Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2002ko abenduaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
7193

288/2002 DEKRETUA, abenduaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilbao Exhibitions Centre SA» sozietate anonimoaren kapital zabalkuntzan parte hartzeko eta harpidetza egiteko lehentasunezko eskubideari uko egiteko baimena emateko dena.

«Bilbao Exhibitions Centre SA» sozietatea honako helburuak dituen enpresa bat da: sozietateak berak edo hirugarrenek era guztietako higiezinak sustatzea, eraikitzea, artatzea eta errendamendu bidez ustiatzea, edo higiezinak saltzea edo legeak agintzen duen edozein eratan higiezinak lagatzea, baldin eta higiezinak zuzenean nahiz zeharka sozietatearen jarduera burutzeko badira.

Sozietatearen Administrazio Kontseiluak erabaki du Akzionisten Batzar Nagusiari kapital zabalkuntza bi onartzeko proposamena egitea. Zabalkuntza bat 33.233.172 eurokoa izango da eta bestea 6.010.121 eurokoa, eta biak aurten egitekoak.

Lehenengo kapital zabalkuntza 33.233.172 eurokoa izango da. 33.233.172 akzio jaulkiko dira, bakoitza euro batekoa eta 45.828.337tik 79.061.508ra arte zenbatuta (bi horiek barne) egongo dira.

Bigarren kapital zabalkuntza 6.010.121 eurokoa izango da. 6.010.121 akzio jaulkiko dira, bakoitza euro batekoa eta 79.061.509tik 85.071.629ra arte zenbatuta (bi horiek barne) egongo dira.

Administrazio Kontseiluak zabalkuntzen gainean egin duen txostena aztertu da eta erabaki da lehenengo kapital zabalkuntzan parte hartzea, baina bigarrenean ez parte hartzea. Izan ere, administrazioak harpidetza egiteko lehentasunezko eskubidea erabiliko du bigarren kapital zabalkuntzari uko egiteko.

Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 44.1 artikuluan xedatzen denez, edozein eratako sozietateak sortzeko baimena eta EAEko Administrazioak sozietate horietako partaidetzak erosteko baimena dekretuz emango dira. Horretarako proposamena egin beharko dute ente publiko horiek menpean dituen saileko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasun sailburuak elkar hartuta.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko abenduaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilbao Exhibitions Centre SA» sozietatearen kapital-zabalkuntza harpidetzeko. Horretarako, hamasei milioi seiehun eta hamasei mila bostehun eta laurogeita sei (16.616.586) euroko ekarpena egingo du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak.

2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilbao Exhibitions Centre SA» sozietateak egin nahi duen 6.010.121 euroko kapital-zabalkuntzan harpidetza egiteko lehentasunezko eskubideari uko egiteko.

Kapital-zabalkuntzak egin ondoren, sozietatearen kapitala laurogeita bost milioi hirurogeita hamaika mila seiehun eta hogeita bederatzi (85.071.629) eurotan finkatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak %40,83ko parte hartzea izango du sozietatean.

3. artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari eskumena ematen zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, harpidetza egiteko behar diren ordainketak eta ekarpenak egin ditzan eta horrela akzio guztien zenbatekoa estali, lehentasunezko harpidetza eskubideari uko egin diezaion eta aurreko artikuluan xedatzen direnak betetzeko beharrezkoak diren egintzak burutu ditzan.

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak Dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko abenduaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala