
246. zk., 2002ko abenduaren 26a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
7353
300/2002 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Sociedad Gas de Euskadi SAri Sociedad Gas de Euskadi Transporte SAU sozietate berrian parte hartzeko baimena ematen diona.
Ondasun eta zerbitzuen merkatuan lehia areagotzeko presako neurriei buruzko 2000ko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Dekretuko 7.5 artikuluak honakoa xedatzen du: 59. artikuluko 2. paragrafoan zehaztuta dagoen gas naturalaren oinarrizko sarean barne hartutako instalazioetako baten titularrak diren sozietateek gasaren sektorean izan dezaketen helburu sozial bakarra da 58. artikuluko 2. paragrafoan zehaztutako garraio-jarduera. Era berean, aukera izango dute garraioko sare sekundarioko gasbideak edukitzeko sozietatearen aktiboen artean, eta barruko kontabilitatean bereizita eduki beharko dituzte birgasifikazio-, biltegiratze- eta garraio-jardueren gaineko kontuak.
Sociedad de Gas de Euskadi SAk garraio eta banaketa jarduerak burutu izan ditu sortu zenetik eta, abenduaren 22ko 2069/1995 Errege Dekretuak xedatzen duenez, sozietateak garraiolari izaera du.
6/2000 Legeak xedatutakoa bete ahal izateko, ezinbestekoa da garraio- eta banaketa-jarduerak juridikoki bereiztea, eta horretarako Gas de Euskadi Transporte SAU sozietatea sortu da. Sozietatearen helburua gas naturala garraiatzea izango da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 20.3 artikuluak honakoa xedatzen du: sozietate publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoak edo erkidego horretako erakundeak sozietate horietako partaide bilakatu ahal izateko, Jaurlaritzaren dekretua beharko da.
1/1997 Legegintza Dekretuaren 22. artikuluak dio aurreko artikuluetan jartzen duena bete egin behar bada ere, sozietate publikoek, berez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarenak diren gaiak direla-eta, gai horien inguruan berariaz aplikatu behar zaizkien xedapenak bete beharko dituztela; eta, xedapen horiekiko kontraesanik ez badakar, zuzenbide pribatua bete beharko dutela.
Sociedad de Euskadi SAren administratzaile bakarrak Gas de Euskadi Transporte SAU sozietate berria eratzeko erabakia hartu zuen 2002ko azaroaren 18an. Sozietate berriari garraio-jarduera esleitu eta eskualdatuko zaio.
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Gas de Euskadi, SA sozietateari Sociedad Gas de Euskadi Transporte, SAU sozietate berrian parte hartzeko hirurogei mila eta berrehun (60.200) eurorekin. Zenbateko horrekin sozietatearen hasierako kapitalean %100eko parte hartzea izango du Gas de Euskadi, SA sozietateak.
2. artikulua.– Aurrerago kapitala zabaldu egingo da jardueren arlo bat eskualdatzeagatik. Horretarako, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren txostena beharko da.
AZKEN XEDAPENA
Argitaratzen den egunean hartuko du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2002ko abenduaren 17an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
RSS