Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2003ko martxoaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1315

38/2003 DEKRETUA, otsailaren 18koa, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetzea egiteko, "Lantarongo Industrialdera sartzeko A-2122 errepidea berrantolatu eta hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.

Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Batzordeak 2002ko apirilaren 23an hartutako erabaki bidez, jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Lantarongo Industrialdera sartzeko A-2122 errepidea berrantolatu eta hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2002ko azaroaren 12an egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

A-2122 errepidea bi tarte desberdinez osatuta dago, euren artean inolako lotunerik ez dutena; baina Miranda de Ebrotik Trespaderneraino ibilbide bakarra osatuz. Lehenengo tartean, Miranda de Ebro (Burgos) eta Puentelarra (Araba) lotzen dituenak, egunean 3793 autoko intentsitatea izan zuen batez beste 2001ean, ibilgailu astunen %21eko portzentaiarekin. Errepidearen galtzada, bazterbiderik gabe, 6,00 metro zabal da; inolaz ere nahikoa bide horretan ibiltzen den trafikoarentzat. Bide segurtasunaren ikuspegitik bereziki gatazkatsua den puntu bat, Lantarongo Industrialderako sarbidea da. Izan ere, galtzada oso estua eta trafiko handia izateaz gain, ez dago erdiko erreirik, ezkerrera biratu edo A-2122 galtzadara sartzeko.

Trazadura eskasa eta zeharkako sekzio txarra, nahiz beharrezko bide-segurtasun baldintzak betetzen ez dituen Lantarongo Industrialderako sarbideak direla eta, A-2122 errepidearen tarte horretan zirkulaziorako baldintzak ez dira dabilen trafikoagatik beharko luketen bezain seguruak eta erosoak. Horren guztiarengatik behar da errepide hori egokitu, hobetu eta bere plataforma zabaltzea, nahiz Industrialdera sartzeko gurutzagunea ere hobetzea. Alde horretatik, 1998-2009 Arabako Errepideen Osoko Planak begietsita du A-2122 errepidearen tarte hori egokitzea, orduko 80 Km-ko proiektu lastertasunarekin eta 7/10 zeharkako sekzioarekin; 1998-2000 hirurterako lehentasunezkoa izango dena.

Horrenbestez, Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Hirigintza Departamentuak tarte horri lehenbailehen ekitea erabaki du, A-2122 errepidearen oinplanoaren trazadura eta altxaera hobetuz, zeharkako sekzioa 7/10 metroko sekziora zabalduz, eta Lantarongo Industrialderako gaur egungo gurutzabidea ere hobetuz, ezkerrera biratzeko itxaroteko erdiko errei bat nahiz errepidean sartzeko beste errei bat jarriz; hori guztia bi helbururekin: zirkulazioko gutxieneko segurtasun eta erosotasun estandarrak lortu, eta trafiko-karga erabiltzaileak behar dituen segurtasun eta erosotasun baldintzetan hartzeko.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko otsailaren 18an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Lantarongo Industrialdera sartzeko A-2122 errepidea berrantolatu eta hobetzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko otsailaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu eta

Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala