
46. zk., 2003ko martxoaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Garraio eta Herri Lan Saila
1320
EBAZPENA, 2003ko urtarrilaren 27koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, "Orioko kirol-dartsenaren 1. proiektu berritua" eta proiektuari buruzko ingurumen-eraginaren azterlana jendaurrera ateratzeko dena.
Orioko kirol dartsenaren 1. proiektu berrituak Orioko itsasadarraren eskuineko aldean, autopistako zubiaren eta hondartzaren artean, kirol dartsena bat sortzeko behar diren obren definizio teknikoak jasotzen ditu. Dartsenaren oinplanoa bat dator, neurri handi batean, egungo zingirarekin, eta bukatutakoan pantalan flotatzaileetan 5 eta 12 m arteko eslora izango duten 380 ontzi lotzeko aukera emango du, ekinokzioko itsas behera bizian 1,5 eta 3 m arteko sakonera eskainiko duen dartsenan. Dartsena buelta osoan ixteko bi itxitura mota erabiliko dira: metalezko hesolak, kaiko hormetan; eta atrakalekurik jarriko ez den lekuetan harri-lubetak, ezpondan. Gainera, lehorreko aldean ontzien mantenimendu eta konponketarako eremu tekniko bat, kapitaintzaren erakina eta lokal komertzialak jarriko dira.
Gainera, proiektuaren ingurumen-eraginaren azterlana egin da.
Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 11.1.e eta 7.g artikuluak eta uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 15.1.f artikulua kontuan izanik, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariari dagokio portuetako obra eta instalazio proiektuak onartzea. Estatuko Portu eta Nabigazio Zibilari buruzko Legea araudi bidez garatzen den bitartean, portuko agintaritzak egin beharreko proiektuak Kosten uztailaren 28ko 22/1998 Legearen 45. artikuluak eta horren Araudiko 97. eta horrekin bat datozen artikuluek ezarritako jardunbidearen arabera izapidetzen dira, eta, hain zuzen ere, artikulu horiek agintzen dutenez, proiektua, onartu aurretik gutxienez 20 egun balioduneko epean jendaurrean jarri beharra dago.
Bestetik, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47. artikuluak eta Legearen I. eranskineko B.1.3 atalak xedatzen dutenez proiektu hori egiteko ebazpena eman baino lehen, ingurumen-eraginari buruzko banakako ebaluazioaren prozedura bete beharko da, eta ebaluazio hori, gainera, loteslea izango den ingurumen-eraginaren deklarazioarekin amaituko da. Ebaluazioa egiteko jardunbidea ingurumen-eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan dago ezarrita, eta Legegintzako Errege Dekretu hori betearazteko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 15. artikuluak berariaz xedatzen duenez, ingurumen-eraginaren azterlana, proiektua egiteko edo baimena emateko prozeduraren barruan atera beharko da jendaurrera, proiektuarekin batera, eta prozeduran ezartzen diren bestelako txostenak ere eskatu beharko dira.
Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak, urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, eta Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Jardunbide Erkidearen 30/1992 Legearen 86.1 artikulua kontuan izanik, honakoa,
EBATZI DU:
"Orioko kirol-dartsenaren 1. proiektu berritua" eta proiektu horren ingurumen-eraginaren azterlana jendaurrera ateratzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamunetik aurrera hogei egun balioduneko epean nahi duenak horien edukiari buruzko alegazioak aurkez ditzan.
Epe horretan dokumentazioa jendeak ikusteko egongo da Garraio eta Herri Lan Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1eko 7. solairuan eta Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuan, Donostia-San Sebastiángo kaiko kaleko 23an.
Hori guztia orok jakin dezan ematen da argitara.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko urtarrilaren 27a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
JON BUESA BLANCO.
RSS