Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
7438

AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko laguntzei eta alokairua bultzatzeko neurriei buruzkoa.

Babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuak, bere 42. artikuluan, ondokoak ezartzen ditu babesteko moduko jarduketa gisa: a) atalean, "babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustapena eta etxebizitza librea alokairu babestuan jartzeko sustapena", c) atalean berriz, "etxebizitzaren alokairu babestua, alokairu babestura bideratutako etxebizitzen erosketa eta alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren lagapena" eta, azkenik, d) atalean "etxebizitzak jabetzan edo alokairuan lagatzeko sustapena helburu duen birgaitzea".

Agindu honek batera garatzen ditu adierazitako irudiak, helburu bikoitzarekin garatu ere, interpretazioa errazteko eta elementu berdinen araudi komun bat egiteko aprobetxatzeko hain zuzen ere. Era honetan, sistematika hobea lortzen da, azken helburu gisa alokairu-erregimena bultzatzea duten irudi ezberdinak (sustapenari lotuak zein lotu gabeak) biltzen baitira.

Adierazitako Dekretuko 43. artikuluak bi laguntza-mota arautzen ditu: finantzaketa kualifikatua eta zuzeneko diru-laguntzak.

Horren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuan eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko laguntzei buruzko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluko a), c) eta, zati batean, d) atalak garatzea da. Atal hauetan ondokoak biltzen dira babesteko moduko jarduketa gisa:

* Babes ofizialeko etxebizitza gisa kalifikatutako eraikuntza berriko etxebizitzak alokairuan, salmentan edo erabilera propioan lagatzeko sustapena eta etxebizitza librea alokairu babestuan jartzeko sustapena.

Berehala eraikitzeko helburuarekin egiten den lurzoruaren urbanizazioa Agindu honek araututako babesteko moduko jarduketatzat hartuko da, babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren barruan eta betiere itundutako etxebizitzei dagokienez.

Itundu gabeko sustapen pribatuen kasuan, lurzorua urbanizatzeko laguntzak arautzea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren beste Agindu baten xedea da.

* Etxebizitzaren alokairu babestua, alokairu babestura bideratutako etxebizitzen erosketa eta alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren lagapena.

* Babes ofizialeko etxebizitzak jabetzan edo alokairuan lagatzeko sustapena helburu duen birgaitzea, eta eskatzailearen ohiko bizilekuaz bestelako etxebizitzen birgaitzea alokairu babestuan jartzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako laguntzak.

Pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak izan daitezke babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko laguntzen onuradun (babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaile gisa).

2.– Alokairu babesturako laguntzak:

Ondoko pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak izan daitezke etxebizitzaren alokairu babesturako laguntzen onuradun:

a) arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairuan jartzeko etxebizitza librea sustatzen dutenak.

b) arau honek zehaztutako gutxieneko epean etxebizitza bat (librea edo babes ofizialekoa) alokairuan lagatzeko jabetzan hartzen dutenak.

c)gizarte-etxebizitzak sustatzen dituztenak eta arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzen dituztenei saltzeko konpromisoa hartzen dutenak.

d)ohiko bizilekuaz bestelako etxebizitza bat alokairu babestuan jartzeko birgaitzen dutenak.

3. artikulua.– Laguntza-motak.

Agindu honen babesean ondoko laguntza-motak eman ahal izango dira:

1.– Finantzaketa kualifikatua.

a) Mailegu kualifikatuak.

b) Banku-deskontuak.

2.– Zuzeneko diru-laguntzak.

a) Interes-tasaren sorospena, erabatekoa edo partziala.

b) Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak.

4. artikulua.– Babes daitezkeen jarduketak.

1.– Babes daitezkeen jarduketak ondokoak izango dira:

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena, erregimen orokorrekoena zein gizarte-etxebizitzena, eta etxebizitza berriaren sustapena zein birgaitze bidezko sustapena.

1.– Alokairuan jartzeko.

2.– Salmentan jartzeko eta erabilera propiorako.

b) Alokairua bultzatzea.

1.– Etxebizitza librearen sustapena arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairuan jartzeko (lehen alokairuaren kontratua bisatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita).

2.– Etxebizitza libre zein babes ofizialeko baten eskuratzea arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairuan lagatzeko (etxebizitzaren eskuratzeari buruzko eskritura publikoa formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita).

3.– Gizarte-etxebizitzen lagapena arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko (alokairuan jartzeko konpromisopean egindako etxebizitzaren besterentzeari buruzko eskritura publikoa formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita).

4.– Eskatzailearen ohiko bizilekuaz bestelako etxebizitza baten birgaitzea arau honek zehaztutako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko (lehen alokairuaren kontratua bisatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita).

2.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko beharrezkoa izango da Hitzarmen bat formalizatzea. Hitzarmen hori Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak sinatuko du, itundutako sustapenen kasuan izan ezik, hauetan esleipena lehiaketa publiko bidez egingo baita, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 30. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki. Prozedura horretan etekinen esleipena egingo da.

Etxebizitzak esleitzeko prozedura Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak egingo du Agindu honetan araututako babesteko moduko jarduketa guztietan, aurreko atalean aipatutako 315/2002 Dekretuaren 11.4 artikuluan aurreikusitako eta udal-korporazioei, tokiko erakunde autonomoei edo udal-elkarte publikoei lotutako kasuetan izan ezik, hauek Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren Agindu bidez arautuko baitira.

3.– Etxebizitzen gehieneko azalera erabilgarria 90 m2-ra bitartekoa izan daiteke, edota 120 m2-ra bitartekoa bost kideko edo gehiagoko bizikidetza-unitateentzat edo familia ugarientzat badira. Hala ere, etxebizitzak Birgaitze Integratuko Areetan kokatuta badaude, azalera 120 m2-ra bitartekoa izan daiteke.

Etxebizitzek diseinu-aginduetan jasotako bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, etxebizitzak ezin izango dira antolamenduz kanpoko gisa kalifikatutakoak izan.

4.– Aipatutako jarduketak ez dira babes daitezkeen jarduketatzat joko, horietatik eratorritako alokairuaren kontratuetan arau honek ezarritakoak baino txikiagoak diren epeetan errentariei jabetza lortzea ahalbidetzen dieten klausulak barne hartzen direnean.

5.– Etxebizitzak dagozkien Lurralde Ordezkaritzetan horretarako sortutako Erregistroetan barne hartuko dira. Erregistro horretan adieraziko dira egindako alokairu-kontratuak, horien luzapenak eta arau honek zehaztutako gutxieneko aldian izandako gainerako gertaera juridikoak.

6.– Etxebizitza horien gehieneko errenta babes ofizialeko etxebizitzen errenta gisa ezarritako gehienekoa izango da.

Edonola ere, artikulu honetan jasotako jarduketen titularrek gizarte-etxebizitzen gehieneko errenta ezarri ahal izango dute etxebizitzen gehieneko errenta gisa. Horrela eginez gero, horrelako kasuetarako ezarritako zuzeneko laguntza ekonomikoen onuradun izan daitezke.

7.– Alokairu babestuan jarriko den etxebizitza erosteko laguntzen kasuan etxebizitzak ezin izango dira babes ofizialekoak izan, ondoko baldintzak betetzen direnean izan ezik:

– Jabeak pertsona juridikoak izatea.

– Sozietatearen helburuan jarduera hau barne hartzea.

– Jarduketa babestuak gutxienez 5 etxebizitza barne hartzea.

II. KAPITULUA
ALOKAIRUAN JARTZEKO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA.

5. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa

Babes ofizialeko etxebizitzak –erregimen orokorrekoak zein erregimen berezikoak– eta gizarte-etxebizitzak 15 urteko epean (behin betiko kalifikaziotik aurrera kontatzen hasita) alokairuan jartzeko egiten den sustapena hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat. Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.

6. artikulua.– Mailegu kualifikatua.

1.– Gehieneko kopurua.-

Alokairuan lagatzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan, finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen gehieneko salmenta-prezioaren (etxebizitza saltzera destinatuz gero behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen prezioaren) %100ekoa izango da.

2.– Amortizazio-epea.

Amortizazio-epea 20 urtekoa izango da, aukerako gabeziako 3 urte osagarrirekin.

3.– Bermeak.

Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta, hala badagokio, kreditu-erakundeek mailegariari bermeak eskatu ahal izango dizkiote.

4.– Sustatzaileek emandako maileguaren guztizkoaren %100era bitartean erabili ahal izango dute, inbertsioaren garapenaren eta obrak egiteko erritmoaren arabera.

5.– Sustatzaileek kalifikaziotik aurrera 6 hilabeteko gehieneko epean formalizatu beharko dute mailegua, aldez aurretik banku-deskontua aukeratzen denean izan ezik. Halaber, formalizaziotik aurrerako 6 hilabeteko gehieneko epean egin beharko dute maileguaren lehen erabilera.

6.– Gabealdia behin betiko kalifikazioa ematen den egunean amaituko da.

7. artikulua.– Banku-deskontua.

1.– Kreditu-erakundeek eta babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek, aurreko atalean aipatutako sustatzailearentzako maileguez gain, eraikitzaile esleipendunek deskonturako aurkezten dituzten obra-egiaztagirien banku-deskontuko eragiketak hitzartu ahal izango dituzte eraikitzaile horien alde, kreditu-erakundeekin izenpetutako Hitzarmenean itundutako baldintzetan.

Horretarako, banku-deskontuko eragiketatzat joko da kreditu-erakundeak eraikitzaileari obra-egiaztagiri baten zenbatekoa aurreratzea bere kobrantza-eskubidea lagatzearen bidez.

Eragiketa horrek sortutako interesak –sustatzaileak ordainduko dituenak– ordaintzeko modua kreditu-erakundeekin izenpetutako finantza-hitzarmenean finkatutakoa izango da.

2.– Deskontu-linearen gehieneko kopurua hipoteka-maileguaren gehieneko kopuru gisa ezarritako berbera izango da eta gehieneko iraunaldia 3 urtekoa izango da, formalizaziotik aurrera kontatzen hasita.

3.– Eraikuntza-obra amaitzean hipoteka-mailegua formalizatuko da sustatzailearen eta kreditu-erakundearen artean. Hipoteka-mailegu hau aurreko artikuluan mailegu kualifikatuetarako adierazitako baldintza eta muga berberei lotuta egongo da, ondoko salbuespenekin:

– Gehieneko epea: 23 urte, deskontu-eragiketa formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.

– Gehieneko gabealdia: 3 urte, deskontu-eragiketa formalizatzen den egunetik aurrera kontatzen hasita.

– Mailegu kualifikatuaren interes-tasa: mailegua onartzen den unean deskontu-eragiketan indarrean dagoena; deskontu-eragiketan ezarritako mugaegunak eta aldakortasuna mantenduko dira.

Deskontu-eragiketaz gain sustatzailearentzako mailegua egiten denean, bien zenbatekoen baturari sustatzailearentzako maileguan egindako amortizazioak kenduta geratzen den kopuruak ezin izango du gainditu legez ezarritako gehieneko finantzaketa-zenbatekoa.

8. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.

1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen sustapenaren kasuan sorospena %2koa izango da eta gizarte-etxebizitzen errentarekin alokairuan lagatzen den kasuan berriz, sorospena %0koa izango da.

2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta, obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.

Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin izenpetutako hitzarmenari jarraiki.

9. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman ahal izango dira:

a) Urbanizazioa, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen eta alokairu-erregimeneko gizarte-etxebizitzen sustapen itundurako.

Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu horrengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako mugen barruan.

Nolanahi ere, diru-laguntza hau bateragarria izango da lehentasunez babes ofizialeko etxebizitzen sustapenera zuzenduko den lurzoruaren arloan babes daitezkeen jarduketen finantzaketari buruzko foru-araudian ezarritako laguntza ekonomikoekin; hala ere, araudi horren arabera emandako mailegu kualifikatuaren kopuruaren baliokidea izango den kopuruan murriztuko da.

b) Laguntza teknikoko gastuak, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen eta gizarte-etxebizitzen sustapenerako eta alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen sustapen itundurako.

Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean, halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren kostuak hartuta.

Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

c) Sustapenaren gastuak, alokairu-erregimeneko gizarte-etxebizitzen sustapenerako.

Abal-gastuetarako sustapenaren, finantza-gastuen eta sustapenaren gainerako gastuen guztizko kostuaren %10era bitartean.

d)Alokairu-pizgarriak:

– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak. Etxebizitzak saltzera destinatuz gero behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen gehieneko salmenta-prezioaren %10era bitartean, eta %15era bitartean birgaitze bidezko sustapenaren kasuan.

– Gizarte-etxebizitzak. Etxebizitzak saltzera destinatuz gero behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen gehieneko salmenta-prezioaren %15era bitartean, eta %20ra bitartean birgaitze bidezko sustapenaren kasuan.

2.– Sustatzailearentzako laguntzak ondoko eran jasoko dira:

a) Sustapenaren urbanizazio-kostuari dagokion diru-laguntza obra-egiaztagiria aurkeztean ordainduko da.

b) Ordainsari teknikoei dagokien diru-laguntza kostua egiaztatzen denean ordainduko da (ordainsari-kontuak aurkezten direnean).

Itundutako etxebizitzen kasuan, beharrezkoa izango da aldez aurretik Sail honetako Etxebizitza Zuzendaritzak deialdian edo hitzarmenean adierazitako epean proiektua onartzea.

c) Sustapenaren gastuei dagokien diru-laguntza sustatzaileak eskatzen duenean ordainduko da, aldez aurretik gastua justifikatu ondoren.

d) Alokairuari dagokion diru-laguntza bisatzeko alokairu-kontratuen gutxienez %40 aurkezten direnean ordainduko da, aurkeztutako kontratu-kopuruaren proportzioan.

III. KAPITULUA
SALMENTAN JARTZEKO EDO ERABILERA PROPIORAKO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA.

10. artikulua.– Mailegu kualifikatuak.

1.– Salmentan edo erabilera propioan lagatzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan, finantzaketa kualifikatuaren gehieneko kopurua etxebizitzen salmenta-prezioaren %80koa izango da.

Etxordeei dagokienez, finantzaketa kualifikatua etxordeen salmenta-prezioaren %60koa izango da kalifikazo-eskaeran eta aurrerago babes ofizialeko etxebizitzei lotetsita badaude, eta %30ekoa kalifikazio-eskaeran lotetsita ez badaude. Azken kasu honetan, finantzaketa kokatuta daudeneko eraikin, eraikuntza-unitate edo sustapenean dauden etxebizitzenaren berdina izango den etxorde-kopuru batera hedatuko da gehienez ere.

2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera, formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan alokairuan jartzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako xedatutakoak izango dira.

11. artikulua.– Banku-deskontua.

1.– Deskontu-linearen gehieneko kopurua hipoteka-maileguaren gehieneko kopuru gisa ezarritako berbera izango da eta gehieneko iraunaldia 3 urtekoa izango da, formalizaziotik aurrera kontatzen hasita.

2.– Salmentan jartzeko edo erabilera propiorako babes ofizialeko etxebizitzen sustapenaren kasuan, banku-deskontuaren baldintzak eta mugak 7. artikuluan alokairuan jartzeko etxebizitzen sustapenerako adierazitakoak izango dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman ahal izango dira:

a) Urbanizazio-gastuak, salmentan jartzeko edo erabilera propiorako babes ofizialeko etxebizitzen sustapen itundurako.

Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu horiengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako mugen barruan.

Diru-laguntza hau bateragarria izango da lurzoruaren arloan babes daitezkeen jarduketen finantzaketari buruzko foru-araudian ezarritako laguntza ekonomikoekin, Agindu honen 9.1 a) artikuluan ezarritako baldintzetan.

b) Laguntza teknikoa, salmentan jartzeko edo erabilera propiorako babes ofizialeko etxebizitzen eta gizarte-etxebizitzen eta salmentan jartzeko edo erabilera propiorako etxebizitzen sustapen itundurako.

Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean, halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren kostuak hartuta. Jenerotan egindako ekarpenekin ordezkatu ahal izango da, Agindu honen 9.1 b) artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu honen 9.2 a) eta b) artikuluan araututa dagoen eran jasoko dira.

IV. KAPITULUA
ALOKAIRUA BULTZATZEKO NEURRIAK
1. sekzioa- Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen sustapena.

13. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.

Etxebizitza libreak 15 urteko epean (lehen alokairuaren kontratua bisatzeko aurkezten denetik aurrera kontatzen hasita) alokairu babestuan jartzeko egiten den sustapena hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat. Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.

14. artikulua.– Mailegu kualifikatua.

1.– Gehieneko kopurua.

Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen salmenta-prezioaren %100ekoa izango da (babes ofizialeko etxebizitzen edo gizarte-etxebizitzen gehieneko prezioaren arabera kalkulatuta, etxebizitza-mota baten edo bestearen gehieneko errenta aukeratzen den kontuan hartuta), bisatzeko aurkeztutako salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.

2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera, formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan alokairuan jartzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako xedatutakoak izango dira.

Kalifikazio-datari buruzko aipamenak dagokion hitzarmenaren formalizazio-datari buruzkoak direla ulertuko da.

15. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.

1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen kasuan %2koa eta gizarte-etxebizitzen errentarekin alokairuan lagatzen direnen kasuan berriz, %0koa.

2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta, obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.

Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin izenpetutako hitzarmenari jarraiki.

16. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman ahal izango dira:

a) Laguntza teknikoko gastuak.

Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean, halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua idazteko kostuak eta obra zuzendaritza eta ikuskaritzaren kostuak hartuta.

Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

b) Alokairu-pizgarriak:

Erregimen orokorreko alokairu babestua. Behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %10era bitartean.

Gizarte-etxebizitzen erregimeneko alokairu babestua. Behin-behineko kalifikazioan agertu beharko zukeen gizarte-etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %15era bitartean.

2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu honen 9.2 a) eta b) artikuluan araututa dagoen eran jasoko dira.

2. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzen eskuratzea.

17. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.

Etxebizitza librea zein babes ofizialekoa 15 urteko epean (lehen alokairuaren kontratua bisatzeko aurkezten denetik aurrera kontatzen hasita) alokairu babestuan jartzeko eskuratzea hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat. Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.

18. artikulua.–Mailegu kualifikatua.

1.– Gehieneko kopurua.-

Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen salmenta-prezioaren %100ekoa izango da (babes ofizialeko etxebizitzen edo gizarte-etxebizitzen gehieneko prezioaren arabera kalkulatuta, etxebizitza-mota baten edo bestearen gehieneko errenta aukeratzen den kontuan hartuta), bisatzeko aurkeztutako salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.

2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera, formalizazio-data eta gabealdia 6 eta 14. artikuluetan xedatutakoak izango dira.

3.– Amortizazioa eta kreditu-erakundearen interesak barne hartzen dituzten kuotak konstanteak izango dira eta sei hilabetean behin sortuko dira, ordainketa edozein delarik ere.

19. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.

1.– Erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen errentarekin alokairuan jartzeko etxebizitzen kasuan %2koa eta gizarte-etxebizitzen errentarekin alokairuan lagatzen direnen kasuan berriz, %0koa.

2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta, obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.

Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa izango da, kasuan kasu, kreditu-establezimenduekin izenpetutako hitzarmenari jarraiki.

20. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza eskuratzeko pizgarriak ondokoak izango dira:

Etxebizitza librea edo babes ofizialeko etxebizitza babes ofizialeko erregimen orokorreko alokairuan jartzeko eskuratzea: babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %10era bitartean, bisatzeko aurkeztutako salerosketa-kontratuaren hobekuntza-datan.

Etxebizitza librea edo babes ofizialeko etxebizitza gizarte-etxebizitzako erregimeneko alokairuan jartzeko eskuratzea: gizarte-etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %15era bitartean, aurreko atalean adierazitako datan.

2.– Aurreko puntuan araututako bi kasuetan, laguntzak 5 puntutan gehituko dira Birgaitze Integratuko Areetan.

3.– Diru-laguntza hori etxebizitzaren lehen alokairu-kontratua bisatzeko aurkeztu ondoren jasoko da, egindako salerosketari buruzko eskritura publikoan formalizatu eta hiru hilabeteko gehieneko epean.

3. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko gizarte-etxebizitzen lagapena.

21. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.

1.– Sustatutako etxebizitzak 15 urteko epean (lehen alokairuaren kontratua bisatzeko aurkezten denetik aurrera kontatzen hasita) alokairu babestuan jartzeko eskuratzea hartzen da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat. Epe horretan ezin izango da aldatu etxebizitzaren erabilera.

2.– Laguntza hauek lortu ahal izateko, etxebizitzen sustatzaileak dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko du etxebizitzen salmenta-kontratua (alokairuan jarriko dituen operadoreari hain zuzen ere), era honetan laguntzak emateko exijitutako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko.

22. artikulua.– Mailegu kualifikatua.

1.– Gehieneko kopurua.

Finantzaketa kualifikatua etxebizitzen eta etxordeen salmenta-prezioaren %100ekoa izango da.

2.– Amortizazio-epea, bermeak, maileguaren erabilera, formalizazio-data eta gabealdia 6. artikuluan xedatutakoak izango dira.

23. artikulua.– Interes-tasaren sorospena.

1.– Sorospena erabatekoa izango da, sorotsitako interes-tasa %0koa izanik.

2.– Mailegu kualifikatuen kasuan sorospen hori gabealdian nahiz amortizazioan zehar hedatuko da eta, obra-egiaztagirien deskontu-lineen kasuan berriz, indarraldi osoan, betiere etxebizitzen xedeari eusten zaion eta araudian adierazitako baldintzak betetzen diren bitartean.

Aurreko zenbakietan ezarritako baldintzak egiaztatzen ez direnean, maileguen amortizazioa administrazioak emandako eta baimendutako interes-tasen araberakoa izango da, kasuan kasu, kreditu-erakundeekin izenpetutako hitzarmenari jarraiki.

24. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Diru-laguntzak ondoko kontzeptuengatik eman ahal izango dira:

a) Urbanizazioa.

Kostu horien %100era bitartean, sustatzaileak kontzeptu horrengatik egindako gastuen konpentsazio gisa eta babes ofizialeko etxebizitzen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako mugen barruan.

b) Laguntza teknikoko gastuak.

Laguntza teknikoaren guztizko kostuaren %100era bitartean, halakotzat eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-proiektua idazteko kostuak eta obraren zuzendaritza eta ikuskaritzaren kostuak hartuta.

Diru-laguntza ekonomiko hau jenerotan emandako ekarpenekin ordezkatu ahal izango da, araudian eta izenpetzen den hitzarmenean ezarritako baldintzetan.

c) Alokairu-pizgarriak.

Gizarte-etxebizitzen erregimeneko alokairu babestua.– Gizarte-etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioaren %20ra bitartean, eta %25ekoa gizarte-etxebizitzen birgaitze bidezko sustapenaren kasuan.

2.– Sustatzailearentzako diru-laguntzak Agindu honen 9.2 a), b) eta d) artikuluan araututa dagoen eran jasoko dira.

4. sekzioa.– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren birgaitzea.

25. artikulua.– Babes daitekeen jarduketa.

1.– Laguntzaren eskatzailearen ohiko bizilekura destinatzen ez diren etxebizitzen birgaitzea hartuko da Agindu honek babes dezakeen jarduketatzat.

2.– Laguntza hauek lortu ahal izateko, jarduketari dagokionez ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren 7. artikuluan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren 2. artikuluan eta hurrengoetan oro har jasotzen diren baldintzak betetzea exijituko zaie birgaitze-jarduketak egiten direneko etxebizitzen titularrei.

Horrez gain, ondokoa exijituko da:

a) Titularrak edo titularrek etxebizitza 10 urteko gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko konpromisoa hartzea.

b) Birgaitzeko jarduketaren babesteko moduko aurrekontua –etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduan xedatutakoaren arabera kalkulatua– 18.000 eurotik gorakoa izatea.

3.– Laguntza-ildo honen ondorioetarako, etxebizitzen elementu pribatiboetan soilik egiten diren birgaitzeko jarduketak besterik ez dira hartuko babesteko modukotzat.

26. artikulua.– Diru-laguntzak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez, itzuli beharrik gabeko diru-laguntza pertsonal bat emango du alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren birgaitze-jarduketa hauetarako, babes daitekeen aurrekontuaren, obra-motaren eta etxebizitza alokairu babestuan jartzeko konpromiso-epearen arabera.

2.– Kopuruak.

Etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren 9.2 artikuluan barne hartutako obren kasuan, 1 eta 2. moten barruan (eraikinaren egitura eta eraikuntza egokitzeko obrak eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzei egokitzeko obrak), babes daitekeen aurrekontuan ondoko portzentajeak aplikatuta emango da diru-laguntza:

– 10 urteko alokairua

Birgaitze Integratua %35

Birgaitze Bakana %25

– 15 urteko alokairua

Birgaitze Integratua %40

Birgaitze Bakana %30

3.– Diru-laguntzen gehieneko kopurua.

Aurreko paragrafoan araututako kasuetan, birgaitze integratuaren gehieneko muga 5.400 eurokoa izango da eta birgaitze bakanarena berriz, 3.800 eurokoa.

4.– Birgaitzearen titularrek jaso beharreko itzuli beharrik gabeko diru-laguntzaren kopurua 60 eurokoa izango da gutxienez.

5.– Hala badagokio, diru-laguntza hauek etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren aplikazioaren ondoriozko laguntzen osagarriak izango dira eta, beraz, bateragarriak izango dira.

V. KAPITULUA
LAGUNTZEN KUDEAKETA

27. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko baldintzak.

1.– Alokairuan jartzeko, salmentan jartzeko edo erabilera propiorako babes ofizialeko etxebizitzen sustapenerako laguntzak.

a) Zuzeneko diru-laguntzak dauden guztietan, beharrezkoa izango da Hitzarmen bat izenpetzea diru-laguntza horiek finkatzeko eta etxebizitzen esleipen-prozedura Sailak ezarritakoari egokitzeko, Agindu honen 4.7 artikuluan jasotako salbuespenetan izan ezik.

b) Alokairuan jartzeko sustapenaren kasuan, sustatzaileak ondoko beste baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Gutxienez 5 urteko iraupena izango duten alokairu-kontratuak izenpetzea.

2.– Urtero, azkeneko hiruhilekoan, etxebizitzen egoera zehaztuko duen txostena aurkeztea dagokion Lurralde Ordezkaritzan. Horrekin batera alokairu-kontratuen kopia aurkeztu beharko da.

3.– Erabilera-aldaketa behin betiko kalifikazioa eman eta 15 urte igaro ondoren soilik baimendu ahal izango dira. Hala egiten ez bada, zuzeneko diru-laguntzak eta legezko interesak itzuli beharko dira.

2.– Alokairu babestua sustatzea.

a) Etxebizitzak babes ofizialeko etxebizitzen edo, errenta sozialaren kasuan, etxebizitza sozialen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei alokatzea.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren esleipen-prozedura hasteko Agindua duten kasuak alde batera utzita, honakoak izango dira aintzat hartuko diren aldiak:

Diru-sarreren baldintzari dagokionez: alokairu-kontratua sinatzen den egunaren aurreko zergaldia.

Etxebizitza-beharreko zirkunstantziei eta azken bi urteetan babes ofizialeko beste etxebizitza baten esleipendun ez izateko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak etxebizitza erosteko ematen dituen laguntzen onuradun ez izateko baldintzei dagokienez: alokairuaren kontratua sinatzen den egunaren aurreko 10 urteak.

b) Arau honetan kasu bakoitzerako ezarritako gutxieneko iraupena izango duten alokairu-kontratuak izenpetzea.

c) Urtero, azkeneko hiruhilekoan, etxebizitzen egoera zehaztuko duen txostena aurkeztea dagokion Lurralde Ordezkaritzan. Horrekin batera alokairu-kontratuen kopia aurkeztu beharko da.

d) Zuzeneko diru-laguntzak eta horien interesak kasu bakoitzean finkatutako gutxieneko epeak igaro aurretik erabilera-aldaketa gertatzen denean ordainduko dira, data hauetatik aurrera kontatzen hasita:

salerosketaren eskritura publikoa ematen den egunetik hasita, alokairu babesturako erosten denean eta alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren sustapenaren eta aurreragoko lagapenaren kasuan.

lehen alokairu-kontratuaren bisatua egiten denetik, alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen sustapenaren kasuan.

Halaber, zuzeneko diru-laguntzak itzuli egingo dira etxebizitzak urtebete baino gehiagoko guztizko epean alokairuan lagatzen ez direnean, kasu bakoitzean finkatutako epeen barruan (edo elkarren hurrenekoak ez diren bi urtetan).

28. artikulua.– Eskabideen aurkezpena, lekua eta dokumentazioa.

1.– Eskabideak dagokion Lurralde Ordezkaritzara bidaliko dira, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein moduren bitartez igorri ahal izango dira. Lurralde Ordezkaritzak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzara igorriko ditu honek kudea ditzan.

2.– Eskabidearekin batera, 27. artikuluak aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioaz eta eskatzailearen nortasuna –eta, hala badagokio, honek duen ordezkaritza– egiaztatzen duenaz gain, ondokoa aurkeztu beharko da:

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena.

1. Finantzaketa kualifikatua:

Behin-behineko kalifikazioa lortu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.

2. Zuzeneko diru-laguntzak:

Sustapenari buruzko azterlan ekonomikoa eta organo eskudunak laguntzak emateko eska dezakeen beste edozein dokumentazio.

b) Alokairu babesturako laguntzak.

– Etxebizitza alokairu babestuan jartzeko konpromisoa, arauan ezarritako baldintzei jarraiki; errentariak ordaindu beharreko gehieneko errenta zehaztuko da.

– Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren eskuratzearen kasuan, salerosketa-kontratua edo esleipen-dokumentua.

– Gizarte-etxebizitzen sustapenaren eta alokairu babestuan jartzeko etxebizitza horien lagapenaren kasuan, etxebizitzak alokairu babestuan jarriko dituen erakunde bati lagatzeko konpromisoa.

– Organo eskudunaren iritziz formulatutako eskaera ebazteko beharrezkoa den beste edozein.

29. artikulua.– Kudeaketa-organoa eta eskaeren ebazpena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko zereginak egitea Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzari dagokio.

2.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Halaber, hala egin ezean Ebazpen bidez bere eskaera atzera egintzat hartuko dela adieraziko zaio. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurreikusitako baldintzetan egin beharko da.

3.– Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen itunduen kasuan, esleipena lehiaketa bidez egingo da, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 30. artikuluan eta hurrengoetan eta garatzen duen araudian xedatutakoari jarraiki. Prozedura horretan etekinen esleipena egingo da.

Agindu honek araututako gainerako jarduketa babestuetan, laguntzak Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira eta, ematen direnean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuak izenpetu beharreko bidezko Hitzarmena formalizatuko da.

4.– Aurreko puntuan adierazitako Hitzarmenean ondoko alderdiak eta konpromisoak jasoko dira:

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena alokairuan jartzeko, salmentan jartzeko eta erabilera propiorako:

– Sustapenaren titularraren zehaztapena.

– Eraikinak eraiki beharreko lurzoruaren, hirigintza-ezaugarrien eta lurzoruaren lagapen-erregimenaren (lagapenik izanez gero) zehaztapena.

– Sustapenaren xede diren etxebizitzen, ekipamenduen eta urbanizazioaren ezaugarri eta moten zehaztapena.

Jarduketen egutegia.

– Izenpetzaile bakoitzak sustapenerako egindako ekarpenen zehaztapena.

– Etxebizitzen erabilera-erregimenaren zehaztapena.

– Sustapenaren finantza-neurriak.

– Etxebizitzen esleipendunak aukeratzeko prozedura Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak egingo duela espresuki jasoaraztea, indarrean dagoen araudiaren arabera.

b) Alokairu babestua bultzatzea:

Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen sustapenaren, alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren eskuratzearen eta alokairuan jartzeko etxebizitzaren birgaitzearen kasuetan, etxebizitza Agindu honetan aurreikusitako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko konpromisoa jaso beharko da espresuki Hitzarmenean.

Etxebizitzak alokairu babestuan jarriko dituen hirugarren bati besterentzeko gizarte-etxebizitzen sustapenaren kasuan, Hitzarmenean, aurreko paragrafoan adierazitako konpromisoaz gain, aurreko a) atalean jasotako zehaztapenak jasoko dira, ondoko espezialitateekin: seigarren puntua aldatu egin beharko da kasu honetan eta, bere ordez, etxebizitzen erabilera-erregimena espresuki jasoaraziko da (jabetzan, alokairu babestuan jartzeko saldu arte); halaber, Agindu honetan aurreikusitako gutxieneko epean alokairu babestuan jartzeko hirugarren bati saltzeko konpromisoa jasoko da espresuki Hitzarmenean.

5.– Diru-laguntzen eta laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze edo zigor prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.

6.– Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ematen duen ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuordearen aurrean.

7-. Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzen birgaitzerako laguntzen kudeaketari, izapideei eta ebazpenari dagokienez, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren (etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoaren) 11 eta 12. artikuluetan xedatutakoari lotu beharko zaio, dagokion hitzarmenaren beharrezko formalizazioaren kaltetan izan gabe.

30. artikulua.– Ordainketa.

1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ondoko eran ordainduko dira:

a) Finantzaketa kualifikatua, banku-deskontua eta interes-tasen sorospena.

Laguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin berariazko finantza-hitzarmena izenpetu duten kreditu-erakundeetako baten bitartez ordainduko dira (eragiketa kreditu-erakunde honekin formalizatuta egongo da).

Maileguaren guztizko kopuruak ezin izango du gainditu, ezein kasutan, sustapenaren guztizko kostuaren eta sustatzaileari ematen zaizkion diru-laguntzen (alokairurako pizgarri gisa emandakoak salbuetsita) arteko diferentzia.

b) Diru-laguntzak:

Laguntza hauek zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari.

Sustapenaren guztizko kostuan oinarrituta (hau da, alokairurako pizgarri gisa emandako diru-laguntzak salbuetsita) kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoa proportzioan murriztuko da obraren azken kostua txikiagoa den kasuetan. Sailean sustapenaren zuzendari fakultatiboaren azken obra-egiaztagiria aurkeztu beharko da eta, bertan, sustapenaren guztizko kostuak agertu beharko du nahitaez.

2.– Laguntzak ordaintzeko ondokoa izango da beharrezkoa:

a) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapena alokairuan jartzeko, salmentan jartzeko edo erabilera propiorako.

Laguntzak ordaintzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik babes ofizialaren behin-behineko kalifikazioa lortzea.

Urbanizaziorako diru-laguntzaren kasuan, igorpen partzialen bidez ordainduko da, aldez aurretik bidezko obra-egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

Igorpen horien zenbatekoa zehazteko, zenbateko horren eta aurkeztutako egiaztagiriaren bidez egiaztatutako gastuaren arteko portzentajeak emandako diru-laguntzaren eta laguntza emateko kontuan hartutako burutzapen-aurrekontuaren arteko berbera izan behar duela hartuko da kontuan.

b) Alokairua sustatzea:

Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza librearen sustapenaren kasuan, mailegu kualifikatua eta sorospena jasotzeko bidezko hitzarmena sinatu beharko da.

Horrez gain, diru-laguntza jasotzeko egindako lehen alokairu-kontratua dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko da bisa dezaten. Alokairu-kontratuan berariaz eta nahitaezko klausula gisa adieraziko da etxebizitzaren errentariak etxebizitza hori bizileku ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko eta prest dagoenetik hasita hilabeteko epean bertan bizitzeko konpromisoa bere hain hartzen duela. Bertan bizi dela egiaztatu beharko du udal-ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori aipatutako hilabeteko epean aurkeztu beharko da dagokion Lurralde Ordezkaritzan.

Alokairu-kontratuarekin batera lurralde-ordezkaritzan errentariaren bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Agiri horiek alokairu-kontratua sinatu aurreko azken zergaldiari dagozkionak izango dira, Pertsona Fisikoen gaineko Zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren.

Alokairu babestuan jartzeko etxebizitza eskuratzen den kasuan, finantzaketa kualifikatua eta sorospena jasotzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik salerosketa eskritura publiko batean formalizatzea.

Diru-laguntza jasotzeko egindako lehen alokairu-kontratua dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko da bisa dezaten, egindako salerosketa eskritura publikoan formalizatzen denetik hiru hilabeteko gehieneko epean, aurreko atalean aurreikusitako baldintza berberetan.

Hirugarren bati lagatzeko (honek alokairu babestuan jar ditzan) gizarte-etxebizitzen sustapenaren kasuan, mailegu kualifikatua eta sorospena jasotzeko beharrezkoa izango da etxebizitzaren behin-behineko kalifikazioaz gain etxebizitza eskuratuko duen erakundearekin egindako salerosketa-kontratua aurkeztea. Kontratu horretan alokairu babestuan jartzeko konpromisoa jasoaraziko da.

Ondoren, dagokion eskritura publikoa aurkeztu beharko da konpromiso horrekin batera.

Diru-laguntzak ordaintzeko beharrezkoa izango da sustatzaile eskatzailearen eta alokairuan jartzeko konpromisoa bere gain hartzen duen hirugarrenaren artean egindako etxebizitzen salerosketaren eskritura publikoa aurkeztea.

Alokairu babestuan jartzeko etxebizitzaren birgaitzearen kasuan, diru-laguntza jasotzeko beharrezkoa izango da egindako lehen alokairu-kontratua dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkeztea bisa dezaten, aurreko ataletan adierazitako baldintza berberetan.

31. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako baldintzak bateragarriak izango dira beste Herri Administrazio batzuek helburu berarekin ematen duten beste edozein laguntzarekin.

Berehala eraikitzeko lurzoruaren urbanizaziorako laguntzak –Agindu honetan sustapen itunduetarako aurreikusitakoak– eta lurzoruaren eta urbanizazioaren arloko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduan araututakoak ez dira ezein kasutan bateragarriak izango.

2.– Beste laguntza batzuk jasoz gero, guztien baturak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jarduketen kostua. Bestela, bidezko izapideak egin ondoren, emandako laguntza murriztuko da dagokion kopuruan.

3.– Agindu honetan araututako alokairu babestuan jartzeko etxebizitza birgaitzeko diru-laguntzak bateragarriak dira etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko 2002ko abenduaren 30eko Aginduaren aplikazioaren ondoriozko laguntzekin.

32. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek, nolanahi ere, ondoko betebeharrak izango dituzte:

– Diru-laguntza emakidaren xede izan den helbururako erabiltzea.

– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen zaien informazioa ematera.

33. artikulua.– Laguntzen baldintzen aldaketa.

Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok (betiere helburua betetzat hartuta) eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako beste diru-laguntza eta laguntza batzuen lorpenak, laguntzen emakidari buruzko hitzarmena aldatzea ekar dezake. Ondorio horietarako, Finantza Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

34. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

Aurreko baldintzetako edozein ez betetzeak, bidezkoak diren administrazio-izapideak egin ondoren, emandako sorospena etetea eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ordura arte sorospen eta/edo diru-laguntza gisa (ordainketatik sortutako berandutza-interesak gehituta) ordaindutako kopuruak itzuli beharra ekarriko du.

Babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko laguntzen kasuan, ondorio berberak izango dira ezarritako hasierako programazioa Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenik gabe aldatzen denean edo programazio hori betetzean izandako atzerapenek dagokion hitzarmenean ezarritako eraikuntza-epeak betetzeko ezintasuna agerian uzten dutenean (justifikatutako arrazoien kasuan izan ezik).

35. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta interesatuek, bere aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzitarako Sailaren aurrean, bi hilabeteko epean argitaratzen denetik aurrera kontatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren Agindu bidez, diru-laguntza ildo honetarako laguntzak finantzatzeko kontsignatutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bigarrena.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du gainditu dagokion kontsignazioa edo eguneratzearen ondoriozkoa, indarrean dagoen legeria aplikagarriari jarraiki aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuan. Beraz, adierazitako zenbatekoa amaitu ondoren ez da beste laguntzarik emango eta kreditua amaitu izana Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailburuaren Agindu bidez.

Hirugarrena.– Hala ere, araudi honetan jasotako erregulazioari jarraiki emateko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikoen gabeziagatik soilik ukatzen diren eskaerak hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, betiere eskatzaileak dagokion Lurralde Ordezkaritzari idatzitako idazki batean eskaera baldintza berberetan mantentzeko duen asmoa adierazten badu.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.– 4. artikuluan aipatzen diren eta 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduketa finantzagarriek izango dute Agindu honetan bildutako diru-laguntzak 2003ko ekitaldian zehar jasotzeko aukera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera, indargabetuta geratzen dira Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuaren 2000ko abenduaren 26ko Agindua (babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko finantza-neurriei buruzkoa), alokairu babesturako eta etxebizitzak alokairu babestuan jartzeko erosteko finantza-neurriei buruzko data bereko Agindua eta Agindu honetan xedatutakoaren aurkako xedapen guztiak, horien babesean sortutako egoerei aplikatzen jarraitzearen kaltetan izan gabe.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean eta indarrean sartu ondoren aurkezten diren eskabideei aplikatuko zaie.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 30a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala