
46. zk., 2003ko martxoaren 5a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Udal Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA)
1306
IRAGARKIA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) Euskara Teknikari plaza betetzeko deialdia arautuko duten oinarriak onartzeari buruzkoa.
Udalerri Euskaldunen Mankumunitateko (UEMA) Batzorde Zuzentzaileak 2003ko urtarrilaren 9an UEMA euskera teknikari lanpostua hornitzeko ondoren agertzen diren deialdia eta oinarriak onartu zituen.
UDALERRI EUSKALDUNEN MANKOMUNITATEKO EUSKARA TEKNIKARI PLAZA BETETZEKO DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK
1.— Deialdiaren xedea
Deialdi honen xedea, UEMArako Euskara Normalizatzeko Teknikaria behin betiko lanpostua lan araubidean eta lehiaketa oposaketa bidez betetzea da.
2.— Baldintzak
1.– Hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, apirilaren 18ko 781/1986 Errege Dekretu Legegileak onartutako Testu Bateratuaren 135. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea izango da beharrezkoa, hau da:
a) Espainiar naziotasuna edukitzea, abenduaren 23ko 17/1993 Legeak agintzen duenaren kalterik gabe.
b) 18 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina izateko hamar urte baino gutxiago izatea, beste adin muga bereziren bat eskatzen den prozesuen kaltetan barik.
c) Jagokozan eginkizunak normaltasunez betetzea galarazten duen gaixotasun edo akats fisikorik ez izatea. Mediku ziurtagiria aurkeztuta egiaztatuko da.
d) Eskatzen den titulazioa izatea, edo agiri ofiziala edo homologatua jaso ahal izateko eskubideak ordainduta edukitzea. Atzerriko titulazioei dagokienez, horien homologazioaren egiaztagiriaren jabea zen behar du.
e) Estatuko, Autonomiako zein Tokiko administraziotako zerbitzutik diziplina- espediente bidez bereizita edo kaleratuta ez egotea, eta eginkizun publikoak betetzeko gaitasun gabetuta ez egotea.
2.– Era berean, honako baldintzok bete beharko dira:
a) Ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kasuaren batean sartuta ez egotea.
b) Dagozkion atalean hautaketa-prozesurako bereziki zehazten diren beste guztiak.
Kontratazioa egiten denean aurreko baldintza guztiak bete beharko dira, 1 zenbakiko b) atalekoa izan ezik. Dena dela, a), b) eta d) ataletan ezarritako baldintzak, eskariak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira.
Era berean, hautaketa-prozesu bakoitzeko baldintzak eskariak aurkezteko epea amaitzean bete beharko dira.
3.— Funtzioak
– Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan, bereziki Nafarroa eta Gipuzkoakoetan euskara teknikari lanak betetzea eta Ipar Euskal Herrian euskararen normalizazioan sor daitezkeen proiektuetan laguntzea. Lantokia Oiartzungo bulegoan izango badu ere, UEMAko edozein udaletan aritu beharko du lanean.
– Euskararen erabilera normalizatzeko Mankomunitatea osatzen duten udalerrien plan orokor eta plan sektorialak prestatzea, gauzatzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea.
– UEMAko udalen hizkuntz plangintzako gaiak erakunde publiko eta pribatuen aurrean gestionatu, koordinatu eta bideratu.
– Euskararekiko motibazioa, ezagupena eta erabileraren sustapen- programak bideratzea.
– Euskara Zerbitzuaren jarduera-planak prestatzea, kudeatzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea.
– Udalen funtzionamendua euskalduntzeko planak diseinatzea eta koordinatzea, kasuan kasuko Euskara departamentuetako teknikariekin elkarlanean.
– UEMAko udaletako euskara teknikariekiko elkarlana bultzatu, koordinatu eta hori bideratzeko baliabideak gauzatu.
– UEMAko udalen euskarazko hizkuntz produkzioaren kalitatea zaindu eta kontrolatu.
– Euskal Herri zein herrialde mailan administrazioak eratzen dituen hizkuntzari buruzko batzorde tekniko sektorialetan parte hartu, eta horien baitan UEMAren lanak eta helburuak betetzera zuzendutako neurriak proposatu eta bultzatu.
– UEMAko udalerrietan zein udal jardunbidean euskararen erabilera bermatzeko eta sustatzeko aipatu erakundeak sinatu dituen edota sina ditzakeen hitzarmenen jarraipenerako lan-mahaietan parte hartu.
– UEMAko udaletako langileek beren betebeharretarako premiazkoak dituzten euskarazko hizkuntz baliabideak prestatu, elkarlanean jorratu eta denen eskueran jarri.
– UEMAko udalen euskarazko jardunbidea indarrean den legeriaren arabera oztopatzen duten euskarazkoak ez diren baliabideen jarraipena egin, horien aurrean egin beharrekoak koordinatu, eta konponbidea bultzatu.
– UEMAko udalen hizkuntz ekoizpen zein baliabideetan euskalkien erabilera zaindu.
– UEMAko udalek beren jardunbiderako beharrezkoak dituzten profesional euskaldunak bilatu.
– UEMAko udalen esparru eta jardunbidean euskararen sustapenari lagun diezaioketeen bertako zein kanpoko erakundeekin harremanak eduki eta horien jarraipena egin.
– Udal administrazioen hizkuntz normalkuntzan dauden edo sor litezkeen esperientzien jarraipena egin eta, baliagarri diren heinean, UEMAko udaletan aplikatzeko prestatu zein horien gauzatzea koordinatu.
– UEMAko arduradunek edo/eta bateragileak beren jardunbiderako behar dituzten hizkuntz tresneria zein datuak zein hizkuntz mailako beste eskuratu eta horien eskueran jarri.
– Udaletako lanpostuen hizkuntz eskakizunak finkatzeko eta eguneratzeko proposamenak aurkeztea.
– Hala eskatzen zaionetan, epaimahaietan parte hartzea.
– Zuzendaritza batzordean zein batzar orokorrean hartutako erabakiak bete daitezen jarraipena egiteaz arduratzea.
– Beste erakundeekin harremanetan jartzea eta koordinatzea euskararen alorrean.
– Euskararen sustapenean lagundu dezaketen elkarteekin harremanak edukitzea eta jarraipena egitea.
– Soziolinguistika alorrean erakundea aholkatzea.
– Lanpostuaren ezaugarriekin zerikusia duten eta agindu dakiokeen beste edozein eginkizun.
4.— Baldintza bereziak
Kontratatua lan-kontratatu finkoa izanen da bere eragin guztiekin eta UEMAko langileria finkoa arautzen duten arau-eremuaren barne geldituko da.
Lanpostu honi dagokion Hizkuntza Eskakizuna 4.a izango da.
Lanpostuak B 11 mailari dagokion soldata izango du.
Lan orduak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiz nahi aldatu ahal izango dira.
a) Erdi mailako titulu baten edo baliokideen jabe izatea.
b) Euskarari dagokionean, 4. Hizkuntza Eskakizunaren mailako ezaguera izatea. Baldintza hau egiaztatzeko izangaiek azterketa bat egin beharko dute hautaketa prozesuan zehar.
4. Hizkuntza Eskakizuna egiaztaturik dutenek ez dute izango aipaturiko proba egin beharrik, horretarako ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, originala edo fotokopia konpultsatua.
c) Iparraldean bete beharreko funtzioak direla eta, derrigorrezkoa izango da frantses hizkuntzaren ezagutza neurtzeko egingo den azterketa gainditzea.
5.— Eskaerak
Oposizio-lehiaketan parte hartu nahi dutenek, UEMAk Aulestiko Udaletxean daukan bulegoan aurkeztu beharko dituzte euren eskaerak. Horretarako, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epea izanen da. Epe hau azkeneko egunaren eguerdiko hamabietan bukatuko da.
Aurkeztu beharreko agiriak:
a) UEMAren bulegoan eskuragarri izango den ereduaren araberako eskabidea, zati guztiak beteta eta N.A. ren fotokopia.
b) 4.HE egiaztatua izatearen ziurtagiria (hala badagokio).
c) Lehiaketa fasean baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.
d) Deialdian parte hartzeko ikasketa mailaren ziurtagiria.
6.— Izangaien onarpena eta erreklamazioak
Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mankomunitateko Lehendakariak, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du. Zerrenda Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da. Interesatuek, argitaratu eta biharamunetik hasita hamar laneguneko epea izanen dute erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Ondoren, onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onartu eta Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da. Ebazpen horretan ezarriko da oposizio-lehiaketaren lehenengo ariketa egiteko eguna eta ordua.
7.— Epaimahai Kalifikatzailea
Lehiaketa-oposizioaren epaimahai kalifikatzailea, martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretuko 11. Artikuluan ezarritakoa errespetaturik, era honetan osatuko da:
Lehendakaria:
Mankomunitateko lehendakaria edo ordezkatuko duen zuzendaritza batzordeko kidea.
Mahaikideak:
— UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kide bat. Ordezkoa: UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kide bat.
— Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat, euskara probetarako. Ordezkoa: Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat.
— Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat. Ordezkoa: Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeko ordezkari bat.
— UEMAko kide den Udalen bateko Euskara Teknikari bat. Ordezkoa: UEMAko kide den Udalen bateko Euskara Teknikari bat.
– Langileen ordezkari bat.
Idazkaria:
– Mankomunitatekoa edo ordezkatuko duen langilea.
Epaimahaiko kideak Mankomunitateko lehendakariak izendatuko ditu. Izendapen hori Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan eta Aulestiko udaletxeko iragarki taulan emango da jakitera. Epaimahaia ezingo da eratu eta ezingo du erabakirik hartu bere kideen erdia baino gehiago bertan ez baldin bada, titularrak edo ordezkoak izan; nolanahi ere bertan izan behar dute lehendakariak eta idazkariak, edo honen ordezkoak.
Proba konkretu batzuetan epaimahaiak teknikari batzuen aholkularitza eskatu dezake. Frantseseko froga egiteko aztertzailea kasu.
8.— Hautaketa prozesua
Bi fase izango ditu hautaketa prozesuak:
a) Oposizio aldia.
b) Lehiaketa aldia.
a) Oposizio aldia.
Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan eta Aulestiko Udaleko iragarki taulan argitaratuko da lehenengo ariketa egiteko deialdia, eta han adieraziko da azterketa zein egun, ordu eta tokitan egingo den. Ondorengo deialdiak epaimahaiak iragarriko ditu, ezagutzera emateko egoki deritzon moduan.
Oposizioaldia, ondoren zehazten diren ariketek osatuko dute. Guztiak izango dira derrigorrezkoak eta baztertzaileak elkarrizketa izan ezik
— Lehenengo ariketa: Derrigorrezkoa eta baztertzailea izangai guztientzat.
Frantses hizkuntzaren ezaguera neurtzeko frogak. Idatzizko eta ahozko frogak gainditu beharko dira. Gai edo ez gai sailkatuko da.
— Bigarren ariketa: Derrigorrezkoa eta baztertzailea izangai guztientzat.
Hizkuntz Plangintza eta euskararen inguruko legeria.
Epaimahaiaren irizpidearen baitan geratzen da ariketa hau egiterakoan zein prozedurari jarraitu finkatzea (test moduko galdera-sorta, gai bat edo batzuk garatzea, gaiei buruzko galderei erantzutea etab.), eta, hala gertatuz gero, gaizki erantzundako galderak nola zigortu zehaztea.
Ariketa hau gehienez ere 25 punturekin baloratuko da eta gutxienez 12 puntu lortu beharko dira gainditu ahal izateko.
— Hirugarren ariketa: Derrigorrezkoa eta baztertzailea izangai guztientzat.
Derrigorrezko 4. hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko frogak. Gai edo ez gai sailkatuko da eta 4. hizkuntz eskakizuna gainditzen ez dutenak hautaketa bidetik bazter geldituko dira.
Froga hau ez dute egingo apirilaren 15eko 86/1997, Dekretuaren 32. artikuluan ezarritako bideen bidez gainditu dutela ziurtatzen dutenek.
— Laugarren ariketa: Derrigorrezkoa eta baztertzailea izangai guztientzat.
Deialdiaren lanpostuko funtzioen arabera hainbat froga praktiko burutzea.
Epaimahaiaren irizpidearen baitan geratzen da ariketa hau egiterakoan zein prozedurari jarraitu finkatzea (test moduko galdera-sorta, gai bat edo batzuk garatzea, gaiei buruzko galderei erantzutea etab.), eta, hala gertatuz gero, gaizki erantzundako galderak nola zigortu zehaztea.
Ariketa gehienez ere 45 punturekin baloratuko da eta gutxienez 22,5 puntu lortu beharko dira gainditu ahal izateko.
— Bosgarren ariketa: Elkarrizketa
Oposatzailearen profilaren egokitasuna neurtuko da.
Ariketa hau gehienez 10 punturekin baloratuko da.
Horrela bada, oposizio fasean gehienez ere lortu ahal izango den puntuazioa 80koa izango da.
b) Lehiaketa fasea
Oposizio fasearen aurretik, lehiaketa fasea burutuko da eta bertan epaimahai kalifikatzaileak ondoren zehazten diren merezimenduak hartuko ditu kontuan. Betiere, meritu hauek eskabidean alegatuak eta behar diren moduan kreditatuak izan badira:
I.– Lan-esperientzia:
– Administrazio Publikoan A edo B mailako euskara teknikari bezala, emandako zerbitzuak: 12 puntu gehienez. (0,40/hileko).
– Euskalgintzan eraketa edo antolakuntza lanetan, 9 puntu gehienez (0,2/hileko)
– Irakaskuntza edo eta didaktika arloetan egindako lana, 4 puntu gehienez (0,5 ikasturte osoko)
II.– Prestakuntza:
– Euskal Filologian lizentziatura: 3 puntu.
– 20 ordutik gorako ikastaroak:
* Erakundeen Antolaketa, dinamizazioa, kudeaketa,... gaiak 4 puntu gehienez (0,5 puntu 20 orduko ikastaroko)
* Lanarekin erlazionatutako bestelako ikastaroak. 4 puntu gehienez (0,5 puntu 20 orduko ikastaroko)
– Ikastaroen puntuazioa era proportzionalean egingo da, bakoitzaren iraupenaren arabera, aurreko ordu kopurua eta puntuazioa oinarritzat hartuz.
9.— Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena
9.1.– Merezimenduak baloratu eta oposizioaldiko ariketak sailkatu ondoren Epaimahaiak, probak gainditu dituztenen zerrenda egingo du, puntu gehiena atera dituenetik gutxiena atera dituenera ordenatuta eta zerrenda hau Aulestiko Udaletxearen Iragarki oholean jarriko da. Epaimahaiak Zuzendaritza Batzordeari luzatuko dio puntuazio gehiena lortu duen izangaiaren kontratatzeko proposamena.
9.2.– Ebazpen hori Euskal Autonomi Erkidegoko zein Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan argitaratuko da.
9.3.– Proposatzen den izangaiak 30 egun naturaleko epea izango du, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan argitaratzen denetik aurrera, bere gaitasun oinarriak eta deialdian eskatutako gainerako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko. Izangaiak epe horretan dokumentazioa aurkeztuko ez balu, behar bezala egiaztatutako kasuetan izan ezik, kontratatua izateko eskubidea galduko luke eta bere baja, gaindituen zerrendan haren ondotik heldu den izangaiarekin beteko litzateke.
10.— Kontratazioa eta agirien aurkezpena
10.1.– Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiaren bidez kontratatuko du proposatutako hautagaia. Kontratazio hau Aulestiko Udaletxeko Iragarki Oholean iragarriko da.
11.— Praktikaldia
6 hilabeteko praktikaldia egingo du hautagaiak.
Tutorea jarriko zaio praktikaldian kontratatu denari. Tutore honek egin beharko du praktikaldian kontratatu denak burututako jardunaren jarraipena eta txostena. Kontuan izango du, baita, erakutsi duen lan gaitasuna eta lanari atera dion etekina; erantzukizun maila eta eraginkortasuna; prestutasuna eta ekimena eta lanen erakutsi duen interesa. Lantaldean sartzeko izan duen gaitasuna ere kontuan hartuko da.
Txostena batzorde ebaluatzaileak aztertuko du. Honela osotuta egongo da batzorde hori: lehendakari eragile andrea edo haren ordezko Zuzendaritza batzordeko kide bat. Lanpostuaren zerbitzuburua eta langileen ordezkari bat.
Era berean, praktikaldian kontratatu denak bere jardunaren memoria bat egingo du praktikaldi horretan. Batzorde ebaluatzaileak aztertuko du lan hori ere.
Txosten biak, edo, egoki ikusten dituen egintza osagarriak irakurri eta gero, mugagabeko kontratua egitea proposatuko da. Dena den, zerbitzuburuak emandako txostena kontrakoa balitz, interesduna ere entzungo litzateke, nahi dituen alegazioak egin ditzan.
Praktikaldian kontratatu den hautagaiak aldi hori gaindituko ez balu, kontratatua izateko eskubide guztia galduko luke.
12.— Gorabeherak
Oinarri hauetan aurrikusten ez den guztirako eta hautaketa-prozesua ondo garatzeko beharrezkoak diren erabakiak hartu eta zalantzak argitzeko baimena dauka epaimahaiak.
Deialdiaren, bere oinarri-arauen eta oinarriotatik zein epaimahaiaren jardunetatik datozen administrazio-ekintza guztien aurka egin dezake interesatuek, Administrazio Prozeduraren Legean jasotako kasu eta eran.
Oinarri-arau hauetan aurrikusi ez denerako, honako lege eta dekretuek agintzen dutenaren arabera garatuko dira hautaketa-probak: Estatuko Administrazioaren zerbitzura dauden langileak sartzeko araudi orokorra onartu zuen martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretua; Toki erregimeneko gaietan indarrean dauden lege xedapenen testu bateratua onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Errege Dekretu Legegilea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-Administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua.
Deialdi hau eta bere oinarri-arauak oso-osorik argitaratuko dira Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Autonomi Erkidegoko Aldizkari Ofizialetan, eta horrez gainera, laburpen zehatza argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean, bertan adierazita, hautaketa-prozesuaren izena, deialdia egin duen erakundea, plaza kopurua, deialdia argitaratu duen aipatutako Aldizkarien zenbakiak eta egunak, Horrekin batera azalduko da, onartu eta baztertuen zerrenda, epaimahaikideen izenak eta hautaketa-prozesuko lehen ariketaren eguna eta tokia aldizkari horietan argitaratuko direla iragartzen duten oharra ere.
Behar diren aldi baterako kontratuak egin ahal izateko deialdi berezi bakoitzeko Lan Poltsa bat osotuko da, kasuan kasu, Mankomunitateko Lehendakari Eragileak erabakiko du zein kopurutan, proba guztiak gainditu dituen hautagaien artean.
GAIAK
1.– Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Estatutuak.
2.– Uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa: Hizkuntz Normalkuntza.
3.– Euskararen erabilpena arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea.
4.– 86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena.
5.– 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzkoa.
6.– 18/1986 Foru Legea, abenduaren 15ekoa, Euskarari buruzkoa.
7.– Euskararen ofizialtasuna: Ipar Euskal Herria.
8.– Euskararen ofizialtasuna: Nafarroa
9.– Euskararen gaur egungo egoera juridiko-legala: oinarrizko legeria eta hizkuntz eskubideak.
10.– Administrazioaren hizkuntza normalkuntza: lege garapena.
11.– Euskararen erabilera areagotzeko saioak herri administrazioetan.
12.– Hizkuntza plangintza: Hizkuntza minorizatuen estatusa. Hizkuntza plangintzaren helburuak. Hizkuntz politika.
13.– Hizkuntza plangintza: prozesuak, helburuak, bitartekoak, lehentasunak, ekinbide egitasmoak, ebaluaketa eta kontrola.
14.– Plangintza eta antolakuntza.
15.– Plangintzaren definizioa eta ereduak:
16.– Gizarte sektoreak. Euskararen normalkuntza bideratzeko hitzarmengintza: erakunde publikoak eta herri-ekimena.
17.– Euskararen erabileraren kale neurketak. Metodologia eta emaitza nagusiak.
18.– Hizkuntza biziberritzeko saioak.
Aulesti, 2003ko urtarrilaren 27a.
LEHENDAKARIA.
RSS