
15. zk., 2003ko urtarrilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
474
EBAZPENA, 2002ko abenduaren 13koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Portugalete eta Getxon (Bizkaia) dagoen "Vizcaya" Zubia Monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 legera egokitu behar denez gero, espedientea berrireki, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidea egiteko dena.
Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (abuztuaren 4ko EHAA, 132 zk.) Portugalete eta Getxon (Bizkaia) dagoen "Vizcaya" Zubia monumentu historiko-artistiko izendatu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluak jasotakoaren arabera, Kultura Ondarearen gaineko eskumen esklusiboa bereganatu zuen. Bere gain hartutako eskumen esklusibo horrez baliaturik onartu zen Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lege horren Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera, aurreko araudiaren arabera interes kulturala izendatu zitzaien ondasunak Sailkatutako Kultura Ondasun bihurtuko dira. Bestalde, interes kulturaleko ondasun izendapena 7/1990 legea indarrean jarri baino lehenago egin zitzaien ondasunen espedienteak ere lege horren menpe daude Bigarren Aldi Baterako Xedapenean ezartzen denaren arabera.
Portugalete eta Getxon (Bizkaia) dagoen "Vizcaya" Zubia sailkatzeko den espedienteak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen ez dituenez eta Lege hori baino aurrekoa denez, ondasunaren izendapena legearen 12.1 artikuluaren arabera egokitu behar da.
Guzti honen ondorioz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Portugalete eta Getxon (Bizkaia) dagoen "Vizcaya" Zubia monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea berriro zabaltzea. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera espedientea egokitu ondoren espedientearen I. Eranskinean ondasunaren mugaketa jaso da, II. Eranskinean deskripzioa eta III. Eranskinean bere babes-erregimena.
Bigarrena.– Espedientea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea irekiko da, nahi duenak egokitzat jotzen dituen alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan ditzan. Hori egiteko 20 eguneko epea emango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.
Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren ezaugarriak interesdunei jakinaraztea, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan ditzaten.
Laugarrena.– Espedienteak aurrera jarraitu dezala, indarrean diren xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpena Portugalete eta Getxoko Udalei, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.
Seigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila, guztiek honen berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 13a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
IMANOL AGOTE ALBERRO.
I. ERANSKINA
MUGAK
Mugaketaren eremua.
Babesgunearen eremuaren mugak hauek dira: Ibaizabal ibaiaren gainetik igarotzen den zubia bera, eta, ibaiertz bietan, dorreetatik kableen ainguraketaraino doan lurrazala. Kontuan hartuko dira, halaber, luzetarako kable nagusiak zein horien txarrantxadura perpendikularrak.
Bestalde, Getxoko ibaiertzean dagoen Zubia Plaza ere mugaketaren osagaitzat hartuko da.
Mugaketaren azalpena
Zubia eraiki zenean, Portugaleteko ibaiertzean bazeuden dagoeneko kaiekiko paralelo zihoazen etxebizitzak. Hori dela eta, herri horretan egindako mugaketak guztiz funtzionala eta estrukturala izan behar du. Zubiak herriaren bizitzan garrantzia handia du, eta, horren adibide, kale maldatsuetatik ikus daitezkeen dorreen goialdearen eta langetaren bistak ditugu.
Hala ere, Getxoko ibaiertza irekiagoa zen. Horregatik plaza bat, Zubia izenekoa, eraikitzeko aukera izan zen, zubiak eragindako trafikoari irtenbide bikaina eman eta hura protagonista bihurtzen den espazioa sortzen zuena.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
"Vizcaya" zubia Ibaizabal ibaiaren azkeneko zatian dago (Errioa), Kantauri itsasoan duen bokaletik metro gutxira. Portugalete eta Getxo udalerriak elkartzen ditu.
XIX. mendearen bukaeran, bi ibaiertzen arteko komunikazioa oso zaila zen. Itsas zirkulazioaren intentsitateak, gainditu beharreko zabalera handiak eta korronte indartsua sortzen zuen itsasoaren gertutasunak zail egiten zuten inolako zubirik eraikitzea.
Alberto Palacio arkitektoak, 1887 baino lehen, bi ibaiertzak lotu eta belaontziei pasatzen utziko zien transbordadore-zubi bat asmatu zuen. Horretarako, Ferdinand Arnodin ingeniariarekin elkartu zen, eta Santos López de Letonak jarriko zuen kapitala. 1888an egunkariak proiektuari buruzko berriak argitaratzen hasi ziren eta belaontzi eta baporeak zubipetik pasatzen erakusten zituen marrazki bat ere azaldu zen, benetan eraikiko zenaren antza handikoa. 1893an egin zen inaugurazio ofiziala.
Hasieran bi herri-balneario txiki elkartzen bazituen ere, denboraren poderioz Bizkaia industrialaren ikur bihurtu zen, errioaren sarbidean gailenduta. Munduko lehen transbordadore-zubia izan zen, eta gerora beste batzuk egin ziren Europan eta Amerikan.
Egitura-elementu hutsa da, inolako dekorazio-estaldurarik gabekoa. Bi pilare bikoitzen bitartez, bat ibaiertz bakoitzean, kableak 61 metroko altueraraino altxatzen dira. Bi muturretan, kable horiek dorreetatik gutxi gorabehera 110 metrora dauden zimendu-blokeetan ainguratuta daude.
Bi dorreen artean, kableek parabola bat osatzen dute; handik zintzilik dagoen goiko langetak 160 metroko luzera du eta lurretik 45 metroko altuerara dago. Langetak zintzilik doan ontzitxoak zubia zeharkatzerakoan kableen itxura aldatuko luketen karga aldakorren legearen eragina eragozteko adinako zurruntasuna du. Ontzitxoa gurdi lerrakor batetik eta kable gurutzatuen sistema batetik zintzilik dago, eta horiek mugimendu horizontalak eragozten dituzte.
Bi dorreak, gainera, taulara perpendikularki txarrantxatuta daude kableen bitartez. Kable horiek dorreak lotzen dituzte errioarekiko paralelo doazen kaietara eta lurrari ainguratuta daude 60 metrora gutxi gorabehera.
Dorreak, originalak, errematxatutako altzairuz eginda daude. Esan denez, bi dorreak bikoitzak dira, eta bikoteak hiru mailatan txarrantxatuta daude. Goialdeko eta behealdeko txarrantxadurak sarbide-atearen itxura ematen dioten arkuak dira. Erdiko txarrantxadura langeta bera da. Bikote bakoitza izkinetan dauden metalezko profil sendoek eta sareta-itxurako diagonalen sistema batek osatzen dute. Behealde-mailako diagonalek arku zorrotza osatzen dute, eta hau da ingeniaritza-obra honek historiari egiten dion keinu bakarra.
Egungo langeta 1940-41ean egindako berregiteari dagokio. Gerra zibilean egindako leherketaren ondorengo berregitea izan zen. Zertxobait desberdina da: jatorrizkoak baino diagonal gutxiago ditu, baina diseinuaren egitura-kontzeptua errespetatzen du. Duela gutxi pasagunea sendotu egin da, hori bisitatzeko aukera ere izateko. Hara heltzeko, igogailua jarri dute Portugaleteko dorrean, eta horren bidez bertara igo daiteke bistak ikusteko.
Ontzitxoa –elementu mugikorra– da denboraren poderioz gehien aldatu dena, eta multzo osotik gehien sufritzen duen pieza da. Asko hobetu da: aurreneko plataforma irekia eta teilape sinple batez estalia zen, eta gaur egungoa, berriz, askoz ere erosoagoa da bidaiarientzat.
Betidanik egon dira bi ertzetan zubiaren zerbitzu-txabolak. Horiek, noizean behin, zaharberritu egin dituzte, eta duela gutxi txartel-leihatilak, segurtasun-ateak, itxarongelak, igogailurako sarbidea, oroigarri-denda eta abar eraiki dira, dorreetan bertan kokaturiko eraikin arinetan. Eraikin horiek metalezko profilez eta beiraz eginda daude.
III. ERANSKINA
BABESTEKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABESTEKO ARAUBIDEAREN XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babesteko araubidearen helburua.
Babes-araubide hau Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen duenarekin bat idatzi da, eta "Vizcaya" Zubia monumentu kategoriarekin kultura-ondasun modura izendatzeko Legearen moldaketarekin bat etorrita, monumentua izendapen horretakoa baita.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Ondoren zehaztuko den babes-araubidea sailkatutako ondasunari ezarriko zaio, eraikinaren izendapena Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legera egokitzeko akordioko I. eta II. eranskinetan jasotzen den mugaketaren eta deskribapenaren arabera.
3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko elementuak zein diren.
Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak honako hauek dira:
– Ibaiertz bakoitzean dauden dorreak.
– Langeta horizontala.
– Kable-sistema, estruktura-kontzeptutzat hartuta.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babesteko araubide honetako aginduak lotesleak dira eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatuko beharko da. Era berean, babes-araubide honetako aginduek lotu egiten dituzte hirigintza-planeamenduko tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babesteko araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duenaren arabera. Lege-arau hori betetzeko, babesteko araubidearen helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak, onartu aurretik, nahitaezko izango du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
5. artikulua.– Xedapen orokorrak.
1.– Babesteko araubide honen menpean dagoen ondareari dagokionez, baimenak, erabilera, jarduna, babesa, isunak, arau-hausteak eta gainerakoak Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak dioenari jarraituz arautuko dira.
2.– Babesteko araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
3.– Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako legea garatzen du.
II. KAPITULUA
ERABILERAK
6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.
1.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legezko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta zubia modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaiei babes zuzena eta berariazkoa emango dieten erabilerak.
2.– Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.
7. artikulua.– Arautegira egokitzea, hala nola, Irisgarritasun Legera, eraikitzeko oinarrizko arautegira, instalazioen erregelamenduetara, instrukzio tekniko osagarrietara eta bestelakoetara.
Eraikina edozein erabilera berritara edo garraio-beharretara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen irizpideak bete beharko dira, betiere, babes-araubide honetako III. kapituluak eraikinari ezartzen dizkion mugen arabera.
III. KAPITULUA
ESKU-HARTZEKO ARAUBIDEA
1. ATALA: ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku-hartzeko proiektuak.
Babes-araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku-hartzeko proiektua egin beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:
a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, fatxadak eta sekzioak, 1/50 eskalan egin beharko dira; xehetasun arkitektonikoak 1/20 eskalan, eta horretaz gain honakoa ere erantsiko da: argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar; eta, bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.
b) Ondorengoa deskribatzen duen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharko materialak, lanak egiteko faseak, eta amaierako egoera, lehen aipatutako eskaletan proiektatuta.
c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa eta elementuak babesteko aurreikusi diren neurriak.
d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko diren, erabiliko diren materialen kalitatea, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, material horien egonkortasuna, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.
e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak.
f) Esku-hartzearen aurrekontua, babesteko araubide honek ezarritako aginduen arabera, lanak behar bezala burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiekin bat datorrena.
Proiektuen dokumentazioa obrak edo esku-hartzeak ukitzen dituen zubi-zatiei buruzkoa izango da.
9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.
Zubian egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, zubiaren balio historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko elementuen ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari; hain zuzen ere, babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren elementuak dira.
Oro har, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira: babestutako ondarearen balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkiekeenak, bai eta babes-araubide honen edozein zehaztapenen aurka doazenak ere.
2. ATALA. ESKU-HARTZEKO BERARIAZKO IRIZPIDEAK
10. artikulua.– Esku-hartzeko berariazko araubidea.
1.– Babesteko araubide honetako 3. artikuluan eraikinaren babes bereziko elementu modura aipatutako elementuen gainean, 308/2000 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– Zubia behar funtzionaletarako teknikoki egokitu behar baldin bada, egokitze-lanak ahalik eta gutxien izango dira.
3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:
a) Egitura-elementuak oro har: egoera txarrean badaude, beren sendotzea edo errefortzua aztertuko dira zenbait teknika desberdinen bitartez; desmuntatzea eta aldatzea azken irtenbidetzat joko dira.
b) Instalazioak: instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta, gainera ez direla nabarmendu beharko.
c) Ondare babestuaren gain egindako esku-hartze orotan, etorkizunean birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknikak eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna berriztatzeko lanak burutzeko, beharrezko gaitasun teknikoak behar bezala egiaztatzen dituzten enpresa espezializatuetara jo beharko da, lan horiek berme guztiekin egin daitezen.
11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.
Baimendutako esku-hartzeak, ondorengoak izango dira, betiere, eraikinaren elementu tipologikoak eta formalak errespetatzen badituzte:
– Zubia instalazioen eta garraioaren behar berrietara egokitzea, baldin eta erabilera ondarearen egitura- eta eraikuntza-diseinuarekin bateragarria bada, babesteko arautegi honetan ezarritakoaren arabera.
– Berreskuratu ezin diren zatiak ordeztea, betiere, haien kokapena edo kota aldatu gabe.
12. artikulua.– Babestutako ondasuna berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Aurreko artikuluak esandakoa betez, ondasuna hondatzen bada, dokumentuekin egiaztatutako zatiak berreskuratzea onartuko da. Zenbait eratara gauzatuko da kasuen arabera: lehengoratutako zatien ingurua nabarmen azpimarratuz; edo begi-bistan bereizten den —baina harmonikoa den— material bat erabiliz, batez ere, jatorrizko zatiekiko lotura-puntuetan.
Aurreko paragrafoan esandakoa kontuan harturik, jatorrizko ontzitxoaren eraikin-eskema berreskuratzea: metalezko profilak nabarmentzen ziren gainazal-elementuak baino gehiago. Aldaketa hori, zerbitzuaren beharrak direla eta, egungo ontzitxoa ordezkatu arte atzeratu daiteke.
RSS