
15. zk., 2003ko urtarrilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
473
EBAZPENA, 2002ko abenduaren 5ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregiak daukan historiko-arkitektoniko interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, I. Eranskinean egindako mugaketa eta II. Eranskinean egindako objektuaren eta bere osagaien deskripzioaren arabera, hala nola III. Eranskinean atxikitzen den babes araubidea ere kontutan hartuz.
Espediente honi hasiera emateak Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregiarengan uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidearen behin-behineko aplikazioa eragingo du.
Bigarrena.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. Eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. Eranskineko deskribapena kontutan hartuz eta Babes Araubide gisa III. Eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan jasotzen denari jarraiki. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Interesdunei, Monumentu izendapenaz Vitoria-Gasteizko (Araba) Augustí Jauregia Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientearen mugaketa, deskribapena eta babes-araubidea jakinaraztea, jakinarazpena jasotako egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Vitoria-Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei honako honen berri ematea: prozedura honi hasiera emateak eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenen ondorioak eten egiten dituela, baita dagoeneko eman direnenak ere. Alde horietan ezinbestean eta gerorako utzi ezin daitezkeen lanak egin behar badira, betiere, dagokion Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da.
Bosgarrena.– Indarrean dauden xedapenen arabera espedientearen izapideak jarraitzea.
Seigarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.
Zazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 5a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
IMANOL AGOTE ALBERRO.
I. ERANSKINA
MUGAK
Zer noraino mugatu
Babestutako inguruak muga hauek ditu:
Iparraldera: Irun-Madril trenbidea.
Hegoaldera: Frai Francisco ibilbidea.
Ekialdera: Jatorrizko lur-sailaren muga. Villa Sofia eta jauregiaren arteko banaketa zen.
Mendebaldera: Ondoko lur-sailarekiko muga.
Zergatik mugaketa hori.
Familiabakarreko eraikin-herrenkada interesgarri batean dago etxe hau. XX. mende hasieran, hiriak landa aldera egin zueneko hartan, Prado auzoa ekarri zuen luzatze hark. Luzatze-zabaltze hori orduko udal-ordenantzen pean egin zutenez, nabari-nabaria da hirigintzaren antolamendua.
Ajuria Enearekin batera inguruko etxe adierazgarrienetako bat izanagatik, ez zuen hiriaren osotasuna apurtu, eta herrenkada moduko batean daude etxe guztiak, estiloz eta tamainaz diferenteak, baina irizpide bat beraren itzalpean eraikiak, eta, horregatik, nahikoa da jatorrizko lur-saila mugatzea.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
AZALPENA
Vitoria-Gasteiz erdi-erditik ibilbide-sail batek Armentiako elizaraino egiten du, kale eta landa arteko batzearen bila. Eta bila ibiltze horren ondorioz, horra hor, etxe familiabakarrekoak, villak, hotel koxkor eta landa-etxeak, XX. mende hasieran jasoak ibilbide horien bazterretan.
Inguru horretan, Frai Francisco ibilbidean, jaso zuen etxea Ricardo de Augustík, 1912an. Egitasmoa Julian Apráiz eta Javier Luque arkitektoek idatzi zuten. Horiexek diseinatu zuten Vitoria-Gasteizko katedral berria eta horiexek berritu zuten Burgoskoa.
Egitasmoak joera historiazale garbia zuen. Mende hasiera hartako azturen haritik, bertako baloreei gorazarre egin nahi izan zieten, baina geometriaren argitasuna eta bolumenen garbitasuna bazterrean utzi gabe. Begira jarrita, zehaztasunen definizio arrandiak erakarriko du gure begirada, eta obra konplexu baten itzala geratuko zaigu gogoan, konplexua, baina, beste alde batetik, marra sinple eta eskematikokoa.
Eraikina ia kubikoa da bolumenez, sarrera nagusi moduko beste atal bat dauka erantsita, eta beste bat, askoz txikiagoa, lorategira ateratzeko.
Atal nagusiak tarteko soto bat eta hiru solairu ditu. Solairuak banatzeko, moldura handi batzuk daude, perimetro osoan, altueren erakusgarri. Tarteko sotoko kanporako leihoak binakako arkuak dira, oso molduratuak. Beheko solairuak, berriz, hainbat balkoi du, kanpora zabaltzeko. Dintela arkitrabatua dute, mentsula gainean jarria. Lehen solairukoak konplexuagoak dira, eta frontoi okerrak dituzte gainean. Azkeneko solairuak binakako leihoak ditu berriz ere.
Eta eraikin kubikoaren gandorrean, balaustrada bat, nabarmenagoa alde banatara eta izkinetan. Erpin gotikoak dakartza gogora balaustrada horrek, pinakuloak eta guzti, baina, hori bai, XX. mendeko erara ulertuak.
Sarrera nagusiko eranskina aurreko behebarru bat besterik ez da beheko solairuan, harrizko hiru arku handiz eraikia. Goiko solairua galeria bat da, eta, hor, harrizko pilastren artean, leiho handiak ageri dira nabarmen.
Ate-leihoak ardatzez bertikalean daude antolaturik, aldaketa txiki batzuk izan arren. Erritmo-aldaketa horiei esker, nagusiarazi nahi diren areto edo elementuak nabarmentzen dira. Mendebaldeko fatxadan, esate baterako, zirkulu erdiko eskailera ondratu bat dugu, lorategira irteteko. Ekialdekoan, berriz, bada leiho altu-altu bat, etxeko kaperarako egina.
Oina oso sinplea eta eskematikoa da, lauki soil bat. Lauki horren ardatz nagusian, eskailera bat sarreraren aurka. Goiko solairuan, laukiaren erdialdea bi solairutan zabalik dago, forja eta egurrezko balkoi bat erabilita, oso landua gainera. Bi altuera horiek luzernario batek argitzen ditu, eta argia beirate batetik datorkio.
Beste gela guztiak erdiguneko horren inguruan daude antolaturik.
Apainketarik handienak bigarren garaiera horretan daude: eskailera, hainbat egur motako zoruak, erdi parerainoko zokaloak, sabaiak konposizio geometrikoz apaindurik, eskaiolazko moldura polikromatuak eta abar.
Beheko eta lehenengo solairuetako gainerako egur-lana ere primerakoa da. Deigarriak dira ateak, janbak, zokaloak. Geletako zoru guztiak ezberdinak dira baina irizpide bakar bati jarraituz eginak, eta hainbat koloretako egurrez egindako forma geometrikoak osatzen dituzte.
Beheko solairuan, garaieraz bitan banaturik, kapera zegoen, egurrez goitik behera apaindurik. Aulkiak dira gauzarik nabarmenena, hormen beheko aldean.
Eta sail guztiaren buelta osoan, hesi ederra, forjaz eta harrizko pilastraz egina eta bina burdin langa handi eta pabilioi dituela, ondoko sailekiko mugagarri.
Arabako Foru Aldundiak eraikina 1941ean erosi eta Arte Ederretako Museorako egokitu zuen. Geroago beste pabilioi bat eraiki zuten museoa zabaltze aldera. Jesus Guinea jaunak idatzi eta zuzendu zuen egitasmoa.
Atzetik beste eraikin bat erantsi zioten, erakin nagusira eskailera aldean bakarrik loturik. Eraikin berria ez da zaharrarekin ezertarako nahasten, bien artean tarte bat geratzen da-eta. Bi solairu ditu, eta, lehenengo hormartean, erlaitzen lerroek beren horretan diraute, baina gero galdu egiten dira.
Fatxadaren akabera jauregikoaren antzeko harriz dago eginda.
Diseinuz neutroa dela, landare eta arbola artean dagoela, eta, azkenean, eranskina ondo oharkabean geratzen da.
Gerora, museoa behin baino gehiagotan berritu izan dute, baina eraikina bera ondo zainduta beti, eta, horregatik, hartarako edo honetarako egokitu izanagatik ere, eraikinak bere lehengo hartan dirau.
Duela gutxi, ondoko lur-saila gehitu diote, eta etxe familiabakarreko bat zereginez museora bildu. Villa Sofiako lur-saila ere erantsi zioten. Erakin hori ere –ez hain interesgarria- historiazalea, eta Julio Salazarrek egin zuen egitasmoa, mende hasieran. Mila gau eta bat gehiago ditu gogoan, adreiluak, azulejoak, harria eta antzeko materialak erabiliz. Minarete, arku peraltatu, leiho gotiko eta halakoei itxura ematen saiatzen da.
2000. urtean jada, museorako sarbideak egokitzeko beharra gertatu zen, bai kontrola dela-eta, bai mugitzeko arazoak dituztenei bidea errazteko beharra dela-eta. Lehengo eraikinera sartzeko, bederatzi edo hamar eskaloi igotzeko beharra zegoen.
Beste behin ere handiagotu dute eraikina, hartarako beharrezko lanak eginda, baina jatorrizko etxeari ezer jan gabe. Pabilioi txiki bat egin zuten, sarbiderako, egurrezkoa eta kristalezkoa, bere soilean egina, solairu bakarrekoa eta aldi baterako itxuraz nolabait, eta ezin, bada, eraikin nagusiarekin alderatu.
Inguru guztira sartzeko bide nagusia denez pabiloi hori, ikusteko moduan egon behar du. Horregatik, jauregi ondoan jarri zuten, pixka bat atzerago, lotuta daudela ezkutatzeko moduan, eta, hala, Jesús Guineak diseinatu zuen diafragma hiru guneetako komunikazio-zentro modura erabiliko dute berriz ere. Egitasmo hori José Luis Catón probintziako arkitektoak diseinatu zuen.
III. ERANSKINA
BABES-ERREGIMENA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes-erregimenaren helburua.
Babes-erregimen hau Euskal Kultura Ondareari buruzko 12. artikuluan xedaturikoaren arabera dago idatzita (lege hori uztailaren 3koa da eta 7/1990 zenbakia du), Augustí Jauregia monumentu mailaz sailkatutako kultura ondasuna izendatzeko deklaraziorako. Jauregi hori Vitoria-Gasteizen dago, Frai Francisco ibilbidea, 8.ean.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Eraikuntzaren deklarazioa uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultur Ondarearen Legera egokitzeko akordioko I. eta II. eranskinean jasota dagoen mugatze eta azalpenaren arabera kalifikaturiko ondasunerako aplikatuko da jarraian zehaztuko dugun babes-erregimena.
3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko gauzak zein diren.
Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:
– Eraikuntza nagusiko fabrika, hau da, perimetroan dituen hormak edo barruko eta kanpoko fatxadak, hango bestelako osagaiak eta guzti: leihoak, sarrerako arkuak, frontoiak, balaustradak, pinakuluak, estalkiaren forma...
– Barruko banaketa eta antolaketa, eta, zehazki esanda: garaiera biko erdiko gelatik dagoen sarrera, eta, hor, komunikazio-eskailera bertikala, egurrezko zokaloak eta sabaiko apaingarriak.
– Beheko eta lehenengo solairuetako barruko egur-lana eta solairu horietako kanpoko egur-lanak daraman bidea. Aipagarriak, oso, egurrezko zoruak, zokaloak eta kaperako aulkiak.
– Lur-sailaren kanpoko itxitura, Frai Francisco ibilbidean.
4. artikulua.– Loteslea da.
Babes-erregimen honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, babes-erregimenaren helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-erregimen honen menpean dagoen ondarea, baimenei buruzko araubideari, erabilerari, jardunari, babesari, isunei, arau-hausteei eta gainerakoei dagokienez, 7/1990 Legeak dioenaren esanetara egongo da (lege hori Euskal Kultur Ondareari buruzkoa da).
2.– Babes-erregimen honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
3.– Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultur ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako aginduak garatzen ditu.
II. KAPITULUA
ERABILERAK
6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.
1.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina behar bezala zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babes-erregimen honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaietarako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.
2.– Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.
7. artikulua.– Arautegira egokitzea, hala nola, Irisgarritasun Legera, eraikitzeko oinarrizko arautegira, instalazioen erregelamendura, instrukzio tekniko osagarrietara eta bestelakoetara.
Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta eraikin horretan edozertan esku hartzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete beharko dira, betiere babes-erregimen honetako III. kapituluak eraikinerako ezartzen dituen mugen arabera.
III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA. ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku-hartzeko proiektuak.
Babes-erregimen honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:
a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, xehetasun arkitektonikoekin (1/20 eskalan azalduta), argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin eta abar; eta, bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.
b) Ondorengoak deskribatzen dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak burutzeko faseak, eta lehen aipatu eskaletan proiektatutako azken egoera.
c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.
d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknikak erabiliko diren, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.
e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak.
f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.
Obren edo esku-hartzeen ondorioen eragina jasaten duen eraikin-zatiari buruzkoa izango da proiektuen dokumentazioa.
9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.
Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari, eta hain zuzen ere babes-erregimen honetako 3. artikuluan aipatzen direnak dira osagai horiek.
Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galaraziko dira: babestutako higiezinaren balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkiekeenak eta baita babes-erregimen honen edozein zehaztapenen aurka doazenak ere. Horretarako, ondoko jarduerak berariaz debekatuta egongo dira:
1.– Eraikinaren bolumen nagusia aldatzea.
2.– Zuzenean jatorrizko eraikuntzari erantsitako eraikinek dakartzaten azalera-aldaketak, edota oin-azaleraren luzera edo zabalera handitzea dakartenak.
3.– Fatxadak, fatxadetako osagaiak eta fatxadetako ate-leihoen jatorrizko antolaketa eta kopurua aldatzea.
4.– Teilatuaren jatorrizko itxura aldatzea, esate baterako etxea jasotzeko obrak, edo malda nahiz faldoiak aldatzea bai antolaketan bai kopuruz.
5.– 3. artikuluan aipaturiko gauzak direla-eta (babes berezia behar dutenei buruzkoa da): Estilo-eransketak egitea, baita obra amaituaren itxura nolakoa behar duen izan edo nola azaldu behar duen aditzera eman dezaketen dokumentu grafiko edo plastikorik egon arren.
6.– 3. artikuluko geletako bolumenak, atalkatzea edo solairu arteko banaketa aldatzea. Jatorrizko apainketei beren horretan eutsi behar zaie, haiei esker baita den bezalakoa.
2. ATALA. ESKU-HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK
10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.
1.– Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuetan, 308/2000 Dekretuan berriztapen zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– Etxea beste zerbaitetarako erabili behar bada, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira bai egituretan eta baita fatxadetan ere.
3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:
a) Garbiketa-tratamendurik erabiltzekotan, eraikinaren kanpoko testura eta akabatuen osaera atzera-bueltarik gabe aldatzen ez duenen bat erabili behar. Garbitu aurretik eta materialen analisia egin ondoren, elementu hauskorrenak babestu egingo dira, eta dauden junta eta pitzadurak itxi.
b) Hormak orokorrean: Gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da.
c) Instalazioak: Instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta, gainera, ez direla nabarmen geratu beharko. Ezingo dira karga-hormen barruan egin.
d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna berriz gaitzeko lanak burutzeko, beharrezko gaitasun teknikoak behar bezala egiaztatzen dituzten enpresa espezializatuengana jo beharko da, lan horiek berme guztiekin burutu daitezen.
11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.
Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren osagai tipologiko eta formalak errespetatzekotan beti:
a) Eraikina beste zerbaitetarako egokitzea, baldin eta beste helburu hori kanpoko fatxadekin, eraikinaren egiturarekin eta apaingarriekin bateragarria bada, babes-erregimen honetan araututakoaren arabera.
b) Fatxadei berritu bat ematea.
c) Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, baina jarraian adierazitako egitura-elementuen posizioa edo kota aldatu gabe:
– Kanpoko eta barruko sostengu-hormak.
– Estalkia, jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.
– Forjatuak eta habeak.
– Eskailerak.
d) Oinarrizko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea, betiere babes-erregimen honetako gainerako agindu guztiak errespetatuz.
e) Arkitektura-espazioa zaharberritu eta aldatutako zatiak berriz jatorrizko egoeran jartzea, ondokoen bitartez:
– Jatorrizko zurgintzako edozein elementu birgaitzea, dela fatxadako zuloetan, ateetan, burdin-sareetan, dekorazioetan, intereseko beste elementu batzuetan...; edo, hala badagokio, lehengo elementuen ordez material eta diseinu bera duten elementu berriak jartzea, horrek fatxadaren osaera-baloreak berreskuratzeko aukera ematen badu.
– 3. artikuluan aipatuta dauden eta bereziki babestu behar diren leku batzuk berritzea.
– 3. artikuluan aipaturik dauden elementuen jatorrizko banaketari edo lekuzko antolaketari bere horretan eustea edo atzera lehengo erara ekartzea.
f) Kalte egiten duten gehigarriak kentzea, baita interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak desegitea ere.
g) Eraikinaren egituraren antolaketa ez ukitzekotan, bereziki babesteko beharrik ez duten gainerako lekuak eraldatzea, beste era batera banatzea eta barrutik antolatzea.
h) Egitura-lanik edo ezeri eusteko lanik egiten ez badute, akabatuaren elementu hondaturen bat konpontzeko helburua duten obrak.
i) Barruko lanak: entokatua eta pintura, zoladura egin eta konpontzea, zurgintzako barne-lanak, iturgintzako lanak, berogailua jartzea eta fumisteria-lanak egitea, komunak berritzea... beti ere, babes-erregimen honekin kontraesanean ez dauden neurrian.
12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Aurreko artikuluak esandakoa betez beti, ondasuna hondatuta badago, ondorengo lanak edo integrazioak onartzen dira:
1) Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzea. Horretarako, kasuaren arabera, edo leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo bestelako materiala baina harmonikoa dena erabiliko da, lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.
2) Zatikatu edo puskatu egin diren lanen dekorazioa berriro osatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea. hutsune txikiak berreraikitzeko, lehen begiratuan bereizten diren teknikak erabiliko dira, edo jatorrizko zatiekin lotzen diren maila ezberdineko zona neutroak jarriko dira, edo jatorrizko euskarria agerian utzi. Ez dira inoiz integratuko "ex novo" zonalde figuratiboak edo figurazioaren elementu nagusiak.
RSS