
46. zk., 2003ko martxoaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
1314
DEKRETUA 37/2003, otsailaren 18koa, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetzea egiteko, "Puentelarran, Orduña-Pancorbo errepidean, Ebro ibaiaren gainean zubi berri bat eraikitzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak, lehenbailehen hartu behar dituela deklaratzeko dena.
Arabako Foru Aldundiko Diputatuen Batzordeak 2002ko otsailaren 19an hartutako erabaki bidez, jendaurrean jarri ziren, nahitaezko desjabetzea egiteko, "Puentelarran, Orduña-Pancorbo errepidean, Ebro ibaiaren gainean zubi berri bat eraikitzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak. Ondoren, 2002ko urriaren 8an egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzeko eskatzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.
Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:
A-2625 errepidea, Pancorbo (Burgos) eta Orduñako (Bizkaia) udalerriak elkarren artean komunikatzen ditu. Burgos eta Arabako probintzien arteko mugan, Puentelarran, Ebro ibaiaren ibilguaren ardatzean, errepideak ibaia zeharkatzen du bi probintzien artean dagoen zubi baten gainetik.
Ibilgailuentzat zaila eta arriskutsua da zubia zeharkatzea, oso estua baita - 5,40 metro barandatik barandara, eta 5,00 metro baino gutxiago errodatzeko – zubiak ez du gainera, oinezkoentzako inolako babestokirik, bi muturretan dituen bihurgune itxiengatik. Goikoaz gain, ibaiaren ur-goraldiak aipatu behar dira, zubi-pilaretako batean narraiadura nabarmena eragin dutenak. Ondorioz, beharrezkotzat jo da zubia ordezkatzea; eta Gaztela eta Leongo Juntako Sustapen Sailak proiektu bat idatzi du horretarako.
Proiektua, "Arabako Foru Aldundiaren eta Gaztela eta Leongo Juntako Sustapen Sailaren artean, eremu mugakideetako errepide sarean lanak planifikatu, eraiki, finantzatu eta burutzeko lankidetzarako protokoloaren" barruan inskribitu da; lurralde batetik bestera ibiltzea hobetzeko Diputatuen Batzordeak 1999ko maiatzaren 11n onartutako 357. Akordio bidez onetsi zena. Bestalde, zubi berriaren proiektua begietsita dago ere, 1998-2009 Arabako Errepideen Osoko Planean, A-2625 errepidearen "trazadura hobetu eta plataforma zabaltzeko" programaren barruan.
Zubi berriak 9,9 metroko zeharkako sekzioa izango du, 6,5 metro zabaleko galtzada, 1,35 metroko bi espaloi eta 0,35 metroko bi petrilez osaturikoa. Horrela, lurralde batetik bestera igarotzea errazagoa izango da, zubiak zirkulaziorako segurtasun eta erosotasuneko gutxieneko estandarrak beteko baititu, eta aldi berean, gai izango da trafiko-zama erabiltzailerentzako behar bezalako segurtasun eta erosotasun baldintzetan hartzeko; bi lurraldeen arteko elkarbizitza ahalbidetuz, eta oinezko nahiz ibilgailuentzako behar bezalako segurtasun bermeak eskainiz.
Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen- unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko otsailaren 18an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, "Puentelarran, Orduña-Pancorbo errepidean, Ebro ibaiaren gainean zubi berri bat eraikitzeko proiektua" burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko otsailaren 18an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Lurralde Antolamendu eta
Ingurumen sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.
RSS