Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7439

319/2002 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa, honako dekretuak aldatzen dituena: autoenplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen Dekretua, laneratzeko laguntzen programa arautzen duen Dekretua, enplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen Dekretua eta kooperatiba elkarteetan enplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen Dekretua.

Eusko Jaurlaritzaren enplegurako politika aktiboak, dela adinagatik, dela langabezia-egoeran daramaten denboragatik, dela ezgaitasunagatik edota dela beste ezaugarri pertsonal batzuengatik lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzenduta daude, horien enplegu-aukerak areagotuz, horiek kontratatu ditzatela sustatuz eta beren lanpostu propioa sor dezatela bultzatuz.

Politika horiei erantzuten dieten programen artean urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretua dago, lanerako laguntzak arautzen dituena, eta bertan zenbait laguntza finkatzen dira toxikomano ohiak, minusbalio fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsona ezinduak eta espetxeetan preso dauden pertsonak eta preso ohiak ere kontratatzen dituzten enpresentzat.

Halaber, enpleguaren aldeko neurriak arautu zituen ekainaren 29ko 267/1999 Dekretuak, beste jarduera-ildo batzuen artean, hainbat dirulaguntza aurreikusten ditu beren plantila berritzea erabakitzen duten enpresentzat, erretiro partzial/errelebo-kontratuaren irudia erabiliz, eta gainera, dirulaguntzen zenbatekoak handitu egiten dira kontratatzeko erabaki hori kolektibo jakin batzuei zuzentzen zaienean, hala nola 30 urtetik beherakoei, iraupen luzeko langabeei, 45 urtetik gorakoei, minusbalio fisiko, psikiko edo sentsoriala duten pertsonei, toxikomano ohiei edo espetxean preso dauden pertsonei eta preso ohiei.

Ildo beretik, kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuak, kooperatiba-sozietateen plantila berritzeko aukera eskaintzen du, eta bai bere lanpostua uzten duen langileari, diru-sarreren maila jakin bat bermatuz, eta bai kooperatibari berari ere, haren lekuan pertsona langabeak kontratatzeagatik, zenbait laguntza ematen dizkie, eta dirulaguntza horiek handiagoak izan daitezke bertan ageri diren kolektiboei zuzentzen baldin bazaizkie, behar gorrian daudela jotzen delako.

Beste alde batetik, nork bere lanpostua sortzearen aldeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuaren helburua pertsona langabeak autonomo gisa finkatzeko beharrezkoak diren lehen inbertsioei laguntzea da, baldin eta horiek ere lan-merkatuan barneratzeko zailtasun bereziak badituzte, eta kolektibo horiek bat datoz, neurri batean bederen, aurreko araudietan jasotakoekin.

Kontuan hartu behar da eszenatoki ekonomikoan eta lan-merkatuan izandako aldaketek eta gizarte-arazo berriek eraginda, pixkanaka aldatzen joan direla gizarte eta lan arloan bazterturik gera ez daitezen laguntza behar duten kolektiboak, eta horregatik, erantzun azkar bat bilatu behar da botere publikoen aldetik, enplegurako politika aktiboak erregulatzen dituzten araudietan erantzun hori jasoz. Era horretan, urteetan politika horiek gorpuzteko erabilitako laguntza-programak aztertuz ikus daiteke zenbait kolektibo desagertu egin direla eta beste berri batzuk agertu direla.

Une honetan, era desberdineko hainbat xehetasunek eraginda –horiei buruzko azalpena aurreraxeago emango dugu–, nortasun berezia duten bi kolektibo berri agertu dira eszenatokian, eta beharrezkoa da horien laneratzea bultzatzea, kontratazioa eta autoenplegua sustatzearekin loturik arestian adierazitako indarreko araudietan horiek berariaz barneratuz, eta horien artikuluetan zehatz-mehatz definitzen da zein kolektibori zuzentzen zaizkion. Bide batez, modu orokorragoan horiei buruzko aipamena egiten den gainerako programetan ere sartzen direla joko da. Kolektibo berri horiek, alde batetik, laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak dira, eta beste alde batetik, etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak ditugu.

Kolektibo horietatik lehena barneratzeari dagokionez, laneratzeko enpresak deituriko horien ezaugarriek eta helburuak berak justifikatzen dute hori. Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuaren arabera, zailtasunetan edo gizarte-bazterkeriazko egoeran dauden kolektiboak gizarteratzeko proiektu pertsonal bat burutzen dute laneratzeko enpresa horiek, ikaskuntza-prozesu egoki baten bidez, eta horren barruan sartuko litzateke gizarte, lan, oinarrizko heziketa, lanerako prestakuntza eta merkatu-ezagutzen arloko hainbat gaitasun erdiestea, beren enplegurako aukerak hobetzen lagunduko dietenak, baina betiere, horren azken helburua pertsona horiek lan-merkatu arruntean barneratu daitezela lortzea dela ahaztu gabe. Urrats horretan, hain justu, beharrezkoa gertatzen da laguntza gehigarri bat eskaintzea, laneratzeko enpresaren barruan egindako lana ez dadin alferrikako izan. Horrexegatik ezinbestekoa da gizarteratze eta laneratze prozesu hori amaitzen duten pertsona horiek barneratzea, kolektibo horien kontratazioa edo autoenplegua laguntza baten xede izanik, eta hartara, benetan laneratu daitezela sustatuz.

Bestetik, orain arte etxeetan ezkutuan geratzen zen arazo bat atera da argitara azken egunotan, eta pixkanaka-pixkanaka, eragindakoak, kasu honetan biktimak, aurre egiten hasiak dira erakundeetan horretarako laguntzak bilatuz. Etxeko bortizkeriaren arazo larriaz ari gara, gehienbat emakumeei eragiten diena, eta batez ere, gainera, ekonomikoki beren bikotekideen menpe daudenei, izan ere, egoera horri aurre egin eta salatu ondoren, baliabide ekonomikorik gabe aurkitzen baitira, eta sarritan, semeak eta alabak beren gain dituztela. Kontuan hartu beharra dago kasu askotan lanik gabeko pertsonak direla, etxetik kanpora inoiz lanik egin ez dutenak edo langabezian denbora asko daramatenak, sarritan prestakuntza eskasekoak, eta beraz, laguntza handia behar izaten dute botere publikoen aldetik gizartean bazterturik ez geratzeko, eta ahal den neurrian lan-munduan barneratu daitezela erraztu behar zaie. Helburu hori lortzeko urrats bat izango litzateke aipagai ditugun araudietan behar gorrian daudela jotzen direnen artean kolektibo hori sartzea, enpresek horiek kontratatu ditzatela bultzatzearren edo autonomo gisa finkatu eta beren lanpostu propioa sor dezaten.

Hori dela eta, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren proposamenez, Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluaren, Lan Harremanen Kontseiluaren, Euskal Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren eta gainerako organo aholku-emaile interesdunen oniritziaz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko abenduaren 30ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. ATALBURUA
NORK BERE LANPOSTUA SORTZEKO NEURRIAK ARAUTZEN DITUEN ABENDUAREN 24KO 305/1996 DEKRETUAREN BIGARREN ALDAKETA.

Lehen artikulua.– Nork bere lanpostua sortzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuko 3. artikuluan bi idazati, g) eta h), gehitzen dira, eta honela idatzita geratuko dira:

«g) Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan araututako laneratzeko enpresa batean gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak, betiere Ekonomi Jardueren Zergan alta ematea hamabi hilabeteko gehienezko epearen barruan egiten bada, langile horrek prozesu hori amaitu duenetik kontatzen hasita, eta erkidego edo estatu mailako Enplegu Zerbitzu Publiko batean lan-eskatzaile gisa izena emanda baldin badaude, Europako Batasunaren barruan.

h) Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak, eta horrela hartuko dira haien ezkontideak edo modu egonkor batez antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez haiekin loturik egon den pertsonak eragindako bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan diren pertsonak edo horien seme-alabak, betiere gertaera horiek dagokion erakunde polizial edo judizialaren aurrean salatu izan badira, eta lan-eskatzaile gisa erkidego nahiz estatu mailako Enplegu Zerbitzu Publiko batean izena emanda badaude, Europako Batasunaren barruan.»

Bigarren artikulua.– Nork bere lanpostua sortzearen aldeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuaren 9. artikuluko p) idazatiari bi paragrafo erantsi zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

«– Beren gizarteratze eta laneratze prozesua laneratzeko enpresa batean amaitu duten pertsonak izanez gero: laneratzeko enpresaren ziurtagiria, prozesu hori amaitu zuen eguna egiaztatuko duena.

– Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak izanez gero, aurkeztutako salaketaren kopia bat.»

II. ATALBURUA
LANERATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN URTARRILAREN 20KO 3/1998 DEKRETUAREN ALDAKETA

Hirugarren artikulua.– Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren 1. atalari bi paragrafo, 4 eta 5, gehitzen zaizkio, eta horiek honela idatzita geratuko dira:

«4.– Beren gizarteratze eta laneratze prozesua laneratzeko enpresa batean amaitu duten pertsonak kontratatzeko laguntzak.

5.– Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak kontratatzeko laguntzak.»

Laugarren artikulua.– Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuko III. Atalburuaren izenburua berridatzi egingo da, eta honela idatzita geratuko da:

«III. ATALBURUA
MINUSBALIO FISIKOA, PSIKIKOA EDO SENTSORIALA DUTEN PERTSONAK, ESPETXEETAN PRESO DAUDENAK ETA PRESO OHIAK, BEREN GIZARTERATZE ETA LANERATZE PROZESUA LANERATZEKO ENPRESA BATEAN AMAITU DUTEN PERTSONAK ETA ETXEKO BORTIZKERIAREN BIKTIMAK IZAN DIREN PERTSONAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK.»

Bosgarren artikulua.– Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren III. Atalburuari bi Sekzio, 3 eta 4, gehitzen zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

«3. SEKZIOA
BEREN GIZARTERATZE ETA LANERATZE PROZESUA LANERATZEKO ENPRESA BATEAN AMAITU DUTEN PERTSONAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK.

18. bis atala.– Kolektiboaren ezaugarriak.

Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan araututako laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak kontratatzeagatik eman daitezke sekzio honetan ezarritako laguntzak, betiere aipatutako prozesu hori amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan gauzatzen baldin bada kontratazio hori. Kontratazio hori ez bada gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu eta berehala gauzatzen, lan-eskatzaile gisa izena emanda agertu behar dute erkidego edo estatu mailako Enplegu Zerbitzu Publiko batean, Europako Batasunaren barruan.

18. ter atala.– Diruz lagun daitezkeen kontratuak.

Denbora mugagabeko lan-kontratuak, jarraian gutxienez 12 hilabeteko iraupena duten aldi baterako lan-kontratuak eta aldi baterako kontratuen luzapen mugagabeak egiteagatik eman daitezke sekzio honetan ezarritako laguntzak, indarrean dagoen lan-araudiaren babesean egiten badira. Kontratuak lanaldi osokoak nahiz lanaldi partzialekoak izan daitezke.

18. quater atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Denbora mugagabeko eta lanaldi osoko kontratua egiteagatik 4.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango da.

2.– Lanaldi osoko aldi baterako kontratua egiteagatik 2.000 euroko dirulaguntza emango da gutxienez, eta 3.000 eurokoa gehienez, kontratuaren iraupenaren arabera.

3.– Aldi baterako kontratua egin zitzaienean 18. bis atalean ezarritako betebeharrak betetzen zituzten pertsonei kontratua mugarik gabe luzatzeagatik 3.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango da, baldin eta erakunde kontratugileak aldi baterako kontratua mugagabe bihurtu aurreko hamabi hilabeteetan zeukan plantila gutxitzen ez badu.

4.– Lanaldi partzialeko kontratua egiteagatik, lan-kontratuan ageri den lanaldiak hitzarmenean ezarritako lanaldi osoarekiko duen proportzioa ezarriko zaie aurreko idazatietan ezarritako dirulaguntza-zenbatekoei.

4. SEKZIOA
ETXEKO BORTIZKERIAREN BIKTIMA IZAN DIREN PERTSONAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

18 quinquies atala.– Kolektiboaren ezaugarriak.

Etxeko bortizkeriaren biktima izan diren pertsonak kontratatzeagatik eman ahal izango dira Sekzio honetan ezarritako dirulaguntzak, eta egoera horretan daudela joko da baldin eta pertsona horien ezkontideak edo modu iraunkor batez antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez haiekin loturik egon den pertsonak eragindako bortizkeria fisikoa nahiz psikikoaren biktima izan badira pertsona horiek edo beren seme-alabak, betiere gertakari horiek dagokion erakunde polizial edo judizialaren aurrean salatu badira, eta erkidego edo estatu mailako Enplegu Zerbitzu Publiko batean lan-eskatzaile gisa izena emanda badaude Europako Batasunaren barruan.

18 sexies atala.– Diruz lagun daitezkeen kontratuak.

Denbora mugagabeko lan-kontratuak, jarraian gutxienez 12 hilabeteko iraupena duten aldi baterako lan-kontratuak eta aldi baterako kontratuen luzapen mugagabeak egiteagatik eman daitezke sekzio honetan ezarritako laguntzak, indarrean dagoen lan-araudiaren babesean egiten badira. Kontratuak lanaldi osokoak nahiz lanaldi partzialekoak izan daitezke.

18 septies atala.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Denbora mugagabeko eta lanaldi osoko kontratua egiteagatik 4.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango da.

2.– Lanaldi osoko aldi baterako kontratua egiteagatik 2.000 euroko dirulaguntza emango da gutxienez, eta 3.000 eurokoa gehienez, kontratuaren iraupenaren arabera.

3.– Aldi baterako kontratua egin zitzaienean 18. quinquies atalean ezarritako betebeharrak betetzen zituzten pertsonei kontratua mugagabe luzatzeagatik 3.000 euroko dirulaguntza eman ahal izango da, baldin eta erakunde kontratugileak aldi baterako kontratua mugagabe bihurtu aurreko hamabi hilabeteetan zeukan plantila gutxitzen ez badu.

4.– Lanaldi partzialeko kontratua egiteagatik, lan-kontratuan ageri den lanaldiak hitzarmenean ezarritako lanaldi osoarekiko duen proportzioa ezarriko zaie aurreko idazatietan ezarritako dirulaguntza-zenbatekoei.»

Seigarren artikulua.– Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuaren 25.1 ataleko f) idazatiari paragrafo bat gehitzen zaio, eta honela idatzita geratuko da:

«Ez da eskatuko agiri horiek aurkez daitezela Dekretu honen 18 bis atalak aipatzen duen kasuan, hau da, kontratazio hori gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu eta berehala gauzatzen denean.»

Zazpigarren artikulua.– Laneratzeko laguntzak arautzen dituen urtarrilaren 20ko 3/1998 Dekretuko 25.2 ataleko b) idazatiari bi paragrafo eransten zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

«– Gizarteratze eta laneratze prozesua laneratzeko enpresa batean amaitu duten pertsonekin gauzatutako kontratuetan: laneratzeko enpresaren ziurtagiria, prozesu hori amaitu zuen eguna egiaztatuko duena.

– Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak baldin badira, aurkeztutako salaketaren kopia bat.»

III. ATALBURUA
ENPLEGUAREN ALDEKO NEURRIAK ARAUTZEN DITUEN EKAINAREN 29KO DEKRETUAREN BIGARREN ALDAKETA

Zortzigarren artikulua.– Enpleguaren aldeko neurriak arautzen dituen ekainaren 29ko 267/1999 Dekretuaren 8.1 artikuluari bi idatz-zati, h) eta i), eransten zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

« h) Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan araututako laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak izanez gero, betiere kontratazio hori aipatutako prozesua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan gauzatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa 6.010,12 eurokoa izango da.

i) Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak izanez gero, eta horri begira, egoera horretan daudela joko da pertsona horren ezkontideak edo modu iraunkor batez horrekin antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez loturik egon den pertsonak eragindako bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan diren pertsonak edo horien seme-alabak, betiere gertakari horiek dagokion erakunde polizial edo judizialaren aurrean salatu baldin badira, dirulaguntzaren zenbatekoa 6.010,12 eurokoa izango da.»

Bederatzigarren artikulua.– Enpleguaren aldeko neurriak arautzen dituen ekainaren 29ko 267/1999 Dekretuko 10.1 artikuluari bi idatz-zati gehitzen zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

« i) Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan araututako laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak izanez gero, betiere kontratazio hori aipatutako prozesua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan gauzatzen bada, dirulaguntzaren gutxieneko zenbatekoa 4.507,69 eurokoa izango da, eta gehienezkoa 6.010,12 eurokoa, gauzatutako errelebo-kontratuaren hasierako iraupenaren arabera.

j) Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak izanez gero, eta horri begira, egoera horretan daudela joko da pertsona horren ezkontideak edo modu iraunkor batez horrekin antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez loturik egon den pertsonak eragindako bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan diren pertsonak edo horien seme-alabak, betiere gertakari horiek dagokion erakunde polizial edo judizialaren aurrean salatu baldin badira, dirulaguntzaren gutxieneko zenbatekoa 4.507,69 eurokoa izango da, eta gehienezkoa 6.010,12 eurokoa, gauzatutako errelebo-kontratuaren hasierako iraupenaren arabera.»

Hamargarren artikulua.– Enpleguaren aldeko neurriak arautzen dituen ekainaren 29ko 267/1999 Dekretuko 18.6 artikuluari bi idatz-zati, f) eta g) eransten zaizkio, eta honela idatzita geratuko dira:

«f) Laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonekin egindako kontratuetan: laneratzeko enpresaren ziurtagiria, prozesu hori amaitu zen eguna egiaztatuko duena.

g) Etxeko bortizkeriaren biktima izan diren pertsonekin egindako kontratuetan, aurkeztutako salaketaren kopia bat.»

IV. ATALBURUA
KOOPERATIBA-SOZIETATEETAN LANPOSTUAK SORTZEN LAGUNTZEKO NEURRIAK ARAUTZEN DITUEN ABENDUAREN 26KO 283/2000 DEKRETUAREN ALDAKETA

Hamaikagarren artikulua.– Kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren 6.2 artikuluari bi idatz-zati, h) eta i), eransten zaizkio, eta horiek honela idatzita geratuko dira:

«h) Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzeko, enpresotan sartzeko prozedura ezartzeko eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzeko abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuan araututako laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonak kontratatzeagatik, betiere kontratazio hori aipatutako prozesua amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan gauzatzen bada, 6.010,12 euroko dirulaguntza jasoko da.

i) Etxeko bortizkeriaren biktimak izan diren pertsonak kontratatzeagatik, eta horri begira, egoera horretan daudela joko da pertsona horren ezkontideak edo modu iraunkor batez horrekin antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez loturik egon den pertsonak eragindako bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktima izan diren pertsonak edo horien seme-alabak, betiere gertakari horiek dagokion erakunde polizial edo judizialaren aurrean salatu baldin badira, 6.010,12 euroko dirulaguntza jasoko da.»

Hamabigarren artikulua.– Kooperatiba-sozietateetan lanpostuak sortzen laguntzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 26ko 283/2000 Dekretuaren 12.3 artikuluari bi idatz-zati, f) eta g), eransten zaizkio, eta horiek honela idatzita geratuko dira:

«f) Laneratzeko enpresa batean beren gizarteratze eta laneratze prozesua amaitu duten pertsonekin egindako kontratuetan: laneratzeko enpresaren ziurtagiria, prozesu hori amaitu zuen eguna egiaztatuko duena.

g) Etxeko bortizkeriaren biktima izan diren pertsonekin egindako kontratuetan, aurkeztutako salaketaren kopia bat.»

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Gasteizen, 2002ko abenduaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala