Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
7421

313/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortu zen Gobernu programan gauzatutako interesari erantzuteko asmoz, Eusko Legebiltzarrean eskatutako analisian aurrera egiteko eta Lehendakariak eskatuta. Zuzendaritza berri honen helburua arreta zuzen eta gertuagoa ematea da terrorismoaren biktimei eta bere familiei, baita terrorismoaren fenomenoari lotutako edozein indarkeria, xantaia, bortxakeria edo jazarpen pairatzen duten pertsonei ere.

Esku harmeneko ildo horretan, orain aldatuko den Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretua onetsi zen. Ukituen beharrizanak aztertu ondoren, aldarazpen honen bidez tutoretzako alderdi berriak sartuko dira. Hala ere, biktimak babesteko eragingarria dela agerian geratu den guztia mantenduko da, baina kolektibo horri zor zaizkion prestazioak hobetzeko ahalegina egingo da.

Alde horretatik, eta aurreko arauak esparru psikologikoan ematen zuen babesaren gaineko hobekuntza aipagarri gisa, terrorismoaren biktimen osasun psikologikoaren beharrizan bereziak gogobetetzeko beste laguntza bat sartu dugu. Orain arte, terrorismoaren biktimen laguntza psikologikoa eta psiko-soziala zeharka ari zen gauzatzen, kalte pertsonalak eragindako ekintza terroristen biktimen laguntza psikologikoa eta sostengu psiko-soziala sustatzen zuten elkarteei laguntzak emanez. Hala ere, laguntza horien kudeaketa hobetzeko asmoz, eta biktimen beharrak sakonago aztertu ondoren, egokia eta beharrezkoa iritzi diogu Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak berehalako laguntza, arin eta eragingarriagoa, emateari. Horrela, beharrizan psikologikoak zuzenean arintzen saiatzeko ekintza terroristek biktimengan uzten dituzten ondorio psikologikoei aurre egiteko behar den sostengua emateko erantzukizuna bere gain hartuko du.

Azken finean, azaldutako arrazoiengatik, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren erreforma partziala egitea komeni dela ikusi dugu, babesaren esparruak kalte pertsonal eta materialak soilik hartu barik, gizarte eta laguntza izaerako beste inguruabar batzuk ere har ditzan. Hortaz, atentatu terrorista baten ostean sortzen den arazo-multzoaren aurrean ematen den babesean beste urrats bat egingo dugu aurrera.

Horregatik, Ogasun eta Herri Administrazio Saileko, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko sailburu andreek eta Herrizaingo Saileko, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako, eta Osasun Saileko sailburu jaunek proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2002ko abenduaren 30ean izandako bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 4. artikuluaren 2. atala ezabatuko da.

Bigarren artikulua.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuari 4. bis artikulua gehituko zaio:

" 4. bis artikulua.– Laguntza psikologikoa eta psiko-soziala

1. Kalte pertsonalak eragiten dituzten ekintza terroristen kasuetan behar litekeen laguntza psikologikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Osasun Zerbitzuari atxikitako baliabideaz gain, Dekretu honetan aurreikusitako beste mekanismoen bidez ere eman ahal izango da.

2. Ukitutakoaren beharrizanengatik, edo kasu bereziengatik behar izango balitz, biktimentzat, senideentzat edo beraiekin bizi direnentzat behar diren banako tratamendu psikologikoak finantzatu ahal izango dira. Horretarako laguntza amaitutako hiruhilekoka jasoko da, egindako gastuen eta esku hartu duten profesionalei ordaindutako sarien jatorrizko fakturak aurkeztu ondoren. Norbanako tratamendu bakoitzeko ez dira emango 3.100 euro baino gehiago.

Laguntza psikologiko hori ez da, arrazoi berberengatik, beste herri Administrazioren batek eman litzakeen izaera bereko laguntzekin bateragarria izango.

3. Arestiko lerroaldean esandako prestazioaren eskubideaz baliatzeko, ondoko prozedurari jarraituko zaio:

a) Interesatuak eta, adingabea edo ezgaitua bada, bere gurasoek edo tutoreak, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzara joko dute, dagokien laguntza eskatzeko, eta eskariarekin batera fakultatibo publiko batek egindako txostena aurkeztuko dute. Txosten horretan, pazientearen edo ikaslearen egoera edo diagnostikoa, komeni den tratamendua eta gutxi gorabeherako iraupena zehatz-mehatz deskribatuko dira.

b) Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eskatzaileak jasoko duen laguntzaren gaineko ebazpena emango du, hartutako dokumentazioa eta, izatekotan, batera etorritako txostenak ikusi ondoren,."

4. Artapen edo laguntza psiko-soziala eman ahal izango da, Dekretu honen III. Tituluan aurreikusten dena egiteari dagokion mekanismoen bidez.

Hirugarren artikulua.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 28. artikuluko 2. atala berriro idatziko da, honela:

"2. Euskal osasun sistemaren prestazioak berariazko araudian aurreikusitako prozedurei doituko zaizkie.

Laugarren artikulua.– Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 35. artikuluko 2. atala berriro idatziko da, honela:

"2. Herrizaingo Saileko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza izango da Dekretu honetako II. kapituluko 4 bis artikuluan, V., VI. eta VII. kapituluetan araututako laguntzen ebazpenak emateko erakunde eskuduna. Emango den ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herrizaingo sailburuari."

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Gasteizen, 2002ko abenduaren 30ean

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua

M. ANGELES IZTUETA AZKUE.

Herrizaingo Saila,

JAVIER BALZA AGUILERA.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Osasun sailburua,

GABRIEL M. INCLAN IRIBAR.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala