
46. zk., 2003ko martxoaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1308
AGINDUA, 2003ko urtarrilaren 23koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Fundación Lan / Lan Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.
Gasteizko "Fundación Lan / Lan Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Jesús María Eizmendi Zialzeta, Francisco Javier Hierro-Olabarria Hierro-Olabarria eta José Luis Buen Arbues jaunek "Fundación Lan / Lan Fundazioa" sortu dute, Gasteizen 1998ko martxoaren 9an Bilboko Notarioen Elkargoko Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean egindako eskritura publikoaz (864 protokolo zk.).
Bigarrena.– "Fundación Lan / Lan Fundazioa"ren helburua, estatutuetako 3. artikuluan jartzen duenez, hau da:
"...langabetuta dauden gizon-emakumeak enpresa-munduan sartzea, prestakuntza espezifiko bat medio. Prestakuntza horrek ekoizpen, zerbitzu eta banaketa prozesuetako beharretarako gai izatea ahalbidetuko die. Lana banatzeko programetan eta instituzio publikoetan eta enpresetan lanpostuak guztiz edo partzialki ordezkatzeko programetan lankide izatea eta horiek gauzatzea. Erakunde enpresekin lankidetzan aritzea enplegu-sorgune berriak bilatzen eta abian jartzen".
Hirugarrena.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan jartzen duenez, hau da: Florida kalea, 23, 1. solairua, Gasteiz, Araba. Jardute-eremua batez ere Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, estatutuetako 6. artikuluan jartzen duen moduan.
Laugarrena.– Fundatzaileek hasieran jarritako dotazioa milioi bat (1.000.000) pezetakoa da, hots, sei mila eta hamar euro eta hamabi zentimokoa (6.010,12), eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c artikuluak.
Ondarea askitzat jotzen da fundazioaren lehenengo programa lortzeko. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9. artikuluak hala eskatuta, aditu independente batek egindako bideragarritasuneko ekonomia-azterketak hori erakusten du; azterketa hori, bestalde, administrazio-espedienteari erantsi zaio.
Bosgarrena.– Fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea Patronatuari utzi zaizkio. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 12. artikuluan jartzen duen moduan.
Seigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran jartzen duenez, hauek izango dira:
Jesús María Eizmendi Zialzeta jauna.
Francisco Javier Hierro-Olabarria Hierro-Olabarria jauna.
José Luis Buen Arbues jauna.
Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan jasotako moduen bidez.
Zazpigarrena.– 2002ko urriaren 25ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 925/2002 zenbakia duen epaia eman zuen, 5587/98 administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren gainean (arrunta, 98 Legea). Epaiak hau dio hitzez hitz: "Onartu egin dugu Lan Fundazioak aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan entitate errekurtsogilea inskribatzeari ustez emandako ezespenaren aurkakoa. Beraz, deklaratzen dugu errekurritutako administrazio-egintza ez dela zuzenbidearen araberakoa, eta ondorioz, baliorik gabe uzten dugu. Adierazten dugu, halaber, errekurtsogileak eskubidea duela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko ebazpena hartzea agindu-bidez. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7 a) artikuluan.
Bigarrena.– Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 17.2 artikuluarekin bat etorriz, "administrazio publikoek, agintariek eta funtzionarioek, korporazioek eta entitate publiko eta pribatu guztiek eta partikularrek errespetatu eta, behar denean, bete egin beharko dituzte irmotasuna hartu duten epaiak eta ebazpen judizialak, bai eta legeen arabera exekutagarriak direnak ere. Halaber, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.2 artikuluak xedatzen duenez "alderdiak behartuta daude epaiak horietan jarritako modu eta terminoetan betetzera".
Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretua eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hau
EBATZI DU:
Lehenengoa.– Gaur, F-130 zenbakiaz, Gasteizko "Fundación Lan / Lan Fundazioa" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.
Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan inskribatzea, irakaskuntzan eta ikerketan jarduten duten fundazioen sekzioan hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.
Hirugarrena.– Fundatzaileek, Patronatua eratu baitute, emandako ahalordetzea inkribatzea, fundazioa eratzeko eskritura publikoan jasotako baldintza eta terminoen erabera (lehenengo aurrekarian aipatu da eskritura).
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu hau azkena da administrazio bidean. Haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko urtarrilaren 23a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.
RSS