1996 Errege Dekretuak eta, orobat, 92/46 Zuzentarauak aldatutako ekainaren 22ko 1679/1994 Errege Dekretuak ezarritakoa betetzea.
Kalitatea Hobetzeko Planak hiru jarduketa-ildo izango ditu:
a) Lehen erosleek, ekoizleek edo beren erakundeek, eta sektoreko beste agente batzuek egindako hobekuntza-programak.
b) Lehen erosleek, baimendutako laborategiekin koordinatua, egindako zehaztapen analitikoak eta laginak biltzeko planak.
c) Administrazioak kontrolatzeko eta jarraipena egiteko burututako jarduerak, bai osasun-programetan edo animalia-jatorriko produktuen hondakinak kontrolatzeko egindakoak, bai animalien higiene, elikadura eta ongizatearen arlokoak.
Plan honekin bat egin ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan esnea ekoizten, merkaturatzen edo tratatzen duten agente guztiek, bai eta beren taldeek eta elkarteek, kudeaketa-zentroek, zerbitzu-kooperatibek eta antzekoak diren gainerakoek.
Programa horiek Foru Aldundiaren organo eskudunak aurkeztu eta onetsi beharko ditu, planaren onura jasotzen duten ustiapenak dauden lurraldekoa denak.
Hobekuntza-programen edukia eta garapena:
Lehen erosleek edo ekoizleen erakundeek ezarritako hobekuntza-programetan jarduera generikoak sartuko dira, hala nola, ekoizleak prestatzeko jarduerak, kalitatea sustatzeko eta hobetzeko jarduerak eta aholkularitza teknikoa. Era berean, programa horietan neurri bereziak sartuko dira, dagokion programan sartutako ustiapen bakoitzari zuzendutakoak. Programek balorazio bat jasoko dute, abiatzeko garaiko egoerari buruzkoa, baita adierazleak ere, programa egiteak ukitutako ekoizleen esnearen kalitateari buruzko programaren ondorioak baloratzeko aukera emango dutenak.
Nolanahi ere, esnearen kalitatea hobetzeko programa bereziek, gutxienez, urtebete iraungo dute. Memoria bat egin beharko da, ezarritako kalitate-mailak lortzeko aurreikusten diren jarduerei buruzkoa.
Programa ezartzeko urtebeteko aldia bukatzean, banakako balorazioa egingo da ustiapen bakoitzean, finkatutako helburuen araberakoa. Ebaluazio horren bidez, kontrol analitikoen emaitzak eta indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak zenbateraino bete diren ikusi ahal izango da.
Hainbat ustiapen barne hartzen dituen programa bakoitzean, emaitza orokorraren balorazioa egingo da, eta, hor, laburpen bat eta ustiapen bakoitzean ebaluatutako alderdien eta lortutako emaitzen arteko erkaketa bat sartuko da. Programan ezarri beharreko atalen artean, honako hauek egon beharko dute:
– Puntu erabakigarriak aztertzea eta zehaztea.
– Neurgailuak eta esnearen zirkuitua kontrolatzea.
– Instalazio orokorren, jetzitegien eta esne gordina gordetzeko instalazioen higienea.
– Aziendaren osasun-egoera banaka kontrolatzea.
– Etengabe jarraipen analitikoa egitea, gutxienez hilean hiru lagin hartuta (lagin bakoitza aste batean), esne gordinaren zehaztapen fisiko-kimikoak eta mikrobiologikoak ezartzeko, bai biltegiarenak bai arazoak dituzten animalienak.
– Aholkularitza teknikoa ematea esne gordinaren kalitate higieniko eta fisiko-kimikoan eragina duten faktore guztiei buruz.
RSS