Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7420

297/2002 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan arautzen dituena.

2001eko uztailean aurkeztu zen Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Plana, eta bere helburu nagusia zen "familiek nahi duten seme-alaba guztiak eduki ahal izateko oztopo ekonomikoak eta gizarte- eta lan-esparruko oztopoak gainditzea". Planaren helburu nagusia da familia-bizitzaren eta laneko bizitzaren arteko elkar ulertzea lortzea, eta zentzu horretan, familiei laguntzeko hainbat neurri aurreikusi dira, hala nola, familiak bizi duen egoeraren arabera hiru urte baino gutxiagoko haurren hezkuntza-arreta eta familiek dituzten lan-aukerak eta familiaren etorkizuna bateragarri egitea ahalbidetuko duten ordutegi malguak sustatzea.

Jaio eta bizitzako lehenengo urteetan haurrei eskaintzen zaien heziketa erabakigarria izango da haurrak gizabanako gisa izango duen garapenean. Familiari dagokio, lehenik eta behin, haurra heztea, familia baita haurra gizarteratzen lagunduko duen eragile nagusia, izan ere, familiaren eraginaren bitartez sendotzen eta azpimarratzen dira haurraren nortasuna egituratuko duten oinarrizko balioak, haurraren adimen-gaitasuna eta afektibitate-gaitasuna garatzen dira, eta helduen kultura igortzen da. Heziketa jasotzeko eskubidea ziurtatzen duten Botere Publikoei dagokie, berriz, familiei haurrak hezteko orduan laguntzea, horretarako neurri egokienak sustatuko direlarik.

Horrez gain, Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Planaren baitan zehazten denaren arabera, familiek lagundu beharreko premia berriak dituzte, bai familien egitura anitzak direla eta, bai emakumeak lan-merkatuan gero eta parte-hartze handiagoa duelako, eta bai adin-txikikoei eskaini beharreko arretari dagokionez familia osatzen duten kideen arteko lan-banaketa orekatuagoa delako.

Bestalde, 2002ko otsailaren 8an, Eusko Legebiltzarrak 0-3 urte bitarteko zikloaren ezarpenari buruzko ez Legezko Proposamena onetsi zuen; ez Legezko Proposamen horren arabera, 0-3 urte bitarteko zikloaren izaera nagusia hezitzailea eta unitarioa da, LOGSEn eta Euskal Eskola Publikoaren Legean zehaztuta dagoen bezala, eta gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Haur Hezkuntzaren lehenengo zikloaren ardura bere gain hartzeko, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio hezkuntza-eskaintzaren plangintza eta koordinazioa burutzea eta etorkizunean berau kudeatzea, eta hori guztia, behin-behinekoz, ziklo honetan eskumenik duten Sail eta Erakunde desberdinekin elkarlanean egingo da.

Euskal Autonomia Erkidegoan 0-3 urte bitarteko haurrei tipologia eta baldintza anitzeko zentroetan eskaintzen zaie hezkuntza-arreta: udalaren haur-eskola, haurtzaindegi pribatuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen mendeko haurtzaindegiak, bi urteko haurrak zentro pribatuetan eta zentro publikoetan eskolatzeko gelak. Lurraldeak eta udalerriak aztertuz gero, eskaintza publikoa eta eskaintza pribatua oso desberdinak dira. Modu berean, lurralde eta udalerri bakoitzean egiten den eskaera aldatu egiten da batetik bestera. Eta egoera horren aurrean ezinbestekoa da hiru urtetik beherako haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-arreta arautzea, hartara adin horretako haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-arreta kalitatezkoa izango dela ziurtatzeko eta familiei laguntza eskainiko zaiela ziurtatzeko, eta azkenik, familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren arteko bateragarritasuna lortzeko.

Honako Dekretu honen xedea da arestian aipatu dugun Seme-Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Planean egindako aurreikuspenak betetzea, hala nola, hiru urtetik beherako haurrei eskaini beharreko hezkuntza-arreta eta laguntzako zerbitzua, Legebiltzarrean egindako eskaerak betetzea eta egungo egoerari erantzun egokia ematea; horretarako, zero urtetik hiru urtera luzatzen den zikloaren helburuak zehaztu behar dira, kalitatezko zerbitzua eskaintzeko baldintzak arautu eta antolatu behar dira, zentroen titulartasunak eta erregimena eta baimentze-prozesua finkatu behar dira. Horren guztiaren helburua da haurrei eskaintzen zaien hezkuntza-arretaren eta familiei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea ziurtatzea eta esparru honetako premia berezietara egokitzeko antolakuntza eta kudeaketa malgua duen zentroaren eredua da sustatuko dena.

Dekretu honen arabera, 0-3 urteko zikloa arautzeko eta antolatzeko, jarraian aipatzen den araudia izango da erreferentzia:

Alde batetik aintzat hartu behar da Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak, Hezkuntza Sistemaren Antolamenduari buruzkoak, 7. artikuluan xedatutakoa, hau da, Haur Hezkuntza 0-6 urte arteko harrei begira egingo dela, eta bertan garatuko direla haurraren gaitasun fisikoak, adimen-mailakoak, afektibitate-gaitasunak, gizarte-mailako gaitasunak eta gaitasun moralak. Haur-hezkuntzako zentroek gurasoekin edo tutoreekin elkarlanean jardungo dute, hezkuntza-etapa honetan funtsezkoa baita beren lana. Modu berean, Haur Hezkuntzaren izaera borondatezkoa dela zehazten du aipatu Lege Organikoak. Hala ere, Herri Administrazioek ziurtatu behar dute egiten diren eskaera guztiei erantzuteko adina plaza-kopuru egongo dela; eta xede horrekin, Hezkuntza Administrazioek koordinatu beharko dute Herri Administrazio desberdinetako Haur Hezkuntzan eskaintzen diren eskola-postuak, eta gainera, ziklo desberdinak eskaintzen dituzten zentroetako pedagogia-taldeen arteko harremanak ziurtatuko dira. Modu berean, haur-hezkuntzaren baitan haurrei dagokienez garatu beharreko gaitasunak zeintzuk diren zehaztuko da. Haur-hezkuntzako lehen-zikloan honako alderdi hauek landuko dira: mugimenduaren garapena, gorputzaren kontrola, komunikazioaren eta hizkuntzaren lehen-agerpenak, elkarbizitzaren eta gizarte-harremanen funtsezko jarraibideak eta ingurune hurbila ezagutzea. Azkenik, Hezkuntza Administrazioen ardura izango da haur-hezkuntza garatzea. Eta hori guztia egin ahal izateko, Toki Korporazioekin, bestelako Herri-administrazioekin eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin hitzarmenak eta/edo kontsortzioak egiteko baldintzak zehaztuko dira. 6. Xedapen gehigarrian zehazten da haur-hezkuntzako haurrak hartzen dituzten zentro pribatuei administrazio-baimena emateko gogoan hartu beharreko printzipioa.

Abenduaren 27ko 24/2001 Legeak, Zerga, Administrazio eta Gizarteko Neurriei buruzkoak, urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoa aldatu du, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzkoa, eta aldaketaren ondorioz hezkuntza-sistemaren antolamendu berriaren ezarpen-egutegia bi urtetan luzatu da.

Ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuan eta irailaren 6ko 1330/1996 Errege Dekretuan xedatzen dira, hurrenez hurren, haur-hezkuntzako zentroek bete beharreko gutxieneko baldintzak eta curriculumaren oinarrizko alderdiak. Apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretuak arautzen du ikastetxe pribatuen baimentze-prozedura, MEC lurraldearen kudeaketa-esparruari dagokionez. Modu berean, 1994ko azaroaren 26ko Aginduak 1004/1991 Errege Dekretuaren 4. xedapen gehigarrian ezarritakoa zehaztu egiten du, MEC lurraldearen kudeaketa-esparruan, eta unibertsitateaz kanpoko eta araubide orokorreko irakaskuntzak eskaintzen dituzten zentroek bete beharreko gutxieneko baldintzak azpimarratzen dira.

Otsailaren 19ko Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legearen 1. atalean zehazten denez, "botere publikoek ziurtatuko dute, euskal eskola publikoa osatzen duten zentroen bitartez, hiru urtetik gora, haur guztien eskolatzea doakoa izango dela unibertsitateaz kanpoko izaera orokorreko irakaskuntzaren maila orotan". Modu berean, 2. atalaren arabera, "Hezkuntza-administrazioaren ardura izango da, beste hainbat Administraziorekin eta gizarte-eragilerekin elkarlanean, zero urtetik aurrerako eskolatzearen mailakako ezarpena egitea hala eskatzen dutenen artean, eta hezkuntza-sektore desberdini emango zaie haurrak eskolatzeko aukeraren berri. Edonola izanda ere, ezarpen-prozesuaren baitan lehentasuna emango zaie maila sozioekonomiko baxuen duten zonei, eta orokorrean, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei edo hizkuntz premia bereziak dituztenei. Halaber, Laugarren Xedapen Gehigarrian xedatzen denez, 9. artikuluaren 2. atalean aipatzen den zero urtetik hasita haurrak eskolatzeko helburua betetzeko, eskolatzearen ardura izango duten irakasleen gaikuntza antolatzeko neurriak zehaztuko dira.

Indarrean dagoen araudia garatzeko, abuztuaren 11ko 236/1992 Dekretuak zehaztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako curriculuma. Modu berean, 1992ko abuztuaren 13an Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak emandako Aginduaren bitartez ezarri zen Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako bigarren zikloa. Azkenik, eta Euskal Eskola Publikoaren Legeko laugarren Xedapen Gehigarria betetzeko, Haur Hezkuntzako irakasleak trebatzeko ikastaroen deialdiak egin dira, 1995eko urriaren 25eko Aginduaren eta 1996ko urriaren 1eko Aginduaren bitartez.

Landa-esparruari dagokionez, apirilaren 8ko 10/1998 Legearen, Landa Garapenari buruzkoa, 3.4 artikuluan zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-esparrua garatzeko politikak hezkuntza-esparruan dituen helburuak; horien artean aurkituko ditugu: landa-biztanleriak hezkuntza-eskaintza osoa jasotzeko aukera ziurtatzea, landa-berezitasunak kontuan hartuko dituzten irizpide eta baremoekin, eta hezkuntza-eskaintza pixkanaka-pixkanaka landa-ingurunera hurbiltzea.

Honako dekretu honetan zehaztutako guztiak izaera iragankorra eta esperimentala du eta 2002/2003 eta 2003/2004 ikasturteetara mugatuko da; epea amaitzerakoan egindako lana ebaluatu egingo da, eta helburu nagusia da esparru honetan izandako premien aurrean erantzuna ahalik eta egokiena izatea.

Esandako guztia kontuan hartuta, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza Sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailburuak proposatuta, eta Gobernuaren Batzorde Juridiko Aholkulariaren eta Landaberriren aldeko txostena irakurri ondoren, eta 2002ko abenduaren 17an Gobernu Kontseiluaren bileran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT
I. KAPITULUA
XEDEA, EREMUA ETA HELBURUAK

1. artikulua.– Dekretuaren xedea eta eremua

1. Dekretuaren xedea da zero-hiru urte bitarteko adin-txikikoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-arreta eta laguntza-zerbitzua emateko helburuak behin-behinekoz eta esperimentalki 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan antolatzea eta zehaztea, bai eta zerbitzu honek bete beharreko kalitatearen baldintzak zehaztea eta haur horiek hartzen dituzten zentroen titulartasunak eta zentroak irekitzeko eta martxan jartzeko baldintzak ezartzea.

2. Honako Dekretua Euskal Autonomia Erkidegoan zero-hiru urte bitarteko haurrentzako Haur Eskola guztietan izango da aplikagarri, zentroen titulartasuna edozein izanik ere.

2. artikulua.– Helburuak.

Zero-hiru urte arteko haurrentzako heziketa-arreta eta laguntzako zerbitzuaren xedeak jarraian zehazten dira:

a) Familiekin batera, haurraren garapen integrala sustatzea; haurra hezteko eta gizarteratzeko orduan garrantzi berezia emango zaie haurraren eskubideen errespetuari, haurraren ongizate psikofisikoari eta haurraren gaitasun guztien garapenari: afektibitate-mailakoak, sentimen- eta mugimen-gaitasunak, ezagutza-mailakoak, eta harreman- eta gizarte-gaitasunak

b) Desberdintasunak prebenitzeko eta horiek orekatzeko heziketa sustatzea, gizartean baztertuen daudenei arreta berezia eskainiko zaielarik edo berdintasunaren alde lan egingo delarik.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan elebitasuna bermatzeko baldintza egokiak ahalbidetzea eta sustatzea.

d) Familiei laguntzeko zerbitzu bat eskaintzea: hiru urte baino gutxiago dituzten haurrak zaintzeko zerbitzu bat, Seme Alabak dituzten Familiei Laguntzeko Planaren baitan, familia-bizitzaren eta laneko bizitzaren arteko bateragarritasuna errazteko.

e) Landa-zonetako biztanleriak izaera hezitzailea eta laguntzailea duen zerbitzua eskuratzeko aukera edukitzea (2000ko martxoaren 14ko Europako Batzordearen Erabakian zehaztutako landa-zonak).

II. KAPITULUA
ZERBITZUAREN KALITATEA

3. artikulua.– Hezkuntza- eta laguntza-proiektua.

1. Dekretu honek adierazten duen arreta ematen duten zentroak izaera hezitzailea eta laguntzailea duten zerbitzu espezializatuak dira; beren helburu nagusia da hiru urtetik beherakoei hezkuntza-arreta eskaintzea, eta familiei laguntzeko zerbitzu bat eskaintzea, hartara familiek nahi duten haur-kopurua izateko duten eskubidea ziurtatzeko, familien premia desberdinei erantzun ahal izateko eta familia-bizitzaren eta laneko bizitzaren arteko elkar ulertzea errazteko. Zentro horiek guztiak zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolak izenez ezagutuko dira, oro har.

2. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskoletako zerbitzuaren hezkuntza-arreta eta gizarte-arreta kalitatezkoa izango dela ziurtatzeko Hezkuntza eta Laguntza Proiektu bat idatzi behar da eta bertan zehaztuko dira Haur Eskolaren jardueraren, antolakuntzaren eta funtzionamenduaren oinarrizko lerroak. Zero-hiru urte arteko Haur Eskolen kasuan, zentroaren Hezkuntza eta Laguntza Proiektua idazteko eta horren jarraipena egiteko orduan, familien parte hartzea sustatuko da eta, euren titulartasun mota edozein izanik ere, antolamendu eta funtzionamendu demokratikoak izango dituzte.

4. artikulua.– Unitate bakoitzeko haurren gehienezko ratioa

1. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskoletan, baimendutako unitate bakoitzeko honako hau izango da gehienezko haur-kopurua:

– Urtebete baino gutxiagoko haurren unitateak: 1/8

– Urtebeteko haurren unitateak: 1/13

– Bi urteko haurren unitateak: 1/18

2. Eskolan ez badago ratioa betetzeko adina haurrik, adin desberdineko haurrak unitate berean multzokatzeko baimena lortu ahal izango da, jarraian zehazten diren ratioen arabera:

– 0-1 urte bitarteko haurren unitateak: 1/7

– 1 eta 2 urteko haurren unitateak, edo 0, 1 eta 2 urteko haurren unitateak: 1/10

3. Haurraren adinaren, garapen psikosozialaren, eskualdeko arreta-premien eta pareko bestelako ezaugarrien arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak haurrak/unitatea erlazioa aldatzeko (gehitzeko zein gutxitzeko) baimena eman dezake salbuespen bezala, bai eta taldeak modu desberdin batean antolatzeko baimena ere.

4. Dekretu honetako hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den bezala, landa-testuinguruko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurrengana zuzentzen diren hezkuntza- eta laguntza-zerbitzuetan unitate bakoitzeko izango den haur-kopurua arautzeko orduan, aipatu landa-testuinguruaren berariazko ezaugarriak hartuko dira kontuan.

5. artikulua.– Irakasteredu elebidunak eta hizkuntz trataera.

1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio irakasteredu elebidunen eskaintza planifikatzeko irizpideak jartzea. Horretarako, Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri-Legeak dioen moduan, besteren artean gurasoen edo tutoreen nahia eta zonaldearen izaera soziolinguistikoa hartuko dira kontuan.

2. Hutsetik hiru urtera arteko haur-eskola guztietan, berdin du publiko zein pribatu, Euskal Eskola Publikoaren 20. artikuluak eta hamargarren xedapen gehigarriak diotenenaren haritik irakasteredu elebidunak aplikatuko dira.

3. Hutsetik hiru urtera arteko haur-eskolen hezkuntza- eta laguntza-proiektuak zera jasoko du, besteak beste: kasuan kasuko ikastegiak finkatu beharreko hizkuntz trataera, hiru urtetik beherako neska-mutilen ezaugarri eta beharrizan psikoebolutibo zein pedagogikoetara egokitu eta zehazteko. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariazko orientabideak eskainiko ditu oinarrizko irizpideak finkatzeko.Era berean Euskararen Erabilera Normaltzeko Oinarri Legeak 17. artikuluan dioena, euskal girotze-lanari buruzkoa, betetzeko zer neurri hartuko diren azalduko ditu hezkuntza- eta laguntza-proiektu horrek

6. artikulua.– Ordutegia eta egutegia

1. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolek zerbitzu zabala eskaini behar dute, familia-bizitzaren eta lan-munduaren arteko bateragarritasuna errazteko. Hala ere, eta orokorrean, haurrak ezin dira zentroaren barruan 8 ordu baino gehiago eduki. Haur Eskola bakoitzak landuko du bere ordutegia eta zehaztuko ditu ordutegia zabaltzeko eta ordutegia malgua egiteko baldintzak, haurren eta familien premien arabera. Edonola izanda ere, Haur Eskolen ordutegiaren baitan zerbitzuaren hezkuntza- eta laguntza-funtzioa ziurtatuko da.

2. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolek ikasturteen antzeko egutegia eskainiko dute, hau da, irailean hasi eta zerbitzua 10-12 hilabetetan irekita egongo da.

3. Landa-esparruko zero urtetik hiru urtera bitarteko laguntza- eta hezkuntza-zerbitzua testuinguru bakoitzaren berariazko premietara egokituko da.

7. artikulua.– Haur-hezitzaileak.

1. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskoletan lan egiten duten profesionalak hiru urtetik beherako haurren hezkuntza-premiak asetzeko kualifikatuak egongo dira, 1004/91 errege-dekretuaren 14. eta 15.1 artikuluetan zehazten denaren arabera Profesionalek, kasu bakoitzaren arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte titulazioari dagokionez:

a) Maisu/maistraren titulua edukitzea, Haur Hezkuntzako espezialitatearekin, edo hala badagokio, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen eskolaurreko espezialistaren titulua edukitzea.

b) Haur Hezkuntzako Goi Teknikariaren titulua edo Haurtzaindegiko Teknikari Espezialistaren titulua edukitzea.

c) Haur Hezkuntzan jarduteko homologazioa edo gaikuntza Hezkuntza Administrazioaren eskutik lortzea, hala dagokionean, landa-zonan zero-hiru urteen tarteko haurren laguntza- eta hezkuntza-zerbitzuetan hezitzaile gisa jarduteko homologazioa edo gaikuntza edukitzea.

2. Hutsetik hiru urtera arteko haur-eskoletako hezitzaileek, kasuan kasuko ikastegiaren irakasteredu elebidunaren arabera, hezkuntzako lehen edo bigarren hizkuntz eskakizuna egiaztatu beharko dute.

8. artikulua.– Instalazioak.

1. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolen instalazioei eta baldintza materialei dagokienez, ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuak Haur Hezkuntzako Zentroetarako ezartzen dituen baldintzak bete beharko dira. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan 1994ko azaroaren 26ko Aginduan ezarritako gutxieneko baldintzak aplikatuko dira (1994ko azaroaren 24ko BOE), zeinek aldi berean, ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretuko 4. xedapen gehigarria garatzen duen, hain zuzen, demografia-ezaugarri bereziei edo eskola-ezaugarri bereziei erantzuten dieten zentroetara zuzendutakoa.

2. Hala ere, aipatu ditugun baldintza guztien gainetik Dekretu honetako Bigarren Xedapen Iragankorrean zehaztutakoa hartuko da kontuan.

3. Landa-zonei dagokienez, honako Dekretu honen hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen den moduan, agindu bat emango da landa-zonetan kokatutako zerbitzuek bete beharreko gutxieneko baldintzak arautzeko, Haur-Eskolarik ez dagoen lekuetan.

III. KAPITULUA
TITULARTASUNAK ETA BAIMENTZE-PROZEDURA

9. artikulua.–Titulartasunak

Hiru urte baino gutxiagoko haurren heziketa- eta laguntza-jarduera titulartasun publikoko edo pribatuko eskoletan eskaini ahal izango da, betiere Dekretu honetan zehaztutako gutxieneko baldintzak eta eskakizunak betetzen badira.

10. artikulua.– Haur Eskolak baimentzea

1. Zero urtetik hiru urtera bitarteko titulartasun pribatuko Haur Eskolak irekitzeko eta martxan jartzeko, edo eskolen sorrera eragin zuten baldintzak aldatzeko, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren administrazio-baimena lortu behar da.

2. Baimena lortzeko, Eskolek honako Dekretu honetan zehaztutako gutxieneko baldintzak eta funtzionamendu-arauak bete behar izateaz gain, kasu honetan erabil daitezkeen arau guztiak ere bete beharko dira.

3. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolak sortzeko eta martxan jartzeko baimen-eskaeren inguruko erabakia Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eman behar du.

4. Zero urtetik hiru urtera bitarteko Haur Eskolek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikuskapen-zerbitzuaren kontrola izango dute.

5. Honako Dekretu honetako hirugarren xedapen gehigarrian definitutako landa-zonetan hiru urtetik beherako haurren Laguntza- eta Hezkuntza-Zerbitzuak irekitzeko eta martxan jartzeko eta horien sorrerako baldintzak aldatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren administrazio-baimena lortu behar izango da, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aldeko txostena izanik.

11. artikulua.–Haurrak onartzeko irizpideak

Kasuan kasuko gaiari dagokion araudiarekin bat etorriz eta eragindako erakundeen iritzia entzun ostean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko ditu zero eta hiru urte bitarteko haurrak zentro publikoetan onartzeko irizpide orokorrak eta Dekretu honek adierazten duen arreta emateko diru-laguntzarik jasotzen duten zentroetan haurrak onartzeko irizpide orokorrak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Honako Dekretu honetan zehaztutako aldi iragankorrak irauten duen bitartean, Hezkuntza Administrazioak, planifikatze alorrean dituen eskumenak erabiliaz, plazen eskaintza koordinatuko du eta horretarako Haur Eskolen Mapa egingo du honako irizpideei jarraiki:

1. Euskal Eskola Publikoaren Legeak 9. artikuluko 2. zatian xedatutakoa beteaz, lehentasuna emango zaie maila sozioekonomiko baxuen duten zonei, eta orokorrean, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei edo hizkuntz premia bereziak dituztenei.

2. Titulartasun publikoko Haur Eskolak sustatuko dira.

3. iru urte arteko adin txikikoentzako egungo eskaintza sendotuko da.

4. Zero-hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntza- eta laguntza-arreta ematen duten Haur Eskolen kopurua pixkanaka-pixkanaka areagotuko da non eta egun ziklo horren eskaintza ez duten zonetan, eta Haur Eskolen Mapak horrelako zerbitzua beharrezkotzat jotzen duen zonetan.

5. Eskaintzarik egon ez eta mota honetako zerbitzuren beharra dagoen landa-zonetan hiru urtetik beherako haurrentzako zentro eta zerbitzu berriak sortzea sustatuko da.

Bigarrena

1. Gaur egungo haurtzaindegi zein udal-titulartasunko Haur Eskoletako eskaintza sendotu ahal izateko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen haur-eskolak edota haurtzaindegiak sortu dituzten Toki Korporazioekin hezkuntzako Administrazioak hitzarmenak egingo ditu, betiere Eusko Jaurlaritzak euskal erakundeekin batera garatuko duen eskaintza publikoa zabaltzeko geroan egin daitezkeen jardueren kaltetan gabe.

2. Xede horrekin, ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdi bat egingo du 0-3 urte bitarteko haurrei arreta eskaintzen dieten Haur Eskoletako arduradunak diren Toki Erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko; bertan zehaztuko dira finantzaketaren kantitateak, horretarako aurreikusitako kontu-sailaren kontura izango direnak. Hitzarmen horien indarraldia ikasturte osoan luzatuko da eta urtero berrituko dira. Finantzaketa jasoko duten kantitateak zehazteko Haur Eskolan betetako plazak hartuko dira kontuan, bai eta ikasturtean izandako plazen bariazioa ere.

Hirugarrena.

1. Modu berean, Dekretu honek arautzen duen aldi iragankorrak irauten duen bitartean, Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gaur egungo eskaintza sendotzeko eta beharrezkoa denean hedatzeko diru-laguntzen deialdiak egingo ditu zero-hiru urte bitarteko Haur Eskoletako ikasturte bakoitzari zuzenduta eta, zentzu horretan, kontuan hartuko da Dekretu honetako Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoa.

2. Haur Eskolentzat osatutako diru-laguntzak EAEko Ogasun Orokorraren Planeko IV. Tituluak dioenaren arabera emango dira eta honakoak dira ezaugarriak:

a) Objektua: laguntzen helburu nagusia da zero-hiru urte bitarteko Haur Eskolen kostuak gutxitzea eta zero-hiru urte bitarteko Haur Eskolen eskaintza eta kalitatea hobetzen laguntzea. Orain aurkezten ditugun laguntzak Herri Administrazioko edo Erakunde Pribatuetako mendeko bestelako erakundek emandako laguntzekin bateragarriak dira, baldin eta guztien artean diru-laguntzaren objektuaren gastuaren %100 gainditzen ez badu.

b) Onuradunak: Diru-laguntzak jasoko dituzte titulartasun pribatuko hiru-zero urte bitarteko Haur Eskolek, baldin eta Dekretu hau indarrean sartu baino lehenagotik zerbitzua eskaintzen badute. Horrez gain, deialdi hauetan parte hartu ahal izango dute titulartasun pribatuko zero-hiru urte bitarteko Haur Eskolek, Haur Eskolen Maparen arabera beharrezkotzat jotzen bada.

c) Zenbatekoa: Laguntzaren zenbatekoa betetako plaza bakoitzaren arabera zehaztuko da eta ezinezkoa da Seme Alabak dituzten Familientzako Laguntzen Erakunde arteko Planean tarte bakoitzari dagokionez zehaztutako finantzaketa-portzentajeak gainditzea. Plaza bakoitzari dagokion zenbatekoa zehazteko betetako plaza-kopurua, eredu elebidunen eskaintza, zerbitzua eskaintzeko orduan antzinatasuna eta Haur Eskolen egutegia hartuko dira kontuan.

d) Prozedura: Honako Dekretu honetan eta Deialdian bertan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten zero-hiru urte bitarteko Haur Eskola guztiek jasoko dituzte diru-laguntzak.

3. Zero-hiru urte bitarteko Haur Eskolen laguntzen deialdietan honako alderdi hauek zehaztuko dira, gutxienez: deialdiaren aurrekontu-baliabideak, Haur Eskolek aurkeztu beharreko eskarien eta dokumentazioaren epea, eskariak ebaluatzeko batzordearen osaera, konponbideak ematen dituen organoa eta onuradunen betekizunak. Diru-laguntza ordaintzeko bi epe zehaztu dira: ordainketa bat ez da lehenengo hiruhilekoan emandako kantitatea baino %30 gehiagokoa izango eta bigarren ordainketan emango da gainontzeko kantitatea, uztailaren 30 baino lehen, baldin eta Haur Eskolari eskatutako dokumentazioa aurkeztu bada.

Laugarrena.

1.– Landa-zonetan edo zona isolatuetan bizi diren hiru urtetik beherako haurrei arreta eskaintzeko neurriak hartuko dira, testuinguru horretan bizi diren haurrei hezkuntza-zerbitzua eskaintzeko eta gurasoei laguntza eta arreta eskaintzeko.

2.– Xede horrekin, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailarekin eta Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza Sailarekin koordinaturik, landa-zonetako hiru urtetik beherako haurrei laguntza- eta hezkuntza-zerbitzuak eskaintzeko baldintzak zehaztuko ditu, 2000ko martxoaren 14ko Europako Batzordearen Erabakian definituta ageri denaren arabera; guztia 1260/1999 EB Araudiko 4. Artikuluaren 9. Atalaren c) letran eta 6 atalean xedatutakoarekiko bat etorriz.

3.– Modu berean, Eusko Jaurlaritzak Toki Erakundeekin eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal ditu aipatu zonetan bizi diren 3 urtetik beherako haurrentzat laguntza-zerbitzuak eta hezkuntza-zerbitzuak sortzen laguntzeko.

Bosgarrena.

1. Dekretu honetako 7. artikuluan xedatutako guztiaren kaltetan izan gabe,1995 urtetik etengabe hiru urtetik beherako haurrei arreta eskaintzen dieten zentroetan lan egiten duten pertsonek beren lanpostuak garatzen jarraituko dute profesional espezialista bezala 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.

2.– Modu berean eta Euskal Eskola Publikoaren Legearen Laugarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldi iragankorrean Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko trebakuntza-ikastaroak antolatuko ditu, aurreko paragrafoan aipatutako esperientzia profesionala ziurtatu duten baina titulazio nahikoa ez duten profesionalentzat.

Seigarrena.

Haur Eskoletako langileek prestakuntza eta birziklapenerako berariazko programa bat jarraituko dute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatutako Irakasleen Prestakuntza Planaren baitan.

Zazpigarrena.

Ikasleak onartzeko orduan, Haur Eskolak ezin dira haur hezkuntzako zentroetara eta/edo lehen-hezkuntzako zentroetara atxiki. Haur Hezkuntzako Bigarren Ziklora sartzeko prozedura egokia ezarri beharko da, otsailaren 4ko 14/1997 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.

Honako Dekretu hau indarrean sartu baino lehen, izapidetan zeuden haur-hezkuntzako zikloa eskaintzeko Haur Eskolek aurkeztutako baimentze-eskaerek Dekretu honetan aurreikusitakoa bete beharko dute.

Bigarrena.

Dekretu hau indarrean jartzean administrazio-baimenik ez duten zero-hiru urte bitarteko umeentzako Haur Eskolek, zero-hiru urte bitarteko umeentzako Haur Eskolaren baimena lortu ahal izateko Dekretu honetan aurreikusten diren baldintzak bete beharko dituzte. Horretarako abuztuaren 2ko 835/2002 Errege Dekretuko bigarren artikuluan aurreikusitako epeak bete beharko dira, eta horren arabera, Hezkuntza Sistemaren Antolamendurako Lege Orokorraren Lehenengo Xedapen Gehigarrian hamalau urtera zabaltzen da denbora-esparrua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.

Honako Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailburuak, Nekazaritza eta Arrantza Sailburuak eta Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza Sailburuak.

Bigarrena.

Honako Dekretu honetan xedatutakoaren aurka dauden eta maila berekoak edo baxuagokoak diren lege-xedapen guztiak indargabetuta daude.

Hirugarrena.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

Mª ANGELES IZTUETA AZKUE

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVIN

Justizia, Lan eta Gizare Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAÉNZ DE SAMANIEGO BERGANZO


Azterketa dokumentala