
15. zk., 2003ko urtarrilaren 23a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
472
4/2003 DEKRETUA, urtarrilaren 14koa, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Bidezubia, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2002ko urriaren 17ko Kultura Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Bidezubia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena eman zen (EHAAren azaroaren 14ko 217 alean argitaratua).
Jendaurreko informazio aldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu dira eta ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori dela eta, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2003ko urtarrilaren 14ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Bidezubia, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.
2. artikulua.– I. Eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla-eta ondasunaren mugaketa bezala Dekretu honen Eranskin berean agertzen dena ezartzea.
3. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. Eranskinean agertzen den moduan.
4. artikulua.– Dekretu honen III. Eranskinean agertzen den Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Bidezubiaren babes-araubidea onestea.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Kultura Sailak Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Bidezubia Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Ormaiztegiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraziko zaie.
Hirugarrena.– Kultura Sailak Ormaiztegiko Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentuaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Monumentuaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko urtarrilaren 14an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura Sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugatutako eremua.
Mugaketak bidezubia bera eta haren jirako eta azpiko ingurua hartzen ditu.
Honako hauek dira mugatutako eremuaren mugak: ekialde eta iparraldean, hurrenez hurren, taularen kanpoko hegaletik eta trenbidea bukatzen den muturretik 10 metrora egindako marra paraleloa; mendebaldean trenaren hormigoizko bidezubi berria eta hegoaldean, egungo kaiak, kanposantuko hormak eta kanposantuaren hegaleko bideak osatzen duten gunearekin bat egin arte trenbide zaharrak duen bitarte guztia.
Mugaketaren zergatia.
Mugaketaren helburua bidezubiaren inguruak dituen balioak, bai ingurumenezkoak, bai estetikazkoak bai bisualak zaintzea da. Dentsitate txikiko hiri-inguru batean dago eta aipatutako bidezubi berri hori eraikitzea izan ezik, bestelako aldaketarik izan ez duena. Inguruaren mugaketa beharrezkoa da ondasuna behar den moduan babesteko eta dagokion balioa izan dezan, horregatik babestuko dira bidezubia jotzen dauden inguruak, izan ere, horiek gabe ez delako nabarmen geratzen egin zen ingeniaritza-lanaren garrantzia. Bidezubiak hegoaldetik bera jotzen duen eremua ere mugaketan sartzen da, toki ezin aproposagoa delako bertatik begiratzeko, izan ere, egungo geltokiaren eta bidezubiaren muturrak bat egiten duten tokia da, batetik bestera igarotzeko tokia.
Guzti horrengatik, mugaketa honen baitan bidezubiaren eraikinaz gain bere jirako ingurua ere sartzen da.
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIOA
Bidezubia 1863an eraiki zuen Alexander Lavalley-k Batignolles tailerretan. Lan hori izan zen Paris-Madril trenbidearen azken zatiaren bukaerako lana eta nola jada erabiltzen ez den eraikitze-sistema batean eginda dagoen, erabat didaktikoa gertatzen da; altzairu laminatuz egindakoa eta, ordezkatze eta desagertze prozesua sufritzen ari den eraikuntza mota da. Trenbideak garatu ziren garai baten adierazgarri da eta, bai duen antzinatasuna, bai dituen neurri monumentalak eta duen altuerarengatik, Euskadin XIX. mendeko ingeniaritza zibileko parerik gabeko ondasuna dugu.
Bidezubiak estetika erabat eraikuntzazkoa du eta trenbidearen ingeniaritza zibil metalikoa deritzonari lotua. Ez du apaindurarik ez eta xehetasun historizistarik, forma aldetik erakusten duen gauzarik nabarmenena habeen arteko hutsuneak txarrantxatzen eta betetzen dituzten burdinazko plantxaz egindako itxitura trinko eta zarratua da. Bidezubiak 291,5 metroko distantziako tartea gainditzen du eta duen altuerarik gorena 34 metrokoa da. Bost baotan egituratutako kaxa jarrai baten moduan antolatu zen. Muturretako baoek 53,2 metro zituzten eta erdikoek 60,5 metro. Burdinazko estetika ez da osorik burdinazkoa euskarriak harlanduzko zutabez egin zirelako, baina horrek berorrek berez arina den bidezubiaren gorputz horizontala arinagoa egiten du begietara.
Egun, bidezubiak hainbat euskarri ditu eta hormigoi armatuzko bost euskarri, gerrate zibilean egindakoak. Horregatik, egungo baoak hamar dira eta mantendu egin izan da metalezko egitura, hau da, elkarren artean errematxez lotutako altzairu laminatuzko elementuak dituen habe jarraiez egindako metalezko egitura. Bidezubiaren baoek 30 eta 25 metro bitarteko neurriak dituzte eta erdikoak dira handienak.
Burdinazko egiturak hiru habe nagusi ditu elkarren paralelo direnak eta ardatz batetik bestera 3,18 metroko tartea dutenak, eta 5,60 metroko ertza. Trenbide bikoitzari eusten dioten hiru habeak jarraituak dira eta barra lauez osatutako sareta anitzekoak. Habeak tartetan banatuta daude 2, 40ko oinarrizko modulazioa duten zutabe bertikalen bidez. Zutabe bertikalak trinkoagoak dira bidezubiaren euskarrietan eta nolabaiteko aldaketa-guneak egiten dituzte zutabeen eta sareta gurutzatuen segidan.
Hiru habeak zeharka txarrantxatzen dira San Andres gurutzeen bidez; gurutzeak T itxurako profilez, zenbait pletinaz eta era horizontalean jarritako L motako angeluarrez eginda daude. Goiko aldean taula bat dago habexkaz eta langaluzez egindako bilbaduraz egina. Habexkak T bikoitzeko habeak dira, elkarri soldatutakoak eta 95 cm-ko guztirako ertza duena. Taula euskarri horren gainean doaz langetak, goiko aldetik tapatuta daudenak, eta trenbidearen karrilak. Bidezubiaren goiko erremate modura, hertzetako habe nagusienetatik kanpora hegaldun pasillo bat ateratzen da. Pasillo honek altzairuzko baranda babesle bat du, honek ere sareta gurutzatuen jokoa jarraitzen duelarik..
Habeen goiko eta beheko hegalak zabalera askotako pletinaz osatuta daude sekzioa zenbait puntutan indartzeko xedez. Egituraren elementuen arteko loturak, gehienak, errematxeekin egindakoak dira, gutxiago dira soldaduraz egindakoak. Egitura pintura gris metalikoz margotuta dago.
Bidezubiaren euskarriak bi motatakoak dira. Batetik, bost gailur lakar agerizko hormigoi armatuz egindakoak, modu honetan eginak: zapata zabalen gainean jarritako lau zutabe dituen oin karratua duen barru hutseko entramatua; lau altuerako tramu eta tramurik gorenean San Andres gurutzeak dituelarik, eta bidezubiaren erremate eta euskarri moduan tablero bat. Gailur horiek gerrate zibileko garaikoak dira. Bestalde, jatorrizko euskarriak ditugu, hots, harrizko zutabe errektangeluarrak, kanpotik harlanduz akabatuta daudenak. Zutabe horien hegaletako habeetan elektrizitateko katenarien poste metalikoak daude jarrita.
III. ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA
BABES ERREGIMENAREN XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Babes-erregimenaren xedea.
Babes-erregimen honen idazketa justifikatuta dago, Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluaren babesean Ormaiztegiko Bidezubia monumentu sailkatu izendatzeko espedienteari hasiera eman zaiolako.
2. artikulua.– Ezarpen-eremua.
Ondoren finkatuko den Babes Erregimena Ormaiztegiko Bidezubiari ezarriko zaio izendapenaren I. eta II. Eranskinetan ezartzen diren mugaketaren eta deskripzioaren arabera.
3. artikulua.– Babes berezia behar duten elementuen zehaztapena.
Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:
– Bolumetria eta jatorrizko egituraren antolaketa.
– Egiturazko elementu guztiak.
– Bidezubiaren burdinazko plantxaz egindako hesia edo fatxadak.
– Trenbidearen karrilak.
– Kanpo lagatzen dira hormigoizko gailurrak, ez dutelako baliorik.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-erregimen honetako arauak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, erregimen honetako arauek hirigintza-plangintzako tresnak lotzen ditu, eta beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-erregimen hau, 7/1990 Legeak, Euskal Kultur Ondareari buruzkoak, bere 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, honako babes-erregimen hau duen eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Honako babes-erregimen hau duen ondasunak Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea bete beharko du, ondorengoei dagokienez: baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta gainerako alderdiei.
2.– Babes-erregimenari lotuta dagoen ondasunaren jabeek ondasunaren kontserbazio, zainketa eta babeserako betebeharrak bete beharko dituzte. Betebehar horiek ere Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen dira, bere 20. eta 35. artikuluetan, eta gainera, Lurzoruaren 6/1998 Legearen 19. artikuluan.
3.– Ondasun hori botatzeko, dela osoa, dela zati bat, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 36. artikuluan xedatutakoa bete eta jarraitu beharko da.
II. KAPITULUA
ERABILERAK
6. artikulua.– Erabilera baimenduak.
1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 23. artikuluan xedatutakoa betez, baimendutako erabilerak, bidezubiaren ezaugarrietara moldatzen direnak izango dira, eta eraikinaren kontserbazio egokia ziurtatu eta babes-erregimen honen 3. artikuluan ezarritako elementuentzat ezartzen den babes berezia bermatzen dutenak, ez bestelakoak.
2.– Debekatu egingo dira aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten erabilera guztiak.
7. artikulua.– Irisgarritasun-araudira eta suaren aurka babesteko araudira egokitzea.
Eraikina edozein erabilera berrira moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudiaren eta suaren aurka babestekoaren irizpideei jarraitu beharko zaie, Babes Erregimenaren III. Kapituluan eraikinarentzat ezarritako jarduketa-mugak kontuan izanda.
III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.
Honako babes-erregimen hau duen ondasunaren gain edozein esku-hartze egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:
a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko xehatua: solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, 1/20 eskalan, bere xehetasun arkitektoniko guztiekin batera, argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin e.a.; eta bereziki, egitura-sistemaren altxaera xehatua, neurtua eta akotatua.
b) Ondorengoak deskribatzen dituen dokumentazio grafikoa: egin beharreko esku-hartzeak, erabili beharreko materialak, lanak burutzeko faseak, eta lehen aipatu eskaletan proiektatutako azken egoera.
c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakook atxikiko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologia ezberdinei buruzko azterketa bat, eta elementu ezberdinak babesteko erabaki diren neurriak.
d) Egin beharreko lanak eta erabili beharreko teknikak zehazten dituen idatzizko dokumentazioa. Gainera, erabili beharreko materialen kalitatea, material horien egokitasun eta egonkortasuna, eta beste osagaiekin duten elkarrekintza adierazi beharko dira.
e) Bidezubia mantendu eta ziurtatzeko beharrezkoak diren teknika eta bitartekoak zehaztuta.
f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.
9. artikulua.– Debekatutako jarduerak.
Eraikinaren gain baimendutako esku-hartzeak bere historiaren eta ingeniaritza zibilaren ikuspegitik dituen baloreak kontserbatzeko mugatu dira. Horregatik, debekatu egiten dira babes bereziko funtsezko elementu horien ezaugarriak alda ditzakeen esku-hartze oro, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikin honi. Elementu horiek Babes Erregimen honen 3. artikuluan zerrendatzen dira.
Oro har, ez dira baimenduko ondoren aipatzen diren esku-hartze guztiak, edo Bidezubiak historiaren eta ingeniaritza zibilaren ikuspegitik dituen baloreak kalte ditzaketen esku-hartzeak, ezta Babes Erregimen honetako beste edozein alderdiren aurka egiten duten gainerako esku-hartzeak ere. Xede horretarako, beren beregi debekatzen dira ondorengoak:
1.– Eraikinaren bolumen-aldaketak, bidezubiaren jatorrizko izaera aldrebestea badakarte.
2.– Metalezko eta harlanduzko egiturak aldatzea.
3.– 3 metrotik gorakoak diren eraikinak edota jatorrizko bidezubiaren kanpoko interpretazioa murriztu dezaketenak edo, funtzioei dagokienez, bidezubiarekin loturarik ez duten eraikinak egitea.
4.– Eraikinari egun duen itxura ematen dioten trenbideen eta airezko pasilloen forman eta jatorrizko diseinuan funtsezko aldaketak egitea.
5.– Bidezubiaren egiturazko antolaketa eta bera osatzen duten elementuak aldatzea.
6.– Estaldurak eta bestelakoak: burdinazko egitura eta erabilitako eraikuntza-sistema ezkutatzen dutenak.
7.– 3. artikuluan babes bereziko elementu moduan jasotakoei dagokienez: bidezubiak erabat bukatutakoan zuen jatorrizko itxura ahultzen duten estilo gehikuntzak,
8.– Habeen barruko espazioan esku-hartzeak egitea, baldin eta kanpotik begiratuta, gaur duen altxaeren itxura aldatzen badute.
9.– Oro har, Babes-erregimen honetako 2. atalean ezarri ez diren esku-hartze guztiak (esku hartzeko irizpide espezifikoak), babes berezia duten elementuen gain egin beharrekoak.
2. ATALA: ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK
10. artikulua.– Esku-hartzeko irizpide espezifikoak.
Babes-erregimenaren atal honetan azaltzen diren esku hartzeko irizpide espezifikoek Ormaiztegiko Bidezubia osatzen duten elementuetan nola esku har daitekeen eta esku-hartzearen mugak ezartzen dituzte.
1.– Babes Erregimen honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.
2.– Eraikinari beste erabilera bat ematekotan, egingo diren egokitzapen-obrak ahalik eta txikienak izango dira. Obrak egiterakoan kontu handiz zainduko dira bai barruko itxura, bai kanpokoa, saihestu egingo da egituraren antolaketan aldaketa nabarmenak egitea eta bidezubiaren inguruarekiko duen loturaren izaeraren aldaketa.
3.– Baimendutako obrek nahitaez bete beharko dituzte ondorengo baldintzak:
a) Ez da erabiliko errematxeen eta altzairuzko orrien azaleko testura konpondu ezineko moduan utzi dezakeen garbitasun-tratamendurik. Garbitzeari ekin aurretik eta materialaren konposizioa aztertu ondoren, babestu egingo dira elementurik ahulenak eta estali egingo dira altzairuak dituen juntak eta arrakalak.
b) Egiturazko elementuak oro har: ondo ez badaude aztertu egin beharko da nola sendotu kasuan kasu erabili daitezkeen tekniken bidez; hori horrela, elementuak desmuntatzea eta berreraikitzea, besterik ezean, erabili beharreko teknikak izango dira.
c) Instalazioak: instalazioetako kondukzioak eskura jarriko dira baina era berean, modu diskretuan baina ezingo dira jarri ez bidezubiaren altxaeretan ez eta harrizko zutabeetan.
d) Kendu egingo dira herdoil kapak eta metalezko egitura osoa pintatuko da. Barruko espazioa osorik ikusten lagatzen ez duten barruko itxidurak kendu egingo dira eta Aztertu egingo da teknikoki ea, kontserbazioaren, estetikaren eta funtzionaltasunaren aldetik erreparatuta, egun diren zenbait elementu laguntzaile kontserbatu ala aldatu egin behar diren.
e) Babestutako ondasunaren gain egin beharreko esku-hartzeetan aurrerantzean egin daitekeen beste esku-hartzeren bat galaraziko ez duten teknikak eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna eraberritzeko egin beharreko lanak, lanok teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai dela egiaztatzen duten enpresa espezializatuei emango zaizkie.
11. artikulua.– Baimendutako eraikuntzazko esku-hartzeak.
Ormaiztegiko bidezubirako, baimendutako esku-hartzeak ondoren aipatzen direnak dira, baldin eta tipologia, forma eta egiturazko elementuak errespetatzen badituzte:
a) Ingeniaritza zibileko lanak birgaitzea eta aldatutako zatiak jatorrizko egoerara bihurtzea. Horretarako, lan hauek burutu beharko dira:
– Bai barruan bai kanpoan egitura birgaitzea eta, ahal denean, aldatutako jatorrizko eraikuntza-elementuak berreskuratuko dira.
– Bidezubiaren taularen estaldura osatzen duten altzairuzko xafla eta elektrizitateko katenarien posteen egungo materialak aldatzea.
– Barandak aldatzea, bidezubiak duen estetikarekin bat datozenak jarri.
– Fatxaden osaera-balioa berreskuratzeko aukera ematen duten elementuak birgaitzea.
– 3. artikuluan aipatzen diren elementuen espazioen banaketa eta antolaketa kontserbatzea edo berrezartzea.
– Inguruko esparrua kontserbatzea edo erreserbatzea, bidezubiaren zati osagarria den aldetik.
b) Sendotze-lanak, berreskura ezin daitezkeen elementuak ordezkatuz, baina 3. Artikuluan jasotako babes bereziko elementuen ondorengo egiturazko elementuen posizioa edo kota aldatu gabe:
– Sareta anitzeko habe jarraituak eta barra lauak.
– San Andresen gurutzea, txarrantxak eta bestelako egiturazko elementuak.
– Euskarriak eta harrizko zutabe errektangeluarrak.
c) Kalte egiten duten gehigarriak eta interesik ez duten edo eraikinaren jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen lan guztiak kentzea.
d) Babes berezikotzat jo ez diren fatxadak birgaitzea eta osatzea baina, beti ere, barruko egitura-antolaketari eta 3. artikuluan aipatzen diren elementuen ezaugarriei eragin gabe.
e) Akabatuaren elementu hondaturen bat konpontzea xede duten obrak, baldin eta egitura-funtzio edo eusteko funtziorik ez badute.
f) Honako lanak: lixatzea eta pintatzea; zoladura egin eta konpontzea; zurgintza lanak; edozein motatako instalazioak, beti ere, Babes-Erregimen honen aurka ez doazenean eta bidezubiari duen balioa emateko direnean.
12. artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.
Aurreko artikuluak esandakoa betez, ondasunaren narriadura-kasuan, ondorengo eragiketa edo integrazioak onartzen dira:
1.– Dokumentu bidez egiaztatutako egiturazko zatien integrazioa. Horretarako, kasuaren arabera, edo integrazioen ingerada argi zehazten da, edo material ezberdin baina harmoniko bat hartzen da, lehen begiratuan bereizten dena, batez ere zati zaharrekin batzen den puntu horietan.
2.– Zatika egindako lanen dekorazioa berriro osatzea, zatiren bat galdu duten lanen asentamendua, hutsune txikiak lehen begiratuan bereizten diren teknika bidez berreraikiz edo jatorrizko zatiekin lotzen diren maila ezberdineko zona neutroak jarriz, edo jatorrizko euskarria agerian utziz. Ez dira inoiz zonalde figuratiboak "ex novo" integratuko edo obraren figurazioaren elementu nagusiak sartuko.
RSS