Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2002ko abuztuaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4569

182/2002 DEKRETUA, uztailaren 23koa, Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuetako hizkuntza eskakizunak zehazteko irizpideak eta derrigortasun-datak ezartzeko dena.

Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean euskaraz nahiz gaztelaniaz ikasteko eskubidea aitortzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiei hezkuntzako maila guztietan.

Printzipio hori Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legean ere jasotzen da; izan ere, 18. artikuluan ikasleen “bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazmena benetakoa izan” behar dela baieztatzen da.

Irakaskuntza euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubide hori ikasleei bermatzearren, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren bidez ezarri ziren hizkuntza–eskakizunak eta derrigortasun–datak irakasleen lanpostuetan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezkoaren Ondoko ikastetxeetarako berariazko arauak, ordea, urtarrilaren 18ko 6/2000 Dekretuan ezarri ziren.

Hala ere, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretu horretan hainbat gairen inguruko irizpideak zehaztu barik geratu ziren, hala nola, Araubide Bereziko Irakaskuntzarenak, Helduen Hezkuntzarenak, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoarenak, eta azkenik, Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuenak. Abenduaren 11ko 343/2001 Dekretuan ezarri ziren, bestalde, Hezkuntzako Ikuskaritzako lanpostuetarako hizkuntza–eskakizunen berariazko araubidea eta derrigortasunak. Horrez gain, otsailaren 13ko 25/2001 Dekretuan eta abenduaren 26ko 386/2001 Dekretuan ezarri zen Ikerketa eta Irakaskuntzari Laguntzeko Zerbitzuen lanpostuetako hizkuntza–eskakizunen araubidea. Arautu gabe geratzen ziren hutsuneak, beraz, Araubide Bereziko Irakaskuntzak (Hizkuntza Eskola Ofizialak, Musika Kontserbatorioak, Arte Eskolak...) eta Helduen Hezkuntza dira, eta hartara dator honako Dekretu hau.

Ondorioz, Euskadiko Eskola Kontseiluari eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Kultura sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko uztailaren 23ean egindako bilkuran aztertu eta gero, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Dekretu hau Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxe publikoetan Araubide Bereziko Irakaskuntzako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuei aplikatuko zaie.

2. artikulua.– Dekretu honen aplikazio-eremuan sartutako irakasleen lanpostuetan ezarri beharreko hizkuntza–eskakizunak 1HE eta 2HE dira, eta martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan daude jasota.

3. artikulua.– Lanpostuen hizkuntza–eskakizuna eta derrigortasun–data, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrez onarpen txostena eginda, Jaurlaritzak onartu beharreko lanpostuen zerrendetan zehaztuko da. Derrigortasun–datatik aurrera, hizkuntz eskakizuna ezinbesteko baldintza izango da lanpostu hori lortzeko eta bertan jarduteko.

4. artikulua.– Dekretu honen eraginpeko irakasleen lanpostuen hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data zehazteko ohartemandako denboraldia, hamar urteko plangintzarako aldia izango da, bosna urteko aldi bitan banatuta. Dekretu honen ondorioz onar daitezen irakaspostuen zerrendak argitaratzen diren egunaren biharamunean hasiko da kontatzen plangintzarako aldi hori.

5. artikulua.– EAEko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzako Irakasleen Kidegoen otsailaren 19ko 2/1993 Legearen Hamabosgarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoarekin bat, Irakaskuntzako Funtzio Publikora lehenengo aldiz sartzen denak 1 edo 2 hizkuntza–eskakizuna frogatu beharko du.

6. artikulua.– Hizkuntza–eskakizunak, lanpostua lortzeko eta betetzeko derrigorrezkoa ez den bitartean, euskaraz jakiteari meritu gisa eman behar zaion balorazioa erabakitzeko balioko du bakar–bakarrik.

7. artikulua.– Dekretu honen eraginpeko irakaslegoaren hizkuntza–eskakizunak egiaztatzeko prozedura eta salbuespenen araubidea honako dekretu hauek osatzen dituzte: araubide orokorreko irakaskuntzako irakasle publikoentzat, oro har, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuan finkatuta dagoena; hizkuntza eskakizuneko homologazio eta baliokidetasun sistema ezartzen duen martxoaren 10eko 42/1998 Dekretuan ezarritakoa; eta irakasleen hizkuntza eskakizunak eta EGA ziurtagiriaren arteko baliokidetasunak ezarri, eguneratu eta berresten dituen urriaren 6ko 263/1998 Dekretuan ezarritakoa.

8. artikulua.– Araubide Bereziko Irakaskuntzetako eta Helduen Hezkuntzako irakasleen lanpostuetako hizkuntza–eskakizunak eta derrigortasun–datak hurrengo irizpide hauek kontuan harturik ezarriko dira:

a) Ikastetxearen eraginpeko eskualdearen euskaldunen portzentaia eta beste ezaugarri soziolinguistikoak.

b) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko plangintza, ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan ikasteko aukera benetan bermatzearren.

c) Eskualdeko ikastetxeek ematen duten euskarazko hezkuntza-eskaintza.

d) Euskarazko irakaskuntza arian–arian ezarri nahi izatea ikastetxe guztietan.

e) Ikastetxe bakoitzak Hezkuntza Proiektuan jasotzen duen hizkuntza–tratamendua, berariazko beharrizanak eta helburuak hobeto betetzearren.

9. artikulua.– Nolanahi ere, ikasketen zatiak euskaraz ematen diren ikastetxeetan, guztiak edo zati batean euskaraz eman behar diren orduekin sortutako lanpostuek berehalako derrigorrezkotasuneko 2. hizkuntza–eskakizuna izango dute.

10. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hamar urteko plana finkatuko du Dekretu honen eraginpeko irakaslegoa euskalduntzeko, eta bosna urteko bi alditan banatuko du. Lehenengo aldia amaitzean ebaluaketa egingo da; hortik ateratako balioespena, bigarren bosturtekoan lortu beharreko helburuetarako, administrazioaren baliabideak lehentasunez nora bideratu jakiteko izango da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.– 5. artikuluan ezarritakoa eta guzti, Dekretu hau indarrean jartzeko garaian, araubide bereziko irakaskuntzako lanpostuetan diharduten bitarteko eta aldi baterako kontratatutako irakasleek irakaskuntza horiek ematea duten kidegoetako karrera–funtzionarioaren izaera lortu ahal izango dute, nahiz eta 1. hizkuntza–eskakizuneko lanpostua izan eta gainditurik eduki ez. Hala gertatuz gero, hiru urteko epea izango dute eskakizuna gainditzeko, karrera–funtzionario izendatuz geroztik.

Bigarrena.– Derrigortasun–data oraindik heldu gabe duten 1. edo 2. hizkuntza–eskakizuneko lanpostuetan behin betiko destinoa duten irakasleei lanpostua eraldatu eta data indarrean daukan 2. hizkuntza–eskakizuna jartzen badiete, hiru urteko epea izango dute 2. hizkuntza–eskakizuna gainditzeko, aldaketa jasotzen duen lanpostu–zerrenda argitaratuz geroztik hasita.

1. hizkuntza–eskakizuneko lanpostuetan behin betiko destinoa duten irakasleei derrigortasun–epea laburtzen badiete, beti ere lanpostuak 1HE izanik eta salbuespen–erregimenean jasotako kasuak izan ezik, lanpostuari dagokion eskakizuna gainditu beharko du derrigortasun–epe berriaren barruan.

Hizkuntza–eskakizuna frogatzeko epe berria bost urtekoa baino laburragoa izanez gero, lanpostu–zerrendan aldaketa egiten denetik hasita, irakasleak bost urte izango ditu bere lanpostuaren eskakizuna betetzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak izango du dekretu hau garatzeko eman behar diren xedapenak emateko eskumena.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

Mª ANGELES IZTUETA AZKUE.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala